Sunday 31 July 2011

«Arratsaldean zer egingo dugun ez jakiteak morboa ematen digu»


AMAIA ARTETXE, TELEBISTA AURKEZLEA


'Euskadi Tropikala?' magazina estreinatuko du kazetariak bihar ETB1ean. Hiru orduz, udako gaiak eta jaiak jorratuko dituzte.
Amaia Artetxe (Bermeo, Bizkaia, 1984). ETBko albistegietan hasi zen lanean, eta, besteak beste, Gaztea irratitik, Pásalo eta Kalaka saioetatik pasa ondoren, Arratsalderomagazinean ibili da azken boladan. Proposamen berriarekin datorkigu orain, astelehenetik, irailaren 9a arte:Euskadi Tropikala? Udako arratsalderako magazina izango da, baina halakoetan ohikoak diren gaiak jorratzeaz aparte, zirikatzeko asmoa dute. 

Uztailean izan dugun eguraldia ikusita, Euskadi Tropikala?izenburua probokazioa da, edo behar bezalako abuztua datorrela berma dezakezue?

Eztabaida hori izan dut Iñaki Urdanpileta saioaren zuzendariarekin. Berak uste du asmatu egin dugula izenburuarekin. Batez ere, galdera ikurra jarri diogulako: Euskadi Tropikala? Ikusiko dugu zer-nolako eguraldia dugun abuztuan. Bermeon, behintzat, udazkenekoa izan dugu uztailean. Eskerrak Italian ibili naizen 10 egun oporretan, eguzki pixka bat ikusteko.

Bihar hasiko duzu saioa. Zeinen antza izango du: Pásalo edo Arratsaldero-rena?

Batez ere, Arratsaldero-ren antza izango du. Euskaraz da, ETB1en, K2000 ekoizpen etxearena. Jendea ere talde berekoa da asko, eta ezagutzen ditut gehienak, Arratsaldero-tik edo beste egitasmoetatik.

Diotenez, Euskal Herriko zauri sakonetan ziria sartzeko asmoa duzue.

Magazin klasikoa izango da: gaurkotasuna eta Euskal Herriko jaiak landuko ditugu, solaskideen laguntza izango dut estudioan, eta kazetariak ibiliko dira han eta hemen. Jaiak baliatuko ditugu herrien arteko ika-miketan zirikatzeko. Bi herritan egun berean festak eginez gero, erreportari bana bidaliko dizkiegu, giroa konparatzeko, eta jairik handiena non egiten duten ikusteko. Halere, hau ideia besterik ez da; ez dakigu nola aterako den gero.

Joango zaretela ohartaraziko diezue?

Ez dut uste. Kazetariak egunean egunekoa egiten ibiltzen dira normalean, eta guk ere kamerak hartu eta ezustean harrapatuko ditugu. Horrek ematen dio gatza eta piper apur bat.

Jenderik geratuko al da abuztuan Euskal Herrian, zuenera solaskide joateko?

Batzuk Arratsaldero-n ibilitakoak izango dira, baina, bestela, lagun berriak topatzen saiatu gara. Denetatik egongo da. Abuzturako saioa da, hilabete baterako, eta arin mugituko da. Saio bizia egingo dugu, egunero bere tokia bilatzen arituko dena. Tonua ere arina izango da; baina hiru orduko saioa izanda eta lehen zatian gaurkotasuneko gaien inguruan arituko garela kontuan hartuta, litekeena da lehen ordua serioagoa izatea.

Inprobisatzeak ez dizu beldurrik ematen?

Dagoeneko, ez. Ohituta gaude. Beldur barik, urduri gaude apur bat. Arratsaldero saioarekin egunero bost orduz ibiltzeak makina osoa martxan jarri du, eta oso trebakuntza ona izan da egunerokotasun horretara ohitzeko. Asko ikasi dugu. Goizean egunkariak irakurri arte ez dugu jakingo zer gaiak jorratuko ditugun arratsaldean, nahiz eta aurretik atalen bat lotuta izango dugun, normala denez. Baina badakit posible dela hori gauzatzea, talde ona dagoelako atzean. Horrek, gainera, morbo apur bat ematen digu.

