Thursday 14 April 2011

«Doan eman behar dela argi dute AEBetan; baina hemen harritu egiten dira»

Eneko Knorr, bideojoko enpresaburua.



Silicon Valleyn bulego bat irekiko du aurki Henrike Knorren semeak, Bilbotik sakelakoentzako jokoak sortzen munduko lehen postura iritsi ondoren. Interneten aroan, edukiengatik ezin dela kobratu dio.
Eneko Knorr (Gasteiz, 1975) enpresaburuak doako jokoen gainean eraiki du bere inperio txikia. Henrike Knorr zenaren semea da, eta Gorka Knorren iloba. Bere Ideateca enpresak sakelako telefonoentzat sorturiko iBasket jokoa lehen postuan egon da AEBetan eta Erresuma Batuan. Sorkuntza eta enpresaren inguruan mintzatuko da gaur, 17:00etan, EHUko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan, Donostian.

Tuesday 12 April 2011

«Gurasoek uste dutenak eta seme-alabek egiten dutenak ez dute zerikusirik askotan»

Maider Garcia de Bikuña, sexologoa.


'Sexualitatean xirikatuz' liburua aurkeztuko du gaur psikologoak, eta sexu harremanen arriskuak azken atalerako utzi dituela dio, gizartean gai horren inguruan zabalduriko beldur giroa errealista ez dela iritzita.
Maider Garcia de Bikuña psikologoa eta sexologoa da (Agurain, Araba, 1976). Prentsan eta telebistan aritu izan da. Iratxe Porrasekin batera, Sexualitatean Xirikatuz liburua idatzi du (Erein). Gaur aurkeztuko dute, 12:00etan, Gasteizko Liburuaren Etxean.

Sunday 10 April 2011

«Sortzeko libre izan behar duzu, baina betiere besteari entzunez»

Carles Castillo, aktorea.

Carles Castillo —ezkerrean— Carles Montoliurekin
Bertsolaritzak poesiarekin egiten duena antzerkiarekin egiten du L'Om-Imprebis konpainiak. Castillok eta bere bikotekideak taula gainean inprobisatzen dute, ikusleek aurrez iradokitako gaiei buruz.

Carles Castillo (Valentzia, 1959) aktoreak hamazazpi urte daramatza Imprebis antzezlana taularatzen. Carles Montoliurekin batera, bat-batean aritzen da agertokian, ikusleek proposatutakoa komedia bihurtzen. Imprebis 5 estrellas saioarekin etorri dira Euskal Herrira, eta gaur egingo dute Donostiako azken emanaldia, 19:00etan, Lugaritz kultur etxean.

Friday 8 April 2011

«Ezin dut jasan telebistako umoristen eta sukaldari batzuen zabarkeria»

Xebe Diez, aktorea

Bai, argazkia okertuta dago.

'Dibertimendi' ikuskizuna emango du idazle, antzezle eta eguraldi iragarle ohiak Gipuzkoako Getarian. Hitzekin jolasten da lanean, eta hizkuntzen arteko nahasmenarekin, barre eginarazteko asmoz.

Xebe Diez (Donostia, 1966) ETBko eguraldi iragarlea izan zen 1990eko hamarkadan. Horrez gain, film eta telesail askotako ahotsa izan zen, bikoizle lanean. Idazle ere ezagutu genuen, baina jatorrira itzuli da azken boladan, Dibertimendi bakarrizketa saioarekin. Hitz jokoetan eta esamoldeetan oinarrituriko lan bat da, euskararen eta erdararen arteko harreman osasungarri zein gaiztoa aztertzen duena. Gaur emango du, Ketarrin (Getaria, Gipuzkoa), 23:00etan. Berak dioen bezala: «Lehen aldiz sarrera kobratuta».

Wednesday 6 April 2011

«Giza trafikoa ikertu nahi izan nuen, Iraken etorkinak bazeudela ikusi nuenean»

KARLOS ZURUTUZA. DOKUMENTALGILEA


'Esklabu Iraken' ikus-entzunezko erreportajea estreinatuko du kazetari donostiarrak gaur bere jaioterrian. Kurdistanen kasta bihurturiko Bangladeshko kale garbitzaileen kasu lazgarria azaldu du.
Karlos Zurutuza (Donostia, 1971) kazetaria eta dokumentalgilea da. Ekialde Hurbileko eta Asiako gatazka gune asko ezagutzen ditu, freelance gisa eginiko lanarengatik. Esklabu Iraken 30 minutuko erreportajea aurkeztuko du gaur, 19:30ean, Koldo Mitxelena Kulturunean (Donostia), eta pertsonen trafikoaz arituko da.

Saturday 2 April 2011

«Erregimenaren buru ohiak berriz kolorez aldatuko diren beldur gara tunisiarrok»


MOHAMED GRAIAA. AKTOREA ETA ZINEMAGILEA

Argazkilaria: Ainara Lopez
L' Atelier D arte kolektiboak zuzenean hartu du parte Tunisiako iraultzan, eta esperientzia horretan oinarrituriko 'TN Pipol' performancea aurkeztuko dute asteburuan Irunen eta Arrasaten.
Mohamed Graiaa (Tunis, 1971) Tunisiako aktore ezagunenetako bat da (La tendresse du loup, 2006), etaL'enfant roi animazio film luzea zuzendu du. L'Atelier D arte taldeko kidea da, Ainara Lopez dantzariarekin eta beste musikari eta bideoartistarekin batera. Abenduan eta urtarrilean Tunisian izandako iraultzan parte hartu zuten zuzenean. Horretan oinarrituriko TN Pipolperformancea aurkeztuko dute asteburuan Gipuzkoan: gaur, 19:00etan, Irunen, Kabigorrin, eta bihar, ordu berean, Arrasateko kultur etxean.