Sunday, 16 December 2012

«Hedabideek tresna erlijiosoak erabiltzen dituzte, murrizketen alde»

Yannis Tsirbas, irakaslea.





Atenasko Unibertsitateko adituak Greziako informazio talde nagusiek krisiaren fase aurreratuan darabilten diskurtsoa aztertu du.

Yannis Tsirbasek (Atenas, 1976) Zientzia Politikoak irakasten ditu Atenasko Unibertsitatean. Greziako krisian komunikabideak izaten ari diren portaera aztertzen du, tartean, murrizketa politika herritarrei saltzeko erabiltzen ari diren diskurtsoa. Han gertatzen ari dena, Europako periferiako beste hainbat herrialdetan laster jazoko denaren aurrerapentzat har daitekeela uste du.

Tuesday, 4 December 2012

«Nazioartearen presioak aldaraziko du Israel, gizarteak erantzun egingo baitu»

Sahar Vardi, intsumisoa.



Argazkilaria: Andrew Taylor


'Refusenik: intsumisioaren prezioa Israelen' hitzaldia emango du gaur, Donostian, eta bihar, Iruñean, Sahar Vardik, okupazio politikaren aurkako eta palestinarrekiko elkartasun mugimenduetako kideak.

Sahar Vardi (Jerusalem, 1990) bakearen aldeko ekintzailea da Israelen. Kartzelan sartu zuten, Israelgo armadan aritzeari uko egiteagatik. Refusenik: intsumisioaren prezioa Israelen hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Koldo Mitxelena kulturunean, Donostian. Bihar, Iruñean arituko da, 20:00etan, La Hormiga Atomica liburu dendan.

Wednesday, 28 November 2012

«Langile gehienak artistak bezala sentitzen dira orain; segurtasunik gabe bizi dira»

Kepa Garraza, margolaria




Kepa Garraza, Kate Mossekin, erakusketako margo batean.

 Bere burua Henry Kissinger, Lady Di, Mick Jagger, Andy Warhol edo Cindy Shermanekin erretratatzen du Garraza artistak. Arte sistemari eta neoliberalismoari buruz ironiaz diharduen erakusketa du Bilbon.

Kepa Garraza margolariak (Berango, Bizkaia, 1979) Kepa Garraza erakusketa zabaldu berri du Bilboko Windsor Kulturgintza aretoan. Izan ere, bera da margoetako protagonista, bere burua arteko eta politikako ospetsuekin erretratatu baitu.

Thursday, 22 November 2012

«Enpresak eta garatzaileok sekulako ahalmena dugu hemen; baina lotura falta»

Nagore Guarretxena, ingeniaria



Argazkilaria: codesyntax

Akting Ingeniaritza enpresako sortzaile eta buruetako bat da Guarretxena. Sakelako telefonoentzako aplikazioak garatzen dabiltza jo eta ke. Adibide batzuk erakutsiko ditu gaur, Donostian.

Nagore Guarretxena (Andoain, Gipuzkoa, 1982) Akting Ingeniaritza enpresako sortzaile eta buruetako bat da. Aktingek ekitaldietarako sarrerak saltzea errazteko sorturiko BarraBarra aplikazioa eta Interneten enkanteak gardentasunez egiteko DingaDanga sistema aurkeztuko ditu gaur, 18:00etan, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Innogunean, Betor hitzaldi sortaren barruan.

Wednesday, 21 November 2012

«Normalizaziorako, ekimen iraunkorragoak dira bertso eskolak, euskaltegiak baino»



Xabier Paya, bertsolaria eta ikerlaria.

Zergatik ez da inoiz arabarrik heldu Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalera? Halako galderak jarriko ditu mahai gainean Payak Gasteizen, 'Bertsoak euskararen normalizazioan' ekitaldian.


Xabier Paya (Getxo, Bizkaia, 1982) itzultzailea, ikerlaria, irakaslea eta bertsolaria da. Bertsoa euskararen normalizazioan ekitaldian hartuko du parte gaur, 18:00etan, Montehermoso kulturgunean, Gasteizen, Erdalguneetako bertso-eskolak edo euskal dimentsiorako ate interestelarrak hitzaldiarekin. Ekitaldi berean Andoni Egañak hitz egingo du, eta, mahai ingurua egingo dute biek Juan Mari Juaristi, Oihane Perea eta Manex Agirrerekin.

