Sunday 31 May 2009

«Datozen 20-30 urteetan musika talentu eztanda ikaragarria ikusiko dugu»


Philip Glass, konpositorea.

Musika errepikakorraren aitatzat jotzen dute konpositore estatubatuarra, XX. mendearen amaierako sortzailerik eraginkorrenetako bat. Bere ganbera musika joko du Bilbon gaur.

Askotan minimalista hitza erabili izan dute Philip Glassen musika sailkatzeko (Baltimore, Ameriketako Estatu Batuak, 1937), baina berak hitza baztertzen du, eta nahiago du «egitura errepikakorra duen musika» gisa deskribatzea. Ganbera lanak eskainiko ditu gaur, 20:00etan, Bilboko Arriaga antzokian. Bera pianoan arituko da, Wendy Sutter txeloan eta Mick Rossi perkusioan.

Saturday 30 May 2009

«Zainketa aringarriak eutanasiaren antidotoa direla esatea gezurra da»

Luis Montes, sendagilea.



Espainiako eskuinak 'Heriotza doktorea' ezizena jarri zion Madrilgo Severo Ochoa ospitaleko larrialdietako buru ohiari. Epaitegietako batailak irabazita, eutanasiaz mintzatuko da gaur Donostian.

Madrilgo Severo Ochoa erietxeko larrialdi zerbitzuetako burua zen Luis Montes (Salamanca, Espainia, 1949), 2005. urtean, Madrilgo Autonomia Erkidegoko Gobernuak 400 gaixo hil izana egotzi zionean. Gaixoei lasaigarri dosi hilgarriak ematea egotzi zieten Montesen taldeko zortzi sendagileri. Kasuak eztabaida gogorra eragin zuen Espainiako gizartean. Hiru urteren buruan, salaketa baztertzea erabaki zuten epaileek. Muerte digna, mitos de los cuidados paliativos izenburupean, hitzaldia emango du Montesek gaur, 19:00etan, Kutxaren aretoan (Arrasate Kalea, 12).

Friday 29 May 2009

«Eskolan ez digute Gurseko kontzentrazio esparruaz hitz egin, hementxe egon arren»

Pierre Johann Suc, koreografoa.



Oroimen istorikoarekin nola jokatzen dugun aztertzeko, 'road movie' bat egin du dantzariak, euskaldun askoren presondegi izaniko Gurseko atxiloketa gunetik Auschwitzerako bidaia kontatzeko.

Pierre Johann Suc koreografoak (Tarbes, Okzitania, 1978) De Gurs à Auschwitz filma aurkeztuko du gaur, 21:30ean, Hazparneko Ttattola Gaztetxean (Lapurdi). Eddy Crampes musikariarekin elkarlanean egindako errepide filma da lana, eta bi artistek Gourseko kontzentrazio esparrutik Poloniakora kamioi batean eginiko bidaia kontatzen du.

Thursday 28 May 2009

«Banuen neure burua euskal kanta herrikoietatik behingoz askatzeko gogoa»

Miren Fernandez, musikaria.



Telebistan euskal kantak abesten hainbat urte eman ondoren, berak eginiko kantuak baino ez dituen errepertorioa aurkezteko urratsa egin du sortzaileak. Gaur Zarautzen arituko da taldearekin.

Urte ugari daramazki musikaren munduan, baina, lehen aldiz, soilik berak sorturiko abestiz osaturiko errepertorioa aurkezten ari da egunotan Miren Fernandez (Azpeitia, Gipuzkoa, 1977). Haren kantak entzuteko aukera egongo da gaur, 21:00etan, Zarauzko Euskalduna tabernan. Antxon Sarasuak lagunduko du pianoarekin, Iñaki Olidenek eskusoinuarekin eta Amaiur Cajaravillek kontrabaxuarekin.

Tuesday 26 May 2009

«Multinazionalen mundutik gatoz, eta badakigu haien tresnak erabiltzen»

Cynthia Viera, marketinean aditua.




Irudi agentzietan urteak lanean eman ondoren, publizitatearen armak hartu eta marken munduari beste begirada bat ematea erabaki zuen PSMJ bikoteak. Bilbon dute erakusketa, tartean zentsuratutako lanak.

PSMJ arte bikoteko kidea da Cynthia Viera (Las Palmas, Espainia, 1973). Irudi agentzien eta konpainia handien munduan lanean aritu ondoren, mundu horren inguruko beste begirada bat plazaratzea erabaki zuen Pablo San Joserekin batera. Bikoteak Berlindik egiten du lan egunotan, eta haien lana ikusgai dago, ekainaren 26a arte, Bilboko Marzana Espazioan.

Saturday 23 May 2009

«Woodstock une utopikoa izan zen, eta hori partekatu nahi dut nire irudiekin»

Elliott Landy, argazkilaria.





