Sunday 27 November 2011

«Euskal kantugintza oso trabatuta dago, iraganeko bideetan harrapatuta»



  •  

JUAN LUIS ARANBURU, KANTUZALEEN ELKARTEKO KIDEA
Gipuzkoako XV. Kantu Txapelketako finala egingo dute gaur Donostian. Antolatzaileak dioenez, sekulako ahalmena dago gazteen artean, baina euskal musikaren aldeko politikak falta dira.

/ EDU LARTZANGUREN
Euskal Kantuzaleen Elkarteko kidea da Juan Luis Aranburu (Urretxu, Gipuzkoa, 1963). Gipuzkoako Euskal Kantu Txapelketa antolatzen galtza bete lan ibili da azken asteotan. Gaur, finala ikusi ahalko da, 18:00etan, Donostiako Antzoki Zaharrean. Hamazazpi bakarlari, bikote eta talde arituko dira oholtzan.

Benetan balio al dute halako lehiaketek gero musikari profesionalak sortzeko?

Gaur ezagutzen ditugun kantarien artean, oso gutxi izango dira —banako batzuk— lehiaketatik pasa gabekoak. Benito Lertxundi, Txomin Artola... horiek guztiak txapelketetan hartu zuten parte. Hasieran, Herri Irratiak antolatzen zituen txapelketak; gero, beste erakunde batzuk aritu ziren horretan. Horiek utzi zutenean Iparraldean hasi ziren kantari batzuk txapelketa antolatzen. 1992. urtean geure gain hartu genuen antolaketa. Duela lau urte Urko Menaia aritu zen gurekin, eta duela hiru urte gurekin diskoa grabaturiko Leire Berasategi eta Kristina Arantzabal Lain taldekoak dira orain. Oihane Sarasolak Emon taldea sortu zuen duela bi urte, eta Bea Asurmendik zein Garazi Esnaolak taldeak egin dituzte.

Zuek bultzada ematen diezue, baina gero zer-nolako zailtasunak izaten dituzte?

Merkatuan sartzeko, zailtasun handiak dituzte. Euskal musika oso trabatuta dago, iraganeko bi bidetan harrapatuta: betiko kantariak, batetik, eta gazte taldeak, bestetik. Formatu horietan jarri dugu indar guztia orain arte, baina aurrera begira baditugu egitasmoak gazteei beste zer edo zer eskaintzeko.

Zer eskainiko diezue?

Zubi lana egingo dugu musikariok merkatura igotzeko, jende artean ezagutarazteko. Gazte piloa dabiltza lokaletan jotzen eta gaztetxeetako zirkuitoetan musika eskaintzen. Haiek gurera etorri beharrean, geuk joko dugu haiengana, eta zer edo zer eskaini, jendeaurrean jo dezaten formatu handiagoan. Esaterako, Europan egiten ari diren kantu txapelketetara eramatea. Azaroaren 19an Udinen [Friuli] eginiko Liet nazioarteko txapelketan Siroka taldeak ordezkatu gaitu. Bosgarren egin zuten, hamabi talderen artean. Urtero bidali nahi dugu ordezkari bat txapelketa horretara.

Zein da gaurko txapelketako parte hartzaileen soslaia?

Gazteak dira, 16 urtetik gorakoak. Hau izaten da euren lehen esperientzia oholtzaren gainean eta mikrofonoaren aurrean. Gure lana babestea eta lasaitzea izaten da. Guretzat garrantzitsuagoa da kantaria kantua baino.

Ekitaldian, 17 kantutik 10 eurek sorturikoak izango dira. Hor badago, beraz, sormenerako ahalmen bat?

Halako jende gazteak euren hitzak eta musika sortzea nabarmentzeko modukoa da. Sari berezi bat dugu sormen lanari emateko. Indarra jarri nahi dugu sari horretan, guretzat garrantzitsuena delako.

Zerk huts egiten du halako sormenari gero etekinik ez ateratzeko?