Sunday, 18 November 2012

Saka botoiari

Urtzi Urkizu kazetaria, egitasmo honen inguruan.


Gaur egungo prentsa idatziaren gaitzetako bat da gure esku-begi artera albistea iristen denerako bezperan hainbat formatutan dastatu dugula. Internet bidez, sare sozialekin, dela ordenadorean, tabletan zein sakeleko telefonoan. Prentsa idatziaren gakoetako bat hor dago eta egunero lanean dauden kazetarien erronka beste zerbait eskaintzea. Beste zerbait hori maiz elkarrizketek eskaintzen dute. Genero ederra da elkarrizketarena, bereziki biren arteko elkarrizketa denean. Hau da, ez denean inkesta. Ez denean tramite hutsa.

Elkarrizketa mota ugari dago. Han eta hemen askotariko elkarrizketak topa daitezke. Tamaina ezberdinetakoak ere bai. Baina egungo erritmo bizi frenetikoan, elkarrizketa laburrek bere tokia aurki dezakete komunikabideetan. Laupabost galderei erantzun mamitsuak topatuz gero, gainera, pertsonaiaren hitzekin joan gintezke amets egitera.

Lantokiko egituraren zoriak hala erabakita, azkeneko urteetan Edu Lartzangurenen elkarrizketak pasa dira nire begietara argitaratu aurretik. Eta aurrez aipatutako gako batzuei zein beste batzuei aurre egin diete elkarrizketek. Ez dute bezperakoa ekarri, baizik eta argitaratzen den eguneko ekitaldi bati heldu diote. Horrenbestez, irakurleari egunerako gomendioa egin zaio eta protagonistarengana gerturatzeko bide eman. Eguneroko zurrunbilotik ateratzen den beste zerbait hori eskaini dute askotan. Eta ez dira inkesta huts izan. Behartu du kazetariak protagonista elkar hizketan sartzera eta erantzuna pentsatzera. Zenbait unetan sakon, bestetan umorez erantzutera. Hala, elkarrizketatuak eskaini du beretik barneko zerbait. Eguneko ekitaldiaren deskribapenaz harago. Eta guztia lastorik sartu gabe, paperaren neurriaren mugak ezarria, halabeharrez.

Paperak dena jasaten omen du. Papera berehala bilakatzen da zahar. Zahar zein zabor. Iraganean argitaratutakoa berreskuratuta, ordea, aurrera begiratzeko moduko printzak topa ditzazkegu ortzadarrean. Joan ziren ekitaldien agenda haietako egunak, pasa ziren kontzertu, hitzaldi, antzerki emanaldi eta erakusketak. Baina Lartzangurenek elkarrizketatutako pertsonaiak hor dabiltza sortzen eta desegiten, kantatzen eta isiltzen. Batzuk dira ezagunak. Beste asko ezezagunak publiko orokorrarentzat. Eta azken horiek dira agian interesgarrienak, mamitsuenak. Lau erantzunetan irakurlea pentsakor eta erne uzten dutenak. Gure inguruko kazetetan bada hutsune bat halako elkarrizketetan. Eta pena litzateke formato hau galtzea. Nahi duenak ulertuko du azken esaldi horrekin esan nahi dudana.

Ez nuen laudorio hutsean gelditu nahi. Urteotan irakurritakoaren sentipena adierazi baino ez. Egun bereko ekitaldiaren gaurkotasuna gabe, baina elkarrizketak berezkoak dituzten koloreekin gozatuko dituzuelakoan nago. Andy Warholek esaten zuen bezala, jende guztia baita super-interesgarria, Lartzangurenek gogorarazi digun lez. Daukaten barneko hori ateratzea da kontua, behar den botoiari saka egitea, igogailuan.

Friday, 16 November 2012

«Hemen, herriak badu sena; guri politikak egiten digu huts: ez dakigu egiten»

Ane Ablanedo, irakaslea.



'Publiko, pribatu...? Hezkuntza sistema propioa: Estatuaren beharra' hitzaldia emango dute Ane Ablanedok eta Naroa Anabitartek gaur Iruñean, Orreagak eta UEUk antolaturiko hitzaldi zikloa amaitzeko.


