Sunday 31 October 2010

«Oina hautsi nuen Berlinen, baina hezurra baino gehiago hautsi zitzaidan»

Ainara Lasa, artista.



'Hariketak; lotzea askatzea denean' erakusketa paratu du sortzaileak Errenterian. Erradiografiekin eta hariekin eginiko argi kutxen bilduma bat da, eta azaroaren 11ra arte egongo da ikusgai, Xenpelar Etxean.


Ainara Lasak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1975) Hariketak; lotzea askatzea denean erakusketa jarri du Errenteriako Xenpelar Etxean (Gipuzkoa), azaroaren 11ra arte. Erradiografiak hariekin josita, argi kutxetan, horra artistak proposatzen duena. 18:00etatik 21:00etara dago zabalik.

Erradiografiak arimaren ispilua dira?

Gorputzaren barruko aldearen erakusgarri fisiko bakarra dira. Lau urte neraman erradiografiekin lan egiten hariekin hasi baino lehen. Barrura begira niretzat egin nahi nuen ariketa bat zen. Inguruko jendearen hezurrak erabili ditut euskarri gisa.

Berlinen izan zenuen bizikleta istripuak eman zizun azken bultzada?

Hanka hautsi nuenean orratzekin ari nintzen lanean. Erradiografien gainean pinturarekin probak eginak nituen, baina ez zuen ondo islatzen agertu nahi nuena. «Agian, orratzak izan behar du erradiografian zerbait kontatzeko bidea», esan nion neure buruari orduan. Bide batzuk eraiki behar nituen erradiografiaren gainean, eta beste materialekin ez zuen funtzionatzen. Hariek ezer baino hobeto agertzen zuten barruan nituen tentsio, pultsio, kezka eta zurrunbiloa. Erradiografietan zuloa egiten dute, eta barruko mundura begiratzeko leihoa dira zulook. Hezurra baino gehiago hautsi zitzaidan garai hartan, eta lan prozesu honek hori kontatzen du. Zauria ixtearen ideia da.

Tradizio handiko ideia, izan ere: Joseph Beuysengandik Frida Kahlorenganaino. Arteterapia da hau?

Ez dut hau guztia pentsatuta egin; askoz intuitiboagoa izan da. Ez dut sendabide gisa ulertu eta egin, baina egia da egin izanak lagundu egin didala, ulertzeko bidea ematen zidalako.

Hezurrak ere memoria historikoa ari dira mahai gainean jartzen.

Memoria eta bizipenak iltzatuta geratzen direla uste dut, oro har, eta forma hartzen dutela. Niretzat abiapuntua da hau, berriz arte plastikoetan murgiltzeko urteetan baztertuta eduki ondoren. Sendatu, eraiki eta loturak agertzeko erabili nahi nituzke hariak, eta, beharbada, alanbreak eta sokak. gertatu dena eta gertatzen dena ulertzeko ariketa da. Ariketa, h-rekin eta h-rik gabe.

Friday 29 October 2010

«Kontxako badian bi munstro borrokan jartzea dut amets, eta hau beste urrats bat da»

Judas Arrieta, artista.



Japoniako marrazki bizidunetako kantak abesteko zortzikote bat osatu du euskal artistarik txinatarrenak. Gaur aurkeztuko du, Hondarribian, bihar Donostian zabalduko duen erakusketara eraman aurretik.

Judas Arrieta (Hondarribia, Gipuzkoa, 1971) Euskal Herriko artistetan Txinara salto egiten lehenetakoa izan zen. 8T Manga musika eta animea biltzen dituen egitasmoa aurkeztuko du gaur, 22:00etan, bere jaioterrian, Psilocybenea aretoan. Kataluniako Ninja Pastori taldearekin batera, Japoniako marrazki bizidunetako kanten punk bertsioak abestuko dituzte.

Wednesday 27 October 2010

«Gaurko telebistan 'prime time'-an saio bat izatea oso susmagarria da»

Jokin Aldazabal, 'Ekoesfera' irratsaioko gidaria.



