Wednesday, 3 July 2013

«Batzuetan bakeak, zoritxarrez, beste gerra mota batzuk ditu barruan»

Pedro Garcia Romero, arte komisarioa.

Argazkilaria: Ricardo Iriarte
'Bake ituna' erakusketaren arduraduna da Garcia Romero arte historialaria. Historia «burgesia akademikoak bere eginiko kontakizuna» baino ez dela erakusten du iraganaren bidez orainaz mintzo den egitasmoan.

Pedro Garcia Romero (Huelva, Espainia, 1964) artista, kritikaria, historialaria eta erakusketa komisarioa da. Donostian joan zen astean zabalduriko Bake Ituna erakusketaren arduradun nagusia da. Lehen atalean, 1813 Donostiaren setioa, sutea eta berreraikitzea izenburupean, hiriko hainbat gunetan gaiarekin loturiko objektuak jarri dituzte ikusgai.

Tuesday, 2 July 2013

«Kontua ez da gizonaren eta emakumearen arteko borroka, baizik eta oreka»

Mari Karmen Basterretxea, antropologoa.
Argazkilaria: Enetz Arzak

'Euskal eredu matrilinealaz' mintzatuko da gaur Basterretxea antropologian eta filosofian doktorea, Ziortza-Bolivarren ostirala arte egiten ari diren Udako Unibertsitate Bolibartarreko bigarren saioan

Mari Karmen Basterretxea antropologian, filosofian eta hezkuntzan doktorea da (Ondarroa, Bizkaia, 1958). Euskal eredu matrilineala hitzaldia emango du gaur, 16:00etan, Ziortza-Bolibarko udaletxean, Udako Unibertsitate Bolibartarraren egitarauaren barruan. Informazioa bolibarikastaroa@gmail.com helbidean.

Saturday, 29 June 2013

«Mitikoa izatea oso erraza da orain, jende asko atzera begira ari delako»

Shanti Iribar, musikaria.



Euskal Herrian badugu gure 'Sugar Man'. Ia 30 urteren buruan, Tortura Sistematika taldea elkartuko da gaur, Tolosan, kontzertu bakarra emateko, zale batek ahanzturatik atera dituela ospatzeko.

Shanti Iribarrek (Tolosa, Gipuzkoa, 1965) Tortura Sistematika taldea sortu zuen Joxi Ubedarekin, 1984. urtean. Urtebete iraun zuen Euskal Herriko muturreko hardcorearen aitzindarien abenturak. Gaur elkartuko dira berriz, kontzertua emateko, 19:00etan, Tolosako San Esteban auzoko lokaletan, RAS eta Belarmiñak taldeekin batera. Irudian, Iribar abeslaria, kideekin.


Monday, 24 June 2013

"Katalunian ez da kontsultarik egingo, ez behintzat baimendutakoa"




Jaume Renyer, analista politikoa.

Argazkilaria: Saül Gordillo



ETAko zuzendaritzarekin bildu zen Renyer 2004ean, Penpinyan, ERCko kide zenean.Legelari eta analistak independentziarako prozesua eta Euskal Herriarekiko harremanak aztertzen ditu.


Jaume Renyer i Alimbau (Villaseca, Katalunia, 1958) legelaria da eta Kataluniako egoera politikoaren analista: Catalunya, qüestió d’Estat, L’estat contra els pobles eta L’esquerra de la libertat lanak argitaratu ditu, besteak beste. Presente y futuro de Catalunya hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Condestableren jauregian, Iruñean. Berriako papereko edizioan argitaraturiko elkarrizketaren bertsio luzea da hau.


Thursday, 20 June 2013

«Nire bizitza lehertu egin da, eta bolada batez oso zaila egin zait musika sortzea»

Dawn Landes, musikaria.

Kantugile eta abestigile estatubatuarrak ye-ye mugimenduko frantsesezko klasikoak eta hurrengo diskoko piezak abestuko ditu gaur Bilboko Kafe Antzokian, Sylvie Lewisekin batera.

Dawn Landes (Louisville, AEB, 1980) kantugilea eta abeslaria da, ekoizle eta soinu ingeniaria izateaz gain. Bilboko Kafe Antzokian arituko da gaur, 21:30ean hasiko. Sylvie Lewis Londresko musikariarekin partekatuko du agertokia.


Wednesday, 19 June 2013

«Behar bezalako ikerketa egiteko, ezin zara erlojuari begira ibili»

Juan Garmendia Larrañaga, etnografoa.



Barandiaran, Caro Baroja eta Oteizaren lankide izan da Garmendia etnohistorialaria. Baserriz baserri, artxiboz artxibo eginiko lan zuhur eta zehatzarekin, fruitu asko eman ditu. Gaur aurkeztuko du azkena.

Etnografoa eta historialaria da Juan Garmendia Larrañaga (Tolosa, Gipuzkoa, 1926). 15 liburu baino gehiago idatzi ditu, besteak beste, artisautza tradizionalaz, euskal inauteriaz, burdingintzaz zein herri medikuntzaz. Paseo etnohistórico por la villa de Tolosa y sus alrededores. Siglos XVII, XVIII y XIX liburua aurkeztuko du gaur, 19:30ean, Tolosako udaletxeko pleno aretoan. Aldamenean izango ditu Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidentea, Joxemari Iturralde idazlea eta Ander Letamendia doktorea.