Ane Ablanedo (Iruñea, 1973) irakaslea da. Publiko, pribatu...? Hezkuntza sistema propioa: Estatuaren beharra hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Condestablearen jauregian (Iruñea), Naroa Anabitarte irakaslearekin batera. Orreagak eta UEUk antolaturiko Herria, hizkuntza, hezkuntza: estatua zikloko azken saioa izango da. Paperezko BERRIAn gaur argitaraturiko elkarrizketaren bertsio osoa duzu hau.

Thursday, 15 November 2012

«Gure gizartean, emozioak ez dira jada existitzen edo pornografikoak dira»


Eric Dicharry, artista eta antropologoa.



'Mugetaz' erakusketa zabalduko du gaur Eric Dicharry sortzaileak Baionako Euskal Museoan. Performance parte-hartzaile baten bidez, Parisek euskaldunen hitzari muzin egitea salatuko du.

Eric Dicharry (Baiona, 1969) artista eta antropologoa da. Mugetaz egitasmoaren inguruko erakusketa zabalduko du gaur, Baionako Euskal Museoan, argazkiekin, aizkorekin, testuekin eta performance batekin.

Wednesday, 14 November 2012

«Politikariek eta bankuek denbora irabazi nahi dute, jendea geldi egon dadin»


Iker Apilanez, etxe kaleratzeen aurkako ekintzailea.


Goiena

Urte eta erdi darama lanean Gipuzkoako Stop Kaleratzeak taldeak. 'Desjabetzeen errealitate gordina' hitzaldia emango du horren kide Iker Apilanezek gaur, Donostian, egoera zertan den azaltzeko.


Iker Apilanez (Donostia, 1979) Gipuzkoako Stop Kaleratzeak taldeko kidea da. Desjabetzeen errealitate gordina hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, San Telmo museoan, Donostian.

Friday, 9 November 2012

«Musikak puska bat falta du ez badio erantzuten egunerokoari»


Ruper Ordorika, musikaria.




BERRIAren aldeko kontzertua emango du Ordorikak taldearekin bihar Altsasun, eta bere ibilbideko errepertorio zabala eskainiko du. Estudioan dabil egunotan, bere musikariekin saioak grabatzen.

Ruper Ordorika (Oñati, Gipuzkoa, 1956) Azkarate estudioetan sartu aurretik mintzo da. Bihar, kontzertua emango du BERRIAren alde, 20:30ean, Altsasuko (Nafarroa) Iortia kulturgunean. Garai latzetan musikak elkartasuna pizteko duen ahalmenaz hitz egin du, besteak beste.

Saturday, 27 October 2012

«ETB1 ez da bizkortuko, orain datozenak lehen ere egon zirelako»

Josu Barambones, Itzulpengintza irakaslea.




Ikus-entzunezkoen euskarazko bikoizketaz bi liburu plazaratu berri ditu EHUko irakasleak, eta horren gainbehera salatzen du.
Josu Barambonesek (Gasteiz, 1963) Itzulpengintza irakasten du EHUn, ingelesa-euskararen itzulpen espezializatuak, alegia. La traducción audiovisual en euskera eta Mapping the Dubbing Scene liburuak argitaratu berri ditu. Besteak beste, ETBn bikoizketan eta azpidatzietan eginiko lana aztertu du testu horietan.

Wednesday, 24 October 2012

«Ez dakit bost urte barru liburutegi publikorik geratuko den»


Nieves Gonzalez, liburuzaina.


Zentzurik ba al dute liburutegiek eta liburuzainek liburu elektronikoaren aroan? Zentzua bai, baina etorkizuna arriskuan ikusten diela azalduko du Nieves Gonzalez adituak gaur, Donostian.

Nieves Gonzalezek (Sevilla, Espainia, 1956) Bibliotekonomia irakasten du Pablo de Olavide unibertsitatean, eta liburuzaina da Sevillako Unibertsitatean. El futuro del libro electrónico es complicado hitzaldia emango du gaur, 18:30ean, Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan.

Thursday, 18 October 2012

«Ezker berria agintera heltzea da hedabideetako langileen itxaropen bakarra»

 Christian Fuchs, irakaslea.



Krisi garaian Europako komunikabide askok herritarrak nola manipulatzen dituzten azalduko du Christian Fuchs Uppsalako Unibertsitateko komunikazio irakasleak, gaur, Bilbon, 16:30ean.
Christian Fuchs (Waidhofen, Austria, 1976) Hedabide eta Komunikazio ikasketen burua da Uppsalako Unibertsitatean (Suedia), eta Komunikazioa, krisia eta kritika kapitalismo garaikidean konferentziako hizlari nagusietako bat izango da. EHUk eta Europako Soziologia Elkarteak antolatu dute, Bilbon, Bizkaia aretoan, gaurtik igandera.

