Friday 29 June 2012

«Euskalduna izateari uzten ari natzaio, baina Mexikon beti izango naiz atzerritarra»


Gorka Larrañaga, artista.


Zazpi urte daramatza Larrañaga margolariak Mexiko Hirian. Euskal Herriko eta hango estetikak bere lanean duen eraginaz eta Txinako dendetako gauza distiratsuenganako maitasunaz mintzo da.

Gorka Larrañaga artistak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1974) performance batekin zabalduko du Corazón chilango erakusketa, gaur, 19:00etan, Arteztu galerian, Donostian (Resurrecion Maria Azkue kalea, 12).

Thursday 28 June 2012

«Egoeraz baliatu dira aurrezki kutxak galtzea aspaldi nahi zutenek»

Jose Miguel Rodriguez, ekonomia irakaslea.


Donostian mintzatuko da gaur katedraduna, finantza krisiari buruz egingo duten jardunaldian. Azalduko du aspaldiko asmoa, negozio handia eta gizarteari eginiko lapurreta dela kutxak pribatu bihurtzea
Jose Miguel Rodriguez Fernandezek (Valladolid, Espainia, 1953) EHUn ikasi zuen ekonomia. Valladolideko Unibertsitateko dekanoa izan da zazpi urtez. Kutxen pribatizazioaren inguruan mintzatuko da gaur, 18:00etan, EHUk Donostian duen Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolako areto nagusian (Oñati plaza 1).

Wednesday 27 June 2012

«Gure egoera greziarrei deskribatu, eta eurak horrela iaz egon zirela esaten digute»


Beñat Aiartza, Grezian brigadista.



Lau urtez Atenasen bizi ondoren, herrialderako brigadak koordinatu ditu aurten musikari eta irakasle bizkaitarrak, hango hondamendi ekonomikoari gizarteak eman dion erantzuna ezagutarazteko.
Beñat Aiartza (Zamudio, Bizkaia, 1982) musikaria eta irakaslea da. Lau urte bizi izan da Grezian, eta Askapenako brigada bat antolatu zuen apirilean hango errealitatea ezagutarazteko. Greziako gizarte mugimendua eta gaurko egoera hitzaldia emango du gaur, 20:00etan, Bilboko Gatazka gunean (Martzana, 5).

Sunday 24 June 2012

«Arduinok ordenagailutik ateratzen zaitu, inguruan duzuna ulertzera»


Jorge Casal, informatikaria.

Argazkilaria: Nicholas Zambetti
Elektronikaz ezertxo ere ez dakitenei ere mundua kontrolatzeko eta horretan eragiteko aukera ematen die Arduino plataformak: landareak ureztatzeko, ateak itxita utzi ditugula ziurtatzeko...

Jorge Casal (Pasaia, Gipuzkoa, 1976) informatikaria da, eta Arduino taldeko koordinatzailea Errenterian (Gipuzkoa). Teknologia horren inguruko hurrengo tailerra egingo dute ekainaren 30ean Kabia gunean. Komeni da aldez aurretik izena ematea taldearen posta zerrendan, informazioa jasotzen joateko eta tailerraren ordua zehazteko: info@ arduinokabia.net.

Thursday 21 June 2012

«Ez dago euskal kantagintza originalik; originaltasuna euskaraz kantatzean datza»

Andoni Tolosa Morau, musikaria.


Argazkilaria: Nagore Lozano


Gitarra, ahotsa, irudiak zein grabazio zaharrak erabiliko ditu Morau sortzaileak, gaur Donostian, 1960ko euskal kantu berria euskarazko gaurko musikarekin lotzen duen haria agerian uzten saiatzeko.
Andoni Tolosa (Donostia, 1963) Morau ezizenarekin da ezaguna musikagintza munduan. Euskal kantagintza berria hitzaldi musikatua emango du gaur, 18:30ean, San Telmo museoan, AEK-k antolatutako Iriki Atia egitarauan.

Tuesday 19 June 2012

«Sirian galdera ez da nola gertatu den, baizik eta nola ez den lehenago gertatu»

Leila Nachawati, ekintzailea.


