Thursday, 26 September 2013

«Kontzertuak ematea zaila egin zaigu, hainbat ate itxi dizkigutelako»

Koldo Azkona, musikaria.

Koldo Azkona —ezkerretik lehena— Danserie Ensemble taldeko kideekin. / Clemente Bernad


Danserie Ensemble taldeak 1512. urte inguruko musika joko du gaur Atarrabian, Nafarroako Erresumaren inguruko doinuak eta testuak biltzen dituen 'Antzinako negarra' ikuskizunean.

Koldo Azkona (Iruñea, 1960) Danserie musika taldeko flauta jotzailea da. Errenazimentuko eta barrokoko musika lantzen dute, eta iaz Lachrimae antiquae 1512 Antzinako negarra diskoa argitaratu zuten. Nafarroako Erresumako musika bildu zuten horretan. Kontzertua emango du taldeak gaur, 19:30ean, Atarrabiako (Nafarroa) kultur etxean, konkistari buruzko biltzarraren akten aurkezpenean.

Friday, 6 September 2013

«Gure historia politikoak ia inkontzienteki eragin diguna zabaldu nahi dut»


 Juan Arrosagarai, bideogilea.





Euskal Herriaren azken 30 urteak autoerretratu politiko baten bidez aztertzen ari da artista 'Argi ta garbi' egitasmoan. Gaur estreinatuko du Iruñean; gero Bilbora, Gasteizera eta Marseillara eramango du.


Juan Arrosagaraik (Iruñea, 1967) bideoa, argazkigintza eta euskarri digitalak irakasten ditu Gasteizko Lanbide Eskolan. Argi ta garbi bideo egitasmoa estreinatuko du gaur, 20:00etan, Iruñeko La Hormiga Atomica liburu dendan. Argazkiz, bideoz eta blog batez osatu du erakusketa. Lanak ikusi ondoren, «jai giroko mahai inguru bat» egingo dutela agindu dute. Azaroan, Bilbon egongo da ikusgai, Bilbaoarten; Gasteizen, 2014ko urtarrilean, eta, ondoren, Marseillan (Frantzia).

Deustuko zubia, Argi ta Garbi lanaren fotograma batean.

Thursday, 5 September 2013

«Euskal diskoetxeek duten arazo nagusia ez da pirateria, Interneten ez egotea baizik»


Jon Eskisabel, kazetaria.




 
Diskogintzaren etorkizunaz mintzatuko da Eskisabel www.badok.info guneko arduraduna gaur Donostian. Euskal Herriko diskoetxe profesionalak oso atzeratuta daudela uste du, iraganeko negozio ereduari eutsi nahian.

Diskogintzaren egoeraren inguruan mintzatuko da gaur Jon Eskisabel kazetaria eta euskal kantagintzari emaniko badok.info gunearen arduraduna (Lasarte, 1969). Inpernuko Poza Trikitixaren XI. Jardunaldien barruan antolatu dute hitzaldia, gaur, 19:30ean, San Jeronimo kaleko sotoan, Donostian. Bihar, ordu eta leku berean, autoekoizpenaren inguruko mahai ingurua egingo dute Asier Zuluetak (Bidehuts), Anjel Valdes (Elkar) eta Gaizka Insunzak (Audience), Gorka Erostarbe kazetariak gidatuta.

Wednesday, 7 August 2013

«Ahotsa edozein musika tresna baino konplexuagoa eta intimoagoa da»





Bettina Aragon, musikaria.


Kirkit Ensemble: Bettina Aragon, Angelika Huisgen, Elena Gorrotxategi, Oihana Lekuona eta Ane Miren Odriozola

Kirkit Ensemble taldeko kide da Aragon, eta Euskal Herriko eta Georgiako herri kantak, Neil Young zein Leonard Cohenen abestiak eta Eurovisioneko doinuak moldatu eta 'a capella' abesten ditu.

Bettina Aragon (Bielefeld, Alemania, 1962) ahotsaren pedagogoa eta musikaria da. Kirkit Ensemble taldearen sortzaileetako bat da. Gaur arituko da, lau kideekin batera, 22:00etan, Bergarako (Gipuzkoa) Espoloian, Bermuga jaialdiaren amaieran, doan.