Ez dago kantagintzaren aldeko politikarik. Hedabideetan ez da bultzatzen euskal musika. Estatistikak esaten digu oso ehuneko eskasa hartzen dutela. Eta, gainera, zabaltzen den euskal musika apur hori ere berdinegia da, antzekoegia. Oso aukera gutxi ematen dizkiete kantari berriei. Politika aktibo baten aldeko presioa egin nahi dugu.

Friday 25 November 2011

«Kontsumitzen dugunak sekulako eragina du gure ingurumenean eta kulturan»


ADRIAN SANCHEZ, BIOLUR TALDEKO KOORDINATZAILEA
Ekoizleari elikagaiak zuzenean erosteko mugimenduak topaketak egingo ditu gaur eta bihar Azpeitian. Iaz 500 familia ari ziren baratzetik artekaririk gabe jaten Gipuzkoan, eta aurten, gehiago.
Manuel Labaka baserritarra, ezkerrean, baratzeko produktuak banatzen, Errenterian (Gipuzkoa). / BEÑAT IRASUEGI
Adrian Sanchez (Amurrio, Araba, 1982) Biolur elkarteko koordinatzailea da. EHNE sindikatuarekin batera, III. Basherri topaketak antolatu dituzte gaur eta biharko Azpeitian (Gipuzkoa), 10:00etan, Sanagustin kulturgunean. Gipuzkoako kontsumo taldeen inguruan dabiltzan ekoizleak eta kontsumitzaileak elkartuko dira, eta atzerrian antzeko sistemak eratu dituztenek euren esperientziaren berri emango diete.

Thursday 24 November 2011

«Mendebaldeko armadetan bideo joko bateko simulazio gisa ikusten dute gerra»


EMERIC LHUISSET, ARTISTA
Gatazkaren irudikatzea aztertzen du sortzaile paristarrak bere lanean. Kurdistango gerrillariekin eginiko egitasmoaren berri azalduko du gaur, Miarritzen, erakusketa zabaldu aurretik.

Bi kalaxnikov fusilekin aulkia sortu du artistak.
 / EMERIC LHUISSET
Emeric Lhuissetek (Paris, 1983) gerra eta gatazka ditu gai nagusitzat. Afganistanen, Kurdistanen, Iraken eta Kolonbian ibili da, besteak beste, gerraren inguruan lan egiten. Iaz neonazi talde batek haren artelan bat suntsitu zuen Berlingo galeria batean. Lhuisseten hainbat obra ikusi ahalko dira Miarritzen (Lapurdi) larunbatetik aurrera, Esploratzaile berriakerakusketan, Santa Eukenia kriptan. Gaur, bere lana azalduko du, 18:30ean, Mediatekan.

Gerra artista gisa definitu zaituzte. Eroso zaude definizio horrekin?

Ez. Interesgarria iruditzen zait definizioa berez, baina ez dut ustegerra artista naizenik, nire lanak analisi geopolitikoak bide plastikoetara itzultzen dituelako, eta gai asko sartzen dira hor, ez soilik gatazka. Brasilen desberdintasunaren inguruan lan egin dut, eta segurtasunaren inguruko paranoia jorratu dut, esaterako. Baina, noski, gatazka ezin da ahaztu geopolitikaz ari zarenean.

Paris inguruko auzo gatazkatsu batean hazi zinen. Horren eraginez interesatu zitzaizun gero geopolitika?

Nire familian ez zegoen artistarik, eta auzoan ez zegoen kultur etxerik. Lehen arte irudiak Historia liburuetan ikusi nituen. Arte garaikiderik ez nuen ezagutu institutura joan arte. Baina beti maite izan ditut historia, geografia, artea eta mapak.

Kolonbian egon zara FARC gerrillarekin. Zer egin zenuen?