Energia berriztagarrien inguruko saioa du adituak Euskadi Irratian, astelehen gauetan. Energiaren gaiak ingurumenean, ekonomian eta politikan duen eragina aztertzen du.

Jokin Aldazabal (Larraul, Gipuzkoa, 1956) ingeniari izateko bidean zen gaztetan, baina, «etxean dirurik ez zegoelako», azkenean, filologia eta kazetaritza ikasi zituen. Energia alternatiboetan aditua da, eta Ekoesfera saioa egiten du Euskadi Irratian, astelehenero, 21:30ean.

Nondik datorkizu energiarekiko interesa?

Beti liluratu nau energiaren munduak. Gaur energia berriztagarriak esaten dugu, baina garai batean energia libreak esamoldea erabiltzen genuen. Energia horietaz nola baliatu interesatu zait beti. Neure etxean eguzki indarra, biomasa eta indar geotermikoa erabiltzen ditut. Azkena ez da erabat berriztagarria, noski, baina oso eraginkorra da. Lurraren azpiko berotasuna ateratzen du, 60 zentimetroko sakoneratik. Hori bero-ponpa baten bidez ateratzeko erabiltzen duzun energia unitate bakoitzeko, hiru berotasun unitate lortzen dituzu. Euskal Herrian sekulako aukera dago oraindik horretaz baliatzeko.

Besteak beste, horren berri zabaltzeko sortu duzu 'Ekoesfera'?

Euskadi Irratiko zuzendaritzak jakin zuen nik banuela horren inguruko ezagutza, eta saioa egitea proposatu zidaten. Ekologia eta energia dira ardatzak. Hedabideetan informatu behar duzu, eta entretenitu, baina ikusten dut gaian gero eta gehiago sakondu, orduan eta mezu larriagoa ateratzen dela. Ez da oso zuzena gaur mezu larriak ozen aireratzea, baina presa dugu, planetak oihukatzen digulako horrela oso gutxi iraungo dugula lurrazalean. Zientzialarien datuetan oinarritzen gara gauzak esateko. Horien eta herritarren artekariak gara saioan. Ni ez naiz telepredikatzailea.

Nola aukeratzen dituzu gaiak eta gonbidatuak?

Alor bakoitzeko adituak ekartzen ditugu, unibertsitatetik, edo teknikariak. Baita energia instalazioen inguruan esperientzia handia duen jendea.

Astelehen gauean jarri zaituzte, gaurkotasun handiko gaia izan arren. Baztertuta sentitzen zarete?

Ez. Oso ordu egokia da halako gauza baterako. Gaur saio bat prime time-an izatea oso susmagarria da, horretarako eman behar duzulako jendeak eskatzen duena. Gaur hedabideetan eta, batez ere, telebistan ematen dutena ez da oso ohorezkoa.

Zein helburu duzue saioan?

Jendeari ekologiaz, energiaz eta horien ondorio ekonomikoez pixka bat jabetzen lagunduz gero, pozik egongo ginateke.

Duela hogei urte politikariek Superportu esango zuten harro. Gaur, berriz, egitasmo berari ekoportu esaten diote erdi lotsaturik. Asimilatuta dago ekologismoaren diskurtsoa?

Bereganatu dute diskurtsoa, baina ez dut uste politikariek barneratu dutenik ingurumenaren arazoa. Baina, erne!, ezta herritarrok ere. Hegalpean ezkutatzen dugu geure erantzukizuna.

Azken boladan auto elektrikoaz ari zaizkigu eta, orain, bizikleta elektrikoaz. Hori ez al da kutsadura toki batetik bestera eramatea?

Bai eta ez. Auto elektrikoa termikoa, hau da, gasolinaz dabilena baino askoz efizienteagoa da. Beraz, ongi etorri, aurrerapauso bat delako. Halere, askoz eraginkorragoa izanda ere, nekez justifikatzen da gaurko mugikortasun sistema. Horrek ezin du iraun.

Zer gai dituzue gordeta datozen asteotarako?

