Thursday 27 May 2010

«Marx eta Freud Maradona bezalakoak dira; Ken Follett, ordea, Mourinho bat da»

Pablo Nacach, pentsalaria.
 
 
 
Futbolaren, artearen eta gaurko pentsamenduaren arteko harremanak aztertuko ditu soziologo eta filosofo argentinarrak, gaur, Bilbon. 'Fútbol. La vida en domingo' liburua argitaratu du, besteak beste.

Soziologoa eta saiakera egilea da Pablo Nacach (Buenos Aires, 1969). Publizitateaz, gaurko hiriez eta giza harremanez idatzi du, besteak beste. 2006an, Fútbol. La vida en domingo saiakera argitaratu zuen. Kirolaren eta gizarte fenomenoen inguruan hausnartuko du gaur, 19:00etan, Errekalde aretoan, Bilbon (Errekalde Zumardia, 30).

Wednesday 26 May 2010

«Krisiaz baliatu behar dugu, eredua aldatu eta gizakia berriz zentroan jartzeko»


Nicolas Ridoux, hazkuntza objetorea.
 
 
 
Bizimodua apaltzeko mugimenduaren erreferentzia nagusietako bat da ekintzaile frantziarra. Donostian mintzatuko da gaur, Literaktum jaialdiaren barruan, Andres Neuman idazle argentinarrarekin batera.

Nicolas Ridoux (Lyon, Frantzia, 1973) bizimodua apaltzeko mugimenduaren bultzatzaile nagusietako bat da. Besteak beste, Déccroissance pour tous liburua idatzi du. Andres Neuman idazle argentinarrarekin mintzatuko da gaur, 19:30ean, Ernest Lluch kultur etxean (Anoeta, Donostia). Aurretik Johan van der Keuken zuzendariaren I love Dollars filma emango dute.

Tuesday 25 May 2010

«Sexuaz eta drogez gu baino askoz dekadenteago eta xaloagoak ziren Factoryn»

Britta Phillips, musikaria.

Britta Phillips, Dean Warehamekin


Andy Warhol pop artistak bere lagun eta ingurukoei zinemarako eginiko probei musika jarri die Dean & Britta bikoteak. Bilbon joko dituzte gaur 13 erretratuok, Lou Reedena eta Nicorena tartean.


Britta Phillipsek (Pennsylvania, AEB, 1963) Dean & Britta bikotea osatzen du, Dean Wareham senarrarekin. Luna taldean egin zuten bat biek, 2000. urtean. 13 Most Beautiful... Songs for Andy Warhol's Screen Tests egitasmoa taularatuko dute gaur, 20:00etan, Bilboko BBK aretoan. Warholek Factory estudioan lagunei eginiko zinema erretratu mutuei musika jarri diete Dean & Brittak.

Thursday 20 May 2010

«Travela pasatzen duzunean ez al zaitu harritzen inork zuri bidaiak oparitzea?»

Jose Antonio Lozano, matematikaria.



Datu meatzaritza zer den azalduko du gaur EHUko irakasleak Bilbon. Datorren urtean zenbat antxoa egongo den eta minbizia izango ote duzun iragartzeko erabiltzen da, besteak beste; baina arriskurik ere badu.

Jose Antonio Lozano (Bilbo, 1968) matematikaria da, eta irakaslea EHUko Informatika eta Adimen Artifizialaren Departamentuan. Sistema Adimentsuen Taldearen ikerketak zuzentzen ditu 2004. urtetik. Datu meatzaritza zer den azalduko du gaur, 19:30ean, Bidebarrietako Liburutegian, Bilbon.

Wednesday 19 May 2010

«Ez dago errezetarik estresaren kontra, gizaki gisa hazteaz harago»


Carlos Perez, yoga irakaslea.

Gizarte garatuetan endemikoa bezain topikoa bihurtu da estresa, eta ondorio larriak izan ditzake. Bilbotarrak 30 urteko esperientzia du gaitzari aurre egiten, eta horretaz arituko da Bizkaiko hiriburuan.
.
Carlos Perezek (Bilbo, 1955) 30 urte baino gehiago eman ditu yoga irakasten. Gestión del estres hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Boluntan (Zabalbide kalea, Bilbo), Sumendi elkarteak gonbidatuta.

Thursday 13 May 2010

«Munduko estaturik zoriontsuenak txikiak dira, Euskal Herria bezala»

Oskar Arantzabal, ekonomialaria.



Joseba Egibarren hitzen oihartzuna itzali ez den honetan, krisiak estatu txikiei irekitzen dizkien aukerez mintzatuko da gaur, Donostian, aditu eibartarra, hamabi urtez esportazioan aritu dena.

Oskar Arantzabal (Eibar, Gipuzkoa, 1967) ekonomialaria da. Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen, eta hamabi urtez aritu da esportazioan lanean. Las oportunidades soberanistas de los pequeños estados en tiempos de crisis hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Tomasene kultur etxean (Altza, Donostia).