Wednesday, 3 July 2013

«Batzuetan bakeak, zoritxarrez, beste gerra mota batzuk ditu barruan»

Pedro Garcia Romero, arte komisarioa.

Argazkilaria: Ricardo Iriarte
'Bake ituna' erakusketaren arduraduna da Garcia Romero arte historialaria. Historia «burgesia akademikoak bere eginiko kontakizuna» baino ez dela erakusten du iraganaren bidez orainaz mintzo den egitasmoan.

Pedro Garcia Romero (Huelva, Espainia, 1964) artista, kritikaria, historialaria eta erakusketa komisarioa da. Donostian joan zen astean zabalduriko Bake Ituna erakusketaren arduradun nagusia da. Lehen atalean, 1813 Donostiaren setioa, sutea eta berreraikitzea izenburupean, hiriko hainbat gunetan gaiarekin loturiko objektuak jarri dituzte ikusgai.

Tuesday, 2 July 2013

«Kontua ez da gizonaren eta emakumearen arteko borroka, baizik eta oreka»

Mari Karmen Basterretxea, antropologoa.
Argazkilaria: Enetz Arzak

'Euskal eredu matrilinealaz' mintzatuko da gaur Basterretxea antropologian eta filosofian doktorea, Ziortza-Bolivarren ostirala arte egiten ari diren Udako Unibertsitate Bolibartarreko bigarren saioan

Mari Karmen Basterretxea antropologian, filosofian eta hezkuntzan doktorea da (Ondarroa, Bizkaia, 1958). Euskal eredu matrilineala hitzaldia emango du gaur, 16:00etan, Ziortza-Bolibarko udaletxean, Udako Unibertsitate Bolibartarraren egitarauaren barruan. Informazioa bolibarikastaroa@gmail.com helbidean.

Saturday, 29 June 2013

«Mitikoa izatea oso erraza da orain, jende asko atzera begira ari delako»

Shanti Iribar, musikaria.



Euskal Herrian badugu gure 'Sugar Man'. Ia 30 urteren buruan, Tortura Sistematika taldea elkartuko da gaur, Tolosan, kontzertu bakarra emateko, zale batek ahanzturatik atera dituela ospatzeko.

Shanti Iribarrek (Tolosa, Gipuzkoa, 1965) Tortura Sistematika taldea sortu zuen Joxi Ubedarekin, 1984. urtean. Urtebete iraun zuen Euskal Herriko muturreko hardcorearen aitzindarien abenturak. Gaur elkartuko dira berriz, kontzertua emateko, 19:00etan, Tolosako San Esteban auzoko lokaletan, RAS eta Belarmiñak taldeekin batera. Irudian, Iribar abeslaria, kideekin.


Monday, 24 June 2013

"Katalunian ez da kontsultarik egingo, ez behintzat baimendutakoa"




Jaume Renyer, analista politikoa.

Argazkilaria: Saül Gordillo



ETAko zuzendaritzarekin bildu zen Renyer 2004ean, Penpinyan, ERCko kide zenean.Legelari eta analistak independentziarako prozesua eta Euskal Herriarekiko harremanak aztertzen ditu.


Jaume Renyer i Alimbau (Villaseca, Katalunia, 1958) legelaria da eta Kataluniako egoera politikoaren analista: Catalunya, qüestió d’Estat, L’estat contra els pobles eta L’esquerra de la libertat lanak argitaratu ditu, besteak beste. Presente y futuro de Catalunya hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Condestableren jauregian, Iruñean. Berriako papereko edizioan argitaraturiko elkarrizketaren bertsio luzea da hau.


Thursday, 20 June 2013

«Nire bizitza lehertu egin da, eta bolada batez oso zaila egin zait musika sortzea»

Dawn Landes, musikaria.

Kantugile eta abestigile estatubatuarrak ye-ye mugimenduko frantsesezko klasikoak eta hurrengo diskoko piezak abestuko ditu gaur Bilboko Kafe Antzokian, Sylvie Lewisekin batera.

