Thursday 3 June 2010

«Euskal Herrian eskuin muturreko nazionalismoa sortzeko arriskua dago»


Ricard Zapata-Barrero, politika irakaslea.


Immigrazioak Euskal Herriko, Kataluniako eta munduko beste hainbat mugimendu nazionalistatan duen eragina aztertuko du aditu kataluniarrak, gaur, Bilbon, Sabino Arana Fundazioak gonbidatuta.

Ricard Zapata-Barrerok (Bartzelona, 1965) Teoria Politikoa irakasten du Kataluniako hiriburuko Pompeu Fabra unibertsitatean. Immigrazioak estaturik gabeko nazioetan duen eragina ikertzen du. Inmigración y nacionalismo: temas para la agenda de los partidos hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Euskalduna jauregian, Bilbon.

Zertan bereizten da immigrazioak eragiten dituen egoerak estaturik gabeko herrialdeetan?

Estatua duten nazioek immigrazioaren inguruan egiten dituzten galdera berdinak egin ditzakete, baina erantzun ezberdinak eman, eta, era berean, bestelako galderak egin. Immigrazioak diskurtso erabat ezberdina sor dezake estaturik gabeko nazioetan. Alderdi nazionalistek heldu behar diote gaiari dagoeneko. Eskuduntzen gaia dago hor: nork erabakitzen du nortzuk eta zenbat sartzen diren lurralde batean? Horri erantzuteko irizpideak ez dira zertan berdinak izan Estatuarentzat eta Euskal Herria edo Kataluniarentzat. Nor horretan sekulako aldeak daude, esaterako: Espainiarentzat gaztelania da irizpidea latinoamerikarrak sartzen uzteko, baina Euskal Herriarentzat eta Kataluniarentzat hori ez da irizpidea; are gehiago, mehatxua izan daiteke. Immigrazio politika batez ere hizkuntza politika da estaturik gabeko nazioentzat. Immigrazioaren gaiak gure erakunde liberalen bizkarrezurra ukituko du.

Immigrazioaren gaia ez da berria ez Katalunian ez Euskal Herrian. Zertan bereiziko da azken urteotako immigrazioak eragingo duen egoera?

Espainiako Estatuan hainbat nazio daude, baina Espainiak ez du immigrazioa ikuspegi horretatik planteatzen. Trantsizioan ez zen gaia jorratu, eta eskuduntzak ez daude zehaztuta. Nire ustez, trantsizioaren ondoren identitate osagaiak dituen lehen gai handia da. Hori dela eta, immigrazioak berriz atera dezake plazara trantsizioan alde batera utzi ziren gaiak, esaterako, nortasuna, hizkuntza eta erlijioa. Katalunia identitatearen ikuspegitik ari da aztertzen immigrazioa, zergatik ez, ordea, Espainia? Arrazoi nagusietako bat da horrek plazara atera dezakeela Espainian identitateaz konpondu gabe utzitako arazoak. Euskal Herria eta Katalunia eraikuntza nazionalerako prozesuan daude, eta immigrazioaren gaiak balantza alde batera oker dezake eta Estatua dekonstrukzio prozesuan sartu. Kataluniak ikusten badu ez dituela immigrazioak bere identitatean izango duen eragina kudeatzeko adina tresna, Estatu propioa eska dezake. Ez nabil ezer asmatzen, hala gertatu baita Quebecen. Hango erreferendumak oso lotuta daude immigrazioarekin, etorkinak hizkuntza ingelesa indartzen ari zirelako.

Bide horretan, zein aldea legoke Katalunia eta Euskal Herriaren artean?

Euskal Herriko nazionalismoa, zati bat behintzat, Kataluniakoa baino etnikoagoa da. Horrek, ziurrenera, bestelako erantzuna emango du. Zailagoa izango da etorkinak integratzea Euskal Herrian, eta Flandriako eredua hartzea litekeena da, Quebecekoa barik. Askoz errazagoa da Euskal Herrian eskuin muturreko nazionalismoa sortzea, immigrazioaren harira, Katalunian baino. Askoz arrisku handiagoa dago horretarako.

Zuk parte hartu duzu Kataluniako Estatut berria idazteko prozesuan. Zer ekarpen egin duzu immigrazioaren inguruan?

Nik maximoetan egin nuen lan, eta gero minimoak atera ziren. Eskuduntzen gaia sartu nuen, integrazioa eta Kataluniak lan baimenak kudeatzeko aukera izan dezan, esaterako, lan baimenak elebiz edo katalanez soilik idatziak izan daitezen. Horietan ez zegoen identitate konturik, eta Estatut-aren blokatzea hortik dator. Bitartekoak ezartzen dira artikulu batean etorkinak bultzatzeko katalana ikas dezaten, behartu gabe. Espainiak ez du onartu oraindik Estatut-a, baina artikulu hau dagoeneko erabiltzen ari da, beste guztiak bezala. Azkenean onartzen ez badute, erakundeen haustura ikaragarria izango da, eta ez du konponbide errazik izango olatu independentistaren erdian.

No comments:

Post a Comment