Woodstockeko Jaialdiko argazkilari ofiziala izan zen Elliott Landy (New York, AEBak, 1942). 1969ko abuztuaren 15etik 18ra, dozenaka argazki atera zituen, XX. mendeko musika herrikoia aldatu zuen jaialdi erraldoian. Elliott Landyren argazkiak daude ikusgai Bilbon.

Friday 22 May 2009

«Zientziak ez du inoiz dena jakingo; dugun guztia erabili behar dugu bidea topatzeko»

Stuart Kauffman, biologoa.



Darwinen selekzio naturalaren garrantzia auzitan jartzeagatik ezaguna da zientzialari eta filosofo estatubatuarra. Bizitzaren jatorriaren inguruan mintzatuko da gaur Donostiako Aquariumean.

Lur planetan bizia nola sortu zen ikertzen du Stuart Kauffman biologo estatubatuarrak (1939). Darwinen ondarearen inguruan mintzatuko da gaur, 19:00etan, Donostiako Aquariumean. Sandra Mitchell eta Peter Schuster zientzialariekin partekatuko du mahaia. Ekitaldi irekia izango da, eta bizitzaren jatorriaren inguruko munduko aditu nagusietako hiru elkartuko ditu.

Tuesday 19 May 2009

«Ez dut arrazionalizatzen egiten dudana, ez baitut eskultura arrazionalki ikasi»

Antton Pochelu, eskulturgilea.



Egurrez, abereen hezurrez eta kobrez eginiko 20 bat pieza ditu ikusgai artista nafarrak Baionan. Mendietan topaturiko gaiekin, kalean ikusitakoa islatu nahi izan ditu, tartean aterperik gabeko pertsonak.

Bere kabuz ikasi du eskulturgilearen lana Antton Pocheluk (Amikuze, Nafarroa Beherea, 1947). Berezko talentu horren erakusgarri, 20 bat piezako eskultura bilduma jarri dute maiatzaren 30a arte, Baionako Elkar Megadendan.

Saturday 16 May 2009

«Indioek adoptatu egin ninduten, beraiek bezalakoa nintzela ikusi zutenean»

Karlos de los Mozos, bidaiaria.

'Oihan esmeralda' filmeko Amazoniako indioen erretserban ezkondu eta bizi da mendizale santurtziarra duela bost urte. Bilbon izango da gaur, indioentzat edateko ur putzua lortzeko antolaturiko kontzertuan.

Brasilgo Amazoniako Assurini indioekin bizi izan da azken bost urteotan Karlos de los Mozos (Santurtzi, Bizkaia, 1966). Oihanean ezagututako Eloisa Afonso da Silvarekin ezkondu, eta haur bat izan du berriki. Assuriniek adoptatu egin dute. Euskal Herrian da egunotan, indioentzat edateko ur putzu bat eraikitzeko dirua biltzen. Horretarako, kontzertua antolatu dute gaur, Bilbon, 19:30ean, Ignacio Ellacuria Zentroan (El Corte Inglesen atzeko eliza gorria). Kontzertuan parte hartuko dute Iban Nikolai didjeridu jotzaileak, Tibeteko katiluak jotzen dituen Marian Molinak, Cris Corbalan gitarristak eta xirulak eta tresna etnikoak jotzen dituen Bohindrak. Karlos eta Eloisa han izango dira.

Friday 15 May 2009

«Ni itzultzailea naiz, eta kultura latino-txikanora itzultzen dut Elvisen lana»

El Vez, musikaria.



Elvis Presleyren imitatzaile lehiaketa batean El Vez pertsonaia asmatu zuen Robert Lopez kaliforniarrak. Dagoeneko hogei urte daramatza AEBetako kultura eta politika parodiatzen. Gaur Andoainen izango da.

Aitona-amona mexikarrak zituen Robert Lopezek (Chula Vista, Kalifornia, 1960), baina Mexikoko gaztelaniaren doinua imitatzen ikasi behar izan zuen, El Vez pertsonaia asmatu zuenean. Hogei urte daramatza dagoeneko Elvis Presley parodiatzen. Halere, Elvis txikanoa baino gehiago da El Vez: AEBetako kultura eta politika finki larrutzen dituen showman erabatekoa. El Vezen jai ikusgarriaz gozatzeko aukera egongo da gaur, 22:00etan, Andoaingo Bastero kulturgunean (Gipuzkoa).

Thursday 14 May 2009

«Gizonezko zaharkituak fabrikatzen ari gara, gerrarik gabeko gerlariak»

Marina Subirats, soziologoa.



Gaurko gizontasun eredua kaltegarria da gizonentzat, emakumeentzat eta, batez ere, mutilentzat; beste bat behar dela azalduko du soziologo katalanak gaur, Iruñean.

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko soziologia katedraduna da Marina Subirats. Europako Batasuneko Aukera Berdintasunerako Batzordeko presidentea izan zen 1995ean. La construcción de nuevas masculinidades: una tarea imprescindible hitzaldia emango du gaur, 20:00etan, Iruñeako Gurutzeko plazako institutuan.