Argazkilaria: Rubra / Ars Electronica


Gobernuaren kontrako matxinadaren berora sorturiko umorearen, musikaren, irudien eta poesiaren berri emango du komunikazio irakasle eta Al Jazeerako kolaboratzaileak gaur, Donostian.
Leila Nachawati (Santiago, Galizia, 1978) komunikazio irakaslea da, eta, besteak beste, Al Jazeera kateko kolaboratzailea. Damaskoko sendagile baten alaba, txikitatik udak Siriako hiriburuan pasatu ditu, aitaren familiarekin. El fin del silencio en Siria (Isiltasunaren amaiera Sirian) hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Donostiako San Telmo museoan.

Sunday 17 June 2012

«ETBren eta ikusleen arteko harremana garraztu egin da azkenaldian»

Urko Aristi, telebista aurkezlea.

Argazkia: eitb

Herri txikiak protagonista dituen 'Bizirik' saioa estreinatuko du gaur Aristik; Euskal Telebista herritarrengana berriz hurbiltzeko ahalegina.

Urko Aristi Ibarran (Gipuzkoa) jaio zen, 1977an, baina berehala itzuli zen gurasoekin haien jaioterrira, Arribera (Nafarroa). Beraz, herri txikien inguruan saio bat egiteko pertsona aproposa izan daitekeela dirudi. Bizirik saioa estreinatuko du gaur, ETB1en, 22:15ean. Euskal Herrian 400-500 biztanle inguru dituzten herrietan ibiliko da, hango bizimodua ikusleei erakusteko.

Saturday 16 June 2012

«Prentsa lokala lokalago egin, eta sekulako aldaketa eragin dezakegu»


Bart Bijnens, kazetaria.

Argazkilaria: uhezi


Flandesko 'Het Belang van Limburg' kazeta irakurleekin egiten ari den saioa azaltzera etorri da Bart Bijnens egitasmoaren burua.
Het Belang van Limburg egunkariaren egitasmo hiperlokalaren burua da Bart Bijnens (Hasselt, Flandria, 1966). Hiperlokal horrek zer esan nahi duen azaltzera etorri da Euskal Herrira. Tokikom jardunaldietan parte hartu zuen atzo, eta han eman zuen eskualdeko hiritarrak kazetari bihurtzeko egiten ari diren esperimentuaren berri.

Thursday 14 June 2012

«Bonbardaketa pairatu zuten biktimen tokian jarri nahi izan dugu filmean»


Komunikazioa. Luis Marias, zinema zuzendaria.


Marias -erdian- aktore protagonistekin

'Gernika bajo las bombas' telefilma amaitzen ari da Luis Marias zuzendari bilbotarra. Gertaera bera eta aurreko zein ondorengo egunak kontatuko ditu, gernikarren ikuspuntutik.
Luis Marias (Bilbo, 1962) gidoilaria eta zuzendaria da. Farmacia de guardia, A las once en casa eta Maitena: Estados Alterados telesailen gidoiak idatzi ditu, besteak beste, zein Todo por la pasta, Mensaka eta Flores Negras filmetakoak. Gernika bajo las bombas telefilma zuzentzen ari da egunotan, 1937ko krimena kontatzeko.

Sunday 10 June 2012

«Antzinako musikarako goi mailako talde bat sortu nahi nuen, eta lortu egin dut»


Enrike Solinis, musikaria.


'Azken euskal printzesa' kontzertua emango du Solinisek, berak zuzenduriko taldearekin, Euskalbarrokensemblerekin. Munduko musikaririk hoberenak euskal musika jotzen jarriko dituela dio.
Enrike Solinis (Bilbo, 1974) Euskalbarrokensemble taldearen sortzailea da, eta lauta jotzen du horretan, besteak beste. Antzinako musika lantzen duten nazioarteko talderik handienetan jo du; besteak beste, Jordi Savallekin. Azken euskal printzesa emanaldia prestatu du, Nafarroako Erresumako doinuak eta literatura uztartuta. Gaur estreinatuko dute, 18:00etan, Ziortzako Kolegiatan ( Ziortza-Bolibar, Bizkaia).

