Sunday 29 May 2011

«Oso serioak gara geure musikarekin, baina beti dugu lekua ironiarentzat»

Magdalena Zenz, musikaria
Magdalena Zenz —atzean— zein Dietlinde eta Marie Theres Hartel ahizpak dira Netnakisum taldea. / JULIA WESELY
Austriako Netnakisum hirukoteak klasikoa, folka eta Britney Spears nahasteko trebezia teknikoa eta kontzeptuala duela erakutsi nahi du gaur Bilbon, disziplina zorrotza umorearekin are zorrotzagoa delako.

Netnakisum taldeko biolin jotzailea da Magdalena Zenz (Styria, Austria, 1984). Definitzeko erraza ez den musika egiten du Austriako hirukoteak: alde batetik, musika klasikoa, folka eta rocka jotzen dutelako, biolin, biola, txelo eta ahotsekin. Eta, bestalde, umore dosi handia erabiltzen dutelako emanaldietan. Teknika handia zein gogo kaskarina erakutsiko dute gaur, 20:00etan, BBK aretoan, Bilbon.

Netnakisum izenak —Musikanten, hau da, musikariak alemanez, baina alderantziz— argi uzten du aldrebesak izateko erabakia hasieratik hartu zenutela?

Hasieran Austriako musika tradizional asko jotzen genituelako dugu izena. Horretan daude gure sustraiak. Baina hori jotzeaz gain, klasikoarekin eta popa eta rockarekin hazi ginen. Klasikoa ikasi genuen, eta ondo pasatzen genuen elkarrekin jotzen. Graz hirian elkartu ginen berriz, eta han erabaki genuen ez genuela soilik ezkontzetan eta halakoetan joko, baizik eta geure musika sortu nahi genuela eta geure estiloa. Beraz, nahasketa da, baina oso geurea.

Ikasketa klasiko serioen kontrako mendeku gisa erabaki zenuten musika umorez hartzea?

Oso serioak gara geure musikari dagokionez. Jendearekin hitz egiten dugu kontzertuetan, eta kontari aritzen gara, baina bat-batekoa izaten da. Gure kontzertuak ez dira, halere, entretenimendu hutsa, baina gustuko dugu kanten artean jendeari kontatzea jo behar ditugun piezak zertan diren eta nola sortu genituen. Kontzertuak dira, beraz, baina beti dago tokia ironiarentzat.

Garai batean halako soineko tipikoak-edo janzten zenituzten. Hori alde batera utzi duzue orain. Zergatik?

Jantzi tradizionalak etxean utzi ditugu jendeak musikan jar dezan arreta, ez eta jantziotan. Hiru musikari gara, tresna klasikoak jotzen, baina ez musika klasikoa, ez eta modu klasikoan ere. Partiturak ere etxean utzi ditugu, dena askeago izan dadin, eta lasaiago.

Hor kontrastea zuen trebezia teknikoak jartzen du. Orkestra klasiko handietan sartzeko tentaziorik ez al zenuten izan?

Bai, baina aspaldiko kontua da hori: hamahiru urte! Azkenean lortu egin dugu nahi genuena: musikarekin ongi pasatzea, eta, aldi berean, kalitatezko zer edo zer egitea.

Besteak beste, Aljerian, Shanghain eta Hong Kongen (Txina) jo duzue. Ulertzen al dute txinatarrek zuen ironia?

Ez dakit oso ondo nola edo zergatik, baina orain arte beti funtzionatu du. Euskal Herrian ez dugu euskaraz abestuko, ez dakigulako, baina geure hizkeran egingo dugu, eta musikak hori du ona, ez dituzula hitzak ulertu behar, musikak berarekin eraman zaitzan.

Beste hainbat musikarirekin lanean ari zarete.

Erika Stucki suitzar-estatubatuar abeslariarekin ari gara lanean, eta kontzertu bat emango dugu harekin urte amaieran. Horrez gain, egitasmo bat dugu Alemaniako Matthias Schriefl jazz tronpetistarekin.

AEBetako folk xelebrea eta Alemaniako jazz punka, beraz. Zuen herrikide Mozart ere bere garaiko punk xelebre gisa erretratatu ziguten zineman. Horren oinordekoak zarete?

Mozarten polka bat genuen lehen diskoan, baina orain ez dugu haren musikarik jotzen. Serbiako abesti bat joko dugu Bilbon, baita ingelesezko kanta pare bat ere, eta, noski, alemanezkoak. Styriakoak gara, eta soinekoak soineko musika tradizioa oso bizirik dago han.

