Friday 20 December 2013

«Feminismo batzuk arrazakerian eta islamofobian erortzen dira»

Itzea Goikolea. Arabiar kulturan aditua.


'Feminismoak mundu arabiarrean' ikastaroa emango du Itzea Goikolea ikerlariak. Mendebaldeko feministek Islamarekiko jarreraz hausnartu behar dutela dio, «inposizio kolonialista» saihesteko.

Itzulpengintza ikasi zuenean, arabiera aukeratu, eta arabiar kulturarekin maitemindu zen Itzea Goikolea (Gasteiz, 1984). Hiru urtez Kairon bizi izan zen, eta islamera bihurturiko mendebaldeko emakumeen inguruan egin zuen tesia. Feminismoa mundu arabiarrean ikastaroa emango du, Amaia Egañarekin batera, gaur eta bihar, Ondarroako (Bizkaia) Etxelilan (94-613 40 08).

Tuesday 17 December 2013

«Euskaldunen setakeria euskararen aurkako jazarpenarekin dago lotuta»

Gaspar Acebo, artista.


Acebo, Zugarramurdiko harpean.


Acebo sortzaile argentinarrak hilabete pasatu du Euskal Herrian, Bitamine Faktoriak gonbidatuta, kanpoko artistek hemengo ezaugarri baten inguruan lanak sortzeko egitasmoan. Gaur aurkeztuko ditu

Hilabeteko egonaldia egin du Gaspar Acebo artistak (Buenos Aires, 1976) Txingudi aldeko Bitamine Faktorian. Euskal Herriaren inguruko ikuspegi bat garatzeko eskatzen diete artista gonbidatuei. Hilabete honetako lanaren emaitza erakutsiko du Acebok gaur, 19:00etan, Irun Factory aretoan (Loidi Bizkarrondo, 8).

Saturday 14 December 2013

«Agur, hamar urte ez baitira alferrik igaro eta gure musika gustua aldatu egin baita»

Haritz Harregi, musikaria.



Haritz Harregi, eskuinean, Sen taldearekin.

Sen taldea duela hamar urte sakabanatu zen, hiru disko plazaratu ondoren. Aurten berriz elkartzea erabaki dute, eta dozena bat kontzertu eman dituzte. Gaur egingo dute azkena, betiko agurtzeko.

Musikaria, ekoizlea eta soinu teknikaria da Haritz Harregi (Usurbil, Gipuzkoa, 1974). Sen taldea sortu zuen 1990eko hamarkadaren amaieran. Hiru disko argitaratu zituzten: 2000. urtean, Sen; 2002an, Gaizki esanak…; eta, azkena, 2004an, Sen + Hendrik Roever akustikoa. Taldea sakabanatu eta hamar urtera berriz elkartu da laukotea aurten. Gaur emango dute azken kontzertua, betiko agur esateko, 23:00etan, Aginagako (Usurbil, Gipuzkoa) eliza zaharrean. Ondoren, Odolaren Mintzoa disko jartzailea arituko da, egunsentira arte.





Thursday 12 December 2013

«Uruguai oso ausarta izan da, eta sareei kendu egin die kalamuaren negozioa»

David Pere, soziologoa.



Gaurko nerabeen gurasoak kalamua erre izana familia barneko prebentziorako abantaila gisa ikusten du Kataluniako Unibertsitate Irekiko irakasleak, kontsumo onargarria zertan den badakitelako.

Drogen soziologian aditua da David Pere (Lleida, Katalunia, 1981). Irakaslea da Katalunia Unibertsitate Irekian eta Bartzelonako Autonomoan. De riesgos y placeres: Manual para entender las drogas liburua aurkeztuko du bihar, 19:00etan, Gasteizko Parral tabernan. Ondoren, mahai ingurua gidatuko du, Ai Laket elkarteko Unai Perez de San Romanekin, Pannagh elkarteko Martin Barriusorekin eta Kriminologiarako Euskal Institutuko Xabier Aranarekin.

Tuesday 3 December 2013

«Irati aldea altxor bat da guretzat, eta historialariek ez dute aski ikertu»

Stephane Etxegarai, dokumentalgilea.



Nabarraldek saria eman dio Etxegaraik eginiko 'Orreagako Gatazka 778. urtean' dokumentalari. Historialarien agiriekin eta artzainen ezagutzarekin, gatazka non izan zen argitu nahi izan du.

Dokumentalgilea da Stephane Etxegarai (Eiheralarre, Nafarroa Beherea, 1977). Hark Kanaldude telebistarentzat eginiko Orreagako Gatazka 778. urtean dokumentalari saria eman dio Nabarralde elkarteak. Saria emateko ekitaldia egingo dute gaur, 18:00etan, Baionan, eta dokumentala erakutsiko dute. Bestela, ikusgai dago osorik, argia.com eta kanaldude.tv guneetan.


Basile Ibanez —erdian— eta Eñaut Etxamendi —eskuinean—.















Sunday 1 December 2013

«Aski dira bederatzi egun gazte normalak arrazista amorratu bihurtzeko»


Ilvy Njiokiktjien, argazkilaria.


Argazkilaria: Sebastiaan Ter Burg
Hegoafrikako eskuin muturreko talde paramilitarretako trebakuntza kanpaldiak erretratatu ditu argazkilari herbeherearrak. ‘Apartheid’-aren ondorengo belaunaldiaren eboluzioa jarraitzen ari da.

