Tuesday 29 March 2011

«Gero eta gizon gehiagok eskatzen diote emakumeari sarketa egiteko»

Sejo Carrascosa, idazlea.





'Por el culo. Políticas anales' liburuaren egileetako baten arabera, ipurdiko zuloaren inguruan genero nortasunak eraikitzen dira, eta horietan oinarritutako bazterketa politikoak. Gaur aurkeztuko dute.
Sejo Carrascosa (Madril, 1959) ekintzaile gay beteranoa da. Por el culo. Políticas anales liburua idatzi du Javier Saez soziologoarekin. Gaur aurkeztuko dute lana, 19:00etan, Montehermoso kulturgunean (Gasteiz). 

Norentzako lana da uzkiaren inguruan egin duzuen ikerketa?

Irakurle ororentzat. Izan ere, agian ipurdiko zuloarena kontu arazotsua gertatzen da denok dugulako bat. Denok dugunez, ikusi egin behar da norberak nola erabiltzen duen. Badirudi batzuek modu batera erabiltzen dutela eta beste batzuek bestera. Gauza bat argi dago: uzkia orain arte beti egon da lotuta zitalkeriarekin, okerrenarekin, negatiboenarekin... Eta uzkiarekin eginiko sexu praktikak, berriz, oso zabalduta daude, eta oso atsegingarriak dira.

Nola sortu zen ideia?

Javier Saezek eta biok lan asko egin dugu elkarrekin homosexualen eskubideen aldeko ekintzaile gisa eta GIBaren transmisioa saihesteko kanpainetan, eta asko hitz egin dugu gai horien inguruan. Eztabaida askoren ondoren, ikusi genuen hutsune bat zegoela uzkiaren inguruan, zuloa generoaren eta nortasunaren eraikitzaile gisa. Hortik sortu zen lan hau egiteko ideia. Javierrek landu du alde soziologikoa eta psikoanalitikoa, nik, berriz, alde politikoa eta historikoa.

Gaztelaniaz idatzi duzue liburua, eta hizkuntza horrek obsesio handia du atzeko zuloarekin. Euskararekin edo beste hizkuntzekin konparatu duzue?

Izugarria da gaztelaniaz dagoen hiztegia, eta zentzua, beti, negatiboa da, baita Latinoamerikako gaztelanian ere. Esamolde positibo pare bat baino ez daude: Viene como picha al culo, zer edo zer ezin egokiagoa dela esateko, esaterako. Frantsesez avoir du cul dago zorte handia izatea adierazteko. Euskaraz gutxiago dago, baina positiborik ezer ez. Bitxia da; ipurdia lotsarazteko erabiltzen da ia beti. Hizkuntzak errealitateak sortzen ditu, eta errealitate horiek azkenean nortasunak dira, eta gizartearen atal batzuek eta gorputzaren atal batzuek bazterketa politikoa ekartzen dute.

Bazterketaz harago, Max Weber soziologoak aspaldi erakutsi zuen uzkiaren ingurukoak zelako eragina izan zuen kapitalismoaren etikan.

Badira uzki sarketaren praktikaren bidez forma politikoak eralda daitekezkeela diotenak. Aski inozoa iruditzen zaigu hori, ezagunak direlako halako praktikak zituzten gizon zitalak, CIAko zuzendariren bat tartean. Ez dugu sartu nahi izan horretan, ez dugulako argi. Baina uste dugu uzkiaren inguruko hausnarketa badela politikoa. Harrotasun pasiboa nabarmentzen dugu: jende askok uzkiarekin gozatzen du, baina isiltasunean, ezin duelako horretaz harro agertu. Izan ere, badirudi sarketa jasotzen duen gorputz bat bigarren mailakoa dela. Sartzeak edo sarketa jasotzeak definitzen du generoa, antza. Gay kolektiboan ere berriz agertzen dira iherarkia horiek: sartzen dutenak eta sarketa jasotzen dutenak daude, eta gay batzuek ez dute euren burua homosexualtzat beraiek soilik sartu egiten dutelako. Horri guztiari buelta eman nahi genion: generoa eraikitzeko erabiltzen dena dekonstruitzeko erabil daiteke.

Noiz ikusiko da argia alde horretan?

Ikerketan ikusi dugunez, gero eta gehiago dira bikotekide emakumezkoei sarketa egiteko eskatzen dieten gizon heterosexualak. Batzuek isilean gordetzen dute, baina sex shop-ak hasi dira gizon heterosexualentzako gailuak saltzen. Espero dut bideak irekitzea.

No comments:

Post a Comment