Wednesday 13 May 2009

«Nuklearraren pizkundeaz hitz egitea propaganda da, ez da benetako errealitatea»

Marcel Coderch, ingeniaritzan doktorea.



Klima aldaketaren aurka zentral atomikoak eraikitzea konponbidea ez dela esateko arrazoiak emango ditu gaur Bilbon MIT Massachusettsko Teknologia Institutuko doktoreak.

MIT Massachusettsko Teknologia Institutuan ingeniaritzan doktoratua eta Kataluniako Generalitateko Garapen Iraunkorreko Batzordeko aholkularia da Marcel Coderch (Olot, Katalunia, 1953). Energia Baliabideak Aztertzeko Elkarteko idazkaria da (Aeren-Aspo). Urrian El espejismo nuclear liburua argitaratu zuen, eta gaur La solución no puede ser nuclear izenburupean, bi hitzaldi emango ditu Bilbon: lehena, 12:30ean, EHUko Ingeniaritza Eskolan. Bestea, 19:00etan, Ekoetxean (Pelota kalea, 5).

15 milioi euro inguruko isuna jarri diote Ascoko (Katalunia) zentral nuklearra kudeatzen duten Endesa eta Iberdrola enpresei, isuri erradioaktibo bat ezkutatzeagatik. Asko al da?

Zentralaren hamabost eguneko irabaziak dira, beraz, ez da ikaragarria enpresarentzat. Gainera, azkenean kontsumitzaileok ordaintzen dugu, era batera edo bestera. Dena den, irudia aldetik enpresek ez dute izaten gustuko isunak jasotzea. Espero dut balio izatea segurtasuna orain arte baino gehiago zaintzeko.

Gasteiztik oso gertu dagoen Garoñako zentralak arazoak ditu, itxi edo ez itxi erabaki behar duten honetan. Ixtea erabakiko dute?

Uztailean erabaki behar du Espainiako Gobernuak beste hamar urtez luzatuko ote dion baimena. 38 urte ditu dagoeneko, eta luzatuz gero, gaindituko dugu orain arte zentralei onarturiko 40 urteko bizialdia. Ausarkeria litzateke baimena luzatzea, Garoñak hasieratik izan dituelako arazoak. Ginera, itxi daiteke argindarraren horniduran inolako arazorik sortu gabe, zentralak ekoizturiko halako hiru esportatzen ari delako Espainia. Beraz, Garoñakoa zantzu bat izango da, jakiteko Madrilek zer egin asmo duen beste zentralei bizialdia amaitzen zaienerako.

Mundu osoan ere, indar atomikoarekin zer egin erabakitzeko garaia heldu da?

Bai, baina inork ez ditu zentralak eraiki nahi. Finlandia aurkeztu zuten azken belaunaldiko erreaktore zoragarrien erakuslehio gisa, eta erabateko porrota bihurtzen ari da. Industria nuklearrak ez ditu gainditu azken 50 urteotako arazoak, eta pizkundeaz hitz egitea propaganda da, ez da benetako errealitatea. Inor ez da zentralak eraikitzen ari. Soilik Indian eta Txinan ari dira zer edo zer egiten, gobernuen agindu hutsez.

Halere, klima aldaketaren gaiaren gainean ari dira eraikitzen indar atomikoaren aldeko argudioak.

Hala egiten dute hori delako argudio berri bakarra. Industria nuklearrak porrot egin zuen 1970eko hamarkadan. Klima aldaketari eutsi nahi izan dio ez galtzeko. Lau kalkulu eginda, berehala ikusten da energia nuklearrak ez duela ahalmenik klima aldaketaren kontrako borrokan eraginik izateko. Munduan dauden zentralen halako bi edo hiru eraiki beharko lirateke 2030. urterako, eta ez dago horretarako ahalmenik. Klima aldaketaren aitzakiarekin pare bat erreaktore eraikitzea tranpa egitea da, ez duelako arazoa konpontzen eta, gainera, beste arazoak sortzen dituelako.

James Lovelocki eman zenion erantzunean oinarrituko dituzu gaurko hitzaldiak?

Gehiago joko dut ekonomia alderdira. Ba al dago zentral nuklear bat eraiki nahi duen inor? Nork nahi du 5.000 milioi arriskatu 50 urterako egitasmo batean? Ez dago inor. Zentralak ez dira egingo, ekonomiaren kontrakoak direlako. Presio talde nuklearrak nahi du estatuak bere gain hartzea arriskua. Ez dira zentralak egingo ez badute lortzen estatuak -geu guztiok- bermatzea konpainia elektrikoei euren inbertsioa berreskuratuko dutela, gertatzen dena gertatzen dela.

Eta fusioa?

