Friday, 28 March 2014

«Katalunian gehiengo zabal bat dago; hemen ez dut halakorik ikusten»

Mikel Aizpuru Murua, historialaria.


 XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran foruzaletasunetik abertzaletasunerako urratsa nola egin zen eztabaidatuko du EHUko Historia irakasleak gaur Iruñean, mahai inguruan.

Mikel Aizpuruk (Gabiria, Gipuzkoa, 1963) Historia Garaikidea irakasten du EHUn. Del Fuerismo al Nacionalismo (1876-1923) mahai inguruan hartuko du parte gaur, 19:00etan, Iruñeko Kondestablearen jauregian, Tomas Urzainki eta Aitor Pescadorrekin.

Thursday, 27 March 2014

«Emakumeen errealitate eta bizipenenekin loturiko hitz asko falta ditu euskarak»


Zaloa Basabe, genero aholkularia.



'Ilargian ez da emakumerik egon' liburua idazten ari da Basabe, Eider Rodriguezekin batera. Azalera ekarri nahi dituzte ustez neutro diren objektuen atzean ezkutatzen diren genero arazoak.
Zaloa Basabe (Bilbo, 1978) genero aholkularia da lanbidez. Eider Rodriguez idazlearekin batera, Ilargian ez da emakumerik egon( objektu mutuen testigantza feminista) hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Iruñeko Katakrak liburudendan.

Tuesday, 25 March 2014

«Errusiaren jarrera oso moderatua izan da Ukrainako krisian, Krimeako erreferenduma arte»

Jon Kortazar Billelabeitia, historialaria.


Kieven eta Krimean azken asteotan gertaturikoa aztertuko du Kortazar historialariak gaur, Lasarten. Ukrainako egoera Euskal Herriarekin parekatu dutenak «errealitatetik urrun» daudela dio.

Historialaria da Jon Kortazar Billelabeitia (Mungia, Bizkaia, 1986). Frankismoak Bizkaian eraturiko botere egituren inguruko tesia idazten ari da, baina, gaur, Ukrainako egoerari begira jarriko da, 19:00etan, Lasarteko (Gipuzkoa) Elebeltz Topagunean.

Sunday, 23 March 2014

«Lehen irrintzia botatzea terapeutikoa izan zitzaidan, eta mugarria nire bizitzan»

Maite Larburu, musikaria.


Josh Cheatham Amsterdamgo auzokidearekin Neighbor bikotea osatu, eta 'Ura patrikan' diskoa aurkezten dabil Maite Larburu, «euskalduna ematen ez duen» kantari gozo eta lasaia.

Azken hilabeteotako ustekaberik handiena izan da Neighbor bikotea euskal musikaren munduan. Maite Larburu musikariak (Hernani, Gipuzkoa, 1979) osatzen du, Amsterdamen auzokide duen Josh Cheathamekin (Seattle, AEB, 1974). Ura patrikan diskoa argitaratu dute Gaztelupeko Hotsak etxearekin. Kontzertua emango dute gaur, 19:00etan, Bergarako Zabalotegi aretoan (Gipuzkoa). Aurretik, Asier Altunaren Zela Trovke [belarra mozten, eslovakieraz) film laburra emango dute.

Zela Trovke [Trailer] from Kimuak on Vimeo.


Saturday, 22 March 2014

«Analogikoan grabatu eta biniloan sortu dut azkena, baina nostalgiarik gabe»

John Paul Keith, musikaria.

Amerikana klasikoan oinarritzen da John Paul Keithen estiloa, baina, definizio zurrunetik urrun, Memphis hiriko klubetan ordu txikietan entzun nahi izaten dutena ekarriko du gaur Donostiara.