Thursday, 13 June 2013

«Ez badute energia eredua goitik aldatu nahi, azpitik aldatzen hasiko gara»


Monika Monteagudo, GoiEner kooperatibako kidea.


GoiEner Kooperatibako hainbat bazkide. Monteagudo, beheko lerroan, betaurrekoekin. / GOIENER

Argindarra tokian tokiko baliabideekin ekoiztea eta bazkideen artean irabazi asmorik gabe banatzea proposatzen du Monteagudok, oraingo enpresa handien «mafia eta oligopolio» egoera aldatzeko.
Monika Monteagudo (Legazpi, Gipuzkoa, 1976) GoiEner energia berriztagarriak merkaturatzeko kooperatibako kidea da. Bazkide berriak eta komunikazioa kudeatzen ditu. Kooperatibaren lanaz eta argindarraren etorkizunaz mintzatuko da gaur, 19:00etan, Legazpiko kultur etxean.

Friday, 7 June 2013

«Bideak bilatu behar dira jendea politikan aritu dadin, alderdi batekoa izan gabe»


Valgerdur Bjarnadottir, Islandiako legebiltzarkidea.

Argazkilaria: Olatz Estensoro

Islandiako bankuen porrotaren ondoren, Konstituzioa idazteari ekin zioten islandiarrek parte hartze zuzenaz. Kontserbadoreak berriz agintean, erreforma gelditu dutela dio politikari sozialdemokratak.

Valgerdur Bjarnadottir (Reykjavik, 1950) Islandiako Legebiltzarreko kidea da, Aliantza Sozial Demokratarekin. Herritarrekin topaketak ekitaldian parte hartzen ari da, Donostian. Gaur arituko da, 16:00etan (izena eman behar da) eta 19:30ean (libre), Kursaalean.

Sunday, 2 June 2013

«Argentinan ari dira, baina hemen ez diote inoiz diktaduraren gaiari heldu»


Eduardo Arreseygor, argazkilaria.

Ezkaba mendiko gotorlekuan (Iruñea) frankistek preso edukitakoen marrazkiak

XX. mendeko izugarrikerien inguruko argazki erakusketa paratu du artista argentinarrak Andoainen. 1936ko gerra, juduen holokaustoa eta Videlaren diktadura landu ditu, biktimen ikuspegitik.

Eduardo Arreseygor (La Plata, Argentina, 1949) argazkilaria da. Birbiraitona Irurakoa (Gipuzkoa) zuen. Aspaldi bizi da Euskal Herrian, eta hemen eman dio segida gazte-gazterik hasi zuen argazkilari ibilbideari. XX. mendeko izugarrikerien inguruko Enigma erakusketa du Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean.


Saturday, 1 June 2013

«Atez ateko zabor bilketan dugu etorkizuna era baikorrean ikusteko aukera»

Antonio Casado da Rocha, filosofoa.



Henry David Thoreau idazlearen bizitza eta lanaren bitartez, ekologiaz, etikaz eta gizarteaz hausnartuko du gaur EHUko irakasleak, Alkizan, artea eta natura biltzen dituen Ur Mara museoan.
Bioetika eta biologiaren filosofia ikertzen ditu EHUn Antonio Casado da Rochak (Donostia, 1970). Henry David Thoreau idazlearen inguruko Simplify, simplify hitzaldia emango du (euskaraz eta gazteleraz) gaur, 17:00etan, Alkizako (Gipuzkoa) Ur Mara museoan, Hitzaren babesa etxola zabaltzeko ekitaldian. Hitzaldiaren ondoren, kontzertua emango du Gipsy taldeak.

Wednesday, 29 May 2013

«Ibaiek badute oinarrizko bekatua, guk bataioarekin konpontzen duguna»


Mikel Belasko, toponimian aditua.




Nola jarri izena etengabe isurtzen ari den eta harrapatzerik ez dagoen gauza bati? Erreken izenaren arazo korapilatsuari erreparatuko dio gaur Donostian Mikel Belasko filologoak, Patziku Perurenarekin.

Mikel Belasko (Iruñea, 1967) toponimian aditua da. Ura bataiatzen hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, Patziku Perurenak aurkeztu eta lagunduta. Iñigo Astiz kazetariak egunkari honetan idatzitako Ura izendatzen artikuluak eragin du gaurko hitzaldia. Kristina Enea fundazioak uraren garrantzia azaltzeko antolaturiko HidroLogikak egitasmoaren barruan egingo dute saioa.

Friday, 24 May 2013

«Brasilek jai maskara janzten du, baina egia bestelakoa da: ez dago elkarbizitzarik»

Kleber Lourenço, dantzari eta koreografoa.


Brasilgo arrazen arteko harremanez mintzo da Lourenço sortzailea, beltzen ikuspegitik. Bilbo aukeratu du 'Negro de Estimaçao' dantza eta antzerki lana Europan estreinatzeko.