Azken belaunaldiko intsektuen kontrako teknologiak aztertuko ditugu, esaterako. Tenperatura txikiko energia geotermikoaz ere arituko gara, EHUn egin behar dituzten jardunaldi batzuren harira. Deshazkundearen ekonomia eskolari eman nahi diogu tartea, ekologian eta energian eragin handia duelako. Ingurumen eta energiarekin kezkatuta bagaude, horrek eragina du ekonomian, eta, beraz, politikan. Dena bat da. Energia gara eta energiak mugitzen gaitu.

Tuesday 26 October 2010

«Feminismo islamikoa barrutik garatu behar da»

Etin Anwar, Islamaren ikertzailea.



Irakasle indonesiarrak herrialde musulmanetan emakumeen eskubideen aldeko mugimenduak zertan diren azalduko du gaur Bilbon eta bihar Portugaleten, IPESen eskutik.

Etin Anwar indonesiarrak Islama irakasten du New Yorkeko Hobart and William Smith Colleges unibersitatean. Feminismo islamikoaz mintzatuko da gaur, 19:00etan, Yohn jauregian (Pelota kalea), Bilboko Zazpikaleetan. Bihar Portugaleten arituko da, 19:00etan, Nautika Eskolan. IPESek antolatuta.

Saturday 23 October 2010

Ignazio Arregi, Vatikano Irratiko albiste buru ohia.



Eliza katolikoaren informazio gune nagusian 20 urtez izaniko bizipen, gatazka eta zentsura kasuak kontatu ditu jesuitak liburu batean.

Ignazio Arregi Zendoia (Oñati, Gipuzkoa, 1931) jesuita eta kazetaria da. Loiola Irratiaren sortzaileetako bat izan zen, eta haren zuzendaria. Vatikano Irratian 1986. urtean hasi zen lanean, eta, 20 urtez, haren informazio zerbitzu zentralen burua izan zen.

Urte askotako bizipenak bildu dituzu Alberdaniak argitaraturiko liburuan: Eta orain, zer?. Zergatik izenburu hori?

Eskatu egin zidaten liburua idazteko, kazetari eta jesuita gisa izan dudan esperientzia ikusita. Bizi dudan garaia aztertu eta kontatu egin behar nuen, hortik zein ondorio atera zitekeen ikusteko. Izenburua zergatik? Denok bizi garelako galdu samar, hainbeste arazo gure aurrean ikusita. Nahiko lan dugu jakiteko gaurko krisiak gure bizimoduan zer eragina izango duen. Ingurumena, klima aldaketa, nazioarteko harremanak... Noiz lortuko dugu hainbat nazio handiren atzerapena zuzentzea? Batez ere gosea pairatzen duten mila milioi pertsonen egoera? Kezkatuta nago, gaurko krisiak konponbidea atzeratzea litekeena delako. Elizaren krisia ere, funtsezkoa da, ez azalekoa. Barne azterketa bat eskatzen du horrek.

Vatikanoan euskalduna izatea ez dela erraza diozu liburuan. Zergatik?

Vatikanoak beti onartu ditu, berehala, gutxiengo etnikoen eskubideak, baina hori indarraren bidez errebindikatzea ez du begi onez ikusten. Euskaldunonganako ezinikusia zabaldu da azken urteotan, oso muturrekoak, fanatikoak eta indarkeriaren aldekoak garelakoan.

Baina Euskal Herriko gatazka bide baketsuetatik eramateko ahaleginak hasi direnean, Vatikanoa ez al da izendatzen ari eskubide horiekin oso ulerkor ez diren apezpikuak?

Horretaz ezer gutxi daukat esateko. Vatikanoan bizita ere, oso zaila da jakitea zeintzuk diren Elizaren gobernuaren asmoak eta gotzainen inguruko joera. Iruditzen zait, azken izendapenak ikusita, ondorioztatu daitekeela hemen zerbait aldatu nahi dutela. Baina nondik dator aldaketa? Madrilgo Gotzain Konferentziatik, ala Vatikanotik? Halako aldaketa erabaki handia da, eta, normalean, Vatikanoak lagundu duela esango nuke. Baina hauek susmoak dira.

Liburuan kontatzen duzu Ibarretxe lehendakariari elkarrizketa egitea debekatu egin zizutela 2000. urtean.

