Sunday 30 October 2011

«Harrigarria da euskaldunok eta japoniarrek nola egiten dugun bat gauza batzuetan»

MAITE RAMOS ETA JOSU JIMENEZ, SORTZAILEAK


Iluntzean da, baina ez naiz bakarrik; haritz ezkurrak 
Japoniako estiloko 'haiku' poemak eta horiek ilustratzeko 'haiga' margo sorta dituzte ikusgai sortzaile nafarrek Senperen, Hatsa elkarteak antolaturiko erakusketan. Udazkena ulertzen ikasteko.
Larrun ez da Fuji mendia, baina izan zitekeen, trena, benta eta antenak ez balitu. Maite Ramos eta Josu Jimenez (Iruñea, 1967) Gerezi garaiko haikuak erakusketa jarri dute Senpereko Larraldea aretoan. Jimenezen haiku Japoniako estiloko poemei tintazko irudiak jarri dizkio Ramosek, haiga-k (ikusi beheko irudian). Gaur da erakusketa ikusteko azken eguna, 15:00etatik 19:00etara.

Friday 28 October 2011

«Ez nuen kanta gehiago sortu nahi, baina musikak gertatzen jarraitzen du»


KRISTA MUIR, MUSIKARIA

Baionan jo zuen herenegun Krista Muir abeslari eta sortzaile kanadarrak. Gaur Azpeitian arituko da, Europan egiten ari den birako azken kontzertuetako batean, Quebecera 'hibernatzera' itzuli aurretik.
Krista Muir (Ottawa, Kanada) musikaria da, ekoizlea, jantzi diseinatzailea eta soinu ingeniaria.Lederhosen Lucil izenpean hasi zen kontzertuak ematen, baina azken boladan bere izena erabiltzen du. Dagoeneko bost disko luze argitaratu ditu. Azkenak Between Atoms du izena, eta, hori aurkezteko, bira egiten ari da Europan. Herenegun Baionan jo zuen, eta, gaur, Azpeitian (Gipuzkoa) arituko da, 23:00etan, Sanagustin kulturgunean, Cannibales & Vahines taldearekin batera.

Thursday 27 October 2011

«Euskaldunen nahiaren afera zabaldu da, eta hori bai dela denontzako une berria»


JAVIER SADABA, FILOSOFOA


Irakasleak ez du arazorik kapitalismoaren amaiera irudikatzeko, eta, are gehiago, krisiak sorturiko ezinegonak bultzatuta mundu osoan gerorako eredu berriak piztu direla azalduko du gaur, Donostian.

Javier Sadaba (Portugalete, Bizkaia, 1940) filosofoa da, eta Erlijioaren Etika eta Filosofia irakasten du Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, besteak beste. Nuevos paradigmas ante la crisis hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Donostiako Londres hotelean, Adolfo Lopez de Munain neurologoarekin batera.

Paradigma berriez mintzo zara, baina filosofoen artean klixea da dagoeneko errazago zaigula munduaren amaiera irudikatzea, kapitalismoaren bukaera baino. Zuk irudikatzen dituzu eredu berriak?

Nik beti irudikatu dut kapitalismoaren amaiera. Orain kapitalismoak, bere aurpegi txarrenetako batean, agintzen du: finantza kapitalismoa, politika eta herritarrak irentsi dituena. Hori amaitzea da nire ideala. Lehia eta eraginkortasuna beharrezkoa dira, eta nolabaiteko merkatu askatasuna, mugatua bada ere. Baina ez diot uko egiten sozialismo libertarioari: askatasuna errespetatu baina baliabideak bidezko eran banatu, ez orain bezala. Ez dugu topikoan erori behar; kapitalismoa ez da garaiezina.

Baina jendea ez al dago berriz krisia noiz bukatuko den zain, sistemaren doministikua baino ez delakoan?

Kapitalismoak berritzeko ahalmen handia duela uste dut, baina, oraingoan, ezinegona dago, baita kontserbadoreenen artean ere. Honela ezin dugula jarraitu uste dute. Kontzientzia hori planeta osora zabaltzen ari da. Horrez gain, martxoak 15eko mugimendua bezalakoak daude, non jendea hasi den sistema alternatiboak irudikatzen eta proposatzen, benetako demokrazia eta behar bezalako bizikidetza izateko. Maiatzaren 15ekoak badirau, eta erakutsi du ez dela errautsa, baizik eta txingarra.

Zeintzuk dira ikusten dituzun eredu berri horiek?