Itxaropena fusio nuklearrean izatea loterian jokatzea da, mende amaieran egokituko zaigulakoan. Daukagunarekin planifikatu behar dugu etorkizuna, eta ez loterian jokatu. Gizartea eta ekonomia antolatu behar ditugu duin bizitzeko, planetak jartzen dizkigun mugetan. Hori apokaliptikoa izatea bada, apokaliptikoa naiz.

Tuesday 12 May 2009

«Musikaren munduan ego asko dago, eta gizonezkoena oso handia izaten da»

Cindy Blackman, musikaria.



Lenny Kravitz, James Brown eta Mick Jaggerrekin urteetan jo ondoren, jazz erritmoak eramango ditu gaur Donostiara bateria-jotzaileak, Cindy Blackman Quartet bere taldearekin.

Munduko bateria jotzailerik hoberenetako bat da Cindy Blackman (Ohio, AEBak, 1959). Lenny Kravitzen taldeko kidea izan da eta, besteak beste, Iggy Pop, Prince, James Brown eta Mick Jaggerrekin jo du. Rocka eta estadioak utzi eta klub ilunak aukeratu ditu bere taldearekin jazz erritmoak lantzeko. Cindy Blackman Quartetek Donostian joko du gaur, 20:30ean, Dokan.

Sunday 10 May 2009

«Gaurko egoera krisitzat daukazue, baina guretzat umeen jolasa besterik ez da»

Diana Huarte, musikaria.



Argentinara joandako euskaldunen bilobak dira Diana Huarte eta Daniel Gorostegui, eta Buenos Airesko pop elektronikoaren aitzindariak dira SHH taldearekin. Gaur Elorrion joko dute.

Argentinan musika elektronikoa jorratzen duen talde bakanetakoa da SHH bikotea. Aitona nafarra duen Diana Huartek (Buenos Aires, 1979) egiten ditu SHHren kanten hitzak, eta Daniel Gorosteguiren doinuak abesten ditu. Gorosteguiren aitona Miarritzekoa zen. Lehen aldiz izan dira Euskal Herrian jotzen. Gaur emango dute azken kontzertua, 20:00etan, Elorrioko Parra tabernan (Bizkaia).

Saturday 9 May 2009

«Arrazista da AEBetakoari 'jazz' esatea eta beste leku orotakoari 'musika etnikoa'»

Javier Girotto, musikaria.




Hernasax taldearekin arituko da gaur musikari italiar-argentinarra Hernanin. Hamahiru saxofoi jotzaile elkartuko dira, Girottoren 'Suix' lana jotzeko. Esperientzia berria izango da, sortzailearentzat ere bai.
Argentinan jaio zen, Ameriketako Estatu Batuetan ikasi ondoren, Erroman bizi da Javier Girotto saxofoi jotzailea (Cordoba, 1965). Kontzertu bitxia emango du bihar, 19:30ean, Hernaniko Milagrosa aretoan (Gipuzkoa). Hernasax taldeko hamabi saxofoi jotzailerekin batera arituko da, Suix azken diskoko piezak jotzen. Saxofoi sopranoa eta baritonoa erabiltzeaz gain, Andeetako xirulak joko ditu.

Ezin esan jazzaren garbizale zarenik.

Asko nahasten dut. Garai batean jazz hutsa egiten nuen, Ameriketako Estatu Batuetan bizi nintzenean, 1987 eta 1991. urteetan. Gero Erromara joan nintzen, eta dagoeneko 18 urte egin ditut han. Italian hasi zitzaidan gogoa jazza Argentinako jatorrizko musikarekin nahasteko: tango eta folklorearekin, alegia.

Jazza eta herri musika bereiztea «arrazista» iruditzen zaizula esan duzu lehen ere. Zergatik?

Arrazista iruditzen zait AEBetatik datorrenari jazz esatea eta gainerako herrialde guztietatik datorrenari musika etnikoa. Hizkuntza unibertsalaren aldekoa naiz ni. 'Musikari etniko' esaten didate, Argentinako musika jotzen dudalako, baina inprobisatu ere egiten dut. Gaur saturazioa dago entzuten den musikarekin, eta interesgarriena Afrika eta Hego Amerikatik etortzen hasi dira. Hor bide berriak eta hizkuntzak hartzen ari da jazza eta aberasten ari da.

Halere, zuk Europan egiten den jazza goraipatu duzu.

Egun jazzik interesgarriena Europan entzuten dut. Norberaren gustu kontua da, halere. Nik ez nuen Italian bizitzea erabaki, zoria izan zen. AEBetan nengoen, eta Italiatik pasatu behar izan nuen Italiako hiritartasuna lortzeko, izan ere, nire aitona-amona italiarrak dira. Erroma ezagutu nuen, izugarri gustatu zitzaidan eta han geratu nintzen. Ez ditut lekuak soilik musikagatik hautatzen. Azkenean, Italiako musikako hizkuntzarekin ere kutsatu naiz. Etengabeko bilaketa da nirea.