Astebete egon nintzen, baina ezin izan nuen nahi nuena egin. Ez zidaten argazkiak, bideoa edo soinua hartzen utzi. Testuak idatzi nituen. Azken egunean esan zidaten, «begiratu, detonagailuak», eta gerrillari batek ahoan sartu zuen lehergaia: «Egin argazkia». Noski, material horrekin ez nuen zer eginik artearen ikuspegitik. Baina handik joan eta gerra eremuko herrixka batean gaztetxoak ikusi nituen gerrako bideo joko batean jolasten. Horrek bideo jokoen eta gerra guneen inguruko lan bat egitera eraman ninduen.

Mendebaldean ez al dugu aspaldi gerra bideo joko gisa bizitzen?

Borrokalari askok simulazio gisa bizi dute gerra, batez ere Mendebaldeko armadetan. Ameriketako Estatu Batuetako armadak bideo jokoak sortzen ditu, eta bukaeran, gonbita egiten die jokalariei armadan sartzeko. Trebatzeko askotan erabiltzen dituzte simulagailuak. Noiz gaude errealitatean, noiz jokoan? Muga ez dago batere argi. Dronekin ere jendea hiltzen dute milaka kilometrotatik gidatuta. Iraken sekulako arrakasta du Juba frankotiratzailea bideo jokoak. Ustez 300 soldadu estatubatuar hil zituen jihadistaren ingurukoa da.

Kurdistango gerrillariekin egin duzun lana amaituta duzu dagoeneko?

Oraindik ez, baina lehen zirriborroak erakutsiko ditut Miarritzen. Irak eta Iranen mugaldeko mendietan egon nintzen. Benetako gerra eremu da, benetako gerrillariekin..., baina antezlana ere bada. Gatazkaren antzezpenean eta errealitatearen irudikatzearen gaia lantzea da nire ideia: hau da, hedabideek nola agertzen duten gatazka, eta borrokalariek beraiek nola manipulatzen dituzten hedabideak.

Kalaxnikovekin aulki bat egiteko, Ikearen estiloko egitasmo bat sortu duzu. Ez al da gogorra ironia erabiltzea halako gauza serioekin?

Ez dago ironiarik nire lanetan, nahiz eta batzuetan horrela eman. Kurdistango gerrillariekin ikusi nuen beti kalaxnikova aldamenean dutela, traste astun eta ezerosoa izan arren. Beraz, fusilarekin zer edo zer guztiz funtzionala egin nahi izan nuen, borrokalarientzat. Iaz itzuli nintzen, eta gerrillari bat harrien artean bere zapiaren gainean eserita ikusi nuenean, «konponbidea zeukeat hiretzat», esan nion. Aulkia muntatu eta, probatu zuenean, esan zidan: «Aizak, primeran zegok hire asmakizuna. Oso praktikoa duk».

Wednesday 23 November 2011

«Txinan ere, literatura merkatu ekonomiaren parte izatera behartu dute»


TACIANA FISAC, SINOLOGOA

Asia ekialdeko herrialderik handieneko idazleek egiten duten lanaz mintzatuko da aditua gaur, Bilbon, 'Emakume Ahotsak, emakumeek idatzitako literatura' jardunaldien barruan.
Taciana Fisac (Madril, 1960) Txinan eta hango kulturan aditua da. Ekialdeko Asiaren Ikerketa Zentroko zuzendaria da, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Txinako emakumeen literaturaz mintzatuko da gaur, 19:00etan, Bilbon, Bolunta elkarteak Somera kalean duen aretoan, Emakume Ahotsak jardunaldian.

Saturday 19 November 2011

«Libre ginela uste genuen, ez ginelako inoiz muga gainditzen saiatu»


JEAN-LOUIS COSTES. MUSIKARIA
Frantzian epaitegietan isilarazi nahi izan zuten, baina artistak adierazpen askatasunaren bazterrak esploratzen jarraitzen du. Bere azken 'opera porno-soziala' taularatuko du gaur Bilbon.
/ THVOJE GO
Jean-Louis Costes (Paris, 1954) musikari dabil, baina hobeto sailka zitekeen performer-en multzoan, eta, horien artean, muturrekoenetan. Haren ikuskizunak zarata, biluztasuna eta eskatologia bilduma izaten dira. Hainbat filmatan ere aktore gisa aritu da; tartean, Gaspar NoerenIrréversible polemikoan (2002) eta Edwin Brienen Life Pornographylanean (2003). La Sorciere et les Morts ikuskizuna taularatuko du gaur, 21:00etan, Bilborocken, Bizkaiko hiriburuan. Aurretik, kontzertua emango dute Planetaleta Live eta Juke Box Racket taldeek.

