Tuesday 25 August 2009

«Gorputz fisikotik ia at pasatu nituen sei hilabete, eta horrek eraman ninduen abstraktura»

Killy Beall, artista.




Dagoeneko 60 urte baino gehiago daramatza artista miarriztarrak margotzen, grabatzen eta eskulturak egiten. Haren ibilbidea laburbiltzen duen erakusketa jarria dute Irunen igandera arte.

Gutxitan gertatzen da artista batek mende erdi oso baten joera nagusiak bere lanean laburbiltzea. Hori gertatzen da Killy Beallekin (Miarritze, Lapurdi, 1925). 60 urte pasatxo daramatza margotzen, grabatzen eta eskulturak egiten, eta 1940ko hamarkadako figuraziotik 1970eko margo materikoa ikus daitezke haren lanetan. Ibilbide luze hori azaltzeko, erakusketa jarri du, Paul Otsoarekin batera, Irungo Amaia kultur zentroan (Gipuzkoa). Azken egunak dira hura ikusteko, igandean itxiko baitute.

Sunday 23 August 2009

«Erakutsi nahi izan dut gauza asko aldatu zirela 1979. urtean, baina isilean»

Carles Guerra, artista.

Argazkilaria: musac


'Une erradikalei egindako monumentua' instalazioa edukiko du irailaren 6a arte artista eta kritikari katalanak Rekalde aretoan, 1979. urte itxuraz gatzik gabekoaren garrantzia nabarmentzeko.

Artista, arte kritikaria eta teorialaria da Carles Guerra (Amposta, Katalunia, 1965). Fulbright beka baten bidez, New School for Social Research eskolan ikasi zuen 2006. urtean. Une erradikalei egindako monumentua instalazioa dauka jarrita Bilboko Rekalde aretoan. 1979. urtearen inguruko hausnarketa egiten du.

Friday 14 August 2009

«Antzerkiaren magia sortzen dugu, baina trikimailua agerian utzita»

Iñigo Etxebarria, aktorea. 



Antzerkia, umorea eta zuzeneko musika nahasten ditu Ron Lala konpainiak. Bilbon jaiotako aktorea taldeko partaidea da, eta, gaur, 'Mundo y final' antzezlana taularatuko du Amurrion.

Bilbon jaio zen Iñigo Etxebarria 1975. urtean, baina gurasoen lana zela eta, Madrilera eraman zuten nerabe zela. Antzerkigintzan lan egiteaz gain, zineman aritu da -No somos nadie, Jordi Mollarena-. Mundo y final lana antzeztuko du gaur, 21:00etan, Amurrio Antzokian (Bizkaia). Ron Lala taldeko lau kiderekin batera, antzeztu eta musika egingo du zuzenean, apokalipsia umorez hartzeko.

Sunday 9 August 2009

«Ikusteaz gain, jendeari loreak sentiaraztea nahi izan dut ariketa honetan»

Mamen Mari, argazkilaria.




'Hizketan egitura batekin' erakusketan, loreak hartu ditu gaitzat, lehen aldiz, argazkilari donostiarrak. Gizakiak erretratatzen ohituta, salbuespena egin du, jendea loreak begiekin ukitzera gonbidatzeko.

Mamen Mari argazkilari donostiarrak Hizketan egitura batekin erakusketa du jarrita Gipuzkoako Argazkilari elkartean. Loreak dira 30 argazkion protagonista. 50 bider 60 zentimetroko irudiak dira. Eibarren, Bilbon, Iruñean eta Katalunian egon da ikusgai erakusketa. Donostian abuztuaren 26a arte izango da, Donostimagen jaialdiaren harira.

Donostiako Urgull mendian lore batekin mintzatu zinen, eta elkarrizketa hartatik argazki sail honetarako ideia atera zenuela diozu.

Horrela esanda, erotuta nagoela dirudi, baina askotan hitz egiten dut erretratatzen ditudanekin.

Zuk normalean pertsonak erretratatzen dituzulako izango da hori. Nolatan, orain, loreak?

Jendearekin lan egiten ohituta nago, eta hori da gehien asebetetzen nauena. Hori da nire lan osoan, gizakia ez den osagaiekin egin dudan argazki sail bakarra. Lore puskak dira, erretratatu ditudanak, testura askoko hondoekin eta kolore, argi eta konposizio jolas indartsuekin. Loreak aukeratu ditut, niretzat hori ariketa bat izan arren, ederra izatea nahi nuelako.

Loreak, halere, kolorearekin lotzen dira normalean. Zuk, berriz, ehundurak nabarmendu dituzu. Zergatik?

Ikusteaz gain, loreak sentiaraztea nahi nuelako, ukitu ahal izatea. Argazki digitalak dira. Argiarekin eta unearekin egin dut lan. Lorea estudioan jarri eta hondo neutroagoak jarri dizkiet. Loreak jarri eta hainbat egunetan zain egon naiz hura nik nahi nuen bezala egon arte. Oso gutxi ukitu ditut gero ordenagailuan, errebelatzeko orduan eman ohi den ukitu txiki hori emateko baino ez.

Loreak erabiltzea klasikoa da argazkilarien artean.

Aukera asko ematen dituztelako kolore, forma eta testurarengatik. Ederra da horiekin lan egitea.

Zuretzat esperimentua izan dela esan duzu. Zein ondorio atera duzu?

Ariketa izan da argazkigintza eta pintura elkartzeko. Oso piktorikoak dira irudiak. Erronka izan da niretzat izadi hilak egitea; hau da, ohi ez dudana egitea. Errazagoa da, noski, izadi hilekin lan egitea. Ez dira kexatzen, eta eskura dituzu nahi duzunean. Halere, ez dut berriz hartuko gaia. Jarraituko dut gehien maite dudanarekin: giza irudia.

Erakusketa ikusten dutenek ere loreekin hitz egitea nahiko zenuke?

Ondo legoke, oso ondo pasatzen delako. Nik ikusi dudana erakustea nahiko nuke eta horrekin gozatzea.