Thursday, 16 February 2012

«Euskal Herriko inauteriak benetan dira euskaldunak, Europan bikiak eduki arren»

Beñat Zintzo-Garmendia, aratusteetan aditua



Beñat Zintzo-Garmendia (Tolosa, Okzitania, 1957) historia irakaslea da, eta Euskal Herri osoko inauteriak ikertu ditu.

Tuesday, 14 February 2012

«Gurasook lan egin behar dugu, geure seme-alabek euskara aberatsagoa izateko»

Edu Zelaieta, irakaslea.



Edu Zelaieta (Gasteiz, 1973) idazlea eta irakaslea da. Hizkuntzaren eta literaturaren didaktika irakasten du EHUn.

Sunday, 12 February 2012

«Ez da erraza kantu berriak tradizional bihurtzea, baina batzuetan lortu egin dut»

Sean Keane, musikaria.



Emaztearen heriotzak musikaren mundutik urrun eduki du Sean Keane abeslaria hilabeteotan. Euskal Herrian ari da dolua hausten Irlandako kantugintza tradizionaleko ahotsik bereizgarriena.

Thursday, 9 February 2012

«Musikak interes guztia galdu zuen 1975. urtetik aurrera"

Edu Basterra, musikaria.





Edu Basterrak (Bilbo, 1959) 35 urte daramatza musikaren munduan, eta ia denetik egin du: abestu, hainbat tresna jo, ekoitzi, moldaketak egin. Batzuetan Teddy Baxter ezizenez, besteetan bere izenez. Ruper Ordorikarekin, Juan Carlos Perezekin eta Pat Methenyrekin aritu da, eta baxu elektrikoarekin lagundu dio Luciano Pavarottiri.

Bere musika kutunari berriz heldu nahi dio orain. 1970eko hamarkadaren hasierako glam-rockari, alegia, ez nostalgiarengatik, baizik eta kalitatea nahi duelako.


Wednesday, 8 February 2012

«Matematikariok ezin dugu konpondu krisia, tartean giza faktorea dagoelako»

Marta Macho Stadler, matematikaria.



Marta Macho Stadler (Bilbo, 1962) matematikaria da, eta zientzia hori irakasten du EHUn. Lan handia egin du dibulgazioan. Yul Brynner ez zela burusoila demostratuko nahi du, zientzia eskuan hartuta, eta aktorearen orrazia baino garbiago utzi nahi du matematikariek pentsatzeko era berezia dutela.

Thursday, 2 February 2012

«Eskoziak erakusten du gure politikari askoren ezina, inutilidadea edo nahi eza»




Pako Aristi, idazlea

500 Urte Estrategiarik Gabe hitzaldi zikloa antolatu du Orreaga taldeak. Gaur, Donostian, hura zabaltzeko, Aristik nabarmenduko du Euskal Herriaren independentziarako jokabide bateratuaz eztabaidatu behar dela.

Pako Aristi idazleak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1963) Topiko politikoak desegiten hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Abertzaletasunaren historiaren eta etorkizunaren inguruko 500 Urte Estrategiarik Gabe hitzaldi zikloko lehena izango da Aristirena.


Wednesday, 1 February 2012

«Independentziak ez luke aldatuko norberaren baitako hizkuntzaren hautua»




Fermin Etxegoien, idazlea

Jendeari euskaraz egiteko eskaerarenak egin du, Euskal Herri post-euskaldunean. Fermin Etxegoien idazlearentzat, kanpaina subliminalak egin beharko lirateke, euskara erdara baino gozagarriago bihurtzeko. Idazlea da Fermin Etxegoien (Oñati, Gipuzkoa, 1966).

Tuesday, 31 January 2012

«Madrilen eta hemen ez dugu argi berdina, eguzki berak argitzen bagaitu ere»

  • inprimatzeko bertsioa
  •  
  • e-postaz bidali

































IÑAKI RIVIERE, mARGOLARIA
Lantegi grisak eta paisaia berdeak margotzen ditu Arrasateko artistak, eta, batzuetan, bi gauzok koadro berean. Euskal Herrian estilo errealista propioa dagoela ikusten du, baina eskolarik ez.


Iñaki Riviere (Huelva, Espainia 1972) margolariak azken urteotako lanak jarri ditu ikusgai, Campos Eliseos antzokiaren sarreran, Bilbon. Ekainaren 30a arte egongo dira ikusgai.

