Friday 30 October 2009

«Gure ekintzen ondorioak onartzen ditugu, eta Poliziak berdin egin beharko luke»

Iñaki Otamendi, Bidea Helburu taldeko kidea.

Indarkeria-eza Aktiboa 8. Jardunaldi irekiak eta doakoak egingo dituzte gaur eta bihar Donostian. Aurtengo gai nagusia: Polizia eta ekintzaile baketsuen arteko harremanak bideratzeko modua.

Indarkeriarik eza aktiboa bultzatzen duen Bidea Helburu taldeko kidea da Iñaki Otamendi (Andoain, Gipuzkoa, 1971). Taldeak jardunaldiak antolatu ditu gaur, 18:00etan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean.

Thursday 29 October 2009

«Etorkizuneko dantza klasikoa gaurko estiloen nahasketa bat izango da»

Toni Jodar, dantzaria.




Dantza garaikidea zer den ulertzeko, hitza eta mugimendua nahasten dituen ekitaldia egiten du koreografo eta irakasle katalanak. Gaur eta bihar Zornotzan eta Elorrion egingo du hitzaldi-'performance'-a.


Dantzaria, koreografoa eta dantza irakaslea da Toni Jodar (Bartzelona, 1955). Ibilbide luzea du: 900 emanaldi baino gehiago. Azken boladan, Gelabert-Azzopardi dantza garaiki konpainiaren zuzendari-laguntzailea da, eta Carles Santos konpainiako koreografoa. Dantza garaikidea zer den azaltzeko, hitzaldi-performance-a egingo du datozen egunotan, Bizkaian. Gaur, Zornotzan izango da, 20:00etan, Zornotza aretoan. Bihar, ordu berean, Elorrioko Arriola antzokian.

Nola bururatu zitzaizun dantza garaikidea jendeari azaltzeko ikuskizuna egitea?

Dantzari gisa 25 urtez aritu naiz, Kataluniako hainbat konpainiatan. Denbora horretan konturatu naiz jendeak beldurra diola dantza garaikide delakoari. Jendea arte plastikoetara hurbiltzeko saioak bazirela ikusi nuen, eta arrakasta handiz egiten zituztela. Horregatik, neure buruari proposatu nion lan hori egitea, dantzariaren ikuspuntutik, jendea hurbiltzeko. Nire esperientziaz baliatu nintzen horretarako. Hitz-ekintza deitzen diot nik emaitzari, dantza zertan den azaltzeko hitz egiteaz gain, gorputzarekin erakusten ditut dantza garaikide eta modernoaren ezaugarriak.

Dantza aurrez aurreko artea da, guztiz zuzena, eta, halere, azaldu egin behar da? Zer egiten ari gara gaizki?

Jende askok ez du ulertzen: zer egiten dute neska-mutil horiek lurrean? Zergatik egiten dituzte gauza xelebre horiek? Hau dantza bada, zergatik hasten dira hitz egiten bat-batean? Arte plastikoekin ere gertatzen zen hori, baina heziketa lana egin eta normala da orain. Nik dantzaren ezaugarriak azaltzen ditudanean, jendeak eskertu egiten du, horrek gero lagundu egiten dielako koreografiak ulertzen.

Dantza klasikotik garaikiderainoko ibilbidea azaltzen duzu. Ez al da tarte luzeegia ordubeterako?

Dantza klasikoa azaldu egin behar da perspektiba emateko, dantza garaikidea testuinguruan jartzeko, azken hau ez baitzen hutsetik sortu.

Garaikidean, batez ere Ameriketako Estatu Batuetako dantza moldez jarduten duzu. Zergatik?

Horiekin izan dut harreman handien, eta, beraz, nire bizipenen parte garrantzitsua dira. Europan ere sustraitu egin ziren horiek, eta eragin nagusia izan ziren, dantza-antzerkia agertu arte. Europako Rudolf Labanen dantza librea ezagutzen zen, baina dantza espresionista eta antzekoak apur bat itzalean geratu ziren, bi mundu gerrengatik.

Horiekin batera ez duzu inongo arazorik hip hop dantza sartzeko. Ikusleak zeureganatzeko modu erraz bat da?