Friday 18 November 2011

«Arkeologia oparoaldiaren amaiera ikusiko dugu aurki, murrizketak direla eta»



ALVARO ARRIZABALAGA, ARKEOLOGOA
Euskal Herriaren, euskararen eta historiaurrearen inguruan azken boladan zabalduriko teoria asko arrazoiketa zirkularraren ondorio direla dio Arrizabalaga irakasleak. Gaur mintzatuko da Donostian.
Alvaro Arrizabalagak (Oñati, Gipuzkoa, 1965) historiaurrea irakasten du EHUn. Azken urteotako indusketarik garrantzitsuenetan aritu da; Irikaitzen, Lezetxikin eta Praileaitzen, besteak beste. Atzo Donostiako San Telmo museoanHistoriaurrearen abenturakerakusketa zabaldu zela eta, bertan hitzaldi bat emango du gaur, 19:30ean: Historiaurreko ehiztari-ibiltariak Gipuzkoan.

Zer gertatu da azken urteotan horrenbeste aurkikuntza egiteko historiaurrearen inguruan?

Batzuetan, emaitzak ugaritu egiten dira. Zientziak askotan horrela funtzionatzen du: aldi batzuetan, lan egiten da ikerketa taldeak osatzen, esaterako, eta gero garai kritikoa sortzen da talde horiek emaitzak lortzen hasten direnean. 1982. urtera arte, historiaurreko indusketa bakarra zegoen Gipuzkoan. Geroztik, asko ugaritu dira ikerketa taldeak eta indusketak, eta horrek fruituak ematen ditu azkenean.

Gaurko krisiarekin, berriz atzera?

Beharbada, oparoaldi honen amaiera laster ikusiko dugu. Azken bi urteetan nahikotxo jaitsi dira aurrekontuak, eta arrisku handia dago datorren udan zailtasun handiak izateko indusketak egiteko. Aurten, esaterako, duela 13 urteko aurrekontua izan dugu Zestoako Irikaitz aztarnategian. Noski, taldeak murriztu behar izan ditugu, eta indusketa egunak gutxitu.

Eguraldiaz kexatzen gara orain, baina nork aukeratzen zuen hemen bizitzea garai haietan?

Pirinioak bi norabideetan gurutzatzeko pasabidea da hau. Beraz, Iberiar penintsula populatzeko korridore gisa erabili zuten: Oria ibaiaren arroak oso populazio gutxi zuen, baina kostaldean, Bidaso, Urumea eta Urola aldean, aztarnategi asko daude. Debarroa lurraldean sakontzeko erabiltzen zuten, eta Ebroren arrora sartzeko. Korridore hori Lapurdin luzatzen zen, baina Tolosako bidea [Okzitania] hartzen zuen gero, Landak basamortua zirelako pleistozeno osoan.

Beraz, euskarak irauteko arrazoia Euskal Herria bakartuta egon izana dela diotenek ez dakite zer dioten?

Euskal Herria pasabidea izan da beti, Paleolitoan eta ondoren. Ez da inoiz uharte bat izan.

Zer deritzezu Euskal Herria «Paleolitoko oasi» gisa aurkezten dutenei?

Arkeologiaren aldetik, Euskal Herriak ez du berezitasunik; izatekotan, Kantauri alde osoak luke, eta hor Euskal Herriak inork baino gutxiago. Askoz aztarnategi eta haitzuloetako arte gehiago dago Asturiasen eta Kantabrian. Oso mitifikatuta dauzkagu historiaurreko elementu batzuk, arrazoiketa zirkularrak eraginda: britainiar uharteetan, esaterako, Paleolitoan populaziorik egotea ezinezkoa zela esaten zuten, oso iparrean daudelako. Ondorioz, inor ez zebilen aztarnategi bila. Agertu ziren arte.