Lehen, industria paisaiak; eta orain, natur paisaiak. Ez al da aldaketa bortitza?

Ez da bat-batekoa izan. Paisaia osagai industrialekin nahasiz joan naiz poliki, testuingurua hausteko. Hozkailu zahar bat zelai batean jarri dut. Hasieran lantegiak eta halakoak egiten nituen. Orain hasi naiz, natura sartzen, baina industria eraikinen barrutik ikusita. Bestelako arkitektura egiten nabil, Loiuko aireportuaren kontrol dorrea, esaterako. Aldi berean, Udalaitz menditik ikuspegi bat lantzen ari naiz [goiko argazkian]. Duela zortzi urte ez nuen halakorik egingo.

Arrasateko margolari figuratiboa izanda, hein batean normala da natura eta industria nahastea, ezta?

Unibertsitate garaian Arrasatetik Leioara joateko autobusetik lantegi asko ikusten nituen. Garai hartan nire hemengo margolari errealista gogokoenek ere halakoak lantzen zituzten, ez Madrilgoek bezala. Ideiak harritu egin ninduen: nola irauli itsusia dena, zer edo zer eder ateratzeko.

Antonio Lopez izan zenuen irakasle. Eta halere, argi ikusten duzu ezberdinak direla Euskal Herrian eta Espainian egiten diren margo errealistak?

Bai. Lopezek egiten duen margoa haren inguruneak markatzen du, Madrilgo argiak, adibidez. Bistan da hemen ez dugula argi berdina, eguzki berak argitzen bagaitu ere. Gai bera jorra dezakegu, baina ezberdina da nola margotzen den. Paisaiak bestelakoak dira, berdeak, zerua... Hango argia zuriagoa da; paletak okre, lur eta hori gehiago ditu. Hemen berde mota asko ditugu, aspertzeko bezainbat.

Ez duzu arazorik zigarrokin bat xehetasun handiz margotzeko. Gehiago salduko zenuke halako gauza itsusiak margotuko ez bazenitu?

Orain ez da ia ezer saltzen, hasteko, baina, izen apur bat duen margolari errealista batek saldu egingo du, halako gaiak hartu arren. Zigarrokin bat ez da agian interesgarria, berez, baina aukera ematen dit gizakia margoan sartzeko, gizakia sartu gabe.

Zeure paisaiek Bixente Ameztoiren margo batetik ateratakoak dirudite.

Bai. Hortxe duzu beste adibide bat hemengo figurazioak Madrilgoarekin zerikusirik ez duela erakusteko. Jesus Mari Lazkano edo Ameztoiren koloreak eta paisaiak oso biziak dira.

Errealismoaren euskal eskola bat sortzeko aukera ikusten duzu?

Egia esan ez dut inongo loturarik figurazioan dabiltzan beste margolariekin, eta ez dakit behar bezain beste garen eskola bat dagoela esateko. Duela urte batzuk Lazkano, Raul Urrutikoetxea eta beste batzuk osaturiko harrobia zegoen. Baina hemen norbera bere kabuz ibiltzeko joera dago, eta, garai batean ez bezala, orain talderik ez dagoela uste dut. Ildo horretan dabilen gazterik ez dut ezagutzen, esaterako.

Figuratiboa modan dago, baina ez al du tranpa egiten ikusleari koadroa ulertu egiten duela pentsarazita?

Hala gertatzen zaigu gehienetan. Margotuta dagoena identifikatzen duzu, baina margolariak hori zergatik margotu duen ulertzea beste kontu bat da. Prentsa industrialak margotzen nituen, Totemizenburuarekin. Behin erretiratu bat etorri zitzaidan, eta lana unibertsitateko irakasle batek baino hobeto ulertu zuela erakutsi zidan. Izan ere, 25 urte pasatu zituen halako batekin lanean.

Saturday, 28 January 2012

«Maitasuna? Animaliak gara eta gauza bitxiak gertatzen zaizkigu; ez dago besterik»















JOAN COLOMO, mUSIKARIA
Kataluniako musikak azken urteotan duen oparoaldiaren beste fruitu bat da Joan Colomo musikaria (Sant Celoni, 1981). Diskoa labean utzita, taldearekin etorri da Euskal Herrira, zuzeneko indartsuagoa egiteko.