Debekua goitik etorri zen. Huts handia iruditu zitzaidan. Dena onartuta zegoen aurretik, eta baimen guztiak nituen. Galderak Gasteizera bezala, Vatikano Irratiko zuzendariari bidali nizkion, eta onartu zituzten. Debekua azken unean heldu zen, Vatikanoko kuriaren barrutik. Nire ustez, Carlos Abella Espainiako enbaxadoreak egin zituen ahaleginak debekua lortzeko, nahiz eta hark ukatu duen hori liburu batean. Nork orduan? Espainiako nuntzioak? Ez dakit.

Halere, 13 urte lehenago, Txomin Iturbe ETAko buruzagiaren heriotzari buruzko erreportaje batekin ere arazoak izan zenituen.

Arazoa ez nuen izan Vatikanoarekin, ordea, baizik eta COPE irratiarekin. Iskanbila handia sortu zuten, gezurretan oinarrituta. Zorionez, testua inprimatuta zegoen, denek aztertzeko moduan, hor gaitzesteko ezer ez zegoela ikusteko.

Argazki batean agertzen zara, Loiola Herri Irratiaren sorrera garaian. Irratia saldu behar izan diote aurten Noticias taldeari. Zer iruditu zaizu?

Pena handia eman dit, baina aspalditik zetorren kontua. Ez zen bideragarria ekonomia aldetik jesuitentzat. Halere, erosteko lehiaketa egin zen, eta aztertu zen nork beteko zituen ondoena gure asmoak eta baldintzak. Baldintza onenak betetzen zituenari eman zioten gure irratia.

Euskarak bazuen tokia Herri Irratian. Orain saio bakarra dago euskaraz haren ordezko Onda Vascan.

Ez nuke nahi oraingo nagusiak epaitzea; ez dagokit niri hori egitea. Gureak egin du: orain beste batzuk datoz.

Euskal Herrian bizi zara azken sei urteotan. Vatikano minik al duzu?

Bai. Profesional moduan, alde batetik. Munduko irratirik handienetakoa da hura, eta nazioartekoa: 40 hizkuntzatan egiten da han. Interesgarria da han lan egitea. Erroma, gainera, hiri maitagarria da, eta munduko ederrenetako bat.

Vatikanoko L'Osservatore Romano egunkari ofizialak esan berri du Homer Simpson telebistako pertsonaia «katoliko prestua» dela. Eredu ona iruditzen zaizu kristauentzat?

Entzun ditut iritziak horren inguruan, baina ez dut ezagutzen saio hori. Oso gutxi ikusten dut telebista; nahiago dut informazioa Interneten bilatu. Internetek aukera gehiago ematen dit nik nahi dudana bilatzeko, beste batzuek niretzat erabaki dutena ikusi beharrean. 79 urte ditut, eta nire independentzia nahi dut.

Friday 15 October 2010

«Etxean oraindik ez ditugu sortu ahalko munstroak, baina enpresatan ari dira dagoeneko»

Maria Ptqk, kultur ikertzailea.



Bioteknologia zer den eta kulturan zein gizartean zelako eragina duen ulertzeko ikastaroa emango du ekintzaileak, Soft Power, arte, zientzia eta ziberfeminismoaren tailerrak zabaltzeko, Bilbon.

Maria Ptqk (Bilbo, 1976) kultur ekintzailea da, eta abizen ziber-punka erabiltzen du duela urte asko. Soft Power, arte, zientzia eta ziberfeminismo tailerren aurtengo ekitaldia antolatu du Bilbon. Datorren astelehenetik aurrera, Introducción cultural a la biotecnología ikastaroa emango du Sarrikoko Fakultatean. Izena emateko: www.amarika.org/softpower.

Zer harreman dute animalia klonatuek eta ziberfeminismoak elkarrekin azaltzeko zure ikastaroan?

