Friday 24 December 2010

«Hobe da haurrei sortzaile izaten irakastea matematika asko irakastea baino»

Sonia Rueda, argazkilaria.


 

'Cambio de Rueda' erakusketa zabaldu berri du artistak Bilbon, aurretik elkar ezagutzen ez zuten Rafa Rueda musikariarekin eta Alicia Rueda moda diseinatzailearekin elkarlanean.
Sonia Rueda argazkilariak (Barakaldo, Bizkaia, 1964) Cambio de Rueda erakusketa zabaldu zuen atzo Windsor Kulturgintza erakusketa aretoan (Ajuriagerra, 14, Bilbo). Alicia Rueda moda diseinatzailearekin eta Rafa Rueda musikariarekin batera sorturiko lanak daude erakusketan, otsailaren 26ra arte. Hiru sortzaileak ez dira senideak, baina, abizen bera dutela ikusita, elkarlanean aritu dira.

Wednesday 15 December 2010

«Bigarren mailako hiriak izango dira glokalizazioaren hirugarren faseko buru»

Igor Calzada, Mondragon Unibertsitateko ikertzailea.


Nortasuna gordetzeko lehian, munduko antzeko auzoak konektatu behar direla dio gizarte eta hiri berrikuntzaren inguruko ikertzaileak. Ideia hori azalduko du gaur Donostiako Egia auzoan.
Igor Calzada (Donostia, 1975) irakaslea da Mondragon Unibertsitatean. Hiria eta berrikuntza dira haren ikerketaren ardatz nagusiak. Auzolab: komunitate lokalaren esnaldia hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Egia kultur etxean, Donostiako Egiako Auzo Elkarteak antolatuta.

Auzolab ideia zer da zuretzat, auzolanaren ordezkoa?

Hitz joko horretan baditugu berreskuratu beharreko gauzak eta inolaz ere berreskuratu beharko ez genituzkeenak. Nostalgia ez da ona. Hiriaren inguruko oso ideia uniformizatzailea egon da. Auzoen nortasuna oso garrantzitsua da, Euskal Herrian zein beste lekuetan. Sekulako beharra dago ezkerraren diskurtsoa eguneratzeko, eta aukera handia dugu horretarako. Auzolana izan zen herrigintzarako tresna bat, baina ezin dugu berreskuratu, gaur gizarte indibidualista dugulako. Izan ditzakegu geure facebookak eta gizarte sareak, baina horrek ez du berreskuratzen gizarte komunitarioa.

Glokal beste hitz joko eta modazko terminoa erabiltzen duzu. Globala eta lokala adiskidetzerik al dago benetan?

Globalizazioa onartu zenean, lokala eta globala lotzeko ideia aipatu zuten batzuek. Berrikuntza, ordea, beste nonbait dago: dagoeneko hirugarren belaunaldiko globalizazioan gaude, ez glokalizazioan. Puntu supralokalak konektatuko ditugu orain. Axola zaiguna ez da Euskal Herri osoa Danimarkarekin lotzea, baizik eta Donostiako Egia auzoa, esaterako, Arhus hiriko antzeko auzo batekin. Gure arazoak antzekoak dira, hizkuntzak eta bizimoldeak gorabehera.

Baina hori ez al dute aberatsek aspaldi egiten, zentrokoak Gabonetako erosketak egitera Londresko Oxford Streetera joaten direnean?

Hala da. Hiri kudeaketan oso eredu argia dago gaur: Starbucks eredua. Kate horretako kafetegi guztiak berdinak dira, eta hiria uniformizatzen dute. Eredu hori da hiri batek saihestu behar duen lehenbiziko gauza. Londres, Paris, Tokio... hiri globalak dagoeneko atzean geratzen ari dira, superpopulazioaren gaitz guztiak pairatzen ari direlako. Los Angelesko desastrea da adibidea, desarrollismoaren biktima izan baita. Bigarren mailako hiriak izango dira glokalizazioaren hirugarren faseko buru, iraunkorragoak direlako eta bizitzeko hobeak. Kudeagarriagoak dira eta sinergiak hobeto aprobetxatzen dituzte. Euskal Herriak horietako bat izaten saiatu beharko luke.

Ez al gabiltza, hain zuzen ere, Los Angelesen ereduari jarraiki?

