Wednesday 30 May 2012

«Gorrotorik sortzen ez baduzu, edo egiten duzuna oso 'light' da, edo ez da artea»

Martirio, abeslaria.



Andaluziako koplak bi emakume belaunaldiren sentimenduak hezteko izan zuen eraginaz mintzatuko da Martirio abeslaria gaur Donostian, hitzaldia abestiz jantzirik, Literaktum egitasmoan.

Maribel Quiñones Martirio abeslariak (Huelva, Espainia, 1954) 40 urte baino gehiago darama agertokietan, Andaluziako eta munduko musikaren interpretazio berezia egiten. La mujer y la copla hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Tomasene kultur etxean (Altza auzoa, Donostian), Jabier Muguruzak aurkeztuta.

Tuesday 29 May 2012

«Gero eta txinatar gehiago ari dira igandetan ixten, oso gutxi saltzen dutelako»


Iñigo Gonzalez Intxaurraga, ekonomialaria.


Norbaitek uste badu Txinak mundua jango duela, halakorik ez dela gertatuko esango dio Iñigo Gonzalez doktoreak, eta argudio hori lan baldintzak okertzen saiatzeko erabiltzea huts handia dela azalduko.
Iñigo Gonzalez Intxaurraga (Gasteiz, 1968) Txinako Nazioarteko Zuzenbidean aditua da, batez ere ekonomiaren alorrean. China, el gran imperio, el gran enigma hitzaldia emango du gaur, 20:00etan, Luis de Ajuria aretoan, Gasteizen.

Saturday 26 May 2012

«Ez da masokismoa, nire lana da, eta tortura adierazteko modurik eraginkorrena»


Pedro Casablanc, aktorea.

Argazkilaria: Jesus Alcantara
'Jose K. Torturado' Bilbon antzeztuko du Casablancek gaur eta bihar. Madrilen ika-mika sorturiko hitzaldi batetik idatzi zuen testua Javier Ortizek, torturaren lehen biktima gizartea bera dela erakusteko.

Pedro Ortiz aktoreak (Casablanca, Maroko, 1963) jaioterriaren izena hartu zuen antzerkirako ezizen gisa. Javier Ortiz kazetariak 1996. urte aldera idatzitako Jose K. Torturado testuaren antzerkirako moldaketa antzeztuko du gaur eta bihar, 20:00etan, Campos Eliseos antzokian, Bilbon.

Thursday 24 May 2012

«Gure krisia ez da bizpahiru urtean konponduko: Japonian 20 urte daramate»


Patxi Zabalo, ekonomia irakaslea.

«Zergatik gaude krisian?» galderari erantzun argia ematen saiatuko da Patxi Zabalo EHUko irakaslea gaur, Elorrion. Azken hamarkadan zergak jaisteak ekonomiaren hilobia sakondu egin duela azalduko du.

Patxi Zabalok (Bilbo, 1960) Nazioarteko Ekonomia Harremanak irakasten ditu EHUn. Queremos una explicación clara: ¿por qué estamos en crisis? hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Iturri kultur etxean, Elorrion (Bizkaia).

Tuesday 22 May 2012

«Baldintza zailagoak pairatu arren, emakumeek lortu egiten dute bizirik irautea»


Dolores Juliano, antropologoa.



Krisi egoeretan emakumeek aurrera jarraitzeko erabiltzen dituzten estrategia berezien berri emango du Bartzelonako unibertsitatean urte luzez irakasle ibilitako Juliano doktoreak, gaur, Iruñean.

Dolores Juliano Buenos Airesen jaio zen, eta Argentinan bertan ikasi zuen antropologia. Doktoretza Bartzelonan egin zuen, ordea, eta, harrezkeroztik, Katalunian bizi da. Generoa, immigrazioa, diskriminazio eta heziketa gaietan da aditua. Emakumeek krisi egoeretan bizirik irauteko dituzten estrategiez mintzatuko da gaur, 20:00etan, Iruñeko Galdaragile 11ko aretoan, Andrea elkarteak gonbidatuta.

Saturday 19 May 2012

«II. Mundu Gerraren pareko beste liskar handi baten bezperan gaude»

Joseba Izaga, Boltxe Kolektiboko kidea.

Faxismoa eta gatazka latzak daude zerumugan, baina Euskal Herrian independentzia bide esloveniarra zabal daiteke, Joseba Izaga sindikalistaren arabera. Altsasun azalduko du, Askapenaren eskutik.
Joseba Izaga (Berango, Bizkaia, 1956) Boltxe Kolektiboko kidea da, eta LABeko ordezkaria Eusko Jaurlaritzan. Marxismoaren gaurkotasuna: krisia, kapitalismoa eta inperialismoa ulertzeko beharrezko tresna hitzaldia emango du gaur, 10:00etan, Altsasuko (Nafarroa) Iortia kultur etxean, Askapenak antolaturiko I. Formazio Mintegian.

Thursday 17 May 2012

"Bi krisi ditugu: positiboa herrialde arabiarretan eta negatiboa Europan"



Sami Nair, politologoa.
 


 
 
Europaren immigrazio politika aurrerakoien ideologoa da irakasle, politikari eta eurodiputatu ohia. 'Norantz doa arabiar iraultza?' hitzaldia emango du gaur Donostian, Mariano Ferrerrek aurkeztuta.