Hip hopa ere gaurko dantzaren kulturaren parte da, eta dantza garaikidearen koreografoek hortik edaten dute hainbatetan. Hip hoparen urratsak erabiltzen dituzte dantzari askok. Halere, ez dut uste hip hopa etorkizuneko dantza klasiko gisa ikusiko denik, baina hiri dantzako tendentzia gisa ikusiko da, jazz dantzari lotuta, betiere. Etorkizuneko dantza klasikoa gaurko estiloen nahasketa bat izango da.

Bal al duzu dantza estilo bakoitzarentzat saio zehatzagoak egiteko?

Bai. Prestatzen ari naiz neoklasizismoaren inguruko hitz-ekintza. Horrez gain, hiru dantzen inguruko beste bat egin nahi nuke, hip hopa barne. Teoria lantzen ari naiz dagoeneko. Gidoia dudanean dantzaren historialari bati erakutsiko diot, esaten dudana zuzena dela ziurtatzeko. Ondoren, antzerkigile batekin arituko naiz, gidoari egitura emateko jendaurrean azaltzeko.

«Xalotasuna eta haurtzaroa goratzeko da nire musika, eta badu alde beldurgarri bat»

Kira Kira, musikaria.




Musikari eta artista islandiarrak Triku Festie jaialdia zabalduko du gaur, 21:00etan, Azkoitiko Matadeixen. Esperimentazioa lantzen du, baina alde naif atsegin batekin, ikusleekin bat egiteko.

Edu Lartzanguren. 

Kristin Bjork Kristjansdottir (Reykjavik, Islandia, 1977) musikaria eta artista da. Islandiako Kitchen Motors arte taldeko sortzailea da, eta uharteko hainbat musika taldetan hartu du parte. Duela hamar urtetik hona, Kira Kira izenarekin aritzen da agertokiaren gainean. Iaz, bigarren diskoa argitaratu zuen: Our Map to the Monster Olympics. Zuzenean, giro berezia sortzen du, agertokian bakarrik eta ohikoak ez diren musika tresnak erabiltzen.

Tuesday 27 October 2009

Oana Tampanariu, itzultzailea.





Errumaniako Transilvania eskualdetik Bilbora heldu zen emakume eleaniztuna duela hamairu urte, euskaldun batekin maiteminduta. Errumaniarren aurkako aurreiritziez mintzatuko da gaur Iurretan.

Oana Tampanariu Transilvaniako Targu-Mures hirian jaio zen, 1971. urtean (Errumania). Hiriko populazioaren erdia bulgarieraz mintzo da, eta beste erdia errumanieraz. Etniarik handienetan hirugarrena ijitoak dira. Aniztasun horren ondorioz sei hizkuntza dakizki. Euskal herrian bizi da 1996. urtetik, eta urte askotan itzultzaile lanetan aritu da. Errumania ezagutu hitzaldia emango du gaur, 18:30ean, Iurretako Ibarretxe kultur etxean (Bizkaia). Euskal Herrian Errumaniaren eta errumaniarren inguruko topiko, aurreiritzi eta ezjakintasunaren kontra egunero egin behar izaten duen borroka kontatuko du.

Friday 23 October 2009

Aitor Goñi, musikaria.


Argazkilaria: Lucia de Andres




Lendakaris Muertos taldeak diskoa eta bideoa grabatuko du zuzenean, gaur eta bihar Gasteizen egingo dituen bi kontzertutan. Agertokian sorturiko abiada eta kontzertuetako giroa jaso nahi dute.

Zuzeneko diskoa eta bideoa grabatuko du gaur eta bihar Lendakaris Muertos taldeak, 21:00etan, Gasteizko Jimmi Jazz aretoan. Taldeko abeslaria da Aitor Goñi Ibarretxe (Iruñea, 1974). Asko entzun dira taldearen Veteranos de la kale borroka, Gafas de pasta eta Vine, vi y me vendí abestiak. Goñik jakinarazi duenez, grabatu bezain laster audioa nahasten eta bideoa lantzen hasiko dira, eta litekeena da diskoa argitaratzea Durangoko Azokarako. Izenburua «sekretua» da oraindik.

Thursday 22 October 2009

«Ez naute aurki epaituko, orain jendeak ez lukeelako ulertuko ni preso sartzea»

Enric Duran, kapitalismoaren aurkako ekintzailea.