Gauzatu al duzu Europako hainbat orkestra sinfonikoekin aritzeko zenuen egitasmoa?

Joan zen astean estreinatu nuen Concerto Latino izeneko egitasmoa, saxo sopranoa eta orkestra sinfonikoarentzat. Italiako orkestra batekin egin dut; gero, zuzendaria eta biok arituko gara horretarako prest ager daitezkeen tokian tokiko orkestrekin.

Hogei disko baino gehiago grabatu eta plazaratu dituzu, horretan azkena, Suix. Saxofoi orkestra batekin jotzeko pentsatu zenuen musika?

Diskoa ere zoriaren emaitza da. Beti paperean aritu naiz musika idazten, eta, azkenean, garaia heldu zitzaidan horretarako ordenagailua erabiltzen ikasteko. Aspaldi idatzita nituen piezak berreskuratzeari ekin nion, eta, aitzakiarekin, saxofonista laukote eta bakarlariarentzako lana egin nuen azkenean.

Lau musikarirentzako lana baldin bada, zer da, orduan, gaur Hernanin entzungo duguna, hamabi saxofoi jotzaile eta bakarlari batekin?

Roberto Pachecoren proposamena da. Hiru laukote eta bakarlari bat izango dira, beraz. Argentinako folklorea eta tangoa dira oinarriak, inprobisazioari leku eginda. Interesgarria da, nik ez dut inoiz halakorik egin. Aurkikuntza izango da niretzat ere. Azken batean, ondo egoteko jotzen duzu. Hortik aurrera heltzen zaizuna oparia da.







Friday 8 May 2009

«Metal eta acid house musikak nahastea oso erraza izan da, eta dibertigarria»

Leo Smee, Chrome Hoof taldearen sortzailea.



Cathedral taldeko baxu jotzailea da musikari ingelesa, baina metalaren molde zurrunetatik ateratzeko, Chrome Hoof orkestra sortu zuen. Arrasaten aurkeztuko dute gaur mozorroz beteriko ikuskizuna.

Colchester hirian jaio zen Leo Smee, Ingalaterrako ekialdean. Cathedral doom metal taldeko baxu jotzailea da. 2000. urtean Chrome Hoof egitasmo paraleloa sortu zuen, anaia Milorekin. Chrome Hoof orkestra bat da: hamar bat musikari biltzen ditu agertokian, metala, musika elektronikoa eta disko musika nahasteko. Antzerkigintzako osagaiak erabiltzen dituzte emanaldietan; besteak beste, jantzi bitxiak. Bilbon jo zuten atzo, eta Gipuzkoan joko dute gaur, Arrasateko gaztetxean, 20:00etan.

«Metal eta acid house musikak nahastea oso erraza izan da, eta dibertigarria»

Leo Smee, Chrome Hoof taldearen sortzailea.




Cathedral taldeko baxu jotzailea da musikari ingelesa, baina metalaren molde zurrunetatik ateratzeko, Chrome Hoof orkestra sortu zuen. Arrasaten aurkeztuko dute gaur mozorroz beteriko ikuskizuna.

Colchester hirian jaio zen Leo Smee, Ingalaterrako ekialdean. Cathedral doom metal taldeko baxu jotzailea da. 2000. urtean Chrome Hoof egitasmo paraleloa sortu zuen, anaia Milorekin. Chrome Hoof orkestra bat da: hamar bat musikari biltzen ditu agertokian, metala, musika elektronikoa eta disko musika nahasteko. Antzerkigintzako osagaiak erabiltzen dituzte emanaldietan; besteak beste, jantzi bitxiak. Bilbon jo zuten atzo, eta Gipuzkoan joko dute gaur, Arrasateko gaztetxean, 20:00etan.

Nola definituko zenuke Chrome Hoof esaldi pare batean?

Ez da erraza laburrean definitzea, baina uste dut musikari eta pertsonaia talde bat dela, non bakoitza musika mota batean ibiltzen den. Kide horien asmo nagusia musikaren gauza onez gozatzea da; hau da, genero bakoitzaren osagaiak edertzea eta entzuleei aurkeztea.

Zergatik sortu zenuten taldea? Nekatu egin zinen metal apokaliptikoan mutil serio eta gogorraren plantak egiteaz?

Ez zen seriotasun kontua: aukerak zabaldu nahi nituen eta emanaldiak alaitu. Urte asko daramatzat Cathedralen jotzen, baina beste musika pila bat dago bazterretan, eta musikari gisa nire aukerak zabaldu nahi nituen, entzuten nuen beste musika mota askotara. Heavy metala maite dut, baina gustuko dut krautrock, disko, elektronikoa, afrobeat musika... Eragin horiek guztiak beste talde batean jarri nahi izan nituen. Nola hasiko nintzen, bada, afrobeat erritmo batekin, Cathedralen kanta baten erdian!