Argazkilaria: Jim Herrington

Bi hiri izenek deskribatzen dute John Paul Keith estatubatuarraren musika: Memphis eta Nashville. AEBetako hegoaldeko Knoxvillen jaio zen. Gurasoek elizan abesten zuten, eta aitak gitarra oparitu zion semeari, 10 urte zituela. Gitarra bat eta B. B. Kingen eta Chuck Berryren kasete bana eman zizkion. «Horrek gauza asko azaltzen ditu nitaz eta nire musika gustuez», dio artistak. Nerabe zenetik bizi da musikatik, baina ez zuen hasiera erraza izan: 19 urte zituenean, The Viceroys taldea utzi zuen, haiek hartu nahi zuten bidearekin ados ez zegoelako. Nashvilleko The Nevers taldearekin disko bat grabatu zuen, baina diskoetxeak ez zuen argitaratu urte luzez. New Yorken probatu ondoren, 2005ean joan zen Memphisera, etsita, jotzeko edo musika egiteko gogorik gabe. Baina hiriaren erritmoak harrapatu zuen berriz. Donostiako Intxaurrondo kultur etxean joko du gaur, 22:00etan, Balerdi Balerdi & Petti eta Gran Yate Especial taldeekin.


Friday, 21 March 2014

«Bilboko Guggenheimek indarkeria erabiltzen du bere inguruaren aurka

Jussi Tiainen, argazkilaria.




Arkitektura-ikuskizunaren aurkako adierazpena da Jussi Tiainen Helsinkiko argazkilariaren lana: 'Finlandiar arkitektura gizakiaren eskalan'. Iparraldeko apaltasun irakaspena Donostian dago ikusgai.
Finlandiar Arkitektura Gizakiaren Eskalan erakusketa jarri du Jussi Tiainen (Helsinki, 1954) argazkilariak EHUko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren sarreran, Donostian. Apirilaren 16ra arte egongo da ikusgai.


Jussi Tiainen


Thursday, 20 March 2014

«Basterretxea eta Oteizaren etxea hondatzea memoria eta kultur hondamendia da»

Karlos Martinez Bordoy, artista.





1960-70eko euskal kulturako gauzarik garrantzitsuenetako asko Irungo Iparralde Hiribideko 35-37 eraikinean gertatu ziren. Gaur, erabat abandonaturik dago, espekulazioaren eta utzikeriaren biktima.


The Border Desert egitasmoa aurkeztuko du Karlos Martinez Bordoy artistak (Durango, Bizkaia, 1982), gaur, 19:00etan, Atotxako dorreko etxabeko Sukaldea aretoan, Donostian, Tabakalerako Bisitariak egitasmoaren barruan.

Oteiza eta Basterretxearen etxe-tailerra. Prostituzio etxea izan ondoren, abandonaturik dago gaur. / Karlos Martinez Bordoy.

Saturday, 15 March 2014

«Euskal Herriko eta Irlandako tresnekin arazoa izan genuen: ondoegi moldatzen ziren»


Niamh Ni Charra, musikaria.




Kontzertina eta biolina hartuta, hiru saio egingo ditu Niamh Ni Charra musikari irlandarrak gurean, datozen hiru egunetan. Mungian eta Bilbon taldearekin arituko da, eta Oiartzunen, Ibon Koteronekin.
Niamh Ni Charra (Killarney, Irlanda, 1974) biolin zein kontzertina (akordeoi txiki diatonikoa) birtuosoa da. Irlandako musika eta doinu tailerra emango die haurrei gaur, 12:30ean, Oiartzungo (Gipuzkoa) Soinuenean, eta 18:30ean, kontzertua emango du Ibon Koteron albokariarekin. Bihar, Mungian (Bizkaia), musika eta dantza tailerra, 17:00etan, eta kontzertua, 19:30ean Olalde aretoan. Astelehenean, emanaldia 20:30ean, Bilboko Kafe Antzokian.


Friday, 14 March 2014

«Musika gizonen menpean egon denez, emakumeoi sufritzea egokitu zaigu»

Miren de Miguel, aktorea eta sopranoa.



Operak misoginiari eta genero indarkeriari adierazpide ematen diela uste du De Miguelek, eta hori iraultzeko ariketa proposatu du Tutte contro Verdi performancean. Asteburuan taularatuko du Bilbon.