Hainbat urrats proposatzen ditut. Lehena: ezetz esaten jakitea. Ez etsi, eutsi. Bigarrena: zeure burua erabakitzen duen gizabanako gisa ikustea, eta gizartearen oinarria geu garela argiago ikustea. Hirugarrena: benetako kultur iraultza, behetik gorakoa. Gizartea topikoz beterik dago, eta nork bere burua engainatzeko joeraz. Eskolan konpondu behar da hori. Azkenik, benetako morala eta bizitzen jakitea. Norberaren plazerekin gustura egon, baina jakinda ezinezkoa dela norberaren zoriona, jende guztiak ez badu era gizatiarrean bizitzerik. Gizarte neoliberala ez, beraz, norberekoikeria muinean duelako. Sozialdemokrazian ere ez dut sinesten, benetan agintzen dutenen lehen putzarekin makurtu egiten delako. Gizarte libertariagoa proposatzen dut: demokrazia askoz zuzenagoa, kargu mugatu eta txandakatuekin, non ekonomia politikariek kontrolatuko duten, eta politikariak, herritarrek.

Paradigma aldaketa eskatzen du Euskal Herriaren egoera berriak?

Bai. Blindatu egin behar da, Madrilen egiten den kaka-nahastetik babesteko. Indarkeriak aztertu behar dira, baina bakarra aztertzekotan ere, zergatik sortu zen ikusi beharko da. Espero dut adiskidetzea eta barkatzea heltzea. Baina, bestalde, euskaldunen borondatearen afera zabaldu da. Hori ez dago zalantzan jartzerik indarkeria egon dela edo halakoak argudiatuta. Benetako leialtasun demokratikoa behar dugu, eta hori bai dela denontzako une berria. Alde batetik, Euskal Herriaren eskubideetatik eginiko proposamenak ongi egin daitezen eta, bestetik, errespeta dadin geure borondatea, euskaldunok izan nahi duguna izan gaitezen.

Friday 21 October 2011

«Gaur idazten dugun historia nolakoa, halakoa izango da gure etorkizuna»


EDWARD A. SHANKEN, HISTORIALARIA


Argazkia:  IVAR VAN BEKKUM
Paradoxa ematen badu ere, historialari estatubatuarrak, iragana barik, geroa dauka buruan, eta euskaldunoi ere historia ahalik eta ahots gehienekin abesteko gomendatzen digu. Bilbon hitz egingo du gaur.
Artea zientzia eta teknologiaren arteko harremanak aztertzen ditu Edward A. Shanken (Filadelfia, AEB, 1964) historialariak. Art Futura jaialdian mintzatuko da gaur, 19:30ean, Bilboko Alondegian.

Wednesday 19 October 2011

«Zientziaren patata ideala bizimodu tradizionalak suntsitzeko arma bat da»


EMMANUEL LIZCANO, PENTSALARIA


Lursagarraren historiaz hausnartuko du filosofoak gaur Donostian, horretan modernitatearen eta tradizioaren arteko zein herrien autonomiaren eta adituen boterearen arteko gatazka ikusten duelako.
Matematikaria, filosofoa eta Ezagutzaren Soziologiako irakaslea da Emmanuel Lizcano (Madril, 1950). La patata ideal hitzaldia eskainiko du gaur, 19:00etan, Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxean (Kristinaenea parkean), Nekazaritza eta Modernitatea zikloaren barruan.

Sunday 16 October 2011

«Euskal kantari gehienok zozolapiko samarrak gara»


GONTZAL MENDIBIL, MUSIKARIA


'Neure txiki polita' azken diskoan oinarrituriko ikuskizuna taularatuko du gaur abeslariak, Bilboko Campos Eliseos antzokian, 19:00etan: antzinako kantuak, eta irudiak zein dantza agertokian.
Gontzal Mendibil (Zeanuri, Bizkaia, 1956) 1970eko hamarkadaz geroztik dabil musikaren munduan. Azken hogei urteotan, berriz, kontzeptu baten inguruko diskoak osatu eta plazaratu ditu. Azkenean, Neure txiki polita, haurtzaroan ezagututako kantak bildu ditu. Baina ez gaitzala itxurak engaina: ez da haur musika. Izan ere, istorio odoltsuak kontatzen ditu horretan, besteak beste.

Zergatik izango da berezia gaurko kontzertua, Bilbon egingo duzulako?

