Friday 5 November 2010

«Etxekoneko etxekaltea izan naiz, eta horrexegatik naiz abeslari azkenean»

Micky, musikaria.




1960ko eta 1970eko telebistaren bidez egin zen ezagun musikari madrildarra, Eurovisionerako kantekin, besteak beste. Ia 70 urterekin rockaren indarra berreskuratu du, eta gaur erakutsiko du Andoainen.



Miguel Angel Carreño Schmelter (Madril, 1943) 1960ko telebistako pertsona ezagunenetako bat izan zen. Eurovision jaialdian parte hartu zuen, Enséñame a cantar abestiarekin, 1977. urtean, eta 9. postua lortu zuen. Ia 70 urterekin, agertokietara itzuli da, La cuenta atrás diskoa aurkezteko. Gaur Andoainen joko du, Los Colosos del Ritmo taldearekin, Basteron, 22:30ean.



Nola bihurtzen da gazte ye-ye Francoren diplomatiko baten semea?

Zaharra zela izan ninduen aitak, 55 urterekin. Ziurrenik haren azken-aurreko txortaldian sortuko ninduen. Etxekoneko seme etxekaltea izan nintzen. Gogoratzen dut Jordanian pailazoarena egiten nuela Elvis imitatzen Hussein erregea nire arreba inguratzera etortzen zenean. Presleyrekin, Chuck Berryrekin eta James Deanekin zoratuta nengoen. Oso ikasle txarra izan naiz beti, horregatik naiz abeslari. Beiruten izan ninduten barnetegi eskola batean sartuta, eta han ikusi nuen abesteagatik hobeto ematen zidatela jaten eta errazago gainditzen nuela. «Musika pagotxa da!», pentsatu nuen.

Euskal Herrian ere izan zintuzten barnetegi batean, Lekarotzen (Nafarroa). Zer gogoratzen duzu?

Patata tortillaren eta piperren jaioterrian sartu ninduten ikasle txarra izateagatik. Gogoratzen dut Andoaingoen kontra futbolean jokatzera joaten ginela. Eta, hara non, Andoainen izango naiz jotzen.

La cuenta atrás izena jarri diozu diskoari. Zertarako atzera kontua?

Omenaldia izan da gazte garaiko Los Tonys taldeari. Los Tonysetik bakarra geratzen da, gizenkote bat, bateria jotzailea. Tony sortzailea Julio Iglesiasekin jotzen du aspalditik. Fernando Argentak Clásicos populares irratsaioa egin zuen gero. Rockaren iraultzailea zen hura. Hari esker talde interesgarrien bertsioak egiten genituen, Animalsenak edo Kinksenak, eta ez pitokeriak.

Telebistan zure alde eztia egin zen ezaguna. 67 urterekin izan nahi duzu 20 urterekin izaten utzi ez zizuten rockerra?

Zauria ukitu duzu. Arrautzopilari buelta ematen ari naiz orain, berriz ere gustuko dudan musika egiteko. Baina rockerrak izan ginen. Taxiek jo eta pasatu egiten ziguten, ikusten gintuztenean espaloian gure gitarra eta anplifikagailuekin: «Hauek arriskutsuak dira», esaten zuten. Gero bai, standard bihurtu nintzen. Orain, ia 70 urterekin berreskuratu dut nire bihotzeko rocka, garagea eta abentura nahia.

Gaurko kontzertuan El chico de la armónica entzutea espero dutenak harritu egingo dira?

Abantaila handia daukat: soinu probak egiten ditudanean, atzera egiten dute horiek. Nire adinekoak nituen lehengoan kontzertu batean lehen lerroan. Ikusi zutenean gure musika nondik zihoan, berehala joan ziren, zorionez, eta gazteak aurreratu ziren salto egitera. Beno, gutxi gorabehera.

Ongi etorri zaizu 1960ko hamarkada berriz modan jarri izana?

Bai, zalantzarik gabe. Vintage kontu hori oso ondo datorkit, nahiz eta hitzak zer demontre esan nahi duen ez dakidan. Maitasunez begiratzen du jendeak ordukoa, eta biniloarekin maiteminduta daude. Begirunea didatela sentitzen dut jende gaztearen artean, miresten ez banaute ere. Nik The Beatles eta guztiak ikusi nituen, aspertu arte, baina oraingo giro honek piztu dit jende berria ikusteko gogoa.

Estudio analogiko batean eta balbulazko anplifikagailuekin grabatzea ez al da fetitxismoa?

Doctor Explosion taldeko Jorgeren kontua izan da hori. Antzinako soinua berreskuratu izan nahi dugu. Abbey Roadeko estudioetan bezala, mantal zuri bat jantzita agertzen zitzaigun Jorge, diskoa grabatzeko saioetan. «Hemen ia dena da posible», esaten zigun. Eta nik esaten nuen,«non sartu naiz nire adinarekin».

Sasoitsu zaudela erakusten duzu agertokian.

Egunero 8-10 kilometro egiten ditut oinez. Ezin naiz potolo egon agertokian, estetikagatik, etikagatik eta andreak uzten ez didalako.

No comments:

Post a Comment