Miren de Miguel (Bilbo, 1968) aktorea eta abeslari lirikoa da. Tutte Contro Verdi opera-performancea taularatuko du bihar eta igandean, 20:00etan, Zorrotzaurreko Garabia pabiloian, Bilbon.

Tuesday, 11 March 2014

«LOMCE legea otsoa da, eta litekeena da horrekin guk atzera egitea 30 urte»

Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia.


'Wert legea' esaten zaion erreformak euskalduntzeari eta hezkuntza komunitateari ekarriko dion kaltea zertan den eta horri aurre nola egin azalduko du gaur Bilbaok, Lazkaon.
Edu Lartzanguren
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko burua da Paul Bilbao (Algorta, Bizkaia, 1971). LOMCE, otsoa dator. Zer da eta zer datorkigu? hitzaldia emango du, gaur, 18:30ean, Gerriko Txokoan, Lazkaon (Gipuzkoa).

Friday, 7 March 2014

«Oso yankiak gara gure musika jotzen, baina geure erara egiten dugu»


AITOR CAÑIBANO. TRAVELLIN' BROTHERS TALDEKO KIDEA


Aitor Cañibano —kalparrarekin—, Travellin' Brothers taldeko beste bost kideekin.  Alex Rodriguez Cruz
Hamar urteak ospatzeko, 'Magnolia Route' diskoa plazaratu du taldeak. Leioatik (Bizkaia) mundurako bluesa egin daitekeela erakusten saiatuko dira gaur, Bilbon, 32 musikari agertokian jarrita.
Travellin' Brothers taldeko gitarrista da Aitor Cañibano (Leioa, Bizkaia, 1974). Magnolia Route diskoa plazaratu berri du taldeak, Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin, eta, hura aurkezteko, emanaldi berezi bat egingo dute gaur, 21:30ean, Bilboko Kafe Antzokian. Diskoan lagundu duen La Kantoria abesbatzak eta La Maravillosa Orquesta del Alcohol taldeak ere parte hartuko dute.


Thursday, 6 March 2014

«Askatzailea izan da genero arauak bihurtzen dabilen jendearekin lan egitea»


MARIE LOSIER. ZINEMAGILEA


New Yorkeko undergroundaren erretratugilea da Marie Losier. Hara ikastera joan zen duela 20 urte, eta han geratu zen. Lagun batek oparitutako 16 mmko kamerarekin osatu du ezohiko filmografia.
Lady Jaye eta Genesis P-Orridge, Losierren filmean. Ebakuntza elkarren antza izateko, maitasunarengatik. / M. LOSIER
New Yorkeko undergroundaren erretratugilea da Marie Losier zinemagilea (Rambouillet, Frantzia, 1972). Artelekun (Donostia) dabil egunotan bere lana erakusten. Gaur, hiru film aurkeztuko ditu, 17:00etatik aurrera. 

Friday, 28 February 2014

«Musika erritu itxi bat ez dela erakutsi nahi dut, Les Luthiersen zein bestela»



Carlos Lopez Puccio, Les Luthiers taldeko kidea.





Txantxa gisa hasi ziren, baina 46 urte bete dituzte dagoeneko. Euskal Herrian bira bat abiatuko dute larunbatean musika serioaren umorista argentinarrek. Bilbon, Donostian eta Iruñean izango dira.

Carlos Lopez Puccio (Rosario, Argentina, 1946) orkestra zuzendari arketipikoaren parodia egiten du Les Luthiers taldean. Ondo egin ere, berez, orkestra zuzendari serioa baita umorea lantzen ez duenean. Talde argentinarrak bira bat egingo du Euskal Herrian asteburuan hasita. Martxoaren 1etik 3ra Bilboko Euskalduna jauregian aurkeztuko dute Lutherapia! ikuskizuna, 6tik 8ra Donostiako Kursaalean arituko dira, eta 18tik 21era, Iruñeko Baluarten.



«Gaurko foraltasuna gezur hutsa da; izenean besterik ez dago»

Lartaun Egibar Urrutia, historialaria.