Dagoeneko iraultza bioteknologikoa deitzen dugun horren erakusle dira biak. Bioteknologia esaten dudanean gauza arrotza dela dirudi, baina denok harremanetan gaude horrekin egunero, ez badakigu ere: jana, botikak... Adar ugari eta luzeak dituen gaia da, eta gaur egun munduan dagoen negoziorik handienetako bat. Hala da patente sistema ezartzen ari zaielako bizidunei. Feminismoa izan zen lehena zientziaren sistema horri kritika egiten. Bioteknologiaz mintzatuko naiz, baina gizarte eta kultura ikuspegitik, ez zientzia aldetik.

Badira 25 urte Donna Haraway pentsalariak «denok gara cyborgak» idatzi zuenetik. Errealitateak motz utzi du adierazpena?

Ikastaroan Harawayren ikuspegia aztertuko dugu, baina ez zientzia fikzioaren aldetik, baizik eta zientzia errealitatetik. Emakumeon hileroko zikloa artifizialki erregulatuta dago, pilularen eraginez. Gure sekuentzia genetikoa eta giza DNA AEBetako enpresa baten jabetza dela esaten duzunean, jendea harritu egiten da. Bioteknologiaren industria izugarri azkar aurreratzen ari da, baina nahiko isilpean. Beldurrezko istorio bat ematen du, baina dagoeneko birikak, bihotzak, organo osoak egiten ari dira laborategietan hutsetik.

Halakoak entzuten ditugunean, David Cronenbergen beldurrezko filmak etortzen zaizkigu burura.

«Denok ehun urte biziko gara» agintzen digu bioteknologiaren industriak, eta promes horretan datza haren indarra. Ikuspegia kritikoa hartu behar dugu, baina ezin gara teknofobian erori, ez eta teknoutopismoan ere. Iraultza bioteknologikoa gertatzen ari da munduan botere aldaketa jazotzen ari den une berean. Indartzen ari dira Brasil eta India, esaterako, eta biek, kasualitatez, baliabide biologiko handienak dituzte. Kapital biologiko hori oso merke saltzen ibili dira AEBei, haziak, esaterako, baina dagoeneko ari dira buelta ematen.

Informazio teknologien iraultzak web 2.0 delakoa ekarri duen moduan, uste duzu urte gutxi barru denok etxean DNArekin jolasteko tresnak izango ditugula?

Eztabaida pizten ari da horren inguruan AEBetan. Ziur asko ez da berriz jazoko informatikarekin gertatutakoa, bioteknologia garestiagoa delako eta ez dagoelako interesik horretarako kontsumorako tresneria sortzeko. Etxean ez ditugu sortu ahalko munstroak, ziur asko, baina dagoeneko ari dira sortzen enpresatan ilunpean. Eztabaida bat behar dugu, irekia eta demokratikoa: tresna hauek ditugu, baina zer egin nahi dugu horiekin. Natura eraldatzeko inoizko aukerarik handiena dugu, baina garapenarekin nora joan gizarteak erabaki behar du, ez administrazio kontseilu batek.

DNA ateratzen irakasteko asmoa duzu tailerrean?

AEBetako Sub Rosa arte-zientzia taldeko bi kide ekarriko ditugu ikastaroetara, eta webcamarekin mikroskopioak egiten irakatsiko digute. Gainera, DNA nola atera azalduko digute. Baina ez gara giza DNAren gaian sartuko. Marrubiak erabiliko ditugu.





Thursday 14 October 2010

«Ez dut probokazioa bilatzen, baizik eta erabateko komunikazioa»

Sol Pico, dantzaria eta koreografoa.



'El llac de les mosques' dantza ikuskizuna aurkeztuko du artista valentziarrak, gaur, Bilbon. Rock itxurako koreografia da, zuzeneko musikarekin; 40 urte betetzearen krisiari buruzkoa da.

Sol Pico (Alcoi, Herrialde Katalanak, 1967) dantzari eta koreografoa da. Bere izena duen konpainia sortu zuen 1994. urtean, eta ironiaz eta indarrez beteriko ikuskizunak sortu ditu geroztik etengabe. El llac de les mosques lana taularatuko du gaur, 20:00etan, Arriaga Antzokian.

El llac de les mosques zer da, Beltxargen aintzira-ren bertsio punka?