Kleber Lourenço (Pernambuco, Brasil, 1980) dantzaria, koreografoa, antzerkilaria eta hezitzailea da. Pernambucoko Unibertsitate Federalean dabil irakasle. Negro de Estimaçao (Beltz maskota) dantza-antzezlana estreinatzen ari da Europan, eta Bilbo aukeratu du lehen aldiz taularatzeko. Gaur izango da, 20:00etan, Fundicion aretoan.


Wednesday, 22 May 2013

«Jendeak ulertu behar du informazio ona ezin dela doan izan»

Pascual Serrano, kazetaria.




Hedabide handien negozioarenak egin duela eta sinesgarritasuna galdu dutela ikusita, kazetariei egitasmo berriak abiatzeko eta irakurleei horiei laguntzeko dei egingo die Serranok gaur, Donostian.

Kazetari eta saiakeragilea da Pascual Serrano (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1964). Prentsaren egoeraz eta etorkizunaz 11 liburu argitaratu ditu 2006. urtetik. Periodismo canalla; los medios contra la información hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, San Telmo museoan, Donostian. Mariano Ferrer izango du lagun.

Tuesday, 21 May 2013

«Twitter, Facebook eta halakoak ez ditugu modu osasungarrian erabiltzen»

Marko Txopitea, informatika ingeniaria.




Teknikaria izanda ere, edo teknikaria delako hain zuzen, errezeloz begiratzen die Txopitea informatikariak enpresa handien esku dauden sare sozialei. Sukarra zeren sintoma den azalduko du gaur.

Marko Txopitea (Lekeitio, Bizkaia, 1975) Txopi da Interneten dituen egitasmo askoetan. www.ikusimakusi.net gune pertsonalean ematen du horien berri. Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Donostiako Gros auzoko Kortxoenea gaztetxean.

Thursday, 16 May 2013

«Argi dago: kapitalismo honenak egin du, eta sare sozialek eraikiko dute geroa»

Vicente Verdu, idazlea.



'El timo de la crisis contada como maldición divina' hitzaldia emango du gaur Verdu kazetari eta saiakeragileak Donostian, Literaktum jaialdian. Teknobaikortasun mezua dakar, apokaliptikoen aurrean.
Vicente Verdu (Elx, Herrialde Katalanak, 1942) idazle eta kazetaria da. El timo de la crisis contada como maldición divina hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, San Telmo museoan, Donostian.

Wednesday, 15 May 2013

«Zure produktuak alde txar bat badu, berehala geratzen da agerian Interneten aroan»

Haritz Rodriguez, Interneten aditua.


Blogetan kritikak idaztearen truke, produktuak probatzeko uzten dituzten enpresak eta blogariak harremanetan jartzeko plataforma bat sortu du Xuriken kazetariak. Gaur azalduko du Donostian.

Haritz Rodriguez Xuriken (Caracas, 1978) kazetaria eta blogaria da. Euskaltube sortu zuen 2007. urte aldera. Orain, Blog on Brands egitasmoan dabil murgilduta, eta zertan datzan azalduko du gaur, 18:00etan, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Innogunean. Betor hitzaldi sortako saioa bideoz zuzenean emango dute Berria.info gunean.

Saturday, 11 May 2013

«Zale gehiegi ditugu interesgarriak izateko; beraz, ezin 'cool' izan»


Gorka Urbizu, Berri Txarrak taldeko abeslaria.


Bermeoko Kafe Antzokian joko du gaur Gorka Urbizuren, David Gonzalezen eta Galder Izagirreren taldeak. Kontzertuan, BERRIAren 10. urteurrena ospatuko dute.

Gorka Urbizu ( Iruñea, 1977) Berri Txarrak taldeko abeslari eta gitarra jotzailea da. Apirilaren 20an Donostiako Kursaal auditoriuma bete zuten, eta entzuleek ahaztuko ez duten kontzertu bat eman. Ekainaren 1ean, Atarrabiako (Nafarroa) Hatortxu Rock jaialdian joko dute. Gaur, Bermeoko (Bizkaia) Kafe Antzokian joko dute, ON taldearekin batera. BERRIAren 10. urteurrena ospatuko dute emanaldian. 


Friday, 10 May 2013

«Espainiako Gobernuak PSOErekin itundu zuen Cubilloren aurkako estatu krimena»

Eduardo Cubillo, dokumentalgilea.

Kanarietako Artxipelagoaren Autodeterminazioaren eta Independentziaren aldeko Mugimendu MPAIACen buru Antonio Cubillo elbarri utzi zuten 1978. urtean. Haren ilobak afera azaltzen duen dokumentala aurkeztuko du gaur Ordizian.

Eduardo Cubillo (Santa Cruz de Tenerife, Kanariar Uharteak, 1981) dokumentalgilea da. Antonio Cubillo independentista kanariarraren iloba da, eta haren inguruko Historia de un crimen de estado dokumentala aurkeztuko du gaur, 19:30ean, Ordiziako (Gipuzkoa) Herri Antzokian.