Ez, egingo dugunarengatik izango da berezia. Neure jaioterrian egin dugu emanaldi hau, baina antzoki eder batean egiteak beste zentzu bat du. Jendeak ordaindu egiten duenean, gehiago eskatzen du. Diskoan parte hartu dugun musikariok izango gara jotzen, baina Beti Jai-Alai dantzari taldekoek bi koreografia egingo dituzte. Horrez gain, hilketa sano baten antzezpena egingo duguFrantzie kortekoa kantan. Marife Nogales musikariak egingo du Frantziako gorteko damarena, senargaiaren amak hilik nahi duena.

Ez al zen ikusgarriagoa izango diskoko beste kantetako bat antzeztea —Lapur famatua—? Azken batean, horretan hamahiru hilketa gertatzen dira.

Hori beste batean egingo dugu, era txukunago batean. Historia hausnartzen badugu, gauza anker eta dramatikoak beti gertatu direla ikusten dugu. Juan Bilbao 85 urteko arratiarrak kontatu zidan, duela 30 bat urte. Bere aititak erakutsi zion kantua, eta egiatzat zeukan istorioa: ezkontza batean andregaiarekin maitemindurik zegoen beste batek triskantza egin zuen.

Dantza eta ikus-entzunezkoak gehituz ez zara apur bat aldentzen diskoarekin zenuen asmotik: hau da, bi egunetan grabatu eta gero zuzenean freskotasunez eman?

Zuzenean bagina bezala grabatu genuen, musikariak onak direlako. Gaurko krisiarekin ezin duzu hilabete pasatu estudioan. Gauza sinfonikoa egin nahi genuen, baina bizitasuna ziurtatuta dago, kantuok jendearen parte hartzea eskatzen dutelako.

Aurreko batean kexu zinen kontzertuzaleak entzule hutsak bihurtu direlako.

1970eko kantaldietan parte hartze handia zegoen. Azken boladan lokartuta bezala egon gara, kultura fosilizatu egin balitz legez. Beste giro bat sortzen ari da. Esnatzeko motiboak baditugu. Azken bi urteotako kantaldiotan ikusi dut jendeak gogoa duela berriz parte hartzeko. Orain sortzen ari dena ez da lortu azken 30 urteotan. Esaterako: herrietan kantari dabiltzan ehun bat laguneko taldeak. Kantatzen duen herria ez dela hiltzen zioten poetek. Hala izan bedi. Eskerrak oinarri hori sortu den, ETBk eta irratiak ia ez digutelako lagundu horretan.

Zergatik jartzen zarete musikariok, adin batera helduta, haurtzarora begira?

Duela sei bat urte Gorbeiako haizea eleberria argitaratu nuen, eta gogoa nuen horrekin loturiko kantuak berreskuratzeko. Asmoa ez da haurtzaroan geratzea, dena den. Hurrengo diskoak neure kantu berriak jasoko ditu.

Mendiko kantuak konponketa modernoekin eta belle époque estiloko antzoki batean. Ez al da kontraste gehiegi?

Nahasketa hori da interesgarria: nola moldatu estetika on batez? Ikuskizunak barruak ukitu behar dizkizu, benetan. Euskal kantari gehienok zozolapiko samarrak gara. Askatu behar dugu agertokian, jendearengana heltzeko. Holakoak gara, baina agertokia dugunok askatu behar dugu, dugun guztia emateko.

Wednesday 12 October 2011

«Ez naiz egolatra, margolanetan ez diodalako neure buruari ederresten»

ANA PAGOLA, MARGOLARIA



Artistaren lanak Donostiako bi aretotan ikus daitezke egunotan, eta Iruñeko alde zaharreko estudioa ere irekia du bisitarientzat. Bere burua menina gisa margotzen du, kolore saturatuekin.
Ana Pagola Divasson margolariak (Iruñea, 1983) Serioa bizitza da, alaia artea erakusketa dauka jarrita Donostiako Lugaritz kultur etxean, urriaren 29a arte. Horrez gain, eginiko azken koadroak ditu ikusgai Groseko Kur galerian. Iruindarrek ere ez dute arazorik haren lanak ikusteko, artistaren estudioan bertan, San Jose kaleko 4.ean.

Tuesday 11 October 2011

«Amatasunaren gurtza ia mistikoak atzerakada ekarri die emakumeei zientzian»

Paloma Alcala, fisikaria
 
 
Emakumeek zientzian aritzeko zer oztopo izan dituzten azalduko du Paloma Alcala irakasleak gaur Bilbon, eta ohartaraziko du emakume zientzialari gazteak atzera egiten ari direla, aurrera egin beharrean.