Thursday, 26 January 2012

«Itxurak egiten jarraitzen dugu, nora ezean, krisian gehiago sakontzen



JOSEBA GARMENDIA, eKONOMIALARIA
Joseba Garmendia EHUko irakasleak salatzen du krisiaren benetako irudiak ezkutatzeko erabiltzen dituztela makroekonomiaren zenbakiak, eta egoeraren benetako neurria langabeziak eman behar duela dio.

Garmendia (Zumarraga, Gipuzkoa, 1968) ekonomialaria eta antropologoa da. Ekonomia irakasten du, EHUn. 

Krisiak ba al du barruko eta kanpoko alderik?

Krisia nola hasi zen azalduko dut hitzaldian, eta horrek nola izan duen eragina etxe merkatuan, bankuetan, munduko finantza sisteman eta, azkenean, nola eragiten dion ekonomia errealari. Sekuentzia hori da kanpoko aldea, agerian dagoena eta edozein ekonomialarik erraz onartzen duena. Barruko aldea, berriz, egoera honetara eraman gaituzten benetako egiturazko arrazoiak eta dinamikak dira. Azken 30 urteotan neoliberalismoaren paradigmaren barruan gertatu diren fenomenoak azaldu behar dira.

Fenomeno edo dinamika horien adibide bat eman dezakezu?

Zergak. 30 urte daramagu errenta altuenei zergak murrizten. Orain dugun zor publikoaren krisia oso lotuta dago horrekin. Ez da kasualitatea esku hartuta edo sasi-esku hartuta dauden herrialdeak izatea zerga presioa gehien murriztu dutenak: Grezia, Irlanda, Portugal, Espainia.

Horren harira hartu diren neurriak benetako ahaleginak dira?

Itxurak egiten jarraitzen dugu, nora ezean, krisian gehiago sakontzen. Datozen bi urteetan atzera egingo dugu berriz, irtenbiderik gabe.

Daniel Innerarity filosofoak joan zen astean esan zuen administrazioak orain gastuak murrizten ibili beharrean gehiago gastatzen aritu beharko luketela. Ados?

Bai. Ez hori bakarrik. Krisiak gizarteari eragiten dioten kaltearen arabera neurtu beharko genituzke, ez eta makroekonomiaren aldagaien bilakaeraren arabera. Gizartearen ongizatea hobetzea izan beharko luke ekonomiaren zeregina. Hori ezkutatzeko, makroekonomiaren zifra hotzei begira jartzen gaituzte: burtsak edo barne produktu gordinak gora edo behera egiten duen. Gaur krisiaren itzulpen erreala ez da hori, baizik eta zenbat pertsona dagoen soldatarik gabe, zenbat familia diru sarrerarik gabe, zenbat etxerik gabe, zenbat elikagai bankuei esker jaten eta zenbat lapurtzen. Horiek dira krisiaren irudi errealak.

Bagenekien 2012. urtea txarra izango zela, baina orain esaten digute hurrengoak ere beltz datozela.

Aurretik esan dudana ilustratzeko balio du horrek. Makroekonomiaren zenbakiei begiratuta, aurten atzeraldia egongo da, baina datorren urtetik aurrera teknikoki atzeralditik aterako gara. Hori hala da, baina litekeena da hurrengo bost edo sei urtean lanik sortu gabe jarraitzea. Horregatik diot krisiaren benetako neurria langabeziak eman beharko lukeela. Zazpi urte pasatuko ditugu krisi aurretik genuen langabezia tasara itzuli arte.

Itxaropenerako errezetarik ba al duzu oraintxe bertan ezartzeko?

Lehen neurria: zerga sistemaren progresibitatea handitzea, eta, hor sartuta, iruzurraren kontra modu eraginkorrean borrokatzea. Bigarrena: alor publikoak ekonomia sustatzeko ahalegin sendoagoa egitea. Hirugarrena: lan merkatuaren erregulazio propioa Euskal Herriarentzat, lanaldia murriztu behar baitugu, langabeziari aurre egiteko. Eta gizarte babeserako sistema indartzea. Hori egiteko, ados jarri beharko lirateke gizartea, politikariak eta sindikatuak, eta neurriak hartu, inongo konplexurik gabe
.

