Sunday 29 April 2012

«Politikari batzuei gorputzarekin gezurra esaten irakasten diete orain»


Lisbeth Gruwez, dantzaria eta koreografoa.


Argazkia: Luc Depreitere

Eskuin muturreko telepredikatzaile baten hitzaldiari mugimendua jarri dio sortzaile flandestarrak, entzuleak liluratzen dituztenen gorputz hizkuntza aztertzeko. Bilbon aurkezten ari da lana.
Lisbeth Gruwez (Kortrijk, Flandes, 1977) dantzari eta koreografoa da. Voetvolk taldea sortu zuen 2007. urtean, Maarten Van Cauwenberghe musika konposatzailearekin. It's going to get worse and worse and worse, my friend lana aurkezten ari da Bilbon. Gaur, La Fundicion aretoan taularatuko du, 19:00etan.

Thursday 26 April 2012

«Espainian lan egiteko ez da ingelesik behar; askoz beharrezkoagoa da euskara»


Juan Carlos Moreno, hizkuntzalaria.



'Hizkuntz espainolismoa' zertan den eta euskara zein euskaldunak menpean edukitzeko zein mito erabiltzen dituen azalduko du Madrilgo Unibertsitate Autonomoko katedradunak, gaur, Iruñean.
Madrilgo Unibertsitate Autonomoan katedraduna da Juan Carlos Moreno Cabrera (Madril, 1956). Unescorentzat Munduko Hizkuntzen Txostena (2005) idatzi zuen zientzialari taldeko kidea izan zen. Imperio de la lengua común: claves del españolismo lingüístico hitzaldia emango du gaur, 20:00etan, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean.

Tuesday 24 April 2012

«EAJk beldurra dio kulturari, ez duelako bere aldeko kultur jenderik edo intelektualik»


Pedro Elias Igartua, musikan aditua.


Argazkilaria: Iñigo Azkona / ARGIA
'Zentsura musikan' hitzaldia emango du gaur irakasle eta irrati esatariak, Bilbon. Gaur, teorian, zentsurarik ez dagoen arren praktikan badagoela dio, eta adibide ugari jarriko ditu hori frogatzeko.
Pedro Elias Igartua (Bilbo, 1956) urte asko daramatza musikaz informatzen, hainbat hedabidetan. Azken urteotan, Soinugela saioa egiten du Bilbo Hiria irratian. Zentsura musikan hitzaldia emango du gaur, 18:30ean, Bilboko Kafe Antzokian.

Thursday 19 April 2012

«Norbaitek esan dezake oraindik Espainiako ereduak balio digula?»

Katu Arkonada, Boliviako Gobernuaren aholkularia.
 
 

'Bienvenidos a tiempos interesantes' liburuan, Slavoj Zizek pentsalariaren testuak bildu ditu politologo barakaldarrak, eta Hego Amerikako irakaspenak Euskal Herrira ekarri ditu.
Katu Arkonada (Barakaldo, Bizkaia, 1978) Politika Publikoetako diplomaduna da, eta ikertzaile ibili da Bolivian. Azken hilabeteotan, Evo Moralesen Gobernuko Plangintza Estrategikoko Ministeriordeko aholkularia izan da. Bienvenido a tiempos interesantes! liburua argitaratu du Txalaparta argitaletxearekin. Slavoj Zizeken testuak bildu dituzte, Arkonada beraren hitzaurre batekin eta Imanol Galfarsoro filosofoaren epilogo batekin. Gaur aurkeztuko dute lana, 10:30ean, Bilboko Elkar liburudendan (Poza, 14).

Wednesday 18 April 2012

«Zubieta eta Zabalgarbi une zailean daude, ez dituztelako Europako arauak betetzen»

Gorka Bueno, ingeniaritza irakaslea.



Errauste plantek energia sortzeko duten ahalmenaz eta arazoez mintzatuko da ingeniaria gaur, Arrasaten. Kalkuluak eginak ditu, eta zentralon ezina erakusten duten agiri ofizialak plazaratu ditu.

Gorka Bueno Mendieta (Bilbo, 1970) irakaslea da EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan. Valorando la valorización energética hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Kulturaten (Arrasate, Gipuzkoa).

Tuesday 17 April 2012

«Bankari terroristen espekulazioa ez da gelditu, murrizketak egin arren»


Adrian Tyler, argazkilaria.

Argazkia, Adrian Tyler
Konpainia handiek eta gobernuek naturarekiko duten jarrera arduragabea erakutsi nahi du sortzaile eskoziarrak 'Externalities' erakusketan. Zarautzen dago ikusgai, maiatzaren 27ra arte.
Adrian Tyler Londresen jaio zen, 1963. urtean, baina Eskozian hazi zen, Glasgowen, eta eskoziartzat du bere burua. Eskoziarren eta euskaldunen arteko antzari egozten dio bere lana Euskal Herrian Espainian baino gehiago erakutsi izana. Externalities erakusketa du Zarauzko Torre Luzea aretoan. Enpresa handiek eta gobernuek natura «modu nihilistan» tratatzeko duten moduaz hitz egiten du 23 irudiren bitartez.

