Thursday 10 April 2014

«Gure hiriak diseinatuegiak dira, eta hori bizilekua lapurtzeko modu bat da»



Anne-Laure Boyer, artista.


Turismo esperimentala egiten irakatsiko du asteburuan Boyer sortzaile paristarrak, Donostian. Urtegiek azpian harturiko herrien inguruan egiten ari den lana zertan den azalduko du gaur.
Anne-Laure Boyerrek (Paris, 1979) artea ikasi zuen Estrasburgon (Frantzia), Parisen eta Milanen (Italia). Atlas Oculto egitasmoan dabil lanean, eta gaur horren berri emango du, 19:00etan, Tabakaleran, Donostian. Bihar, 16:00etatik 19:00etara, eta larunbatean, 10:00etatik 13:00etara, turismo esperimentala egiteko lantegia zuzenduko du. Izena emateko: www.tabakalera.eu.



Urtegiek itotako herriez ari zara Atlas Oculto egitasmoan. Zergatik ikertzen duzu lekua eta oroimena?

Memoria eta lekuekin dugun lotura interesatzen zait. Paisaiak eragina du gure gain, eta arkitektura emozioz, irudiz eta sinboloz zamaturik dago; eraikuntzak sozialak dira, lau harriz eta paretaz harago. Herri bat ezabatzeko erabaki politikoa hartzeak harritu egiten nau, eta fenomeno oso zabala da. Ez dago horren maparik, eta egin behar nuen.

Itoitz (Nafarroa)sartu al duzu?

Bai. Borrokek erakusten dute zein atxikita dagoen jendea leku batera eta zer emateko prest dagoen. Urtegiaren kontrako ekintzaileak heroiak dira. Omenaldia egin nahi diet ikerketaren bidez.

Urtegia eta memoria gaia jorratu zuen Iñigo Aranbarri idazleak Zulo bat uretan eleberrian (2008). Irakurri al duzu?

Ez dut irakurri, baina argi dago honek gainditzen duela ingurumenaren gaia eta ukitzen duela historia eta politika, frankismoa eta errepresioa. Doluaren inguruko lan hori egiteke dago. Nire ikerketan bildutako informazioari, orain, forma eman behar diot, jendearen esku jartzeko, omenaldia egiteko eta kontzientzia sortzeko: film bat, datu base bat, Google Maps aberastu antzeko bat...

Memoria historikoan lanean dabiltzan taldeen arabera, Espainia munduko bigarren herrialdea da lurpetik atera gabe dauden desagertu kopuruan, Kanbodiaren ondoren.

Eta urtegi gehien duena... sinbolikoki lotuta daude. Urpean dagoen herri bat oso gauza indartsua da, inkontziente mailan.

«Turismo esperimentala» proposatzen duzunean, situazionisten dérive hura (jitoa, desbideratzea) eta psikogeografia ariketak etortzen dira gogora. Zein da zure ekarpena?

Nire heroiak dira horiek, baina nik beste teknika bat dakart. Gauza bat da hau teorian ezagutzea, eta beste bat da errealitatean esperimentatzea.

Esan ohi denez, bidaiatzearen eta turismoa egitearen arteko aldea da turistak ezagunak zaizkion gauzak ikusi nahi dituela.

Ez diot kritika egin nahi turismoari; beste aukera batzuk sortu nahi ditut. Turistak ez du arriskatu nahi abentura izatera, ez du ezezaguna nahi. Jitoari esker, exotikoa etxe parean aurki dezakezu, eta horrek zure bizilekuaz jabetzeko aukera ematen dizu, modu ludiko eta poetikoan. Horretarako, nik proposatzen dut ibiltzea ibiltzeagatik, eta normalean erakargarriak irudituko ez zitzaizkizun lekuetatik, berriz deskubritzeko. Euskal Herrira natorren bakoitzean, galdu egiten naiz autoarekin, hemen sekulako errepide asetasuna dagoelako. Amesgaizto bat da. Oinez ibili nahi nituzke bideok.

GPSak ez du abentura zentzu oro suntsitzen?

Horregatik ez dut erabiltzen. Tailerrean planteatzen dudan ariketako bat Itzaltzea da. GPSak, sakelakoak eta abar itzaltzea eta iparrorratz batekin ibiltzea. Gure hiriak diseinatuegiak dira, eta hori biztanleei bizilekua lapurtzeko modu bat da. Beste modu batzuk bilatu behar ditugu espazioarekin lotzeko.

No comments:

Post a Comment