Friday 8 June 2012

«Europako Batasuna independentzia prozesuen aurka jarriko da eurogunean»


Jaime Pastor, irakaslea.


UNEDeko zientzia politikoen irakasle eta Izquierda Anticapitalista alderdiko sortzailea da Jaime Pastor; nazionalismoen, Espainiaren eta ezkerraren arteko harreman historikoez mintzatuko da gaur, Iruñean.
Zientzia politikoen irakaslea da UNEDen Jaime Pastor (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1946). Frankismoaren aurkako militantea izan zen. 2008an Izquierda Unida alderdia utzi zuen eta Izquierda Anticapitalista sortu zuen. Los nacionalismos, el Estado Español y la izquierda liburua argitaratu berri du, eta horretaz mintzatuko da, gaur, 19:30ean, Iruñeko Zabaldi etxean.

Thursday 7 June 2012

«Alemaniak Euskal Herri independentea hobetsiko du, Espainiako zulo beltza barik»


Gabirel Ezkurdia, politologoa.


Argazkilaria: UEU

Euskal Herria '0 urtean' dagoela uste du nazioarteko gaietako adituak. Eta independentziarako Esloveniako bidea ikusten du zabalik Euskal Estatua sortzeko; laster sortzeko, gainera. Bilbon mintzatuko da gaur.
Gabirel Ezkurdia (Deustua, Bilbo, 1967) politologoa da, eta nazioarteko gaietan aditua, Ekialdeko Europaren inguruan besteak beste. Euskal Herria 0 urtean hitzaldia emango du gaur, 18:30ean, Yohn jauregian (Pelota kalea 10, Bilbo).

Wednesday 6 June 2012

«Hizkuntzen ekologia erabili behar da euskararen aurkako jarrera indargabetzeko»

Iñaki Martinez de Luna, soziologoa.


uhezi
Euskara bultzatzeko ohiko diskurtso abertzalearen mugak gainditzeko, nazioartean zabalduriko eta onarturiko beste arrazoibideak hartzeko aholkatzen die Iñaki Martinez de Luna irakasleak euskaltzaleei.

Iñaki Martinez de Luna (Gasteiz, 1950) soziologia irakaslea da EHUn. Euskararen inguruko diskurtso edo framing berri baten premiaz hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Bilboko Yohn jauregian (Pelota kalea, 10, Zazpikaleak). Udako ikastaroen 40. urteurrena ospatzeko UEUk aste honetarako antolaturiko hitzaldi zikloko bigarrena izango da.

Saturday 2 June 2012

«Gure gorputzak bi zulo ditu zaborrerako; komun sikuak ere diseinu hori dauka»

Iam Agorria, sortzailea.


Komun lehorrek ez dute urik erabiltzen, ez dute kutsatzen eta ongarria sortzen dute. Europako iparraldean asko erabiltzen dituzte. Zertan diren azalduko du Agorria diseinatzaileak gaur Larraulen.
Iam Agorria (Zornotza, Bizkaia, 1967) komun lehorren aitzindaria da Hego Euskal Herrian, berak sorturiko Aldatu elkartearekin (www.aldatu.eu). Txiza ongarri eta gorotza konpost bihurtzen duten komunak propio diseinatu ditu bihar Larraulen (Gipuzkoa) egitekoa den Eskola Txikien Festarako. Han izango da, egun osoz, komunok nola dabiltzan azaltzen, eta, nolabait ere, kaka esplikatzen.

Friday 1 June 2012

«Bitxia bada ere, kalean lo egiten dutenen barneko bakea agertzen da irudietan»


Javier Arcenillas, argazkilaria.


Indiako hirietako auzo batzuetan, gauez ezin da ibili espaloietan, milaka pertsonak ohe gisa erabiltzen dituztelako, etxerik ez dutelako. Arcenillasek erretratatu ditu, dramatismo merkerik gabe.

Javier Arcenillas (Bilbo, 1973) argazkilaria da, eta Sleepers erakusketa zabalduko du bihar, Elgoibarko kultur etxean. Ekainaren 16a arte egongo da ikusgai, astelehetik larunbatera, 18:30etik 20:30era.