Ilvy Njiokiktjien (Utrecht, Herbehereak, 1984) argazkilaria da. Afrikaner Blood argazki saila ikusgai du Bilboko Fnac saltokian, urtarrilaren 7ra arte.





Friday 29 November 2013

«Pertsonala da nire historia hau, baina kolektiboa ere bada, eta ezin politikoagoa»

Ainara Lasa, artista.

Ainara Lasa, Luis Mari aitarekin, Hendaiako Orio auzoko frontoian. (Argazkia: A. Lasa)

Gurasoen kartzelatzeak eta erbesteak haurtzaroan utzitako zuloak irudikatu ditu Ainara Lasa sortzaileak 13 argazki muntaketen bidez. Gaur zabalduko du 'Falta (ez) diren gauzak' erakusketa Errenterian.

Ainara Lasa artistak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1975) Falta (ez) diren gauzak argazki erakusketa zabalduko du gaur, 19:30ean, Mikelazulo Kultur Elkartean, Errenterian (Gipuzkoa). Egitasmoaren berri jasotzeko: www.ainaralasa.com.

Thursday 21 November 2013

«Yoko Ono miresten dugu, haren maitasunak musika talde bat suntsitu zuelako»

Arnau Vallve, Manel taldeko musikaria.

Roger Padilla, Guillem Gisbert, Arnau Vallve eta Marti Maymo

Katalanez abesturiko pop talderik arrakastatsuenetako bat da Manel, eta taldekideek ez dakite jendeak zergatik duen hain gogoko haien musika. Hirugarren diskoarekin datoz Gasteiz eta Donostiara.


Manel taldeko bateria jotzailea da Arnau Vallve (Bartzelona, 1983). Katalanez eginiko musikaren talderik arrakastatsuena da Manel. Atletes, baixin de l'escenari disko berria aurkeztuko dute gaur, Gasteizen, 21:00etan, Jimmy Jazz aretoan, eta, bihar, 22:00etan Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian.




Wednesday 20 November 2013

«Litekeena da beste planeta batzuetan bizi adimenduna eboluzionatu izana»

Ambrosio Garcia Leal, biologoa.


Kaosaren teoria eta Darwinen eboluzioa elkartu ditu Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko doktore Garcia Lealek, eta ondorioztatu du adimena sortzea berezko joera dela baldintza egokiak izanez gero.

Ambrosio Garcia Leal (Cadiz, Espainia, 1958) biologoa da, eta zientziaren filosofian doktorea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. La evolución de la vida inteligente: ¿Azar o necesidad? hitzaldia emango du gaur (Bizi adimendunaren eboluzioa: zoria ala halabeharra?), 19:00etan, Bizkaia aretoan (Abandoibarra, 3).

Saturday 16 November 2013

«Sarrionandia ez zen misiolari-kolonizatzailea izan Marokoko berbereekin»


Jon Irazabal, Gerediaga elkarteko kidea.


Marokoko Rifeko amazigh herriaren hizkuntzaren lehen gramatika eta hiztegia egin zuen Pedro Hilarion Sarrionandiak XX. mendearen hasieran. Bihar gogoratuko dute, istripuz hil zela ehun urtera.

Gerediaga elkarteko kidea da Jon Irazabal (Iurreta, Bizkaia, 1960). Pedro Hilario Sarrionandia hizkuntzalariaren inguruko hitzaldia egingo du bihar, 12:00etan, Garaiko udaletxean (Bizkaia). Ondoren, Iban Gorriti eta Ibai Elorzaren Amazigh herria: lagun askeak film laburra emango dute. Amaitzeko, Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean? liburuko pasarteak irakurriko dituzte Manu Ertzillak, Leire Bilbaok eta Unai Iturriagak.



Wednesday 13 November 2013

«Sasiain ahaztuta egon da inork ez duelako buruko gaixoa bere egin nahi»


Xabier Urmeneta, psikologo eta historialaria.



Fernando Sasiain Donostiako alkate errepublikanoaren inguruko liburua argitaratu berri dute. Erietxe psikiatriko batean pasatu zituen azken urteak, frankisten eta Gestaporen jazarpena pairatu ondoren.

OME Osasun Mentalaren Elkartean historiaz arduratzen den ataleko kidea eta psikologoa da Xabier Urmeneta (Bartzelona, 1956). Iñaki Markezekin batera, Errepublika garaian Donostiako alkate izaniko Fernando Sasiain Brauri buruzko liburua idatzi du. Sasiani buruzko mahai ingurua egingo dute gaur, 19:00etan, Donostiako San Telmo museoan, Paco Etxeberria auzi medikuarekin eta Idoia Estornes historialariarekin.


Tuesday 12 November 2013

«Egiturak berdin segituz gero, alferrik ari gara: aldaketa instituzionala behar dugu»

Ricardo Feliu, soziologia irakaslea.


NUP

La Navarra eterna: ¿Quién manda aquí? mahai inguruan parte hartuko du bihar Ricardo Feliu irakasleak, NUPeko unibertsitatean, Ignazio Aiestaran Filosofia irakaslearekin eta Patxi Zamora kazetariarekin.


