Tuesday 7 August 2012

«Ontzi honekin jendeak berehala ikusiko du nor den erasotzailea eta nor erasoa»

Dror Feiler, ekintzailea.


Israelgo armadakoa izan zen Feiler 1970eko hamarkadan. Artista da gaur egun, eta Gazako palestinarrei laguntzeko hirugarren ontzidiko koordinatzailea. Euskal Herrian dabil, kanpaina zertan den azaltzen.

Dror Feiler (Tel Aviv, 1951) ezkerreko familia batean hazi zen, Israelen. Armadako paraxutista izan zen, baina uko egin zion Lurralde Okupatuetan aritzeari. Israelgo lehen intsumisoetako bat izan zen. Suedian bizi da aspaldi, eta musikari, konpositore, artista plastiko zein ekintzaile gisa da ezaguna han. Israelek Gazari ezarritako blokeoa hausteko lehen ontzidiaren bidaia tragikoan parte hartu zuen. Hirugarrena antolatzen ari da orain, eta horretaz mintzatuko da gaur, Gipuzkoako Foru Aldundian, Donostian, 12:30ean.


Estelle ontzia, Malmora heltzen, Suediara, uztailaren 18an. Abuztuaren 26an Donostiara iritsiko da. / SHIP TO GAZA SWEDEN


Zer alde dago aurtengo Gazaruntz ekinbidearen eta aurreko bien artean?

Eskandinaviatik Gazarainoko bide osoa egingo dugu, horixe izango da aldea. Europa osoa pasatuko dugu hiru hilabeteko kanpainan. Kai askotan geratuko gara. Beraz, kanpaina eta Gazako blokeoa hautsi, biak egingo ditugu.

Aurreko saioetan, Gazara giza laguntza eramaten saiatu zarete. Uko egin diozue garraio helburuari, kanpainaren mesedetan?

Gazako giza krisia politikoki sortu dute, eta politikoki konpondu behar da. Ontzia gaiz mukuru beteko bagenu ere, arazoa ez genuke konponduko. Ekintza sinbolikoa da. Gazara eramango dugun zamarik handiena elkartasuna da. Horretaz gain, Gazako ur eta argindar sistementzako ordezko piezak eramango ditugu.

Estelle ontzian joango zarete Eskandinaviatik Gazara. Ontziaren ederra nabarmendu izan duzu. Artista zara: ez al dago ekimena performance bihurtzeko arriskua?

Noski, ez dugu hau edertasunarengatik egiten, baina ontzia ikusi genuenean, behehala konturatu ginen berezia zela: jendeak ontziez eta nabigatzearen askatasunaz duen irudiarekin bat dator. Ikur sendoa da, eta jendeak horrekin bat egingo du. Horrek zailago egingo die israeldarrei erasotzea: gerraontzi gris handiek eta helikopteroek belaontzi eder hau inguratzen dutenean, jendeak berehala eta argi eta garbi ikusiko du nor den erasotzailea eta nor erasoa.

Blokeoa hausteko aurreko saioetan zauritu eta atxilotu zaituzte. Zer espero duzu hirugarrenerako?

Saiatzen naiz horretan ez pentsatzen. Hobe da egin behar dena egin, egunetik egunera. Gure zama elkartasuna da, eta gure jokabidea, indarkeriarik eza. Guk ez dugu erabakiko zer gertatuko den. Israeldarrek erabakiko dute indarkeria erabiltzea, gu atxilotzea edo hiltzea.

Israelgo armadan ibili izanak ematen al dizu haren jokabidea zein izango den aldez aurretik ikusteko ahalmena?

Ez, aspaldi izan zen hori, duela berrogei urte. Baina gauza bat argi daukat: soldaduak indarkeria erabiltzeko daude trebatuta. Ez daude trebatuta zibilekin aritzeko. Beraz, ontzi zibil bat abordatzera bidaltzen dituzunean, nazioarteko legedia hausten ari zara, eta epaitu beharko zintuzketen.

Estelle ontzia Oslon da orain, eta abuztuaren 26an helduko da Donostiara. Zelako harrera espero duzu Euskal Herrian?

Niretzat, Euskal Herria beti izan da ikur bat, justiziaren eta independentziaren aldeko borrokarena, zapalketaren eta okupazioaren aurkakoa. Hemen jendeak oso ondo ulertzen du palestinarren egoera. Gainera, hemengo arrantzaleek ere oso ondo ulertuko dute zer den Palestinako arrantzaleentzat hiru milia baino ezin urruntzea Gazako kostatik lanean aritzeko. Blokeoarekin arrantza ere hiltzen ari dira.

No comments:

Post a Comment