Wednesday, 25 January 2012

«Dibortzioak batzuetan aukera ematen du familia osasuntsuago bat eraikitzeko»

Sara Gonzalez, psikologoa

Sara Gonzalez (Donostia, 1983) psikologoa da, eta banantzeko direnen artekari lanean dabil, trauma izan beharrean, banaketa bizipen positiboa izan dadin. 

Azal dezakezu banaketa osasungarria zer den?

Gure ikuspegitik, banaketa ez da arazoa. Bikote batek banantzea erabakitzen duenerako, kideen artean arazo bat zegoen. Gatazka horren irtenbiderik onena banantzea dela erabakitzen dute batzuetan. Banaketan bikote egitasmoak porrot egiten du, noski. Baina, gure ikuspuntutik, benetako porrota zoriontsu ez izatea da, edo bien arteko arazoa gaizki kudeatzea. Nolanahi ere, familia ez da bukatzen banaketaren ondorioz, bizirik jarraitzen du, eta banaketak aukera ematen du beste antolaketa bat bilatzeko, instituzio osasuntsuagoa izan dadin.

Denok nahi dugu jator, moderno eta zibilizatu izan. Zergatik sortzen dira, orduan, halako kalapitak banantzerakoan?

Ez dugulako senar-emazte eta guraso gisa ditugun eginkizunak bereizten. Nahastu egiten ditugu rol horiek. Askotan lehian sartzen gara; irabazle atera nahi dugu. Heldutasunik ez dugulako izaten da hori.

Legeak amari eta aitari eskubideak onartzeko orduan duen asimetriak zaildu egiten al du konponbide osasungarri bat lortzea?

Bi kontzeptu daude hor: guraso agintea eta zaintza. Legeak guraso agintea beti banatzen du bien artean eta horiek dakartzan betebeharrak eta eskubideak. Gero dago zaintza, hau da, haurrek norekin pasatuko duten denbora gehien. Arazoa legearen erabileran dago, zentzua kendu baitiote guraso aginteari. Esaterako, aitak eskubidea du eskolako notak jasotzeko eta bileretara joateko, haurren zaintzailea ez bada ere. Askotan, haatik, amak edo aitak euren boterea erabiltzen dute besteari agintea kentzeko. Hori sekulako oztopoa da, batez ere seme-alabarentzat. Bien ardura bultzatu beharko genuke, seme-alabek hori behar dutelako, heziketa eta oreka psikologikoa izateko.

Zure lanean gaizki egindako eta ondo eginiko banaketen adibide ugari ikusiko zenituen.

Muturreko adibide txarrak ez ditut sarri ikusten, egia esan, artekariarengana etortzen direnak nahi dutelako eta jarrera onarekin etortzen direlako. «Guk ondo egin nahi dugu, eta elkarrekin egin nahi dugu», esaten dugu. Baina, askotan geure buruari gezurra esaten diogu, eta garaile atera nahi dugu. Ia kasu gehienak, halere, ondo amaitzen dira. Eta luzerako izaten da: gaur ados jartzeko gauza badira, bost edo hamar urte barru ere elkarrekin ados jarri ahal izango dira.

Etorkizunean historialari batek azaldu beharko dizkigu Kramer vs Kramer edo The War of the Roses filmak, ulertuko baditugu?

Oraindik asko falta zaigu horretara heltzeko. Kultura eta lege aldetik, urrats asko egin behar ditugu. Baina gero eta normalagoa zaigu artekaritza eskatzea.

Trauma izan beharrean dibortzioa hazteko eta ikasteko aukera bat izan daitekeela uste duzu?

Guztiz. Arazo guztietan bezala. Lege banaketa bi hilabetean egina dago, baina banaketa psikologikoa urteetan luzatzen da. Gure esku dago krisia erabiltzea hobeto bizitzeko. Nire ustez, askotan ez gaude prest banaketa ondo egiteko, hasteko, ez gaudelako prest bikoteka bizitzeko.

Friday, 20 January 2012

«Modernotasuna emozio larregiz bilatu zuen Lete eta Txillardegiren belaunaldiak»

 
Jon Sarasua, bertsolari eta soziologoa.