«Nafarroa forala eta espainiarra izango da», esan zuen herenegun Mariano Rajoik, Espainiako gobernuburuak. Baina benetan forala al da Nafarroak gaur duen erregimena? Hitzaldi sorta bat egingo dute Iruñean.

Lartaun Egibar Urrutia (Bilbo, 1968) Historian doktorea da eta Zuzenbidearen Historia ikertzen du. Los fueros entre dos guerras: de 1833 a 1876 hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Kondestablearen Jauregian, Iruñean. Nafarroa... XIX.-XX. mendeak hitzaldi zikloaren lehena izango da.

Zergatik da interesgarria karlistaldien arteko garai hori?

Lehen guda zibila —gero guda karlista deituko zutena— amaitu zenean, 1839ko urriko 25eko legea eman zuten Espainiako Gorteetan, bi artikulu ditu bakarrik: lenenak Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako foruak baieztatzen ditu, «batasun konstituzionalari» uko egin gabe. Bigarrenak dio foru horiek «gaurkotu» egin behar direla. Nación vascongada-z hitz egiten zen askoz lehenagotik, eta denek argi zeukaten horiek arabarrak, bizkaitarrak, gipuzkoarrak eta nafarrak zirela. Historian lehen aldiz, Espainiako erakunde batek —gorteek— lege bat eman zuen euskal lurraldeetarako. Hortik aurrera hasi ziren pentsatzen Espainiak euskaldunei legeak ezartzeko eskubidea zuela. Hor hasi ziren gauzak aldatzen.

Eta hemengo liberalek horren alde egin zuten. Zergatik jokatu zuten horren etxekalte?

Uste zutelako Espainian sartzeak eremua zabaltzen ziela; esaterako, merkataritzan jarduteko eta Espainiako politikan ibiltzeko. Baina, halere, Manuel Urioste de la Herran diputatu liberalak argi ohartarazi zien Espainiako Gorteei: gerra amaitzeko, foru egitura onartu behar zuten; bestela, gerrak osagarri abertzalea hartuko zuen. Eta hala gertatu zen gero.

XIX. mendeaz ari gara, baina gaurko aferaz ari garela dirudi. Ez al gaude euskaldunak, nolabait esateko, marmotaren egunean harrapatuta?

Historia errepikatu egiten dela esan ohi da, baina nik esango nuke denbora luzeko ziklo batean sartuta gaudela. Ez dira duela 100-200 urteko gauzak behin eta berriz gertatzen ari, baina orduan hasitako aroan gaude oraindik. Lehen bi karlistaldiek eta 1936ko gerrak osagai berdintsuak dituzte.

Eta karlistak ordezkatu zituzten jeltzaleak, orain, beldurrez daude, Kataluniako aitzakiarekin Espainiak ez ote duen oraingo foru sistema aldatuko.

Bai, baina lehen karlistaldia amaitu zenean ere, hemen ez zeuden mundutik aparte, eta arreta handiz begiratzen zieten Europan zeuden ereduei eta gauzak nola konpontzen zituzten. XIX. mendean eraiki zituzten orain ezagutzen ditugun estatuak. Angel Sagaseta de Ilurdoz Nafarroako sindikoak Suedia eta Norvegiaren egoerari begiratu zion, esaterako. Orain ere, ideiak eta ereduak berdin zabaltzen dira, eta Eskoziarekin beldur dira Espainian.

Atzo bertan, UPNko Carlos Salvadorrek esan zuen Madrilgo Gorteetan abertzaleek Nafarroan irabaziz gero Espainia «hautsi» egingo dela.

Salvador ezagutzen dut pixka bat, eta hori Espainian beldurra sartzeko esan zuen, UPN ezinbestekoa zaiela eman dezan, astakeriak egin arren Barcina boterean gordetzeko. Gaurko foraltasuna gezur hutsa da; izenean besterik ez dago. Benetako foruak indarrean zeudenean, ez zen erabiltzen foru aurrizkia; orain, berriz, dena da foru errepide, foru polizia eta foru ezdakitzer. Nafarroko doktrina ofizialak ikusarazi nahi du foraltasun gaurkotuan bizi garela, baina horrek ez du esan nahi foru sistema bat denik. Engainua da: Foru aldundia izena XIX. mendearen amaieran erabiltzen hasi ziren, guztia ezeztatu zutenean. Foraltasunaren funtsa ez dira lege batzuk, baizik eta zeinek erabakitzen duen.