Wednesday 12 May 2010

«Ikusi ditut disolbatzaileen menpeko mutikoak arazoari euren kabuz buelta ematen»


Anna Stern, gizarte hezitzailea.

Etorkin adingabeei Debakoan eta beste zentroetan ematen dieten tratuaren inguruko txostenarekin, SOS Arrazakeriako kideak ika-mika sortu zuen martxoan. Gai horretaz mintzatuko da gaur, Oñatin.

Itzultzaile eta gizarte hezitzailea da Anna Stern (Girona, Katalunia, 1979). Boluntario gisa hasi zen lanean SOS Arrazakeria erakundean. Gaur, taldearen haur eta gazteen atalean dabil. Martxoan, hautsak harrotu zituen, Debako adingabeen zentroan haur etorkinei tratu txarrak eman dizkietela ondorioztatu zuen txostenarekin. Menores inmigrantes: ¿Protección o exclusión? Centros de acogida: Deba, Elgeta... hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Oñatiko kultur etxean (Gipuzkoa).

Friday 7 May 2010

«Naturari bere bidea urratzen uztea, hori izan da nire gida bakarra»


Kazuyuki Kishino KK Null, musikaria.


Japoniako musika industrialaren eta noise mugimenduaren aitetako bat da musikari beteranoa. Azkoitian joko du gaur, Matadeixen. Tabata Mitsuru gitarrista psikodelikoarekin partekatuko du oholtza.
Kazuyuki Kishino (Tokyo, 1961) musikaria Japoniako eta munduko noise mugimenduaren aitzindarietako bat da, Merzbow eta Keiji Hainorekin batera. Hainbat tresna jotzen ditu, eta gitarrarekin hasi zen inprobisazioaren munduan. John Zorn zein Fred Frithekin egin izan du lan, eta denera 100 disko inguru argitaratu ditu. Azken urteotan, kutsu elektronikoagoa eman die bere zuzeneko emanaldiei, besteak beste, berak asmaturiko Nullsonic gailuarekin. Aurrez grabaturiko oinarrien gainean, soinu efektuak erabiltzen ditu zuzenean, eta bere ahotsarekin sortzen du gainerakoa. Soinu-zarata emanaldi bortitza egingo du gaur, 22:30ean, Matadeixen (Azkoitia, Gipuzkoa), Tabata Mitsuru gitarra jotzailearekin.

Japonian bonba atomikoek utzitako suntsipen paisaiatik sortu zen butoh filosofiatik sortu zen noise mugimendua ere?

Jende askok gaizki ulertu du: uste dute nik butoh dantza ikasi nuela, baina ez da horrela. Japoniako butoh dantzari Min Tanakak antolaturiko mintegian ikasi nuen, hori egia da, baina hor ez duzu dantzarik ikasten. Dena den, onartu behar dut esperientzia horrek sakonki erakutsi zidan hautsi ezinezko lotura dagoela gorputz eta gogoaren artean, eta nire sormena, lana eta emanaldiak iradoki zituela.

Zeni Geva hirukotearekin «hard core progresiboa» asmatu zenuen. Gaur KK Null egitasmoarekin bakarrik arituko zara. Zerk gidatu du zure eboluzioa?

Naturari bere bidea urratzen uztea, hau da, nire sena pentsatu gabe jarraitzea, hori izan da nire gida bakarra.

Bakarkako lan asko egin duzu, baina beste batzuekin ere asko egin duzu lan, Z'Ev, Alexei Borisov, Jon Rose, eta Cabaret Voltaireko Chris Watsonekin, esaterako. Hobe bakarrik, ala lagunduta?

Bakarrik nabilenean nahi dudana egiten dut, eta dena neure ideia eta sorkuntza da, eta emaitza soilik neure erantzukizuna. Taldean edo elkarlanean nabilenean erabat bestelakoa da lan prozesua: talde lana da, eta ez dago esaterik zer aterako den kimika horretatik. Bakarrik jotzea eta beste batzuekin aritzea, biak maite ditut. Ezberdina da, besterik ez, eta egia esan ezin dut esan zein dudan nahiago.

Halako musika underground egiteko, nahiko lanpetuta zabiltza. Zeintzuk dira hurrengo egitasmoak?

Ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran Australian ibiliko da KK Null, hainbat hiritan egitekoa den Liquid Architecture jaialdian. Horrez gain, Zeni Geva taldearekin Australian bira egingo dugu irailean. Azaroaren amaieran, Frantziako Tazcorp dantza konpainiarekin arituko naiz lanean. Beraz, Frantzian egongo naiz hiruzpalau astez, pieza berriak sortzen haien Asfixia lan berrirako. Entseatuko dugu zuzenean aritzeko. 2011ko apirilean estreinatuko dugu. Bitartean, pieza gehiago sortzen ari naiz hurrengo diskorako, baita Zeni Gevarentzat ere.

Tabata Mitsuru gitarra jotzailearekin etorri zara Euskal Herrira. Norbera bere aldetik arituko zarete gaur Azkoitian, ala elkarlanean?