Ez. Harremana duela eman dezake, baina ez du. Ez dago beltxargarik. Gehiago du zerikusia Edurnezurirekin eta gaztetasuna galtzearekin, ederrena ez izatearekin. Izenburua zoriz sortu zen, beti bezala. Ikuskizunak kontzertu itxura du, eta probasaioak sekulako anabasa ziren, nahasiak eta ilunak, aintzira beltz bat bezalakoak.

40 urte betetzearen krisia gainditu duzu lan honi esker?

Ez, zoritxarrez ez dut gainditu oraindik. Lan hau ez nuen sortu krisian nengoelako, baizik eta gauzak aldatu egiten direlako, 40 urte betetzen dituzunean edo 42. Niri 40 urte bete baino lehen etorri zitzaidan krisia, bizitza berriz planteatzera eraman ninduten sintomak agertzen hasi zirenean. Aldaketari nola aurre egin planteatu nuen lanean.

Zergatik antolatu dantza ikuskizun bat rock kontzertu formatuarekin?

Nire aurreko ikuskizuna Sirena a la plancha izan zen. Formatu handiko lana; dantzari asko, eta denera, hamabi pertsona agertokian. Dena zen handia horretan. Beraz, jatorrira apur bat itzuli nahi nuen honekin; zer edo zer intimoagoa egin, musika nire gainean jarrita. Musikariek ez didate laguntzen; nirekin ari dira, %50 dantza eta %50 musika den ikuskizunean. Oso ondo moldatu gara, denok 40 urte beteta ditugulako. Denontzat bizitza-bidaia izan da.

Ez duzu beldurrik inoren eremuan geratzeko, dantzazaleek kontzertua aurkitzen dutelako eta musikazaleek dantza?

Ez. Argi izan denok, hau dantza ikuskizun bat da. Dantza garaikidea da, baina zuzeneko musikariekin, eta musikariak istorioaren parte dira. Ez dut kontzertu gisa saltzen. Baina musika lan handia dago. Ikusleekin komunikatzen saiatzen naiz etengabe, hasieratik. Hitz egiten dut ikusleekin agertokira ateratzen naizenetik, baina zaratarekin ez didate entzuten. Musika originala da, Mireia Tejerorena; oso punka hasieran. Ikusleek oso ondo hartu dute dantzatu dugun leku guztietan.

Posible al da enfant terrible-a izaten jarraitzea 40 urteak pasatuta?

Nik ez dakit non ikusten duen jendeak probokazioa nire lanean. Nik ez dut probokazioa bilatzen, baizik eta erabateko komunikazioa, erabat hor egotea ordu oso batez. Baina, agian, hori probokatzaile suertatzen da. Nire lanean denak dira bizitzari buruzko erreferentziak, denok bizitakoak, eta azaltzeko era argia eta zuzena da.

Ikuskizunean, garbigailuan sartzen zara. Rockean tipikoa den heriotza-eta-berpizte kontu zaharra da, edo karma txarra duzu garbitzeko?

Espero dut karma txarrik ez izatea. Zentrifugatzea da ideia, eraberritzea, esan duzun bezala. Arropa aldatzen dut, magia trikimailuan. Gustuko dut halakoak egitea. Cactus lanean su ematen nion dantzari baten besoari.

Nola prestatuko gara psikologikoki gaurko?

Kinshashan, Kongon, ikusleak altxatu egin ziren gurekin ikuskizunean parte hartzeko. Bilbotarrek ere gozatzeko modukoa izango dela uste dut.

Tuesday 12 October 2010

«Frankismoaren zentsura ez dugu ahaztu behar, ez baita iraganeko kontua»

Vicent Sanchis i Llacer, kazetaria.



'Censura franquista contra la editorial Bruguera' hitzaldia emango du gaur irakasle valentziarrak Bilbon, V. Zentsura at! jaialdiaren harira; gaur Bizkaiko hiriburuan hasi eta 17ra arte luzatuko da jaialdia.