Astronomia emakume erakusketan ikus daitezkeen paneletako bat. / BERRIA
Paloma Alcala fisikariak (Madril, 1975) zientzia aztertzen du genero ikuspegitik, eta horren inguruko zortzi lan baino gehiago argitaratu ditu. Con faldas y en la ciencia hitzaldia emango du gaur, 18:30ean, Bizkaia aretoan (Abandoibarra 3, Bilbo), Astronomia emakume erakusketaren harira.

Sunday 9 October 2011

«Garai txar hauetan, une ona dugu kontrakultura zer izan zen gogoratzeko»

Amaia Zorrilla, zinemazalea
 
 
AEBetako kontrakultura mugimenduaren inguruko zinema ziklo berezia zabalduko du gaur Gasteizen, The Weather Underground talde hippy armatuaren inguruko dokumental batekin.

Amaia Zorrillak (Portugalete, Bizkaia, 1963) antolatu eta aurkeztuko du gaur Kontrakultura zinema zikloa, 19:30ean, Gasteizko Ibu Hots aretoan. Urriaren 9an, 18an, 25ean eta 30ean, film bana ikusi ahalko da Ameriketako Estatu Batuetako mugimenduaren hainbat alderdi ezagutzeko. Ekintza politiko-armatuak, hardcore musika, beat belaunaldiko literatura eta komikigintzaren inguruko dokumentalak eta fikzio lanak erakutsiko dituzte.

Friday 7 October 2011

«Ez dut bereizten Christina Aguilera eta Bob Dylanen artean; dena gauza bera da»

Eef Barzelay, musikaria


Clem Snide taldeko sortzailea 'The Ghost of Fashion' diskoaren 10. urteurrena ospatzen ari da, bira berezi batekin. Diskoa hasieratik amaierara joko du gaur Donostian, Partido taldeak lagunduta.
Eef Barzelay (Tel Aviv, 1970) Ameriketako Estatu Batuetan hazi zen, New Jerseyn. Boston inguruko hainbat taldetan jo ondoren, Clem Snide sortu zuen, 1990eko hamarkadaren hasieran. Donostian arituko da gaur, 21:00etatik aurrera, Gazteszena aretoan.

Thursday 6 October 2011

«Norbaitek joan beharko luke Guardia Zibilarengana Arestiren lanak eskatzera»

Xabier Monasterio, irakaslea
 
 
Lanabesa

Xabier Monasterio (Bilbo, 1958) Gabriel Aresti euskaltegiko zuzendaria da. Berak antolatu du Harrizko Aresti Hura Gogoratzen omenaldi astea, idazlearen bizitza, lana eta garaiko testuingurua ezagutarazteko. Erakusketa bat zabaldu dute euskaltegian bertan (San Bizente 2, Zazpikaleetan), eta hainbat ekitaldi egingo dituzte datozen egunetan Bilboko Kafe Antzokian. Arestiren ipuinen irakurketa komentatua egingo du Itziar Laka EHUko irakasleak ostiralean, 11:00etan. Poetaren inguruko hitzaldia egingo du Monasteriok hurrengo ostiralean.

Wednesday 5 October 2011

«Garai lasai batean gaude zientzian, eta horrek jende asko aztoratzen du»

Jose Ignacio Latorre, fisikaria
 
 

CERNeko esperimentu batek zalantzan jarri du Einsteinen teoriaren oinarria, partikula batzuek argia baino azkarrago bidaia dezaketela iradokiz. Latorrek argi du: esperimentuak du akatsa, ez Einsteinek.

Jose Ignacio Latorrek (Bartzelona, 1959) Fisika Teorikoa irakasten du Bartzelonako Unibertsitatean. Neutrinos; Einstein seguramente tiene razón hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Kutxaren Andia aretoan, Donostian.

Sunday 2 October 2011

«Dantza egin bai, baina musika kulturan atzera ari gara»


Roberto Moso, irrati esataria

Latinoamerikako doinuei eskainitako saioa egiten hasi da Radio Euskadin, larunbat arratsalde nagietarako konpainia.

Kamerun urrun dagoela gogorarazi zuen aspaldi, Zarama taldeko abeslari gisa, eta, orain, Latinoamerika gerturatzen du larunbatero, Radio Euskadin, Aquí Macondo saioarekin. Roberto Moso esatariak (Santurtzi, Bizkaia, 1960) irratsaioa estreinatu du, baina jarraitzen du Radio Euskadiko beste hainbat proposamenetan parte hartzen.