Zure anaia Milo acid housetik dator. Arazorik izan al zenuten dooma eta haren estiloa nahasteko?

Biok maite ditugu rock progresiboa eta disko musika, Frank Zappa eta halakoak. Aski erraza da dooma eta acid housea nahastea, gustuko badituzu. Ez gara eseri eta esan: «Aizak! Frank Zappa eta Slayer nahastuko ditiagu». Haatik, oso naturala eta dibertigarria izan da.

Normalean hamar eta hamalau musikari artean biltzen dituzue agertokian. Zergatik horrenbeste jende?

Tresna asko ditugu, eta bi dantzari. Antzerki kutsua ematen diogu ikuskizunari: pertsonaiak ateratzen dira agertokian. Ziurtatu nahi dugu jendeari itzultzen diogula gastatu duen dirua. Jai ederra antolatu nahi izaten dugu.

Musikan dituzuen erreferentziak aipatu dituzu dagoeneko, baina zeintzuk dira antzerki aldetik dituzuen ereduak?

Sun Ra, Cirque du Soleil... Kontzertu bat egiten baduzu, ona da begientzako ahalik eta festarik handiena sortzea. Ez dakit oso ondo nondik atera ditugun ideiak, baina bizitzan begiak irekita izatetik datozela esango nuke.

Metalezko jantziak daramatzazue, baina zuen pertsonaiak nondik datoz, espaziotik edo errealitate paralelo batetik?

Errealitate paralelo batetik, ez espaziotik. Hasi ginenean, hiru baino ez ginen eta ez genuen abeslaririk. Beraz, pentsatu genuen halako musika xelebrea jo behar bagenuen hobe zela mozorrotzea. Ahuntz buruko munstro erraldoi bat genuen lehen, baina erre egin genuen, eskerrak emateko zeremonia batean. Orain beste bat dugu, baina Ryanairrekin joango gara horra, eta ez dakit utziko diguten hegazkinean sartzen.


Thursday 7 May 2009

«Nanozientziak irudika ezin ditugunak ekarriko dizkigu, eta horretan datza iraultza»

Jose Maria Pitarke NanoGune zentroko zuzendaria.




Nanozientzia arduratzen da materia atomoen eta molekulen eskalan aztertzeaz, kontrolatzeaz eta eraldatzeaz. Fisikari bilbotarrak nanoaren mundua azalduko du gaur, Bilbon, zientzialari ez diren entzuleentzat.

Nanozientzia eta nanoteknologia: txikiaren erronka handia hitzaldia emango du gaur Bilbon Jose Maria Pitarke NanoGune ikerketa zentroko zuzendari nagusiak (Bilbo, 1960), 19:30ean, Bidebarrietako Liburutegian, euskaraz. Bidebarrieta Zientifikoa hitzaldi sorta zabalduko du, EHUn eta Cambridgeko unibertsitatean irakasle aritutako fisikariak.

Nola moldatuko zara gaur nanoteknologiaz hitz egiteko zientzialari ez diren entzuleak beldurtu gabe?

Jende guztiarentzako hitzaldia izango da, edonork ulertzeko modukoa. Formularik ez da egongo. Ideia nagusia azaldu nahi dut xehetasunetara jaitsi gabe. Nanoa zer den azalduko dut. Nanoa zergatik den ezberdina azalduko dut, eta adibideak jarriko ditut. Nanozientzia eta nanoteknologiaren oinarriak azalduko ditut, eta eman ditzakeen produktuak.

Industriarekin oso lotuta agertzen da nanoaren inguruko ikerketa. Noraino gorde dezakete ikertzaileek hor euren autonomia?

Nire mezuetako bat izango da nanozientziaren eginkizuna ez dela aplikazioak bilatzea, baizik eta ezagutza sortzea. Transistorea, gure bizimodua erabat aldatu duena, ez zuten egin Internet bila edo gaurkoak bezalako ordenagailuen bila ari zirelako. Nanozientziatik aplikazioak etorri etorriko dira, baina horietako batzuk gaur ezin ditugu irudikatu ere egin. Hain zuzen ere, horretan datza nanozientziak ekarriko duen iraultza.

Irailerako Atom by atom kongresua antolatu duzue Donostian, eta lau Nobel saridunez gain, John Pendry ekarriko duzue. Berriki esan du Pendryk urte gutxiren buruan gauzak ikusezin bihurtzeko Harry Potterren kapa errealitatea izango dela. Hori izango al da nanoteknologiaren ustekabeetan lehena?

Oso ondo ezagutzen dut Pendry. Nanofotonikan dabil lanean. Ikusezintasunerako oinarri teorikoak jarri zituen orain dela bi edo hiru urte. Harry Potterren kapa ikusezina ez da lortu noski, baina Pendryren teorian oinarrituriko objektu txiki-txikiak eraiki dira dagoeneko, infragorri hurbilean ikusezinak direnak. Azken saioa Nature Materials aldizkarian argitaratu zen aurreko astean. Pendry nano-optikan eta metamaterialetan autoritatea delako ekarriko dugu. Harez gain, Albert Fert 2007ko Nobel sariduna ekarriko dugu, Harold Kroto eta Heinrich Rohrerekin batera.