Vicent Sanchis (Valentzia, 1961) kazetariak Censura franquista contra la editorial Bruguera hitzaldia emango du gaur, Bilbon, 20:00etan, BBK aretoan (Kale Nagusia, 19-21). Haur literaturaren aurkako zentsuraz egin zuen doktore tesia, eta hainbat erakusketa zuzendu ditu Espainiako agintariek prentsa satirikoari ezarritako zentsuraren inguruan, Alfonso XIII.atik Juan Carlos I.era.

Saturday 9 October 2010

«Alemanian bizi gara orain, herrietako jaietan 'El Venao' barik bluesa nahi dutelako»

Adrian Costa, musikaria.

Argazkilaria: Dena Flows



Bi galiziarrek Berlinen Los Reyes del KO blues taldea sortu, eta azken lana aurkeztuko dute gaur Elgetako Espaloia kafe antzokian, Pettirekin batera. Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin atera dute diskoa.

Adrian Costa (Santiago, Galizia, 1979) Los Reyes del KO taldeko abeslari eta gitarra jotzailea da. Blues taldearen bihotza osatzen du Marcos Coll herrikidearekin. Taldeak Alemanian aurkitu du bizileku naturala. It's Fiesta Time diskoa aurkeztuko dute gaur, 22:30ean, Elgetako Espaloia kafe antzokian (Gipuzkoa), Pettirekin batera.

Friday 8 October 2010

«Hemen eta gaur matxino izateari utzi gabe errealista nola izan erakutsi nahi dut»

Josu Montero, idazlea.

Antzezlanaren une bat.


Hamabost urtez kartzelan egondako euskal preso bat da Barakaldoko egilearen 'La espera. Nadar de noche' antzezlaneko protagonistetako bat. Hortzmuga taldeak Bilbon taularatuko du igandera arte.

La espera. Nadar de noche antzezlana estreinatu zuen atzo Hortzmuga taldeak Bilbon. Josu Montero (Barakaldo, 1962) idazleak sortu du testua. Lan askoren egile, literatura munduaren aurpegi guztiak ezagutzen ditu idazleak, poesia, antzerkia, kritika, irakaskuntza eta liburudenda bat ere zuzendu du. Joseba Apaolazak, Arantza Goikoetxeak eta Gurutze Beitiak, BBK Aretoaren agertokian antzeztuko dute lana, igandera arte, 20:00etan.

Thursday 7 October 2010

«Beltzen eskubide zibilen ekintzaileek ere Facebook erabiliko zuten, edukiz gero»

Tanya Notley, teknologian aditua.

Argazkilaria: David Sasaki


'Informazioa ekintza bihurtu' lelopean, teknologia berriak gizartea aldatzeko erabiltzen irakasten die Tanya Notley adituak mundu osoko giza eskubideen aldeko borrokalariei. Gaur, bilbotarrei erakutsiko die.

Tanya Notley (Sydney, Australia, 1974) Queenslandeko Teknologia Unibertsitateko doktorea da, eta Tactical Tecnology Collective ziber-ekintzaile taldeko kidea. Gobernuen gehiegikerien aurka teknologiak erabiltzen irakasten die munduko hainbat herrialdetako GKEei. Sormen-estrategiak herritarrek parte hartzeko hitzaldi-ikastaroa emango du gaur 19:00etan, Bilbon, Arrupe etxean (Lojendio, 2), Alboan erakundeak antolatuta.

Friday 1 October 2010

«Jolas parke guztien azala berdintsua da, baina mamia guztiz desberdina, eta latza»

Anoek Steketee, argazkilaria.



Munduko gatazka guneetako aisialdi lekuak erretratatu ditu azken urteotan argazkilari herbeheretarrak. Jolasaren eta beldurraren arteko bidaia Getxon jarri dute, bihar arte, Getxophotoren barruan.

Anoek Steketee (Hoorn, Herbehereak, 1974) munduko hainbat gatazka gunetako jolas parkeak erretratatzeari ekin zion 2006. urtean. Dream City izenburupean bildu dituen argazkiak erakusgai ditu Algortako Azokaren barnealdean, Getxophoto jaialdiaren harira (Bizkaia). Bihar izango du azken eguna erakusketak.