'Robin Bank' ezizena irabazi du ekintzaile katalanak, hainbat bankuri milioi erdi euro iruzur eginda kentzeagatik. 'Bizi al gaitezke kapitalismorik gabe?' hitzaldia emango du gaur Iruñean.

Robin Bank, edo Bankuetako Robin ezizena jarri zioten Enric Duran gizarte ekintzaileari (Vilanova i la Geltru, Katalunia, 1976), duela urtebete iragarri zuenean hainbat bankuri ia milioi erdi euroko iruzurra egin ziela. 68 mailegu eskatu zizkien 39 banku eta bestelako erakunderi. Lorturiko 492.000 euroak banku sistema salatzen dituzten hainbat aldizkari argitaratzeko erabili zituen. Maiatzaren 21ean irten zen kartzelatik, bi hilabete behin-behineko espetxealdian egon ondoren. Podemos vivir sin capitalismo? hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Iruñeko Zabaldi aretoan.

Thursday 15 October 2009

«Inork ez du homosexual agiririk, eta zailagoa da haientzat asiloa jasotzea»

Suniva Martinez, abokatua.


Sexu joeragatik jazarpena pairatzen dutenen asilo eskubideari buruzko jardunaldiak hasiko dira gaur, Donostian. CEAR erakundeko legelariak azalduko du errefuxiatu horien egoera Europan.

Sexu jazarpenagatiko asiloa-ri buruzko jardunaldiak hasiko dituzte gaur, Donostian. Gay, lesbiana eta transexualek euren herrialdeetan pairatzen duten egoeragatik Euskal Herrian asiloa eskatzen dutenean zelako oztopoak izaten dituzten azalduko du Suniva Martinezek (Bilbo, 1974). Errefuxiatuei laguntza ematen dien CEAR gobernuz kanpoko erakundeko aholkularitza juridikoko abokatua da Martinez.

Wednesday 14 October 2009

«Hazkuntza idealizatzeari utzi behar diogu, horrek ez baitu krisia konponduko»

Carlos Taibo, idazlea.
 
 

'En defensa del decrecimiento' hitzaldia emango du gaur Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakasleak Iruñean. Lanaldia eta kontsumoa murriztea proposatzen du izenburu bereko liburuan.

Galiziako etorkinen seme, Madrilen jaio zen Carlos Taibo 1956an. Idazle eta editore da Taibo eta zientzia politikoak irakasten ditu Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. En defentsa del decrecimiento hitzaldia emango du bihar 19:30ean, Caldereria kaleko hitzaldi aretoan. Lehenago, 17:00etan, izenburu berarekin aurten argitaratu duen liburua aurkeztuko du La Hormiga Atomica liburu dendan.

Saturday 10 October 2009

«Emakumearen gorputza gauza nazkagarria bihurtzen saiatu naiz, dantzaren bidez»

Leire Ituarte, koreografoa.

Argazkia: Sibophot


'Look at me, Bang Bang' dantza pieza estreinatuko du gaur artista bilbotarrak, La Fundicion aretoan. Hedabideek emakumeez ematen duten irudiaren kontra, begirada femenino ironikoa taularatu nahi du.

Look at me, Bang Bang koreografia estreinatuko du gaur Leire Ituartek (Bilbo, 1973). Ikus-entzunezko Komunikazioko doktorea da Ituarte, eta film teoria feministan aditua. Azken urteotan dantza sorkuntzan ari da, betiere emakumeen inguruko estereotipoak jorratzen. Bilboko La Funducion aretoan sortu du lana. Lan berria eta Azul en tres actos lanaren pasarte bat taularatuko ditu gaur eta bihar, 20:00etan, La Fundicionen.

Friday 9 October 2009

«'Amalur' hitzarekin liluratu, eta diskoaren izenburuan erabiltzea erabaki nuen»

Haig Yazdjian, musikaria.



Euskarazko izenburua du armeniar jatorriko musikariaren azken diskoak, eta gaur joko ditu horko kantak lehen aldiz Euskal Herrian. Ekialde Hurbileko oud tresna jotzen hoberenetako bat da.