Zientzialari gutxik egiten du dibulgazioa euskaraz. Zergatik?

Gure eginkizunetako bat da hori egitea. NanoGunen puntako ikerketa egitea dugu helburu, eta industriaren arloan parte hartzea. Baina, horrez gain, zientzia gizarteratzea da nire eginkizun eta interesetako bat. Euskaraz ahal bada, euskaraz; bestela, ingelesez edo gaztelaniaz. Iraileko kongresuaren arratsaldeko atalaren helburua hori izango da. Goizean, ikerketa mailako atala egingo da. Hitzaldiarekin ere, jendeak nanozientziaren inguruko ideia orokorra hartzea nahi dut: zer den, zertan ari garen eta eraginak zeintzuk izango diren.

Jendea psikologikoki prestatu nahi duzue datorkigunaz jabetzeko?

Horren jakitun izan behar dugu. Duela 30 urte ez ginen gai halako eskala txikian aritzeko, baina gaur bagara. Ikuspegi zientifikotik hori geldiezina da. Eragina izango du gure bizitzan eta industrian. Ez dakigu zer etorriko den, baina geroa nanoa izango da.

Tuesday 5 May 2009

«Harritu egiten du ikasle bakoitza ordenagailuarekin autonomo ikasten ikusteak»

Maite Gomez Ikasys egitasmoaren koordinatzailea.



Teknologia berrien inguruko jardunaldia egingo dute ostegunean Donostian. Haurren eskuetan ordenagailu eramangarriak jarri dituzte 16 ikastolatan, eta probaren lehen emaitzak azalduko ditu Gomezek.

Ikasgeletan norberak ordenagailu bidez ikasteko sistema ezartzeko Ikastolen Elkartearen egitasmoa da Ikasys, eta Maite Gomezek koordinatzen du (Hernani, Gipuzkoa, 1966). Egitasmoaren inguruan mintzatuko da ostegunean, 11:30ean, Donostiako Teknologia Parkeko auditoriumean (Miramon). Teknologiaren inguruko beste 18 bat egitasmo ezagutzeko aukera egongo da egun horretan, Teknologia berriak, gaur eta bihar jardunaldian. Parte hartzea doakoa da, baina izena eman behar da www.euskadiinnova.net gunean. Informazioa: 943-00 09 99.

Aurten ordenagailu eramangarri bana jarri diezue 16 ikastoletako haurrei, Ikasys egitasmoa probatzeko. Probaren behin betiko balorazioa uztailean aurkeztuko duzue, baina baduzu emaitza orokorrak aurreratzerik?

Urritik lehen hezkuntzako bigarren, laugarren eta seigarren mailako ikasleak ari dira parten hartzen, gela bat ikastola bakoitzeko. 1.200 ikasle inguru dira. EHUn ebaluazio sakon eta serioa egiten ari dira, egitasmoa ikasleen ikaste prozesuan izaten ari den eragina aztertzeko. Azken probak egiten ari dira aste honetan eta hurrengoan. Emaitzak onak dira, eta sistema oso ondo hartu dute bai ikasleek eta irakasleek, bai gurasoek.

Haurrei ikastea bideo jokoetan aritzea bezalakoa egin zaie?

Ikusgarria da ikasleek nola egiten duten lan, batez ere arreta aldetik. Tresna berriak motibazioa asko piztu du hasieran, eta gero hori apaldu bada ere, ikusi dugu lagundu duela ikasleak arloetara gehiago hurbiltzen.Harridura sortzen du ikasleak erabat autonomo ikasten aritzea bakoitza bere ordenagailuarekin, entzungailuekin eta ariketekin.

Gehiegizko arreta horretan ikusten dute askok sistemaren arrisku nagusia. Nola jokatu duzue haurrak bakartzeko arriskuaren aurka?

Saioetan aritzen direnean, lana bakarka egten dute, baina Ikasysen asmoa ez da ikasgelako jarduera guztiak horrela lantzea. Astean ordu erdiko saioa egiten dute arlo bakoitzeko, hau da, ordu erdi egunero: gaur euskara, bihar gaztelania, etzi matematika... Behin eta berriz eginez ikasten diren edukiak, oroimena eskatzen dutenak lantzeko da sistema. Horrek ez ditu kenduko papera eta arkatza.

Haurren artean arrakasta izango zuela nahiko ziurra zen, baina irakasleek nola hartu dute?