KK Null bakarka arituko da Cosmic noise ikuskizunarekin. Gero, Tabata arituko da bere gitarra psikodelikoarekin inprobisatzen. Eta, amaitzeko, bion arteko emanaldia egingo dugu. Soinu kimika sortuko da.

Tuesday 4 May 2010

«Euskaldunok Amaiur nola bizi dugun ere interesgarria zaigu, historia bihurtu baita»


Juantxo Agirre Mauleon, arkeologoa.
 
Mauleon, azalpenak ematen, Amaiurren.
 
 
'Amaiurko gaztelua: indusketa arkeologikoa eta oroimen historikoaren berreskuratzea' hitzaldia emango du gaur, Donostian, Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkari nagusiak.

Amaiurren lau indusketa kanpaina zuzendu ditu dagoeneko Juantxo Agirre Mauleonek (Tolosa, 1965). Mikel Legorbururekin batera, 1522an Gaztelaren inbasioari aurre egin zion azken gotorlekuan eginiko lanaz mintzatuko da gaur, 19:30ean, Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostian.

Sunday 2 May 2010

«Beste sentikortasun bat ematen dizu bi belaunalditan hiru erbeste pairatu izanak»

Adolfo Tannenbaum Embeita, argazkilaria.
 
 
 
Jatorri judu-euskalduneko artistaren familiak ihes egin behar izan zuen Francorengandik, naziengandik eta Pinochetengandik. Munduan zehar eginiko argazkiak erakusgai jarri ditu Tolosan.

Adolfo Tannenbaum Embeita argazkilariak (Sabadell, Katalunia, 1976) Nire kameratik mundura erakusketa jarri du Aranburu jauregian (Tolosa, Gipuzkoa), ekainaren 12a arte.

Esan daiteke hiru belaunalditan zeuk bakarrik bidaiatu duzula zeure borondatez?

Hala da. Gu gara zorioneko belaunaldia. Amaren aldeko aiton-amonak Gernikatik Txilera joan ziren 1936ko gerraren amaieran, arrazoi politiko-ekonomikoengatik. Beste aitona judua zen, Alemanian. Bista ona izan zuten, zer edo zer gertatzen ari zela ikusteko, eta, gerra aurretik, Ameriketara joan ziren, Argentina eta Txilera. 1970eko hamarkadan Kataluniara joan zen berriz familia.

Zertan eragin dizu familiaren historiak eta jatorri aberastasunak?

Ikuspegi ezberdina ematen dizu. Txikitatik markatzen zaitu. Bi belaunalditan hiru erbeste pairatu izanak beste sentikortasun bat ematen dizu. Atlantikoa hemendik ikusi edo 15.000 kilometrotik begiratzea ez da gauza bera. Familia sakabanaturik dago, eta elkartzen garenean sekulako jaia izaten da. Mundua ikusteko beste modu bat ematen dizu, eta hori erakusten saiatzen naiz nire argazkiekin.

Tanzania, Txile, Kenya, New York... leku askotan izan da zure kamera. Zer ekarri duzu haietatik?

Batzuetan begirada bat, keinu bat. Besteetan, argazkia ikusi eta han zegoen usaina gogoratzen dut. Ia 50 herrialdetan ibili naiz, eta, argazkien bidez, bizitako gauza horiek partekatzeko aukera dut, zorionez. Saiatzen naiz nagoen lekuan murgiltzen, hango errealitatean. Beti biltzen dut lekuetako informazioa, baina bilatzen dut lekuarekin loturiko musika eta literatura ere.

Lekuren bat nabarmentzeko?

Boliviako Yuniko gatzaga ikaragarria da. Atacamako basamortuak liluratzen nau. Berlinen, holokaustoaren monumentua. Maroko ikusgarria da.

Lehen aldiz, Euskal Herrian ari zara argazkiak erakusten. Zirkulua osatzeko modu bat da zuretzat?

Euskal Herria beti egin zait deigarri, eta lotura estua dut. Arteari dagokionez, oso indartsua da. Kultur mugimendu oso sendoa sumatzen da hemen. Horrez gain, nire ama oso pozik dago.

Saturday 1 May 2010

«Kazetariak artilleria bihurtu dituzte gaur, egiaren eta justiziaren aurkako gerran»

Santiago Alba Rico, filosofoa.



Hedabideen eta kapitalismoaren arteko gaurko harremanak aztertuko ditu gaur pentsalari madrildarrak Getarian (Gipuzkoa); tartean, 'Egunkaria kasua' eta Euskal Herriko bake prozesuko azken gertaerak.

Santiago Alba Rico (Madril, 1960) filosofoa da. Lolo Rico zinemagilearen semea da, eta haren La Bola de Cristal saioan hasi zen gidoiak idazten, ama ordezkatzen. Saioa «haurrentzako marxismo satirikorako alegia» bihurtu zuen. Los medios y los fines: comunicación y capitalismo hitzaldia emango du gaur, 18:00etan, Getariako Udal Aretoan (Gipuzkoa).