Xabier Leteren bilakaera interpretatzeko, kantaldiaren eta hitzaldiaren arteko emanaldi bat egingo du sortzaileak gaur Aretxabaletan. Ikuskizun xumea eta intimoa izango dela ohartarazi du.
Jon Sarasua (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1966) bertsolari eta soziologoa da, eta irakasle dabil Mondragon Unibertsitatean. Leteaz kantuberbetan; Xabierri buruzko interpretaziño bat hitzaldi-kantaldia egingo du gaur, 18:30ean, Aretxabaletako Arkupe kultur etxean. Aitor Ziardegi piano jotzaileak lagunduko dio emanaldian.

Tuesday, 17 January 2012

«Intuizioaren eta senaren aurkako politika behar dugu, eta kontrakoan ari gara»


Daniel Innerarity, filosofoa

Gastuak murrizten aritu beharrean gobernuek oraintxe bertan inoiz baino gehiago gastatzen aritu beharko luketela dio, besteak beste.
Filosofoa eta EHUko Ikerbasque taldeko ikertzailea da Daniel Innerarity (Bilbo, 1959). Munduko 25 pentsalaririk handienen zerrendan sartu zuen Le Nouvel Observateur kazetak 2004an.

Thursday, 29 December 2011

«Zientzia-fikziozko ardo dastaketa tekniko horien topikoa hautsi nahi dugu»



Mikel Garaizabal, enologoa
 
 
'Hordago ardoa' ekitaldian, dastaketa bat poesia, musika, margo eta antzerki ikuskizun bihurtu du adituak. Munduan halakorik ez dela inoiz egin dio.
Mikel Garaizabal (Elorrio, Bizkaia, 1972) enologoa da —upategientzat lan egiten duen aditua— eta ardozaina —upategiekin loturarik izan gabe, jatetxe bateko bezeroei ardoa aukeratzen laguntzen diena—. Hordago ardoa saioa sortu eta zuzendu du; Peru Magdalena eta Sonia Villamor aktoreekin, Gotzon Garaizabal margolariarekin eta Ander Garaizabal musikariarekin batera, ardo dastaketaren saio bat hainbat arte motarekin laguntzen du.

Sunday, 18 December 2011

«Emakume baten iratzartzea Euskal Herriaren metafora da Kate O'Brienen lanean»

Aintzane Lejarreta Mentxaka, irakaslea.



Bilbon 1920ko hamarkadan bere nortasun politiko, nazional eta sexuala finkatu zuen Kate O'Brien (irudian) idazle irlandarraren inguruan mintzatuko da gaur Irlandako Unibertsitate Nazionaleko ikertzailea.
Aintzane Lejarreta Mentxaka (Bilbo, 1967) Dublingo University Collegeko irakaslea da, eta Irlandako literatura ikertzen du. Kate O'Brien and The Fiction of Identity lana aurkeztuko du bihar, 19:00etan, Bidebarrietako liburutegian, Bilbon. Abertzaletasuna eta homosexualitatea deskubritu zituen idazle irlandarrak 1920ko hamarkadan, Bizkaiko hirian.

Friday, 16 December 2011

«Euskaldunok ez dugu geure historia beste herriek baino gehiago asmatu»





















Ana Toledo, euskaltzaina.

 

'Agosti Xaho eta erromantizismoa Euskal Herrian' jardunaldietan ariko da Ana Toledo irakaslea gaur, Baionan, euskaldunon izaeraren gaiari XVI. eta XIX. mendeetan emaniko erantzunak azaltzeko.

Ana Toledo (Antzuola, Gipuzkoa, 1954) euskaltzaina da, eta irakaslea Deustuko unibertsitatean. Aitorren oihartzuna Hego Euskal Herrian hitzaldia emango du gaur, 11:30ean, Baionako Iker-Gaztelu Berrian. Idazle zuberotarraren inguruko jardunaldi berezia egingo dute, 10:00etatik aurrera. Toledoz gain, Beñat Oihartzabal, Txomin Pellen, Xabier Kintana, Jean Haritxelhar eta Patri Urkizu arituko dira pertsonaia erromantiko horren inguruan.

Garibai eta Xaho, historia asmatu zuten bi idazleok lotzen dituen sokari tira egingo diozu gaur. Zer dute elkarrekin hiru mendez bereizitako pertsonaiok?