Wednesday, 26 February 2014

«EB desastre hutsa da, eta gu euro erabiltzaile soilak diren bi estaturen menpe gaude»

Joseba Felix Tobar Arbulu, ekonomialaria.



'Euskal estatua bideragarria al da ekonomikoki?' galdera bota, eta erantzun egingo du gaur, Azpeitian, EHUko irakasle ohiak. UEUko ekonomia taldean dabil buru-belarri azken boladan.
Edu Lartzanguren

Joseba Felix Tobar Arbulu (Santurtzi, Bizkaia, 1945). Urte luzez EHUn ekonomia irakasten eman ondoren, UEUn dabil orain ikertzaile eta Ekonomiaz Jantzi blogean idazten. Independentziaren ekonomiaz mintzatuko da gaur, 19:00etan, Azpeitiko (Gipuzkoa) Sanagustin aretoan.

Saturday, 22 February 2014

«Dramatikoa eman arren, gelan sartu eta hiru hilean sortu nuen disko osoa»




Maria Coma, musikaria.

Argazkilaria: Pau Vallve / Maria Coma


Laugarren diskoa aurkezten ari da Maria Coma konpositore, pianista eta abeslari katalana. Berlinen, pianoaren aurrean sortu zuen 'Celeste' lan intimista, eta horrela joko du gaur Berrizko Kultur Etxean.
Edu Lartzanguren
Maria Coma (Bartzelona, 1986) konpositore, pianista eta abeslaria da. Laugarren diskoa argitaratu zuen joan zen irailean, Celeste izenburupean. Gaur aurkeztuko du, 20:00etan, Berrizko Kultur Etxean (Bizkaia).



Wednesday, 19 February 2014

«Muga gurutzatzea zaborra goizean jaistea bezala da, administrazio hutsegite soil bat: eta horregatik hiltzen zaituzte?»

Jeanne Rolande Dacougna, gizarte ekintza teknikaria.


Emakume beltzen egoera ikertu du Dacougna Minkette feminista senegaldarrak. Etorkinen arazoei genero gaiak gehituta, gaur eta hemen sortzen ari den nortasun afrikar-euskalduna zertan den azalduko du.
Jeanne Rolande Dacougna Minkette (Senegal, 1974) filologoa da, baita kultur artekaria eta arrazakeriaren kontrako ekintzaile feminista ere. Berdintasunaren alorreko arduraduna da Jaurlaritzako Biltzen integrazio eta kultur arteko bizikidetasun zerbitzuan. Mujeres negras en Euskadi hitzaldia emango du gaur 18:30ean Ondarroan (Bizkaia), Etxelilan: 946-13 40 08, etxelila@ondarroakoudala.net.

Friday, 14 February 2014

«3D inpresorek ez dute iraultza teknologikoa ekarriko, soziala baizik»

Aitziber Eizagirre, diseinatzaile industriala.



Batzuen beldurra eta beste askoren itxaropena piztu dute 3D inpresora merkeek, norberak bere etxean objektuak fabrikatzeko beta ematen dutelako. Zer den erreala eta zer zientzia fikzioa azaltzen du adituak.
Aitziber Eizagirre (Donostia, 1986) diseinatzaile industriala da, eta hiru dimentsioko inpresioaren alorrean dabilen Tumaker enpresan lan egiten du. Datorren ostegunean, otsailaren 20an, bere lana azalduko du, Enpresa Digitalak 3D inpresio merkeaz antolaturiko jardunaldian. Donostian, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko eraikin nagusian egingo dute, 09:30etik 12:30era. Ikastaroa doan da, baina izena eman behar da www.euskadinnova.net gunean edo 943 000 999 telefonoan.