Ricardo Feliu (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1972) Soziologia irakasten du Nafarroako Unibertsitate Publikoan. La Navarra eterna: ¿Quién manda de verdad aquí? mahai inguruan parte hartuko du, bihar, 11:30ean, NUPeko 222. gelan. Aldamenean izango ditu Ignazio Aiestaran Filosofia irakaslea eta Kontuz taldeko Patxi Zamora kazetaria.

Sunday 10 November 2013

«Jende askok uste du gure taldea muntatze bat dela, Warnerrek pentsaturikoa»

Ekain Perez, John Berkhout taldeko abeslaria.


John Berkhout boskotea. Ekain Perez abeslari eta gitarra jotzailea, elastiko zuriarekin. / Ander Morea


Hip hop eta nu metaletik ihes eginiko bost musikari gaztek 1960-70eko folka gaurko soinuarekin egin nahi dute, denboraz kanpoko musika sortzeko. Zarautzen arituko dira gaur.
Ekain Perez (Oiartzun, Gipuzkoa, 1987) John Berkhout taldeko abeslaria da. Lehen diskoa argitaratu berri du taldeak Warner Music diskoetxearekin. Sam Amidon abeslari estatubatuarrarekin batera joko dute gaur, 20:00etan, Zarauzko Modelo zineman.


Thursday 24 October 2013

«'Disidente' deiturikoak klinex gisa erabiltzen dituzte AEBk Kuban»

Iroel Sanchez, Kubako Ecured sareko koordinatzailea.


'Cuba: mentiras y disidencias' hitzaldia emango du Sanchez idazle eta blogariak gaur Leioan eta Bilbon. Uhartearen gaineko «informazio manipulazioa» nola egiten duten azalduko du, besteak beste.

Iroel Sanchez (Santa Clara, Kuba, 1964) idazlea, blogaria eta Ecured sarearen koordinatzailea da. La Pupila Insomne bloga sortu zuen, eta Sospechas y disidencias liburua argitaratu du. Kubaren aurkako «gerra mediatikoa» salatzera etorri da Euskal Herrira. Gaur, 10:30ean, EHUko Komunikazio eta Gizarte Zientzien Fakultateko aditoriumean mintzatuko da, Leioan (Bizkaia). Arratsaldean, 19:30ean, Zirika elkartearen aretoan arituko da (Zazpikaleak).

Wednesday 23 October 2013

«Arkitektura erabiltzen dut gizarteaz hitz egiteko, hatzarekin erakutsi gabe»

Michael Grudziecki, artista.
 


 'Sea Forts' erakusketa zabalik du Bilbon Michael Grudzieckik, Alemanian lanean diharduen margolari poloniarrak. Hala itxitzat ematen du ur gaineko egiturei eta edukiontziei eskainiriko zikloa.
Margolaria da Michael Grudziecki (Wroclaw, Polonia, 1977). Munichen (Alemania) egiten du lan, eta V8 artista taldeko kidea da. Sea Forts erakusketa jarri du Bilboko SC galerian (Gorte kalea, 4), abenduaren 13ra arte.

Tuesday 22 October 2013

«Berlin da, orain, Europan artista batek bizitoki izan dezakeen hiriburu bakarra»


Erika Barahona Ede, argazkilaria.


Argazkilaria: David Hornback


Barahona argazkilari bilbotarrak 20 urte daramatza Berlin erretratatzen, David Hornback senarrarekin batera. 'Das ist Berlin' erakusketan, oraindik bukatu ez den lan horren argazkiak jarri dituzte, Elgoibarren.


Erika Barahona eta David Hornback, lehenaren argazkietako bati begira. / LUIS JAUREGIALTZO /
Argazkilaria da Erika Barahona Ede (Bilbo, 1969). 1990eko hamarkadaren hasieratik Berlin erretratatzen ibili da, David Hornback senarrak bezala. Bakoitzaren begiraden emaitza ikusgai dago Elgoibarko kultur etxean Das ist Berlin erakusketan. Urriaren 31 arte zabalik egongo da, 18:30etik 20:30era.

Friday 18 October 2013

«Gazteek 1980ko musikan interesa hartzea bitxia da, baina ez harrigarria»


Stephen McRobbie, The Pastels taldeko kidea.



Stephen McRobbie eta Katrina Mitchell dira The Pastels taldeko bihotza.


Eskoziako The Pastels taldeak 34 urte bete ditu. Hamasei urtez antzerkirako musika eta bestelako egitasmoetan murgilduta ibili ondoren, disko berria aurkezten ari dira bira batean. Gaur, Zarautzen.

Stephen McRobbie musikariak (Glasgow, Eskozia, 1972) The Pastels taldea sortu zuen 1981. urtean. Slow Summits diskoa plazaratu du taldeak aurten, eta bira bat egiten ari dira aurkezteko. Gaur Zarautzen joko dute, 22:00etan, Modelo zineman, Bassmatti & Vidaur bikotearekin.


Thursday 17 October 2013

«Mundua oso zabala dela eta denetatik dagoela erakutsi nahi diegu haurrei»


Eneko Etxebarrieta, bidaiaria.



Telebistarik gabeko aita da Eneko Etxebarrieta. Bizikletaz munduan itzuli bat eta erdi egin ondoren, haurrei kutxa ergela itzalarazi eta irudimenarekin zein antzerkiaren bidez bidaian eraman nahi ditu.