Friday, 12 October 2012

«Sormen krisi baten sintomak ditut, baina ez dut diagnostikoa oraindik»


Fito Cabrales, musikaria.



Kanta berriak sortzeko duen arazoaz, antzokietan egiten ari den biraz, BEZaren igoeraz eta Patxi Lopezek bere kantak abesteaz mintzo da Fito & Fitipaldis taldeko burua, datorren astean Donostian jo aitzin.

Fito & Fitipaldis taldeko sortzailea da Fito Cabrales (Bilbo, 1966). Antzokietan jotzeko bira berezia egiten hasi zen irailean. Kontzertu bana emango du datorren astelehen eta asteartean, 20:00etan, Kursaalean, Donostian.

Thursday, 11 October 2012

«Ekonomiaren erabateko porrotaren atarian gaudela ikasi dugu Islandian»


Jose Mespina, dokumentalgilea.


Jose Mespina —mikrofonoarekin— eta kideak, Reykjaviken.


Krisiarekin kezkaturiko lagun talde batek 'Surgere' dokumentala gauzatu du, Islandiako matxinada zer izan zen kontatzeko eta gaurko eta hemengo egoerarekin parekatzeko. Gaur estreinatuko dute.

Jose Mespina (Gasteiz, 1975) irakaslea da berez, baina krisiaren inguruko kezkak dokumentalista bihurtu du. Surgere filma estreinatuko du gaur, 19:45ean, Arte eta Lanbide eskolan, Gasteizen. Herrikide talde batekin egin du filma, Islandiako eta Espainiako ekonomien hondamendia eta erantzunak konparatzeko.

Wednesday, 10 October 2012

«Maila batean, behartu behar dugu giro bat, euskaraz eginez, edo feminista izanez»

Mari Luz Esteban, EHUko irakaslea.


Feminismoak azken urteotan egin duen aurrerakuntza teorikoak euskalgintzarako ere balio dezakeela azalduko du gaur, Iruñean, Mari Luz Esteban mediku eta antropologiako doktoreak.

Mari Luz Esteban Galarza (Pedrosa de Valdeporres, Espainia, 1959). Medikuntzako lizentziaduna eta Gizarte Antropologiako doktorea da. EHUn irakasle dabil. Feminismoa, euskaragintzarako tresna? hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Zabaldin, Iruñean (Nabarreria kalea, 25).

Tuesday, 2 October 2012

«Gutxiengoen aurka sortzen dituzte esamesak, baina gehiengoa kontrolatzeko»


Rafael Crespo, zurrumurruen aurkako ekintzailea.

Etorkinei buruzko gezurrak kudeatzeko komunikazio eta emozio estrategiak azalduko ditu Crespo antropologoak datorren larunbatean, Errenterian «agenteak» sortzeko emango duen ikastaroan.



Rafael Crespo Ubero (Bartzelona, 1963) historialaria eta antropologoa da. Kataluniako Xarxa Antirumors sareko kidea da. Zurrumurruen kontrako agenteak trebatzeko tailerra emango du larunbatean, 10:00etatik 13:00etara, Errenteriako azoka zaharrean (Gipuzkoa). Parte hartzeko, izena eman behar da: info@mugak.org, edo 943-32 18 11.

Tuesday, 25 September 2012

«Euskararen normalizazioan desiragarria da kontsentsua, baina ezin da traba izan»


Lorea Agirre, kazetari eta antropologoa.


Lorea Agirre, Pako Aristi, Jon Sarasua eta Kike Amonarriz arituko dira datozen asteetan '4 begiratu euskararen norabideari' hitzaldi sortan. Nortasunaz, derrigortzeaz eta Otegiren liburuaz mintzo da kazetaria.
Kazetari eta antropologoa da Lorea Agirre (Beasain, Gipuzkoa, 1968). 4 begiratu, euskararen norabideari berbaldi zikloa zabalduko du gaur, Nor izateko hitzaldiarekin, 19:00etan, Kulturaten, Arrasaten (Gipuzkoa). Urriaren 23an, Pako Aristi arituko da zikloan, azaroaren 28an, Jon Sarasua, eta abenduaren 13an, Kike Amonarriz.