Friday 22 February 2013

«Elektrizitateak urrundu egiten du musika tresna benetakotasunetik»


Rafa Rueda, musikaria.

Argazkilaria: Joseba Barrenetxea

Kontzertu «berezia eta bitxia» emango du Rafa Ruedak gaur Durangon, Xabier Montoiarekin batera. Tresna elektrikoei uko egin gabe, entzuleengana gehiago hurbiltzeko formatu bat probatuko dute.
Edu Lartzanguren

Musikaria da Rafa Rueda (Mungia, 1972). Kontzertua emango du gaur, 22:00etan, Durangoko (Bizkaia) Plateruenan. Xabier Montoia izango da gauaren beste protagonista. Bakoitzak bere bosgarren diskoa aurkeztuko du, Enaren geometria bizkaitarrak, eta Xabier Montoiaren mundu miresgarria arabarrak. Oholtza partekatuko dutela esango genuke normalean; baina oraingoan ez. Izan ere, orain arte eman den kontzertu «bitxienetakoa» izango dela iragarri du Ruedak.

Wednesday 20 February 2013

«Euskañolik inoiz erabili ez duenak bota dezala lehenengo harria»


Kike Amonarriz, soziolinguista.




Euskararen botila zer dago, erdi beteta edo erdi hutsik? Hizkuntza eta hiztunak datozen hamarkadotan nola aldatuko diren azalduko du Amonarrizek gaur, eta, iragarri duenez, asko aldatuko dira.

Kike Amonarriz (Tolosa, Gipuzkoa, 1961) filologoa, soziolinguista, txiste kontalaria eta telebista aurkezlea da. XXI. Mendeko euskaldunak: Nola aldatu(ko) diren gauzak, kamarada! hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Zumaiako (Gipuzkoa) Alondegian.

Friday 15 February 2013

«Valentzia bataila eremu bat da, eta derrigorrean aukeratu behar duzu non zauden»

Carles Soler 'Biano', Orxata Sound System taldeko kidea.


Orxata Sound System taldea, Islandian. Biano, eskuinetik lehena da.


Kantetako hitzak zaleekin elkarlanean sortzen ditu Valentziako Orxata Sound System wiki taldeak. Euskal Herriarekiko musika zubia ospatzeko jaia girotuko dute gaur, Donostian.

Carles Soler Biano (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1984) programazioaz eta samplerrez arduratzen da Orxata Sound System taldean. «Herrialde Katalanetako Asian Dub Fundation» gisa deskribatu dute taldea. Gaur Donostiako Doka kafe antzokian egingo den Moonbasqueton jaiaren protagonistak izango dira, 21:00etan. Ondoren, Beldarrain, 113DJ, Josianito, Hibai eta Biano bera arituko dira diskoak jartzen.


Thursday 14 February 2013

"Atxaga inozo samarra izan zen erakundeek hiriez duten diskurtso bera aurkezten"

Andeka Larrea, filosofoa.


Argazkilaria: Iñigo Azkona / Argia

'Obabakoak' liburuaren egileak proposaturiko Euskal Hiria Eusko Jaurlaritzak bahitu eta abiadura handiko trenean oinarrituriko egitasmoa saltzeko erabili duela azalduko du Andeka Larreak.
Andeka Larrea (Bilbo, 1972) filosoak Euskal hiria: metafora literaria? Una metrópoli vasca global? Ciudades interconectadas por la alta velocidad? hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Kortxoenea gaztetxean (Gros auzoa, Donostia).

Friday 8 February 2013

«Digitalak ekarritako demokratizazioak asko indartu du argazkigintza»

Ion Markel Saez de Urabain, argazkilaria.

Kalekumeak erakusketako irudietako bat.
Sakelakoarekin eginiko 'Kalekumeak' argazki erakusketa zabalduko du Saez de Urabainek gaur Donostian. Argazkigintzaz mintzatu da, jatetxeko jakien eta katuen erretratuz beteriko Interneten aroan.

Argazkilaria da Ion Markel Saez de Urabain (Lazkao, Gipuzkoa, 1970). Kalekumeak erakusketa zabalduko du gaur, Okendo kultur etxean, Donostian. Duela hiru urte, Aztarnak egitasmoa gauzatu zuen: bere buruari egunero argazki bat egin zion, 365 egunez. Oraingoan, sakelako telefonoarekin eginiko erretratuak erakutsiko ditu.

Wednesday 6 February 2013

«Amodioaren kontuarekin emakumeok entretenituta gauzkate, antola ez gaitezen»

Koral Herrera, idazlea.



Maitasun erromantikoa emakumeak kontrolpean izateko tresna dela dio Koral Herrera ikertzaileak eta haurrak hazteko ardura gizarte osoak hartu behar lukeela. Gaur azalduko du bere jarrera Oñatin.
Generoaren inguruko ikertzaile eta idazlea da Koral Herrera (Madril, 1977). El amor romántico desde una perspectiva queer hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Oñatiko (Gipuzkoa) kultur etxean.

Saturday 2 February 2013

«Ez gizon eta ez emakume ez den hirugarren izaki perfektua eraiki nahi dut»


Miguel Bonneville, artista.

Miguel Bonneville #6 izenburuko performancea egingo du sortzaile portugaldarrak Bilbon. Autobiografia landu du orain arte, eta aurrerantzean bere buruaz arituko da, besteen bizitzaren bitartez.
Miguel Bonneville (Porto, Portugal, 1985) dantza, antzerki eta performancearen munduan dabil lanean. Nortasuna eta autobiografia ditu gai nagusi. Miguel Bonneville #6 lana aurkeztuko du gaur, 20:00etan, eta bihar, 19:00etan, Bilboko La Fundicion aretoan, Zinegoak jaiaren harira.