Sami Nair (Tlemcen, Aljeria, 1946) pentsalari, politologo eta soziologo frantsesa da. Lionel Jospinen gobernuaren aholkularia izan zen 1999. urtera arte, immigrazio kontuetan. Europako legebiltzarkidea izan zen 2004. urtean. Azken boladan Centro Mediterraneo Andalusi erakundea zuzentzen du Sevillako (Espainia) Pablo de Olavide Unibertsitatean. Norantz doa arabiar iraultza? Hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Donostiako San Telmo museoan.


Wednesday 16 May 2012

«Elizaren diskurtso osoa Eba eta Mariaren figuren bidez helarazten da»


Lucia Lahoz, artearen historialaria.


Eba, suge baten antza. Erdi Aroko lehen emakume limurtzaile baten irudia, Autungo katedralean (Frantzia).


Eliza katolikoak artearen bidez emakumearen irudi txarra nola landu eta zabaldu zuen kontatuko du Salamancako Unibertsitateko irakasleak, anakronismorik gabe baina gaurkotasuna ukatu gabe.

Lucia Lahozek Erdi Aroko artea irakasten du, Salamancako Unibertsitatean, Espainian. La imagen de las excluidas en el arte hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, San Telmo museoan, Donostian, Baztertutakoen irudiak erakusketaren harira.

Saturday 12 May 2012

«Europan inon ez zuten emakumeek Nafarroan adina autonomia»

Amaia Nausia Pimoulier, historialaria.


Gaztelak konkista amaitu ondoko emakume nafarren egoera aztertu du Amaia Nausia Pimoulier ikertzaileak. Dioenez, emazteak kontrolatzeko epaiketetan agerian geratzen zen haien izaera sendoa.
Eusko Ikaskuntzako egitasmoen arduraduna eta historialaria da Amaia Nausia Pimoulier (Iruñea, 1982). Emakumearen egoera XV. eta XVI. mendeetan ikertu du: sorginkeria, amatasuna, emakumearen ideala eta irudia, besteak beste. Protagonistas en la sombra: la situación de la mujer navarra tras 1512 hitzaldia emango du gaur, 20:00etan, Urraulbeitin (Nafarroa), Arripodasko kontzejuan.

Friday 11 May 2012

«Auzo eta zentroaren arteko borroka sutuko da, geure hiri eredua elitista dela ikustean»


Merce Cortina i Oriol, ekonomia irakaslea.


Gaurko krisiak askoz hiri okerragoa ekarriko digula dio bilbotarturiko ekonomialariak. Bilboko egungo ereduaren porrotaz mintzatuko da gaur, Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren Inguruko jardunaldietan.
Merce Cortina i Oriol (Lleida, Katalunia, 1981) ekonomia irakaslea da EHUn. Auzo mugimenduak, hiri plangintza eta tokian tokiko demokrazia gaiak ikertzen ditu. Industria hiritik enpresa hirirako igarobidea eta horren talkak mahai inguruan hitz egingo du gaur, 18:00etan, Bilboko Yohn jauregian, Zazpikaleetan.

Wednesday 9 May 2012

«Askoz eraginkorragoa da anorexikoa barregarri sentiaraztea, martiri barik»

Teresa Calo, antzerkigilea.


Gutxitan landu izan da anorexiaren gaia umorearen bidez. Calok landu du, 'Marta ispiluaren aurrean' antzezlanean. Liburua argitaratu berri du, eta gaitza gainditu duen aktore batekin taularatu nahi du.
Teresa Calo (Trintxerpe, Gipuzkoa, 1955) aktorea eta antzerkigilea da. Marta ispiluaren aurrean antzezlana argitaratu berri du, Elkar etxearekin. Caloren zazpigarren antzezlana da. Anorexiaren eta bulimiaren inguruan mintzatuko da gaur, 19:00etan, Donostiako Elkar aretoan. Lagun izango ditu Naiara Arnedo aktorea, Garbiñe Agirre ACABE anorexia eta bulimiaren aurkako elkartekoa eta Nerea Gomez psikologoa.

Friday 4 May 2012

"Nafarroa Euskal Estatutuan egonez gero, 1936ko altxamenduak ez zuen arrakastarik izango han"

Xose Estevez, historialaria.

Argazkia: Vieiros.com


Xose Estevez (Quiroga, Galizia, 1943) historialaria da. Nafarroa y el Galeuzca de 1933 hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Condestable jauregian, Iruñean.


Wednesday 2 May 2012

«Askoz errazagoa da salbuespen legeak onartzea bertan behera uztea baino»


Darrin Wood, kazetaria.



AEBetako preso politikoen inguruan mintzatuko da ikerlari estatubatuarra gaur Elgoibarren. 'Manning-Wikileaks kasua' nabarmentzen du, baina GALen auzia ere ikertzen dabil aspaldi.

Darrin Wood (Massillion, Ohio, AEB, 1965) kazetaria da. Amerikako zein Europako hedabideekin egin du lan. Leonard Peltier kartzelaturiko ekintzaile indiarraren inguruko liburu bat eta Mumia Abu Jamal heriotzaren korridorean dagoen ekintzaile beltzaren inguruko beste bat idatzi ditu. Escuela de las Americas erakundearen inguruko ikerketa egin du, eta GAL ari da aztertzen azken urteotan. Project Censored saria eman zioten 1999an. Presos políticos en EE.UU. hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Elgoibarko kultur etxean (Gipuzkoa).