Eneko Etxebarrietak (Gasteiz, 1967) munduko bira egin zuen, bizikletaz, 1999. urtetik 2002ra arte. Miyuki Okabe emaztearekin bigarren itzulia hasi zuen 2005ean (amaitu gabe dute). Faustinarekin munduratuz 4-7 urte arteko haurrentzako ikuskizuna sortu du, eta huraxe taularatzen dabil. Gaur arituko da, 18:30ean, Gasteizko Hegoalde gizarte zentroan.

Wednesday 16 October 2013

«Emakumeok pairatzen dugun errepresioa islatzen du Lars von Trierrek»

Iratxe Fresneda, zinemaren historialaria.

Lars von Trierrek emakumezko pertsonaiak erabiltzen ditu zinema akademikoaren moldeen kontra matxinatzeko. Hala ondorioztatu du Iratxe Fresneda EHUko irakasleak haren filmografia aztertuta.
Iratxe Fresnedak (Arrigorriaga, Bizkaia, 1974) Ikus-entzunezkoen eta Komunikazio Sailean irakasten du EHUn, 2004. urtetik. Lars von Trierren zinemako emakumeak aztertu ditu hamar urtez, eta doktore tesia osatu du. Horretaz mintzatuko da gaur, Txokolatea eta Bizkotxoak egitasmoan, 19:30ean, Bilboko Modesto tabernan (Barrenkale).

Tuesday 15 October 2013

«Ez dut gustuko 'fusio' hitza, gauza artifizial eta behartua iradokitzen duelako»

Joshua Edelman, musikaria.




Jazza eta Euskal Herriko musikaren arteko nahasketa grabatu du New Yorkeko piano jotzaileak 'Manhattan Bilbao Jazz-Zubia' diskoan, Xabi Aburruzagaren soinu txikia eta Ibon Goitiaren albokaren laguntzaz.

Joshua Edelman jazz piano jotzailea da (New York, AEB, 1954). Lau urte darama Bilbon bizitzen, eta Manhattan Bilbao Jazz-Zubia diskoa argitaratu berri du. Bihar aurkeztuko du, zuzenean, 20:00etan, Campos Eliseos antzokian, Bilbon.



Sunday 13 October 2013

«Ulertu dut azkenean umorerik gabeko artea jasangaitza dela»


Lloyd Cole, musikaria.



Argazkilaria: Doug Seymour

The Commotions taldearekin hasi zen musikari ingelesa. 1989. urteaz geroztik, bere kabuz dabil, pop-rock kantak sortzen, nahiz eta musika elektronikoa sortzeko zaletasuna ere baduen.

Lloyd Cole musikaria (Buxton, Ingalaterra, 1961) Donostian arituko da gaur, bakarka, 19:00etan, Kursaalean.



Sunday 6 October 2013

«Errealitateari iruzur egiten diote Euskal Estatuari muzin egiten diotenek»


Jokin Apalategi, psikologo soziala.


Argazkilaria: Gaizka Iroz

'Herria, nazioa, estatua... zer nahi dugu eta nola lor dezakegu?' hitzaldia emango du EHUko ohorezko irakasleak, bihar, Lazkaon. Independentziatik uste baino hurbilago gaudela deritzo Apalategik.

Psikologia Soziala irakatsi du urte luzez EHUn Jokin Apalategik (Ataun, Gipuzkoa, 1943). Euskal Herriaren emantzipazioaz saiakera argitaratu du aurten. Herria, nazioa, estatua... zer nahi dugu eta nola lor dezakegu? hitzaldia emango du bihar, 18:30ean, Lazkaoko Gerriko txokoan (Gipuzkoa).

Friday 4 October 2013

«Erakutsi dut inork ez dizula zertan esan nola margotu edo bizi behar duzun»

Detritus, margolaria.




Lehen aldiz, bere lanaren panoramika bat ikusgai jarri du Detritus artistak: besteak beste, txartelak, marrazkiak, margoak, artista liburuak eta Iosu Eskorbutoren biografia bat, komiki moduan.


Detritus margolari eta marrazkilaria da (Donostia, 1964). Gerra arteko espresionisten ondorengoa da: mina, izua eta itolarria margotzen ditu, eta gizarte salaketa gordina egiten du. Erakusketa jarri du Donostiako Arteko galerian, urriaren 31 arte.

Wednesday 2 October 2013

«'Gernika' koadroaren aurkako errebisionismoan dabil eskuin muturra»




Xabier Saenz de Gorbea, arte komisarioa.


Picassoren lanean oinarrituta Euskal Herriko artistek eginiko lanez mintzatuko da Saenz de Gorbea EHUko arte irakaslea gaur, besteak beste, Zilbetiko basoko pagoetan egindakoaz.

Xabier Saenz de Gorbeak (Getxo, Bizkaia, 1951) artea irakasten du EHUn, eta ehunka erakusketa antolatu ditu, komisario gisa. Azkena Gernikako (Bizkaia) Euskal Herria museoan du ikusgai: Azken Gernikak. Horren inguruko Los últimos Gernika vascos hitzaldia emango du gaur, museoan bertan (doan), 19:30ean.

Thursday 26 September 2013

«Kontzertuak ematea zaila egin zaigu, hainbat ate itxi dizkigutelako»

Koldo Azkona, musikaria.