Euskaldunon identitatearen gaia. Garibaik planteatu zuen XVI. mendean. Tubal sortu zuen euskaldunon aitalehen gisa, ekialdetik etorritakoa. XIX. mendean, erromantizismoaren etorrerarekin, berriro berebiziko garrantzia hartu zuen gaiak. Herderrek esan zuen orduan herri bakoitzak berezko nortasuna eta berezitasuna daukala. Horren ildotik etorri zen Xaho.

Agosti Xaho erudito handia zen, eta, aldi berean, fantasia handiko idazlea. Gaur egun, xelebre samar egiten zaigu «historia asmatzea» kontzeptua, baina ez da beti horrela izan, ezta?

Aitor pertsonaia sortu zuenean, ez zuen tranparik egin. Legenda gisa aurkeztu zuen. Garibaik, berriz, historia lan batean ekarri zuen Tubal. Kontua da XVI. mendean historia genero artistikoa zela, eta ez soilik Euskal Herrian. Xahoren garain, berriz, zientifikoagoa zen historia, eta zehaztasuna eskatzen zioten. Xahok argi utzi zuen Aitor fikzioa zela. Beraz, eruditoa zen, zientziarako, eta irudimen handikoa literaturarako.

Esan daiteke Aitorrek —legenda gisa eta pertsona izen gisa— arrakasta handiagoa izan duela Euskal Herriko hegoaldean, Xaho zuberotarra izan arren?

Baliteke. Hegoaldean XIX. mendean Tubal eta Aitor agertzen zaizkigu. Navarro Villosladak eta Vicente Aranak jaso zuten Aitorren figura. Baina Felipe Arresek Tubal esaten jarraitu zuen, Ama euskereari azken agurrak lanean, Xahorentzat euskara Aitorren hizkuntza, Aitorrek sortutakoa izan arren. Iparraldean, ordea, Arnaut Oihenart historialariak beste modu batean aurkeztu zuen Euskal Herriaren historia. Ez zuen ezer jakin nahi izan ekialdetik etorritako aitalehenez.

Batzuetan, bere garaiko pertsonaia tipikoa dela ematen du Xahok; besteetan, garaia baino aurreratuagoa dela.

Espiritu erromantikoaren lehen agerpenetako bat izan zen: gehiegikeria, pasioa, grina, bizimodu konbentzionala izatea, dena modu superlatiboan bizitzea...

Batzuek, hain zuzen, euskaldunen tradizioa asmatzeko joera gaitzesgarriaren adibide gisa jarri dute Xaho; beste batzuk Euskal Herria imajinario horren alde agertu dira.

Gaur erabat konbentzituta nago gauza batez: guk ez dugu egin besteek egin ez duten ezer. Asmatu dugu, besteek asmatu duten bezala. Aitalehen bat aurkitzea, herri prestu gisa agertzeko eta hizkuntza garbi nahastugabea izatea herri guztien kezka izan zen XVI. mendean, eta fantasia erabili zuten denek hori lortzeko. XXI. mendean ere, ez dugu Mendebaldeko Europako beste herriek baino gehiago asmatu. Garaiak zituen eskakizunei erantzun zieten guztiek. Erromantizismoak beste hauspo bat ekarri zien zokoraturiko herriei arnasa hartzeko eta, legenden bidez, autoestimua altxatzeko.

Friday, 2 December 2011

"Kontrol erakunderik ez egotea da nazioarteko justiziaren arazo nagusia"




Florence Hartmann, idazlea
 

Atxilotzeko nazioarteko agindupean dago kazetaria, eta gaur epaileei erronka jo eta, lehen aldiz, Frantziatik aterako da, Donostian Balkanetako gerren erantzukizunak ezkutatzeko saioez mintzatzeko. 








Florence Hartmann (Paris, 1963) idazle eta kazetaria da. Balkanetako gerren berri eman zuen Le Monde-rentzat, eta horietan eginiko hainbat gerra krimenen lekukoa izan zen. ICTY Jugoslavia Ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskaltzaren eleduna izan zen 2000. urtetik. Baina 2009an,  auzitegiak berak zigortu egin zuen "ICTYren erabaki konfidentzialak zabaltzeagatik". Srebrenicako (Bosnia Herzegovina) sarraskiaren erantzukizunak estaltzeko saioez mintzatuko da gaur, 19:00etan, Aieteko kultur etxean, Donostian.