Osagai on asko ditugu, baina baita disfuntzio batzuk ere, eta horietan nabarmenena errepideak dira. Duela 30 urte horren aldeko apustua egin zen, eta sekulako hanka-sartzea izan zen. Ez naiz jarriko abiadura handiko trenaren alde edo kontra, baina trenbidea da konponbidea. Miarritzeko aireportura autobusa jarri izana oso albiste ona da.

Hiri-estatua da Euskal Herriaren etorkizuna?

Bi-hiru milioiko hiriek osatuko dute glokalizazioaren hirugarren belaunaldia, eta Euskal Herriak sekulako aukera du mapan leku bat izateko. Europan kudeaketa onaren eredua ez dira estatuak, eskualdeak baizik. Hiri-eskualdea da niretzat eredua Ipar eta Hego Euskal Herrirako; esaterako, Danimarka eta Suediaren arteko Oresund eskualdea.

Sunday 12 December 2010

«Zuzenean umorea sartzen dut, nire musikak batzuetan malenkoniatsua dirudielako»

Peter Broderick, musikaria.



Ameriketako Estatu Batuetan estudioko musikaria izan arren, Europan jarri da bizitzen eta kontzertuak ematen. Bere azken musikaren biluztasuna azaldu du, eta taldea osatzeko asmoa duela.

Peter Broderickek (Oregon, AEB, 1987) biolina, banjoa, zerra pianoa eta mandolina jotzen ditu. Besteak beste, Horse Feathers eta Norfolk & Western taldeekin aritu da Ameriketako Estatu Batuetan eta Danimarkako Efterklang talde indiearekin Europan. Haren doinu lasaiak entzun ahalko dira gaur, 19:00etan, Uhagonen (Markina Xemein, Bizkaia). Greg Hainesekin partekatuko du oholtza.

Hemengo talde batzuek Las Vegasekin amesten dute; zer egiten du musikari estatubatuar batek Europan bizitzen?

Dena 2007. urtean hasi zen, Efterklang taldeak gonbidatu ninduenean Danimarkara bizitzera etortzeko eta beraiekin jotzen hasteko. Hala egin nuen, eta geroztik oso ongi ibili naiz Europan bidaiatzen eta jotzen. Orain lagun asko ditut hemen, eta nire bizitza Europan egin dut.

Besterik gabe gonbidatu zintuzten, ezagutu barik?

Ustekabe hutsa izan zen. Efterklangen fan handia nintzen. Euren laguna nintzen MySpacen. Pare bat mezu bidali nien zein gogoko nituen esateko, eta helbidea lortu nuenean, nire disko pare bat bidali nizkien. Ez ninduten ezagutzen, gonbidatu aurretik. Harrigarria izan zen niretzat.

Estudioko musikaria zinen Portlanden (AEB). Efterklangen gonbidapenak bultzatu zintuen estudiotik atera eta agertokietara jauzi egitera?

Bai. Hainbat estudiotan egin nuen lan, beste musikarien diskoetan grabatzen. Bat batean, ez nuen horrenbeste lan egin behar estudioan, kontzertuak nituelako. Halere, noizean behin joan-etorria egiten dut hara, eta grabaketetan aritzen naiz.

Estudioko pareten babesa utzi eta jendaurrean eta, gaur bezala, bakarrik agertzeak beldurgarria izan behar du.

Hasieran bai. Orain errazagoa zait. Gustuko dut jendea isilik dagoenean, baina ez dago arazorik hala ez badira egoten. Umorea sartzea maite izaten dut kontzertuetan, nire musikak batzuetan malenkoniatsua dirudielako.

Aurten, How They Are diskoa argitaratu duzu. Zergatik da horren biluzia?

Ahalik eta xumeena eta apaingarririk gabea egin nahi nuen. Aurreko diskoak geruzak gehitzen egin nituen. Bata bestearen gainean jartzen nituen, soinua ona zela erabaki arte, eta orduan gelditzen nuen prozesua, eta disko bat zela erabakitzen nuen. Oraingoan, berriz, musika guztia estudioan sartu aurretik amaituta egotea nahi nuen, eta dena zuzenean grabatu. Nahi nuen agertu nik neuk aldi batean jo ahal dudan musika, elektronika edo beste pistarik gabe. Abesti batzuk poema gisa hasi ziren, edo hitz bakan batzuetatik paper batean, musika izan baino lehen.

Berriz ere, estudiotik zuzenera eginiko eboluzioaren erakusgarri da hori.