Guraso armeniarren semea, Sirian jaio zen Haig Yazdjian, 1959. urtean, eta Grezian bizi da azken 30 urteotan. Oud tresna jotzen birtuosoa da eta haren ahotsak denboraz harago eramaten du entzulea. Amalur diskoa argitaratu zuen 2007an, bere azken lana. Gaur aurkeztuko du lehen aldiz Euskal Herrian, 21:00etan, Kultur Leioako auditoriumean (Leioa, Bizkaia).

Thursday 8 October 2009

«Nik ez dut arazorik artista izateko, eta, behar denean, saltzaile»

Maiana Agorrodi, marrazkilaria.



Marrazkilaria, diseinatzailea eta My Jok World elastiko enpresako burua da artista lapurtarra. Bere lanaren funtsa azalduko du gaur, 19:30ean, Andoainen, 'Iparraldea Andoainen' jaialdiaren harira.

Maiana Agorrodi marrazkilaria eta diseinatzailea da (Uztaritze, Lapurdi, 1979). My Jok World enpresako burua da, eta elastikoak diseinatu eta saldu egiten ditu hainbat herrialdetan. Horrez gain, ETB3ko BURP! saioko gidoilaria da, besteak beste. Bere lana zertan den aurkeztuko du gaur, 17:00etan, Andoaingo Bastero kulturgunean. Aurkezpen dinamikoa agindu du, bideoen bidez.

Tuesday 6 October 2009

Patrizia Muñoz, dokumentalgilea.

Euskal Herria Helmuga dokumentaleko irudi bat

Dokumentalista bilbotarrak 1950 eta 1960ko hamarkadan Euskal Herrian izan zen immigrazioa eta gaurkoa alderatzen dituen bideoa estreinatuko du gaur, Portugaleten, bi garaiotako protagonistekin. 


Euskal Herria Helmuga dokumentala estreinatuko du gaur Patrizia Muñozek (Deustua, Bilbo, 1978). Euskal Herrian 1960ko hamarkadan gertaturiko immigrazioa eta egungoa alderatzen ditu lanak. Portugaleteko udaletxearen ondoko Gizarte Zentroan (Bizkaia) aurkeztuko dute gaur lana, 19:30ean. Zuzendariaz gain, dokumentaleko bi protagonista izango dira aurkezpenean.

Saturday 3 October 2009

«Komikigintza oso sexista izan da, baina emakumeek errealistago bihurtu dute»

Josune Muñoz, literaturan aditua.




Argitaletxe independenteei buruzko jardunaldiak egingo dituzte, gaur hasita astebetez, Bilboko Areatzan. Skolastika literatura elkarteko kideak emakume komikigileen inguruko tailerra emango du bihar.

Bilboko liburu denda independenteen elkarteak (Cliblik) antolaturiko argitaldari independenteen jardunaldiak hasiko dira gaur, Areatzan. Datorren ostiral arte iraungo dute. Josune Muñoz (Bilbo, 1967) emakumeek idatzitako literaturan aditua da, eta Skolastika literatura elkartearen sortzailea. Emakumeen komikigintzaren inguruko tailer irekia emango du, bihar, 12:00etatik 14:00etara.

Friday 2 October 2009

«Errazago lortuko nukeen arrakasta, gaurko edertasun ereduen araberakoa banintz»

Melissa Laveaux, musikaria.

Argazkilaria: Jean-Marc Lubrano



Haiti, Quebec eta Kanada bere baitan biltzen ditu musikariak, eta harridura sortu du, 'Camphor & Copper' diskoaren soiltasunarekin eta freskotasunarekin. Bilbon izango da gaur, BUM jaialdia irekitzeko.

Montrealen jaio zen Melissa Laveaux, 1985. urtean. Gurasoak haitiarrak ziren, Quebecera heldu berriak. Hazi, Ottawan hazi zen (Kanada). Laveauxek kontatzen duenez, haurra zenean amak txeke bat eman zion, piano klaseak ordaintzeko, baina galdu egin zuen. Horrek behartu zuen musika bere kabuz ikastera. Camphor & Copper diskoarekin ustekabea eman du. Gitarra, ahotsa eta txalo xume batzuekin, sekulako soinua eraikitzen du diskoan: soul, jazza, bossa nova, Haitiko kantak eta bere estilo propioa jorratzen ditu. Gaur, banda osoarekin arituko da, 21:30ean, Bilboko Kafe Antzokian.