Eta uharteotako lehen biztanleak Euskal Herritik joan zirela dioen teoriaz zer diozu?

Ingalaterrako aztarnategi batean jartzen zuten musika oso ezaguna egin zitzaidan behin. Tomas San Miguelena zen, eta kreditoetan zera zioen: «Agian euskara zen Ingalaterrako Mesolitoko hizkuntza». Gehiago hitz egin beharko genuke arkeologook, hizkuntzalariok eta genetistak, ez erabiltzeko besteen informazioa era arinean. Badira Amerikako kontinentea Euskal Herriko Solutre aldiko aztarnategietatik populatuta dagoela diotenak. Kutsu arrazista du horrek, gainera: Europako abizenak dituzten AEBetako arkeologoek nahiago lukete euren herrialdeko populazioa Europatik joan izana, Asiatik joana izan beharrean
.

Wednesday 16 November 2011

«Siriako oposizioak zuhurki esan du ez duela NATOren inolako laguntzarik nahi»


OLGA RODRIGUEZ, IDAZLE ETA KAZETARIA
                                                                                        / JOSEACAVERO

Jose Couso argazkilari galiziarraren hilketaren lekuko zuzena izan zen kazetaria, eta zuzenean jarraitu du herrialde arabiarretako iraultza oldea. Horren inguruan mintzatuko da gaur, Gasteizen.

Olga Rodriguez (Leon, Espainia, 1975) herrialde arabiarretan azken urteotan gertaturikoaren lekuko zuzena izan da. Irakeko inbasioan izan zen, Afganistanen ibili da berriemaile, Palestinan, Tunisian, Egipton... Udaberri arabiarra deituriko matxinada oldearen inguruan mintzatuko da, gaur, 11:00etan, Gasteizko Unesco etxean (Zapa 8).

Saturday 12 November 2011

«Bitxia da: 12 urte egin ditut munduan biran, baina gero eta sustrai handiagoak ditut»



LIZZ WRIGHT, MUSIKARIA

Apaizaren alaba izaki, natural pasatu zen eliza kantuetatik tabernako jazzera. Haren kantu istoriodunak entzuteko parada egongo da gaur 20:00etan, Viktoria Eugenia antzokian, Donostian.
Lizz Wright (Hahira, AEB, 1980) jazz eta blues abeslaria eta kanta sortzailea da. Apaiz metodista baten alaba da, elizan hasi zen pianoa jotzen eta abesten. Lehen bakarkako diskoarekin —Salt (2003)— Billboard Top Contemporary Jazz zerrendako bigarren postura heldu zen. Azken diskoa —Fellowship— aurkezten dabil Europan.

Thursday 10 November 2011

«Haurdun gaude, ez gaixorik, eta klixeak hautsi nahi ditugu»


ARANTXA HIRIGOIEN, AKTOREA
Atzerako kontua hasi da. Benetako haurdunaldiaren azken egunetan dira 'Tripakiak' antzezlaneko bi aktoreak, eta gaurkoa izan daiteke obra ikusteko azken aukera, naturak galarazten ez badu.
Arantxa Hirigoienek (Larresoro, Lapurdi, 1974) ez zuen esperientziarik antzerkigintzan, Maialen Fauthoux aktorea ezagutu zuen arte. Lubaki Bandako kide izan zen, eta ETBko Hitzetik hortzerasaioko aurkezlea. Fauthoux Iduzki lore eta Azken euskaldunaantzezlanetan aritu da, besteak beste. Biak haurdun zeudela elkartu ziren, horren inguruko antzezlan bat egiteko helburuarekin, eta Poltsikoko Antzerki Sorkuntzak saria eman zion ideiari. Gaur antzeztuko dute, Larresoron bertan, 20:30ean, herriko salan.