Dawn Landes (Louisville, AEB, 1980) kantugilea eta abeslaria da, ekoizle eta soinu ingeniaria izateaz gain. Bilboko Kafe Antzokian arituko da gaur, 21:30ean hasiko. Sylvie Lewis Londresko musikariarekin partekatuko du agertokia.


Wednesday, 19 June 2013

«Behar bezalako ikerketa egiteko, ezin zara erlojuari begira ibili»

Juan Garmendia Larrañaga, etnografoa.



Barandiaran, Caro Baroja eta Oteizaren lankide izan da Garmendia etnohistorialaria. Baserriz baserri, artxiboz artxibo eginiko lan zuhur eta zehatzarekin, fruitu asko eman ditu. Gaur aurkeztuko du azkena.

Etnografoa eta historialaria da Juan Garmendia Larrañaga (Tolosa, Gipuzkoa, 1926). 15 liburu baino gehiago idatzi ditu, besteak beste, artisautza tradizionalaz, euskal inauteriaz, burdingintzaz zein herri medikuntzaz. Paseo etnohistórico por la villa de Tolosa y sus alrededores. Siglos XVII, XVIII y XIX liburua aurkeztuko du gaur, 19:30ean, Tolosako udaletxeko pleno aretoan. Aldamenean izango ditu Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidentea, Joxemari Iturralde idazlea eta Ander Letamendia doktorea.

Thursday, 13 June 2013

«Ez badute energia eredua goitik aldatu nahi, azpitik aldatzen hasiko gara»


Monika Monteagudo, GoiEner kooperatibako kidea.


GoiEner Kooperatibako hainbat bazkide. Monteagudo, beheko lerroan, betaurrekoekin. / GOIENER

Argindarra tokian tokiko baliabideekin ekoiztea eta bazkideen artean irabazi asmorik gabe banatzea proposatzen du Monteagudok, oraingo enpresa handien «mafia eta oligopolio» egoera aldatzeko.
Monika Monteagudo (Legazpi, Gipuzkoa, 1976) GoiEner energia berriztagarriak merkaturatzeko kooperatibako kidea da. Bazkide berriak eta komunikazioa kudeatzen ditu. Kooperatibaren lanaz eta argindarraren etorkizunaz mintzatuko da gaur, 19:00etan, Legazpiko kultur etxean.

Friday, 7 June 2013

«Bideak bilatu behar dira jendea politikan aritu dadin, alderdi batekoa izan gabe»


Valgerdur Bjarnadottir, Islandiako legebiltzarkidea.

Argazkilaria: Olatz Estensoro

Islandiako bankuen porrotaren ondoren, Konstituzioa idazteari ekin zioten islandiarrek parte hartze zuzenaz. Kontserbadoreak berriz agintean, erreforma gelditu dutela dio politikari sozialdemokratak.

Valgerdur Bjarnadottir (Reykjavik, 1950) Islandiako Legebiltzarreko kidea da, Aliantza Sozial Demokratarekin. Herritarrekin topaketak ekitaldian parte hartzen ari da, Donostian. Gaur arituko da, 16:00etan (izena eman behar da) eta 19:30ean (libre), Kursaalean.

Sunday, 2 June 2013

«Argentinan ari dira, baina hemen ez diote inoiz diktaduraren gaiari heldu»


Eduardo Arreseygor, argazkilaria.

Ezkaba mendiko gotorlekuan (Iruñea) frankistek preso edukitakoen marrazkiak

XX. mendeko izugarrikerien inguruko argazki erakusketa paratu du artista argentinarrak Andoainen. 1936ko gerra, juduen holokaustoa eta Videlaren diktadura landu ditu, biktimen ikuspegitik.

Eduardo Arreseygor (La Plata, Argentina, 1949) argazkilaria da. Birbiraitona Irurakoa (Gipuzkoa) zuen. Aspaldi bizi da Euskal Herrian, eta hemen eman dio segida gazte-gazterik hasi zuen argazkilari ibilbideari. XX. mendeko izugarrikerien inguruko Enigma erakusketa du Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean.