Halako magazinetan fenomeno bitxia gertatzen ohi da ETBn: euskarazko katekoak askoz aurrekontu txikiagoa izaten du, egunero ordu gehiago egin arren. Euskadi Tropikala? ere ETB2ko Ni más ni menos-en lehengusu pobrea izango da?

Ez dakit nolakoak diren aurrekontuak, baina krisia leku guztietan sartu da, eta guri ere eragin digu.Arratsaldero magazinarekin aipatu duzuna gertatu zitzaigun. Prentsan irakurri genuen, eta tonto aurpegi itzelarekin geratu ginen denok. Etxean zegoenarentzat begi bistakoa zen Arratsaldero saio luzea zela, eta barruan geundenok bagenekien zein jende gutxirekin egiten genuen. Horrek argi uzten zuen aurrekontu txikia zuela. Kasu honetan, Euskadi Tropikala?-rekin berdin gertatuko dela uste dut.

Zuekin hasiko da udako eguraldia?

Eguraldi ona ez bada, alaitasuna eta berotasuna etorri egingo dira gurekin.

Hilabete pasatxo baterako saioa da. Zer egingo duzu ondoren?

Ez dakit; baina, printzipioz, Arratsaldero itzuli egingo dela espero dugu. Erreportari lanetara itzuliko naiz horretan. Telebistan oso etorkizun laburra daukagu. Gure geroa bihar da.

Friday 29 July 2011

«Autore irratia egiten dut, neure nortasunarekin eta hitz egiteko erarekin»


MIKEL MARKEZ, IRRATI ESATARIA ETA MUSIKARIA

'Kaja beltza' saioarekin, irratira itzuli da abeslari errenteriarra, eta euskal kantagintzaren inguruan egiten dituen ikerketak eta zuzeneko emanaldiak uztartzen ditu, astean bitan.
Mikel Markezek 25 urte inguru daramatza musikaren munduan (Errenteria, Gipuzkoa, 1971). Halere, kantari gisa baino sarriago entzuten dugu haren ahotsa irrati aurkezle moduan, beti musikaren inguruan bada ere. Udak ekarri du Euskadi Irratira. Kaja beltza saioa egiten ari da, astelehen eta astearteetan, 20:00etan, hurrengo diskoa orrazten diharduen bitartean. 

Wednesday 20 July 2011

«Europarentzat gogorra da orain Argentinatik ikasi behar izatea»


Fiona Ortiz, kazetaria
/ Paul Hanna

Fiona Ortiz (Menlo Park, Kalifornia, AEB, 1964) Reuters berri agentziak Espainian duen berriemaile burua da. Eurogunearen inguruko albisteak eta analisiak lantzen ditu mundu osorako. Ekonomia kazetaritzaren inguruan mintzatuko da gaur, EHUko Udako Ikastaroetan.

Friday 1 July 2011

«Informaziorik eza erabatekoa dugu gaur, baina ez da kazetarien errua»

Mike Bonanno, The Yes Men taldeko kidea
 
 
Besteak beste, BBC engainatzea lortu zuen estatubatuarrak, eta orain munduan dabil, tokian tokiko ekintzaileak trebatzen.

Igor Vamosen (New York, AEB, 1968) gerra izena da Mike Bonanno. 1990eko hamarkadaren amaieran The Yes Men taldea osatu zuen, Andy Bilchbaumekin. Enpresa handietako web-gune faltsuak eratu eta haien bozeramaile gisa agertu dira hedabideen aurrean, multinazionalek etikarik ez dutela salatzeko. Bilbon izan da Bonanno aste honetan, hedabideak subertsiorako nola erabili irakasten.