Koldo Azkona —ezkerretik lehena— Danserie Ensemble taldeko kideekin. / Clemente Bernad


Danserie Ensemble taldeak 1512. urte inguruko musika joko du gaur Atarrabian, Nafarroako Erresumaren inguruko doinuak eta testuak biltzen dituen 'Antzinako negarra' ikuskizunean.

Koldo Azkona (Iruñea, 1960) Danserie musika taldeko flauta jotzailea da. Errenazimentuko eta barrokoko musika lantzen dute, eta iaz Lachrimae antiquae 1512 Antzinako negarra diskoa argitaratu zuten. Nafarroako Erresumako musika bildu zuten horretan. Kontzertua emango du taldeak gaur, 19:30ean, Atarrabiako (Nafarroa) kultur etxean, konkistari buruzko biltzarraren akten aurkezpenean.

Friday 6 September 2013

«Gure historia politikoak ia inkontzienteki eragin diguna zabaldu nahi dut»


 Juan Arrosagarai, bideogilea.





Euskal Herriaren azken 30 urteak autoerretratu politiko baten bidez aztertzen ari da artista 'Argi ta garbi' egitasmoan. Gaur estreinatuko du Iruñean; gero Bilbora, Gasteizera eta Marseillara eramango du.


Juan Arrosagaraik (Iruñea, 1967) bideoa, argazkigintza eta euskarri digitalak irakasten ditu Gasteizko Lanbide Eskolan. Argi ta garbi bideo egitasmoa estreinatuko du gaur, 20:00etan, Iruñeko La Hormiga Atomica liburu dendan. Argazkiz, bideoz eta blog batez osatu du erakusketa. Lanak ikusi ondoren, «jai giroko mahai inguru bat» egingo dutela agindu dute. Azaroan, Bilbon egongo da ikusgai, Bilbaoarten; Gasteizen, 2014ko urtarrilean, eta, ondoren, Marseillan (Frantzia).

Deustuko zubia, Argi ta Garbi lanaren fotograma batean.

Thursday 5 September 2013

«Euskal diskoetxeek duten arazo nagusia ez da pirateria, Interneten ez egotea baizik»


Jon Eskisabel, kazetaria.




 
Diskogintzaren etorkizunaz mintzatuko da Eskisabel www.badok.info guneko arduraduna gaur Donostian. Euskal Herriko diskoetxe profesionalak oso atzeratuta daudela uste du, iraganeko negozio ereduari eutsi nahian.

Diskogintzaren egoeraren inguruan mintzatuko da gaur Jon Eskisabel kazetaria eta euskal kantagintzari emaniko badok.info gunearen arduraduna (Lasarte, 1969). Inpernuko Poza Trikitixaren XI. Jardunaldien barruan antolatu dute hitzaldia, gaur, 19:30ean, San Jeronimo kaleko sotoan, Donostian. Bihar, ordu eta leku berean, autoekoizpenaren inguruko mahai ingurua egingo dute Asier Zuluetak (Bidehuts), Anjel Valdes (Elkar) eta Gaizka Insunzak (Audience), Gorka Erostarbe kazetariak gidatuta.

Wednesday 7 August 2013

«Ahotsa edozein musika tresna baino konplexuagoa eta intimoagoa da»





Bettina Aragon, musikaria.


Kirkit Ensemble: Bettina Aragon, Angelika Huisgen, Elena Gorrotxategi, Oihana Lekuona eta Ane Miren Odriozola

Kirkit Ensemble taldeko kide da Aragon, eta Euskal Herriko eta Georgiako herri kantak, Neil Young zein Leonard Cohenen abestiak eta Eurovisioneko doinuak moldatu eta 'a capella' abesten ditu.

Bettina Aragon (Bielefeld, Alemania, 1962) ahotsaren pedagogoa eta musikaria da. Kirkit Ensemble taldearen sortzaileetako bat da. Gaur arituko da, lau kideekin batera, 22:00etan, Bergarako (Gipuzkoa) Espoloian, Bermuga jaialdiaren amaieran, doan.

Wednesday 3 July 2013

«Batzuetan bakeak, zoritxarrez, beste gerra mota batzuk ditu barruan»

Pedro Garcia Romero, arte komisarioa.

Argazkilaria: Ricardo Iriarte
'Bake ituna' erakusketaren arduraduna da Garcia Romero arte historialaria. Historia «burgesia akademikoak bere eginiko kontakizuna» baino ez dela erakusten du iraganaren bidez orainaz mintzo den egitasmoan.

Pedro Garcia Romero (Huelva, Espainia, 1964) artista, kritikaria, historialaria eta erakusketa komisarioa da. Donostian joan zen astean zabalduriko Bake Ituna erakusketaren arduradun nagusia da. Lehen atalean, 1813 Donostiaren setioa, sutea eta berreraikitzea izenburupean, hiriko hainbat gunetan gaiarekin loturiko objektuak jarri dituzte ikusgai.

Tuesday 2 July 2013

«Kontua ez da gizonaren eta emakumearen arteko borroka, baizik eta oreka»

Mari Karmen Basterretxea, antropologoa.
Argazkilaria: Enetz Arzak

'Euskal eredu matrilinealaz' mintzatuko da gaur Basterretxea antropologian eta filosofian doktorea, Ziortza-Bolivarren ostirala arte egiten ari diren Udako Unibertsitate Bolibartarreko bigarren saioan

Mari Karmen Basterretxea antropologian, filosofian eta hezkuntzan doktorea da (Ondarroa, Bizkaia, 1958). Euskal eredu matrilineala hitzaldia emango du gaur, 16:00etan, Ziortza-Bolibarko udaletxean, Udako Unibertsitate Bolibartarraren egitarauaren barruan. Informazioa bolibarikastaroa@gmail.com helbidean.