Irakasle guztiak ez dira oso trebeak teknologia berriekin. Denetatik izan ditugu 16 ikastoletan, hainbat lekutan zozketaz erabaki zutelako zein irakaslek aritu beharko zuen sistemarekin. Joan zen ostegunean prestakuntza saioa izan genuen irakasleekin, eta, esan zigutenez, oro har gustura daude. Euren kabuz ere urratsak egin dituzte, eta hainbatetan aurrea hartu digute. Sistemak informazio piloa ematen die ikasleen jarraipena egiteko, eta horrekin oso pozik daude.

Non ikusten dituzu sistemaren punturik ahulenak?

Lan handia daukagu egitasmoa gelan egiten den guztiarekin uztartzen. Datorren ikasturtean egitasmoa zabalduko dugu nahi duten ikastola guztietara. Ondo lotu beharko ditugu beste ikasmaterialekin egiten den lana eta ordenagailuekin egiten duguna.

Saturday 2 May 2009

«Kontratu sendo bat lortzeko, Euskal Herritik kanpora joan behar duzu»

Iker Arrue dantzaria.



Kilometroak 09-aren barruan antolaturiko 'Poesia dantzan' ikuskizunean parte hartuko du gaur dantzari donostiarrak; Danimarkan aritu da, eta egun Bartzelonan dabil lanean.

Danimarkako Mancopy konpainian lan egin ondoren, Bartzelonako Cobosmika taldearekin dabil egunotan Iker Arrue dantzaria (Donostia, 1977). Laura Vilarrekin batera, Poesia dantzan ikuskizuneko koreografiak dantzatuko dituzte biek gaur, 20:00etan eta 22:00etan, Viktoria Eugenian. Joan Mari Irigoien eta Koldo Izagirre idazleek hartuko dute parte ikuskizunean, Joserra Fachado eta Mikel Sarriegi antzezleekin eta Oskar Estanga musikariarekin batera. Faustino Aranzabalek zuzendu du, Kilometroak 09 ekimenerako.

Euskal Herrian goi mailako dantzari ugari ateratzen dira, baina atzerrian aritu behar izaten dute. Zu ere halaxe ezta?

Donostian hasi nintzen, eta 17 urte bete arte euskal dantzetan aritu nintzen. Oso berandu hasi nintzen dantza klasikoan, Madrilen, 23 urterekin. Nire gorpuzkera egokia zela eta, berehala pasatu nintzen dantza garaikidera. Euskal Herrian ez dago aukera handirik horretan aritzeko. Kontratu sendo bat nahi baduzu, kanpora joan behar duzu. Espainian ere ez dago aukerarik profesional gisa aritzeko.

Danimarkatik Bartzelonara, autonomo gisa azkenean?

Danimarkako Cobosmikarekin azken urte honera arte aritu naiz, eta printzipioz aurtengoa izan da azken proiektua. Hiru proiektu egin ditut haiekin, eta esperientzia polita izan da, baina beste gauza batzuk egin nahi nituen. Bartzelonan, Laura Villarrekin, geure egitasmoa lantzen hasi gara. Cobosmika konpainiarekin ditugun lanekin bateratzen dugu gero gure aldetik sortzen ditugun bakarkako eta bikotekoekin.

Zeuen kabuz beste estilo batzuk jorratzeko aukera izango duzuelakoan ari zarete?

Cobosmikaren estiloak asko markatu du gurea. Hasi ginen elkarrekin ikusita oso ondo moldatzen ginela lanean. Dena den, gure estilo pertsonala oso lotuta dago taldearenarekin. Oso estilo fisikoa da, lan asko egiten da lurrean eta bikoteka. Egitasmo paraleloak dira, baina antzekoak, azken finean.

Nola sortu zitzaizuen Poesia dantzan ikuskizunean parte hartzeko proposamena?

Faustino Aranzabalek deitu zigun, Artelekun bikoteko lanaren inguruko ikastaro bat ematen ari ginela. Hainbat bileraren ondoren, proposatu zigun bina bakarlan motz egiteko eta binakako bi lan.

Dantza eta poesia elkartzen dituen ikuskizuna da. Nolako koreografiak prestatu dituzue?

Kilometroak 09 ekitaldiaren leloarekin lotu ditugu [Hirekin mundura]. Saioetako bi bakarkakoak izan arren, beste dantzaria agertokian geratzen da, hirekin mundura ideia hori adierazteko. Musika garaikide instrumentala erabiliko dugu.

Bartzelonara itzuliko zara gero. Zer egiteko?

Irailean Cobosmikarekin pieza berria landuko dugu, Rusell Maliphant koreografo ingelesak konpainiarako sortu duena.

Aukera gutxi izaten dituzu Euskal Herrian dantzatzeko. Noiz izango da hurrengoa?

Oso gutxi, bai. Nazioarteko Dantzaren Egunaren ekitaldietan ere dantzatuko dugu gaur. Agian, horrekin guztiarekin batera espero dugu lan merkatua apur bat irekitzea, Euskal Herrian aritzea oso zaila delako.