Otis Grand, musikaria.
Bluesaren fanatikotzat du bere burua, eta BB King
zein Albert Collinsen musika garbi gordetzen saiatzen da. Gaur entzun
ahalko da Tolosan haren musika, Tolosandblues jaialdia amaitzeko.
BB King musikariak bere ondorengotzat
hartu zuen Otis Grand (Oakland, Kalifornia, AEBak). Aita libanoarra zuen
Grandek, eta Libanon, Trinidaden, Parisen eta New Yorken hazi zen.
Londresen bizi da egun, eta bluesaren garbizaletasuna goraipatzen du
musikaren bidez. Tolosan joko du gaur, 22:30ean, Plaza Berrian.
Beti esan duzu zorionekoa izan zinela gaztetan, 1960ko
hamarkadan ez zenuelako entzun orduan modan zegoen musika. Zergatik
diozu hori?
1960ko hamarkadaren hasieran zorte handia izan nuen Oaklanden,
Kalifornian bizitzeagatik. Hiri beltza zen, ontziolak zeudelako han.
Euren irrati propioak zituzten, eta ehunka blues areto zeuden. Irratian
BB King, Ray Charles... eta halakoak entzuten ziren, ez gaur entzuten
den kaka zaharra. Horrela sartu zitzaidan bluesaren birusa.
Askok garbizale adjektiboa iraintzat hartzen dute. Zu harro zaude bluesaren garbizalea izateagatik?
%100 garbizalea naiz, eta harro nago. Frantziako kazetari batek
galdetu zidan lehengoan: «Konturatu al zara benetako eta egiazko blues
musikari azkenetakoa zarela?». Ez nuen inoiz modu horretan ikusi, baina
egia da. Gazteek ez dute benetako bluesa jotzen, Buddy Guy berak ez du
benetako bluesik jotzen, rock izarra izan nahi du. Jendeak esaten dit:
«Zozoa zara, diru pilo egin zenezake Marshall anplifikatzaile handi
batekin joz gero». Baina nik ez dut nahi, blues, klasiko zaharra gustuko
dudalako, benetakoa delako.
Baina bluesa ere ez zen hutsetik jaio, beste musika
zaharragoren moldaketa da. Zer zentzu dauka, orduan, une bateko soinuari
eustea eta gainerakoa usteltzat jotzea?
Zoritxarrez, gazteek bluesa maite dutenean eta jotzen hasi nahi
dutenean daukaten erreferentzia bakarra Stevie Ray Vaughan da. Stevie
tipo jatorra da, eta maisu zaharretatik dena ikasi du, baina bluesa
harago doa, Stevie Ray Vaugham baina askoz atzerago. Penaturik esaten
dut ez dudala gazte bakar bat ere ezagutu BB King edo Albert Collins
entzun edo jotzen duena. Gogoratu ere ez dituzte egiten, eta lotsagarria
da.
Horregatik abiatu duzu Bluesa Eskoletan egitasmoa, Ingalaterrako hegoaldeko ikastetxeetan?
Hasteko, oso fanatikoa naiz nire bluesarekin, horretaz hitz egin
dezaket egunean 24 orduz. Musikariak nire taldetik bota egiten ditut ez
badute benetako bluesa jotzen. Bluesak historia luzea du, eta, egia
esan, antropologiaren ikuspuntutik azter dezakezu Afrikako mendebaldetik
AEBetako esklaboetara arte. Beraz, hori guztia haurrei irakasteko
garaia zela pentsatu nuen, irratian entzuten dutena nazkagarria delako,
erabat faltsua. Eskoletara joaten naiz, eta derrigorrezkoak dituzten bi
ordutan erakusten diet bluesaren historia, eta gitarrarekin azaltzen
diet. Eurek gustuko duten musika oro bluesetik datorrela erakusten diet:
'Black Sabbath gustuko al duzue? Haien musika blues riff-ak baino ez dira'.
Halako irakaspenik emango diguzu gaur Tolosan?
Mingo Balaguerrekin joko dut, eta nire piano jotzailea eramango
dut. Nire haize banda eraman nahi nuen, baina egongo da horretako aukera
hurrengoan. Badira hamar urte ez naizela Euskal Herrian izan, eta
desiratzen ari naiz itzultzeko.