Thursday, 1 December 2011

«Kosmopolitak erroak ditu bere tradizioan, baina irekia dago besteen aurrean»


Ulrich Beck, soziologoa.



Municheko Unibertsitatean eta London School of Economics erakundean soziologia irakaslea da Ulrich Beck (Slupsk, 1944; orduan, Alemania; 1945etik, Polonia). 'Zelako Europa nahi dugu?' galderari erantzungo dio gaur, Bilbon, 'arriskuaren gizartea' eta 'bigarren modernitatea' kontzeptuen sortzaileak. Gaurko krisiak Europa gehiago ekarriko duela dio.

Zer-nolako Europa nahi dugun galdetzen duzu, baina zeuk zer-nolakoa nahiko zenuke?

Ez soilik eliteen Europa, baizik eta behetik gora eraikitako Europa. Europako demokrazia berria irudikatzen dut. Esaterako, krisi garai honetan, Europa osorako gazteentzako lan programa bat ikusi nahiko nuke, haiek batasuneko edozein herrialdetan lan egiteko aukera izan dezaten, Europa bizitzeko bertatik bertara. Lan sistema horrek Europako nortasuna sortuko luke gazteen artean, gazteek sor dezaten Europa. Nahiko nuke, esaterako, Europako presidentetza bat, baina ez estatuka bozkatuta, baizik eta era gardenean Europa osoan eginiko bozka baten bidez. Zilegitasun demokratikoa emango lioke horrek.

Esaten duzunez, zorrak ez du eragin gaurko krisia: krisi politiko baten ondorioa da zorra. Azaltzerik baduzu?

Euroa eratu dugu, alde batetik, Europari batasuna emateko, baina gero administrazio nazionalak ditugu. Kontraesana da hori, eta, azkenean, krisia ekarri digu, ezin bestela izan. Europa gehiago behar dugu: ekonomia erakunde bat, gobernu egitura bat, estatu-nazioak gainditzeko behingoz. Hor gakoa egitura horri zilegitasuna emateko modua da, Europa berriz zutik jartzeko.

Badirudi, berriz, orain estatu batzuek euroaren aurreko dibisa hartuko beharko dutela berriz.

Hori ez da gertatuko; erabateko lilurakeria da. Ekonomialari bakan batzuen adierazpena da. Europa ez da soilik dirua; ezin duzu dirutan trukatu zuzenean. Europarturik gaude dagoeneko. Europa nortasun nazionalarekin kontrajartzea ezinezkoa da jada, jendeak badakielako noraino dagoen elkarrekin lotuta. Lehengo didibisak itzultzeak sekulako kaosa eragingo luke Europan, lehenbizi, eta mundu osoan, gero.

Kosmopolitismoaz eta munduko herritartasunaz mintzo zara beti. Hori ondo dago Londresen irakasle dabilen alemaniar batentzat, baina zure fakultatea garbitzen duen nigeriarrarentzat zer esan nahi du kosmopolitismoak?

Nire kosmopolitismoa ez da Kant eta Habermasen kontzeptu zahar hura. Niretzat, kosmopolitismoa etorkinek bizi dutena da, esaterako. Beraz, ez da aireportuetan bizi den negozio jendearen kontua. Dagoeneko badugu kosmopolitismoa Europan, alemanak, greziarrak eta besteak elkarrekin partekatzen ditugulako gauzak. Ez da, beraz, ameskeria edo desio bat, baizik eta onartzea elkarrekiko mendekotasuna.

Nola konbentzitu Frantzia eta Espainia kultur aniztasuna aintzat hartzeko, Angela Merkel bera ere multikulti ikuspegiaren aurka mintzo denean?

Errealitatearen aurrean itsu egotea da hori. Alemaniako edozein institututan hogei hizkuntza baino gehiago entzuten dira. Politikarien erretorika eta errealitatea bereizi behar ditugu, aniztasuna baita Europaren funtsa.

Aldi berean hegoak eta sustraiak behar ditugula esan nahi duzu.

Kosmopolitak erroak ditu bere tradizioan, baina irekia dago besteen aberastasunaren aurrean. Europak hori izan beharko luke, eta hori izan zitekeen. Ideia liluragarria iruditzen zait.