Saturday 14 April 2012

«Soul beltza sortzea da asmoa, baina, geuk eginda, soul zuria baino ezin egin»

Javi P3Z, musikaria.

Javi P3Z, Oriol Flores eta Alberto Boschekin.
Elektronikan aritu da urte luzez Javi P3Z musikari eta musikazale amorratua, baina onartzen du «elikagarriagoa» dela musika taldean sortzea. Ia denetik egin du, eta egiteko duena gauzatzeko asmoa du.

Javier Vicente Calderon du izena (Donostia, 1967), baina musika munduan erabiltzen dituen ezizenak beti ibili dira pez hitzaren inguruan, 1980ko hamarkadan 23 Ojos De Pez taldean hasi zenetik. Ia denetik egin du harrezkero: musika esperimentala, popa, rapa eta ikus-entzunezko lanak. Disko jartzaile ere ibili da. Triz3ps egitasmoarekin dabil orain, soul musikaren indarrarekin jendea mugiarazten. Izen horixe duen disko bat aurkeztuko du taldeak gaur, 22:30ean, Bastero kulturgunean, Andoainen (Gipuzkoa).

Friday 13 April 2012

«Neure lan pertsonalak eskaintza bat dira, eta liturgia zentzua hartzen dute»

Kandido Uranga, aktorea.

Argazkilaria: Gari Berasaluze
'Kafe txinatarra' lana antzeztuko du aktoreak gaur Donostian, Asier Hormazarekin batera. Bere sorkuntza lanez, telebistarentzat egindakoez, arrakastaz eta Antonio Banderasez mintzo da.

Aktore beteranoa da Kandido Uranga (Zumaia, Gipuzkoa, 1957). Denetik egin du: Atxagaren Henry Bengoa Inventarium taularatu, Jon Miranderi ahotsa jarri, eta, azken boladan, Abelena Goenkale-n. Asier Hormazarekin batera, Ira Lewisen Kafe txinatarra antzezlana taularatzen ari dira azken asteotan, euskaraz. Gaur eta bihar arituko dira, Antzoki Zaharrean, Donostian, 20:00etan.

Thursday 12 April 2012

«Aditu independenteek ikertu beharko lukete Iñigo Cabacasen auzia»

Carlos Villan, nazioarteko zuzenbide irakaslea.



Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen inguruko ikertzailea izan da urte luzez. Bilbon Ertzaintzaren hilketak eragindako samina ikusi du, eta Bakerako Giza Eskubideaz mintzatuko da gaur Donostian.

Carlos Villan (Campo de Caso, Espainia, 1950) Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Egitasmoko ikertzailea izan da 23 urtez. Estrasburgoko Nazioarteko Giza Eskubideen Institutuko kide eta irakaslea da. Bakerako Giza Eskubidea, pertsonen eta herrien eskubidea hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Donostiako Bakearen Etxean.

Wednesday 4 April 2012

«Ez dugu ulertzen zergatik ez zaizkien interesatzen ibaiak euskaldunei»

Anja Bernecker, erreka garbitzailea.

Bernecker, ezkerrean, Urumea ibaian eginiko saioan.

Alemaniar batek eta danimarkar batek ibai bazterrak garbitzeko boluntario talde bat sortu dute, plastiko eta bestelako zikinkeriekin harrituta. Urumearekin hasi dira, baina Oriari ekingo diote laster.

Kanpotik etorriko dira, eta ibaia garbituko dizute. Esaera zahar berri bat asmatu beharko da Anja Bernecker (Munich, Alemania, 1979) eta Danimarkako haren kide Malou Henricksen Euskal Herrian egiten ari direna laburbiltzeko. Gure erreketan pilaturiko zikinkeria ikusita, garbitzeko boluntario talde bat osatu dute, Donostiako teknologia parkeko hainbat lankiderekin. Hurrengo saioan, larunbatean, apirilak 7, Urumea garbitzen jarraituko dute, Martutene parean (Donostia), 11:00etatik aurrera: Urgarden .

Sunday 1 April 2012

«Maite dut bertsioak egitea, omenaldia egiteko edo kanta galbidera eramateko»

Chloe Lacan, musikaria.


Kantari-antzezle edo antzezle-kantari, bietan trebe da paristarra. Hamar urtez La Crevette d'Acier taldearekin ibili izanak eman dio indarra, orain, bere kabuz aritzeko, musika eta umorea uztartzen.

Musika egiten duen aktorea edo antzerkia egiten duen musikaria? Halako galdera egiten dugun gehienetan, oso argi egoten da erantzuna. Chloe Lacan (Paris, 1975), berriz, kasu zailagoa da. Umoreari eta antzezpenari ahotsa eta, batez ere, soinu kromatikoa erabiltzeko trebetasun teknikoa gehitzen dizkio artistak. La Crevette d'Acier taldearekin hamar urtez eginiko lanarengatik ezagunagoa da, baina gaur Plaisirs solitaires bakarkako lanarekin dator Bilbora; 20:00etan ariko da, BBK aretoan.