Friday 27 May 2011

«MP3ak banalizatu egin du musika»

Carlos Escobedo, Sober taldeko abeslaria.

Escobedo, erdian, taldeko gainerako kideekin.

Zatiketa baten ondorioz zazpi urtez diskorik atera gabe egon ondoren, 'Superbia' plazaratu du Sober taldeak, eta gaur aurkeztuko du, Barakaldon. Harrokeriari buruz mintzo zaigu abeslaria.

Carlos Escobedo musikariak (Madril, 1975) Sober taldea sortu zuen, 1994. urtean. Espainiako rock alternatiboko talderik hoberenetako bat dela erakutsi du urteotan. Besteak beste, Motorhead eta Metallicarekin partekatu dute agertokia. Superbia diskoa argitaratu berri dute —lehena zazpi urtean—, eta gaur aurkeztuko dute, 20:00etan, Barakaldoko Rock Star Liven (Bizkaia).

Thursday 26 May 2011

«Zientzialariek asko hitz egiten dizute euren lanaz, finantzabide bila badabiltza»

Pere Estupinya. Zientzia dibulgatzailea


Biokimika doktoretza alde batera utzi, eta zientzia zientzialari ez direnei azaltzeko lanean murgildu zen. Munduko garunik interesgarrienak zertan ari diren azalduko du gaur Bilbon.
Pere Estupinya ( Tortosa, Katalunia, 1974) kimikaria eta biokimikaria da, baina azken urteotan zientziaren dibulgazioan ari da. Massachusettsko Teknologia Instituan (MIT) urtebete eman zuen 2007an, eta han puntako zientzialariak ezagutu zituen. Esperientzia El Lladre de cervells (Garunen lapurra) liburuan kontatu zuen. Gaur, zientzia komunikatzeko eredu berriez mintzatuko da, 19:00etan, Bizkaia Aretoan, Bilbon.

Friday 20 May 2011

«Txalaparta ezinbestekoa izan zitzaigun Pekinen, auzoekin komunikatzeko»

Laurita Siles, artista


'Txalamobil herriz herri' ekimenean murgilduta dabil artista marbellatarra. Getxon hasi eta Hernaniko Txalaparta Festan amaituko du Edurne Gonzalezekin batera gauzaturiko abentura.
Laurita Siles 1981. urtean jaio zen, Marbellan (Andaluzia, Espainia). Baina jaioterria aipatu bezain pronto argitu du «Miraflores auzokoa» dela. Bilbon euskaldundu zen, eta han ikasi zuen txalaparta jotzen. Edurne Gonzalezekin batera Komando Trini arte taldea sortu zuen, Pekinen. Txalamobil asmakizunarekin beste abentura bati ekin zion asteazkenean. Algortako portu zaharrean hasi (Getxo, Bizkaia) eta Hernanin asteburuan egitekoa den 25. Txalaparta Festara herriz herri joatea: Plentzia, Bermeo, Lekeitio, Ondarroa eta Usurbil barrena, besteak beste. Gaur Lekeition izango dira.

Thursday 19 May 2011

«Egiaren eta ongiaren jabe dela dioenak bultzatzen du gehien erlatibismoa»

Joxe Arregi, frantziskotar ohia
 
 
Eliza katolikoaren hierarkiarekin izaniko desadostasunengatik fraidetza utzi zuen, baina ez dio uko egin pentsatzeari. Zientzia eta mistika aztertuko dituzten jardunaldi batzuk antolatu ditu Donostian.

Joxe Arregi frantziskotar ohiak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1952) Zientzia eta mistika, batera ala bereiz? jardunaldiak antolatu ditu, GUNE taldearekin. Gaur eta bihar egingo dituzte, Miramar jauregian, Donostian. Gaurko saioan, 17:00etatik aurrera, Pedro Migel Etxenike zientzialaria eta David Jou Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea mintzatuko dira.

Sunday 15 May 2011

«Kuban musika mugimendu handia dago, baina gure saltsan egosten gara»

Pancho Amat, musikaria.


Victor Jara eta The Chieftainsekin jo du Amatek, tres musika tresnaren berritzaileak. Semearekin arituko da gaur, Andoainen, musika tradizionala beste estiloekin nahasten, baina zaporerik galdu gabe.
Pancho Amat (Guira de Melena, Kuba, 1950) uharteko tres musika tresna tradizionalaren jotzailerik hoberena da. Berak bihurtu zuen tresa kontzertu tresna, eta klasikoa, jazza eta rocka landu ditu horrekin. Victor Jara, Cesarea Evora, Ry Cooder, The Chieftains eta Juan Perrorekin jo du, besteak beste. Andoainen arituko da gaur, 21:30ean, Bastero Kulturgunean. bira honetan Euskal Herrian emango duen kontzertu bakarra izango da.