Hala da, bai. Asko aldatu naiz. Bidaiatzeak aldatu nau, baita nire musika ere. Hala ete guztiz ere, planak ditut datorren urterako, eta bestelakoak dira: lehen aldiz talde bat antolatuko dut neure musika jotzeko. Beste disko bat grabatu berri dut, eta datorren urtean argitaratuko dut. Askoz geruza gehiago ditu, eta musikari gehiago beharko dut zuzenean jotzeko.

Izena eta izenburua?

Peter Broderic Band taldea eta Peter Broderick diskoa.

Baina normalean musikariek lehen diskoari jartzen diote norberaren izena.

Atzeraka nabilela ematen du.

Saturday 11 December 2010

«Euskal Herriak, Serbiak lez, kultura berezia eta sendoa du, bazterrean egon arren»

Sasa Asentic, dantzaria.



Bosniarra da, eta kultur zentroen eta periferien arteko harremanak landu ditu 'performance' batean: 'My Private Biopolitics'. Bilbon aurkeztuko du, eta gero hemengo artistekin jorratuko du gaia lantegi batean.



Dantzaria da Sasa Asentic (Bosnia-Herzegovina, 1977), eta Serbiako PerArt taldeko bultzatzailea da. Performance bat taularatuko du gaur eta bihar:My Private Biopolitics. 20:00etan, Bilboko La Fundicion aretoan. Lanean, Europako ekialdeko herrialdeak kapitalismora eginiko bidea eta Serbiaren kasua aztertu ditu.

Friday 10 December 2010

«Atzetik inurri lana egin dugulako izan du Perurenaren bideoak halako arrakasta»

Angel Rekalde, Nabarraldeko zuzendaria.




'Vasconia, Euskadi, Euskal Herria, Navarra...'., euskaldunon herrialdea adierazteko horrenbeste izen zergatik dagoen eta bakoitzaren historia azalduko dute Rekaldek eta Koldo Martinez Garatek Usurbilen.


Angel Rekalde (Tolosa, Gipuzkoa, 1957) Nabarralde elkarteko zuzendaria da. «Nafar Estatuko herritarren baldintza politikoa bete-betean berreskuratzea» da elkartearen helburua. Vasconia, Euskadi, Euskal Herria, Navarra... hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Sutegin (Usurbil, Gipuzkoa), Koldo Martinez Garaterekin batera.

Tuesday 7 December 2010

«Europako Batasunak eta Turkiak berdin jokatzen dute»

Eser Uyansiz, kazetaria.




Turkiak 18 aldiz itxi du 'Azadiya Welat' kurduerazko egunkari bakarra 2000. urtetik. Egoera azaldu du zuzendariak Durangon.


Eser Uyansiz (Diyarbakir, Kurdistan, 1984) Azadiya Welat -Aberri Askea- kurdueraz argitaratzen den egunkari bakarreko zuzendaria da. 26 urterekin, kargurako gaztea dela eman dezake, baina berehala ulertzen da egunkariaren egoera ez dela normala: aurreko bi zuzendariak kartzelan ditu Turkiak, urte askoko zigorrekin. Azken urteotan, hemezortzi aldiz itxi du Ankarak kazeta, eta aurten, hirutan. Durangoko azokaren berri Kurdistanen ematera eta Euskal Herrian hango berri zabaltzera etorri da gurera.

Zaila da Azadiya Welat-en egoera aztertzea, astez aste aldatzen delako.

Une honetan Azadiya Welat izenarekin dago kalean. Abuztuan hilabeterako itxi zuten, erakunde terrorista baten propaganda egitea egotzita, eta Rojeva Welat izenarekin argitaratu genuen. 2006. urtetik hemezortzi aldiz itxi dute. Zuzendari ohi Vedat Kursuni 166 urteko kartzela zigorra ezarri diote. Aurrekoari -Ozanc Kililçek- 21 urteko zigorra ezarri diote, PKK erakundeko kideak elkarrizketatzeagatik. Ixten duten bakoitzean izena aldatzen dugu eta kalean jarraitzen dugu; ezin gara gelditu, Kurdistango jendeak eta disporako kurduek Kurdistanen inguruan berriak emateko eskatzen digutelako.

Noiz arte eutsi ahal izango diozue izena aldatzearen saihesbideari?