Saturday 29 June 2013

«Mitikoa izatea oso erraza da orain, jende asko atzera begira ari delako»

Shanti Iribar, musikaria.



Euskal Herrian badugu gure 'Sugar Man'. Ia 30 urteren buruan, Tortura Sistematika taldea elkartuko da gaur, Tolosan, kontzertu bakarra emateko, zale batek ahanzturatik atera dituela ospatzeko.

Shanti Iribarrek (Tolosa, Gipuzkoa, 1965) Tortura Sistematika taldea sortu zuen Joxi Ubedarekin, 1984. urtean. Urtebete iraun zuen Euskal Herriko muturreko hardcorearen aitzindarien abenturak. Gaur elkartuko dira berriz, kontzertua emateko, 19:00etan, Tolosako San Esteban auzoko lokaletan, RAS eta Belarmiñak taldeekin batera. Irudian, Iribar abeslaria, kideekin.


Monday 24 June 2013

"Katalunian ez da kontsultarik egingo, ez behintzat baimendutakoa"




Jaume Renyer, analista politikoa.

Argazkilaria: Saül Gordillo



ETAko zuzendaritzarekin bildu zen Renyer 2004ean, Penpinyan, ERCko kide zenean.Legelari eta analistak independentziarako prozesua eta Euskal Herriarekiko harremanak aztertzen ditu.


Jaume Renyer i Alimbau (Villaseca, Katalunia, 1958) legelaria da eta Kataluniako egoera politikoaren analista: Catalunya, qüestió d’Estat, L’estat contra els pobles eta L’esquerra de la libertat lanak argitaratu ditu, besteak beste. Presente y futuro de Catalunya hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Condestableren jauregian, Iruñean. Berriako papereko edizioan argitaraturiko elkarrizketaren bertsio luzea da hau.


Thursday 20 June 2013

«Nire bizitza lehertu egin da, eta bolada batez oso zaila egin zait musika sortzea»

Dawn Landes, musikaria.

Kantugile eta abestigile estatubatuarrak ye-ye mugimenduko frantsesezko klasikoak eta hurrengo diskoko piezak abestuko ditu gaur Bilboko Kafe Antzokian, Sylvie Lewisekin batera.

Dawn Landes (Louisville, AEB, 1980) kantugilea eta abeslaria da, ekoizle eta soinu ingeniaria izateaz gain. Bilboko Kafe Antzokian arituko da gaur, 21:30ean hasiko. Sylvie Lewis Londresko musikariarekin partekatuko du agertokia.


Wednesday 19 June 2013

«Behar bezalako ikerketa egiteko, ezin zara erlojuari begira ibili»

Juan Garmendia Larrañaga, etnografoa.



Barandiaran, Caro Baroja eta Oteizaren lankide izan da Garmendia etnohistorialaria. Baserriz baserri, artxiboz artxibo eginiko lan zuhur eta zehatzarekin, fruitu asko eman ditu. Gaur aurkeztuko du azkena.

Etnografoa eta historialaria da Juan Garmendia Larrañaga (Tolosa, Gipuzkoa, 1926). 15 liburu baino gehiago idatzi ditu, besteak beste, artisautza tradizionalaz, euskal inauteriaz, burdingintzaz zein herri medikuntzaz. Paseo etnohistórico por la villa de Tolosa y sus alrededores. Siglos XVII, XVIII y XIX liburua aurkeztuko du gaur, 19:30ean, Tolosako udaletxeko pleno aretoan. Aldamenean izango ditu Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidentea, Joxemari Iturralde idazlea eta Ander Letamendia doktorea.

Thursday 13 June 2013

«Ez badute energia eredua goitik aldatu nahi, azpitik aldatzen hasiko gara»


Monika Monteagudo, GoiEner kooperatibako kidea.


GoiEner Kooperatibako hainbat bazkide. Monteagudo, beheko lerroan, betaurrekoekin. / GOIENER

Argindarra tokian tokiko baliabideekin ekoiztea eta bazkideen artean irabazi asmorik gabe banatzea proposatzen du Monteagudok, oraingo enpresa handien «mafia eta oligopolio» egoera aldatzeko.
Monika Monteagudo (Legazpi, Gipuzkoa, 1976) GoiEner energia berriztagarriak merkaturatzeko kooperatibako kidea da. Bazkide berriak eta komunikazioa kudeatzen ditu. Kooperatibaren lanaz eta argindarraren etorkizunaz mintzatuko da gaur, 19:00etan, Legazpiko kultur etxean.

Friday 7 June 2013

«Bideak bilatu behar dira jendea politikan aritu dadin, alderdi batekoa izan gabe»


Valgerdur Bjarnadottir, Islandiako legebiltzarkidea.

Argazkilaria: Olatz Estensoro

Islandiako bankuen porrotaren ondoren, Konstituzioa idazteari ekin zioten islandiarrek parte hartze zuzenaz. Kontserbadoreak berriz agintean, erreforma gelditu dutela dio politikari sozialdemokratak.