Saturday, 1 June 2013

«Atez ateko zabor bilketan dugu etorkizuna era baikorrean ikusteko aukera»

Antonio Casado da Rocha, filosofoa.



Henry David Thoreau idazlearen bizitza eta lanaren bitartez, ekologiaz, etikaz eta gizarteaz hausnartuko du gaur EHUko irakasleak, Alkizan, artea eta natura biltzen dituen Ur Mara museoan.
Bioetika eta biologiaren filosofia ikertzen ditu EHUn Antonio Casado da Rochak (Donostia, 1970). Henry David Thoreau idazlearen inguruko Simplify, simplify hitzaldia emango du (euskaraz eta gazteleraz) gaur, 17:00etan, Alkizako (Gipuzkoa) Ur Mara museoan, Hitzaren babesa etxola zabaltzeko ekitaldian. Hitzaldiaren ondoren, kontzertua emango du Gipsy taldeak.

Wednesday, 29 May 2013

«Ibaiek badute oinarrizko bekatua, guk bataioarekin konpontzen duguna»


Mikel Belasko, toponimian aditua.




Nola jarri izena etengabe isurtzen ari den eta harrapatzerik ez dagoen gauza bati? Erreken izenaren arazo korapilatsuari erreparatuko dio gaur Donostian Mikel Belasko filologoak, Patziku Perurenarekin.

Mikel Belasko (Iruñea, 1967) toponimian aditua da. Ura bataiatzen hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, Patziku Perurenak aurkeztu eta lagunduta. Iñigo Astiz kazetariak egunkari honetan idatzitako Ura izendatzen artikuluak eragin du gaurko hitzaldia. Kristina Enea fundazioak uraren garrantzia azaltzeko antolaturiko HidroLogikak egitasmoaren barruan egingo dute saioa.

Friday, 24 May 2013

«Brasilek jai maskara janzten du, baina egia bestelakoa da: ez dago elkarbizitzarik»

Kleber Lourenço, dantzari eta koreografoa.


Brasilgo arrazen arteko harremanez mintzo da Lourenço sortzailea, beltzen ikuspegitik. Bilbo aukeratu du 'Negro de Estimaçao' dantza eta antzerki lana Europan estreinatzeko.

Kleber Lourenço (Pernambuco, Brasil, 1980) dantzaria, koreografoa, antzerkilaria eta hezitzailea da. Pernambucoko Unibertsitate Federalean dabil irakasle. Negro de Estimaçao (Beltz maskota) dantza-antzezlana estreinatzen ari da Europan, eta Bilbo aukeratu du lehen aldiz taularatzeko. Gaur izango da, 20:00etan, Fundicion aretoan.


Wednesday, 22 May 2013

«Jendeak ulertu behar du informazio ona ezin dela doan izan»

Pascual Serrano, kazetaria.




Hedabide handien negozioarenak egin duela eta sinesgarritasuna galdu dutela ikusita, kazetariei egitasmo berriak abiatzeko eta irakurleei horiei laguntzeko dei egingo die Serranok gaur, Donostian.

Kazetari eta saiakeragilea da Pascual Serrano (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1964). Prentsaren egoeraz eta etorkizunaz 11 liburu argitaratu ditu 2006. urtetik. Periodismo canalla; los medios contra la información hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, San Telmo museoan, Donostian. Mariano Ferrer izango du lagun.

Tuesday, 21 May 2013

«Twitter, Facebook eta halakoak ez ditugu modu osasungarrian erabiltzen»

Marko Txopitea, informatika ingeniaria.




Teknikaria izanda ere, edo teknikaria delako hain zuzen, errezeloz begiratzen die Txopitea informatikariak enpresa handien esku dauden sare sozialei. Sukarra zeren sintoma den azalduko du gaur.

Marko Txopitea (Lekeitio, Bizkaia, 1975) Txopi da Interneten dituen egitasmo askoetan. www.ikusimakusi.net gune pertsonalean ematen du horien berri. Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Donostiako Gros auzoko Kortxoenea gaztetxean.