PKK-k su-etena eman du, eta arindu egin da egoera. Halere, ez dakit zer gertatuko den hori aldatzen denean. Izan ere, asimilatu egin nahi gaituzte. Gobernuaren inguruko prentsa bihurtu nahi gaituzte, beste hainbat egunkari bezala. Baina gu prentsa alternatiboa gara.

Iraken menpeko Kurdistanen kurduek euren burua gobernatzen dute, Mendebaldearen aliatuak direlako. Mugaren alde okerrean zaudela sentitzen duzue Turkiaren menpeko Kurdistanen?

Ipar Kurdistanen bizi garenontzat egoera are zailagoa da Iraken inbasioaz geroztik. Izan ere, Hego Kurdistanen egoera ona da kurduentzat, baina Iraken iparraldean gerra da, hilketak, tiroak eta bonbak, eta guri ere eragiten digu tentsioak. Hrant Dink kazetari armeniarra ere hil zuten urte hasieran.

Ez al zaizu iruditzen Europako Batasunak gero eta indar edo gogo gutxiago duela Turkia estu hartzeko?

Turkiako presidenteak, Europako Batasuneko herrialde batera bisitan joaten direnean, beti eramaten dute Azadiya Welat-en ale bat zorroan. Herrialde horietako agintariekin biltzen direnean, gure egunkaria ateratzen dute eta mahaiaren gainean jartzen. Ikusten -esaten dute- kurduek badute euren prentsa euren hizkuntzan Turkian. Noski, ez dute itxieren berri ematen. Gure zuzendari ohia 166 urtera zigortu zutenean, EBko ikuskatzaileak etorri ziren epaiketa entzutzera. Ez zuten, ordea, txostenik egin EBko giza eskubideen erakundetarako. Izan ere, Europako Batasunak eta Turkiak berdin jokatzen dute batzuetan.

w, x eta q hizkiak izenetan erabiltzea debekaturik dago oraindik?

Hizki horiek izenean badituzu, ez dizkizute nortasun agiririk ematen, Turkiako alfabetoan hizki horiek ez dituztela argudiatuta. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, gainera, arrazoia eman zion Turkiari horretan. Turkia EBn sartzen bada ere, ez dut uste egoera aldatuko denik; gehiago dute horretan esateko estatubatuarrek.

Zenbat langile ari zarete kazetan?

Erredakzioan hogei bat langile ari gara: hamar kazetari, sei grafista eta administrazioan lau.

1992. urtean kazetaren sortzaile Musa Anter idazlea hil zuten Diyarbakirren, eta beste 30 bat kazetari azken urteotan. Nola lortzen duzu aurrera egiteko kemena?

Ez dut beldurrik, gure herriaren alde ari garelako. Edonor izan daiteke Azadiya Welat-en zuzendaria. Hau ez da diruarengatik egiten, ez da lanpostu arrunt bat. Kurdistango herriarren alde egiten da, kurdistandarrei informazioa emanez.

Kazetaren azalean ikus daiteke Durangoko azokaren berri eman duzuela. Nola ikusten dituzue azoka eta Euskal Herria Kurdistandik?

Guretzat ohorea da hemen egotea. Lehen aldiz gaude Euskal Herrian. Bagenuen hemengoaren berri, noski, egoerak antzekoak direlako, giza eskubideen egoeran eta kulturan. Askatasuna nahi dugu bi herriok, norbere herrialdea, kultura eta hezkuntza.  




Thursday 2 December 2010

«Eskoletan haurrek irakasleek baino gehiago jakiten dute ordenagailuez»


Julen Ruiz Aizpuru, informatikaria.


Euskara eta teknologiaren inguran mahai-ingurua egingo dute gaur Donostian, eta Librezale.org taldeko kideak software librearen eta elkartzearen garrantzia nabarmenduko du.

Julen Ruiz Aizpuru (Zarautz, Gipuzkoa, 1986) infomatikan ingeniaria da, eta software askearen garatzailea. Aplikazioak euskaratzen dabil azken urteotan Librezale.org taldean. Teknologiekin ere euskaraz mahai-inguruan hartuko du parte gaur, 19:00etan, Donostiako Kafe Antzokian. Iñaki Alegria EHUko irakasleak bideratuko du eztabaida, eta, Ruizez gain, Iratxe Esnaola .eus elkarteko kideak Unai Fernandez de Betoño euskarazko Wikipediako administratzaileak eta Gorka Julio sare sozialetan adituak hartuko dute parte.