Friday 13 May 2011

«75 urterekin errepidean segitzeko dudan zio nagusia emazteari ihes egitea da»

Andre Williams, musikaria.


Emango luke 'alproja' hitza Alabamako artistarentzat asmatu zutela. Balirudike 'sexua, drogak eta funka' leloa honen asmakizuna izan dela. Aiton zintzoa bihurtu da, antza, baina ez dago fidatzerik.

Andre Williamsek (Alabama, AEB, 1936) Aitabitxi beltza ezizena maite du dituen besteen gainetik. 50 urte darama musika munduan. Motown, Chess eta Fortune Records diskoetxetako izarra izan zen 1950ko hamarkadatik aurrera. Alkohol, kokaina eta sexu zale amorratua eta neurrigabekoa, eskale gisa bizi izan zen Chicagoko zubi batean 1980ko hamarkadan. The Goldstars laguntzaileekin arituko da bihar, 22:00etan, Psilocybenean (Hondarribia, Gipuzkoa).

Wednesday 11 May 2011

«Bob Marleyk Che Guevara gainditu du mito gisa, baina merkantzia bihurtu dute»

Josetxo Mintegi, musikari eta idazlea.


Gaur 30 urte hil zen Jamaikako musikaria, eta, haren omenez, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Zarautzen. Haren biografoak pertsona eta kondaira bereizten lagunduko digu gaur, hitzaldi baten bidez.
Josetxo Mintegi (Donostia, 1965) Doctor Deslai taldeko abeslaria izan zen. 2005ean, Bob Marleyren biografia bat argitaratu zuen. Mitoaren inguruan mintzatuko da gaur, 19:30ean, Marea Gora tabernan, Zarautzen (Gipuzkoa). Rebel music dokumentala emango dute bihar, 19:00etan, Kupela tabernan. Larunbatean, 16:00etan hasita, Berazan, Gasteizko Innocent Criminals grafiti egileek musikariaren erretratu bat egingo dute, reggaez bustiriko jaian.

Tuesday 10 May 2011

«Suitzan demokrazia erabili dute emakumeei bozkatzeko eskubidea galarazteko»

Brigitte Studer, historialaria.




Europan demokrazia modernoa ezartzen lehenetakoa izan zen Suitza, baina emakumeei boto eskubidea onartzen azkena. Paradoxa ulertzen lagunduko du Bernako Unibertsitateko irakasleak gaur Donostian.
Brigitte Studer (Basilea, Suitza, 1955) historia irakaslea da Bernako Unibertsitatean. Citizenship, democracy and gender. How is the Suiss exception to be explained? (Hiritartasuna, demokrazia eta generoa. Nola azal daiteke Suitzako salbuespena?) hitzaldia emango du gaur, 12:00etan, EHUko Zuzenbide Fakultateko gradu aretoan, Donostian.

Sunday 8 May 2011

«Moneta sozialak sortu, eta geure ekonomia nahi dugula esan behar diogu sistemari»

Julio Gisbert, ekonomia alternatiboan aditua.


Enplegurik gabe duintasunez bizi daitekeela dio banku langileak, eta langabeei erakutsiko dizkie horretarako dauden tresnak gaur, Larraulen, Aiztondoko denbora bankuaren I. Truke Egunean.
Ekonomia alternatiboaren inguruan aditua da Julio Gisbert (Madril, 1965). Vivir sin trabajo liburua argitaratu du, besteak beste. Langabezian duintasunez bizitzeko bideak badirela azalduko du gaur, 11:00etan, Laurraulen (Gipuzkoa), Aiztondoko denbora bankuaren I. Truke Egunean.

Friday 6 May 2011

«Interneteko sare sozialak zabaldu izanak akabatu zuen Tunisiako diktadura»

Sofiene Ben Haj, ziberekintzailea.



Tunisiako Barne Ministerioko sotoko ziegetan preso egon eta gero, orain gobernuaren aholkularia da ekintzailea, batez ere Facebooken bidez iraultzaren alde eginiko lan erabakigarriagatik.
Sofiene Ben Haj (Ksar Hellal, Tunisia, 1982) ziberekintzailea da, eta Tunisiako iraultza sustatu eta gidatu zuen, Facebooken Hamadi Kalutxa ezizenarekin sorturiko orriaren bidez. Sare sozialek gaur mundu arabiarrean gertatzen ari diren iraultzetan duten eraginaz mintzatuko da gaur, 19:30ean, San Telmo museoan, Donostian.