Valgerdur Bjarnadottir (Reykjavik, 1950) Islandiako Legebiltzarreko kidea da, Aliantza Sozial Demokratarekin. Herritarrekin topaketak ekitaldian parte hartzen ari da, Donostian. Gaur arituko da, 16:00etan (izena eman behar da) eta 19:30ean (libre), Kursaalean.

Sunday 2 June 2013

«Argentinan ari dira, baina hemen ez diote inoiz diktaduraren gaiari heldu»


Eduardo Arreseygor, argazkilaria.

Ezkaba mendiko gotorlekuan (Iruñea) frankistek preso edukitakoen marrazkiak

XX. mendeko izugarrikerien inguruko argazki erakusketa paratu du artista argentinarrak Andoainen. 1936ko gerra, juduen holokaustoa eta Videlaren diktadura landu ditu, biktimen ikuspegitik.

Eduardo Arreseygor (La Plata, Argentina, 1949) argazkilaria da. Birbiraitona Irurakoa (Gipuzkoa) zuen. Aspaldi bizi da Euskal Herrian, eta hemen eman dio segida gazte-gazterik hasi zuen argazkilari ibilbideari. XX. mendeko izugarrikerien inguruko Enigma erakusketa du Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean.


Saturday 1 June 2013

«Atez ateko zabor bilketan dugu etorkizuna era baikorrean ikusteko aukera»

Antonio Casado da Rocha, filosofoa.



Henry David Thoreau idazlearen bizitza eta lanaren bitartez, ekologiaz, etikaz eta gizarteaz hausnartuko du gaur EHUko irakasleak, Alkizan, artea eta natura biltzen dituen Ur Mara museoan.
Bioetika eta biologiaren filosofia ikertzen ditu EHUn Antonio Casado da Rochak (Donostia, 1970). Henry David Thoreau idazlearen inguruko Simplify, simplify hitzaldia emango du (euskaraz eta gazteleraz) gaur, 17:00etan, Alkizako (Gipuzkoa) Ur Mara museoan, Hitzaren babesa etxola zabaltzeko ekitaldian. Hitzaldiaren ondoren, kontzertua emango du Gipsy taldeak.

Wednesday 29 May 2013

«Ibaiek badute oinarrizko bekatua, guk bataioarekin konpontzen duguna»


Mikel Belasko, toponimian aditua.




Nola jarri izena etengabe isurtzen ari den eta harrapatzerik ez dagoen gauza bati? Erreken izenaren arazo korapilatsuari erreparatuko dio gaur Donostian Mikel Belasko filologoak, Patziku Perurenarekin.

Mikel Belasko (Iruñea, 1967) toponimian aditua da. Ura bataiatzen hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, Patziku Perurenak aurkeztu eta lagunduta. Iñigo Astiz kazetariak egunkari honetan idatzitako Ura izendatzen artikuluak eragin du gaurko hitzaldia. Kristina Enea fundazioak uraren garrantzia azaltzeko antolaturiko HidroLogikak egitasmoaren barruan egingo dute saioa.

Friday 24 May 2013

«Brasilek jai maskara janzten du, baina egia bestelakoa da: ez dago elkarbizitzarik»

Kleber Lourenço, dantzari eta koreografoa.


Brasilgo arrazen arteko harremanez mintzo da Lourenço sortzailea, beltzen ikuspegitik. Bilbo aukeratu du 'Negro de Estimaçao' dantza eta antzerki lana Europan estreinatzeko.

Kleber Lourenço (Pernambuco, Brasil, 1980) dantzaria, koreografoa, antzerkilaria eta hezitzailea da. Pernambucoko Unibertsitate Federalean dabil irakasle. Negro de Estimaçao (Beltz maskota) dantza-antzezlana estreinatzen ari da Europan, eta Bilbo aukeratu du lehen aldiz taularatzeko. Gaur izango da, 20:00etan, Fundicion aretoan.


Wednesday 22 May 2013

«Jendeak ulertu behar du informazio ona ezin dela doan izan»

Pascual Serrano, kazetaria.




Hedabide handien negozioarenak egin duela eta sinesgarritasuna galdu dutela ikusita, kazetariei egitasmo berriak abiatzeko eta irakurleei horiei laguntzeko dei egingo die Serranok gaur, Donostian.

Kazetari eta saiakeragilea da Pascual Serrano (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1964). Prentsaren egoeraz eta etorkizunaz 11 liburu argitaratu ditu 2006. urtetik. Periodismo canalla; los medios contra la información hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, San Telmo museoan, Donostian. Mariano Ferrer izango du lagun.

Tuesday 21 May 2013

«Twitter, Facebook eta halakoak ez ditugu modu osasungarrian erabiltzen»

Marko Txopitea, informatika ingeniaria.




Teknikaria izanda ere, edo teknikaria delako hain zuzen, errezeloz begiratzen die Txopitea informatikariak enpresa handien esku dauden sare sozialei. Sukarra zeren sintoma den azalduko du gaur.

Marko Txopitea (Lekeitio, Bizkaia, 1975) Txopi da Interneten dituen egitasmo askoetan. www.ikusimakusi.net gune pertsonalean ematen du horien berri. Sare sozialen sukarra eta kontsumo gizartea hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Donostiako Gros auzoko Kortxoenea gaztetxean.