Wednesday 9 November 2011

«Wolframa topatu izana da Euskal Herrian inoiz jazotako zientzia ekintza nagusia»

PASCUAL ROMAN, KIMIKA IRAKASLEA



Elementuen taula periodikoa kimikarien iparrorratza da, unibertsoa zerez osatuta dagoen ulertzeko. Abertzaletasunak horren izendegian izan duen garrantziaz mintzatuko da gaur EHUko irakaslea.
Pascual Romanek (Tauste, Espainia, 1947) kimika irakasten du EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Sei liburu eta 200 liburu atal eta artikulu idatzi ditu gai horren inguruan, nazioarteko hainbat aldizkaritan. Nacionalismos y localismos en la tabla periódicahitzaldia emango du gaur, 12:00etan, Leioako (Bizkaia) campuseko gradu aretoan. 

Tuesday 8 November 2011

«Madrilen saioen gainetik, Euskal Herria itzulerarik gabeko unera heldu da»


ANTONIO ALVAREZ SOLIS, KAZETARIA


Alfonso Sastre Kultur Elkarteak antolaturiko topaketak hasiko dira gaur Donostian, eta, ostegunera arte, lengoaia eta boterearen arteko loturaz gogoeta egingo dute hainbat kazetarik, idazlek eta abokatuk.
Antonio Alvarez Solis (Mieres, Espainia, 1929) kazetaria da. Kataluniako La Vanguardiaegunkarian hasi zen, eta Interviúaldizkaria sortu eta zuzendu zuen gero. Asko aritu da, iritzi-emaile gisa, TVEn, COPEn, SERen, zein ETBn eta Radio Euskadin. Lengoiaren boterea eta boterearen lengoaiaizenburupean, ostegunera arte Donostian egitekoa den TopASKEtak 2011 ekitaldia zabalduko du gaur, Maddalen Iriarterekin batera, 19:00etan, Koldo Mitxelena Kulturunean.

Sunday 6 November 2011

«Eliza katolikoak intelektual jendea nahi zuen lehen, eta, orain, fanatikoak baino ez»


ALBERTO MONCADA, SOZIOLOGOA


Opus Deiko buru nagusietako bat izan zen 1960ko hamarkadan, eta, geroztik, asko idatzi du erakundearen inguruan. Taldeak ezartzen duen zentsuraz mintzatuko da bihar Bilbon.
Alberto Moncada (Melilla, Espainia, 1931) soziologoa da, munduko hainbat unibertsitatetan irakatsi du, eta UNESCO zein Europako Kontseiluarentzat aholkulari lanetan aritu da. Gaur, Mugarik Gabeko Soziologoak elkarteko nazioarteko presidentea da. Censura y Opus Dei hitzaldia emango du bihar, 19:00etan, Bidebarrieta kaleko liburutegian, Bilbon, Zentsura at! jaialdiaren barruan.

Thursday 3 November 2011

«Nirvanaren arrakastak Seattleko musika giroa suntsitu zuen, hein batean»


TERRY LEE HALE, MUSIKARIA

Texasko sortzailea bakarlari gisa etorri da honako honetan Euskal Herrira. Gasteizen, Beran eta Donostian jo ondoren, igandera arte ibiliko da geurean, ahots gozoko country alternatiboa zabaltzen.
Terry Lee Hale (Texas, AEB, 1953) The Walkabouts taldearekin atera zen munduko agertokietara 1980ko hamarkadan. Aspaldi honetan, Parisen bizi da, eta etengabe dabil Europan biran, bere poesia eta country alternatiboa eskaintzen. Atarrabian joko du gaur (Nafarroa), 20:00etan, kultur etxean. Bihar, Hondarribian arituko da (Gipuzkoa), Psylocibenea aretoan; hurrengo egunean, Gernikako Trinketen (Bizkaia), eta igandean, Urretxuko Osaba tabernan (Gipuzkoa).