Thursday 16 May 2013

«Argi dago: kapitalismo honenak egin du, eta sare sozialek eraikiko dute geroa»

Vicente Verdu, idazlea.



'El timo de la crisis contada como maldición divina' hitzaldia emango du gaur Verdu kazetari eta saiakeragileak Donostian, Literaktum jaialdian. Teknobaikortasun mezua dakar, apokaliptikoen aurrean.
Vicente Verdu (Elx, Herrialde Katalanak, 1942) idazle eta kazetaria da. El timo de la crisis contada como maldición divina hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, San Telmo museoan, Donostian.

Wednesday 15 May 2013

«Zure produktuak alde txar bat badu, berehala geratzen da agerian Interneten aroan»

Haritz Rodriguez, Interneten aditua.


Blogetan kritikak idaztearen truke, produktuak probatzeko uzten dituzten enpresak eta blogariak harremanetan jartzeko plataforma bat sortu du Xuriken kazetariak. Gaur azalduko du Donostian.

Haritz Rodriguez Xuriken (Caracas, 1978) kazetaria eta blogaria da. Euskaltube sortu zuen 2007. urte aldera. Orain, Blog on Brands egitasmoan dabil murgilduta, eta zertan datzan azalduko du gaur, 18:00etan, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko Innogunean. Betor hitzaldi sortako saioa bideoz zuzenean emango dute Berria.info gunean.

Saturday 11 May 2013

«Zale gehiegi ditugu interesgarriak izateko; beraz, ezin 'cool' izan»


Gorka Urbizu, Berri Txarrak taldeko abeslaria.


Bermeoko Kafe Antzokian joko du gaur Gorka Urbizuren, David Gonzalezen eta Galder Izagirreren taldeak. Kontzertuan, BERRIAren 10. urteurrena ospatuko dute.

Gorka Urbizu ( Iruñea, 1977) Berri Txarrak taldeko abeslari eta gitarra jotzailea da. Apirilaren 20an Donostiako Kursaal auditoriuma bete zuten, eta entzuleek ahaztuko ez duten kontzertu bat eman. Ekainaren 1ean, Atarrabiako (Nafarroa) Hatortxu Rock jaialdian joko dute. Gaur, Bermeoko (Bizkaia) Kafe Antzokian joko dute, ON taldearekin batera. BERRIAren 10. urteurrena ospatuko dute emanaldian. 


Friday 10 May 2013

«Espainiako Gobernuak PSOErekin itundu zuen Cubilloren aurkako estatu krimena»

Eduardo Cubillo, dokumentalgilea.

Kanarietako Artxipelagoaren Autodeterminazioaren eta Independentziaren aldeko Mugimendu MPAIACen buru Antonio Cubillo elbarri utzi zuten 1978. urtean. Haren ilobak afera azaltzen duen dokumentala aurkeztuko du gaur Ordizian.

Eduardo Cubillo (Santa Cruz de Tenerife, Kanariar Uharteak, 1981) dokumentalgilea da. Antonio Cubillo independentista kanariarraren iloba da, eta haren inguruko Historia de un crimen de estado dokumentala aurkeztuko du gaur, 19:30ean, Ordiziako (Gipuzkoa) Herri Antzokian.


Thursday 9 May 2013

«Nafarroako egoerak zirkua gainditu du, eta komiki bat da dagoeneko»

Ainhoa Juaniz, aktorea.

Javier Esteban, Ainhoa Juaniz, Isabel Azpirotz aktoreak eta Xabier Maravi teknikaria.
'Kaka burutik behera' antzezlana taularatzen ari da Juaniz, Bildu koalizioaren enkarguz. Nafarroako politikaren, gizartearen eta ekonomiaren inguruko satira bat da, itxaropen mezu batekin.

Javier Esteban, Ainhoa Juaniz, Isabel Azpirotz aktoreak eta Xabier Maravi teknikaria. / BERRIA
Ainhoa Juaniz (Iruñea, 1970) antzezlea da, clown teknikan aditua, eta 14 urte daramatza antzokietan lanean. Kaka burutik behera antzezlana sortu du Javier Esteban eta Isabel Azpirotzekin, Nafarroan erakusteko. Soilik maiatzaren 31 arte ikusi ahalko da. Gaur taularatuko dute Iruñean, 20:00etan, Nafarroako Antzerki Eskolan (gazteleraz, Con la que está cayendo izenburuarekin). Bihar, Uharteko kultur etxean, 19:00etan, eta larunbatean, Berriozarko auditoriumean.

Saturday 27 April 2013

«Orain mediatikoagoak gara, eta, kanpoan baino gehiago, hemen nabaritzen dugu»


Karlos Osinaga 'Txap', Lisabö taldeko kidea.






Irungo noise taldeak azken hiru urteko plana amaituko du gaur. 'Animalia Lotsatuen Putzua' egitasmoaren balantzeaz, hurrengo diskorako asmoaz eta bat-bateko ospeaz mintzo da Txap abeslaria.

Lisabö taldearen sortzaileetako bat da Karlos Osinaga Txap (Irun, Gipuzkoa, 1972). Animalia Lotsatuen Putzuan diskoa grabatzera sartu zirenean hasitako hiru urteko zikloa amaituko du taldeak gaur, 22:00etan, Bilboko Kafe Antzokian emango duen kontzertuarekin. Unicornibot taldeak joko du aurretik.