Friday 9 May 2014

«Rockaren molde zurrunak hautsi nituen zinemarako konposatzen hastean»

John Parish, musikaria.

Argazkilaria: Maria Mochnacz



PJ Harveyren betiko kolaboratzailea izan da John Parish, eta ekoizle bikaina. Filmetarako egin duen musikan oinarrituriko ikuskizun berezi batekin etorri da Euskal Herrira, boskote baten buru.

John Parish (Yeovil, Ingalaterra, 1959) ezagunagoa da besteen izenen bidez, besteak beste Howe Gelb, Giant Sand, Eels, Rokia Traore, Tracy Chapman eta, batez ere, PJ Harveyrekin lan egin baitu. Halere, musika munduan denetik egin du: filmetarako musika sortu, kasurako. Horretan oinarrituriko kontzertua emango du gaur, Hondarribiko Psilocybenean (Gipuzkoa), 22:00etan.


Sarah Parish aktorea zure arreba da. Haren bidez heldu zinen zinema musika egitera?

Ez. Zoriz gertatu zen ni zinemarako musika egiten hastea, 1998. urtean, eta hura orduantxe murgiltzea zinemagintzan aktore gisa. Biok ibiliak ginen musikan eta antzerkian; beraz, oso naturala izan zen zinema munduan sartzea biontzat.

Zure lehen soinu banda Patrice Toyeren Rosie filmerako egin zenuen. Geroztik, hiru egin dituzue elkarrekin. Nola bihurtzen da musikari bat zuzendari baten konpositore kutun?

Patrice pieza instrumental bat erabiltzen ari zen, Polly Harvey [PJ Harvey] eta biok elkarrekin argitaratu genuen lehen diskokoa —Dance Hall at Louse Point [1996]—. Rosi ari zen muntatzen orduan, eta Bristolera [Ingalaterra] etorri zen; musika jo nion, eta soinu banda osoa egiteko eskatu zidan. Ondo moldatu ginen.

Esan duzu zure musika beti izan dela «zinematografikoa». Baita PJ Harveyrekin eginikoa ere?

Ez nuke esango. Harveyren kantak oso lirikoak dira, hitzetan oinarritutakoak, eta musika ez du historiak kontatzen, hitzek baizik. Haren dohaina da, hain zuzen ere, horren izugarri ondo idaztea hitzak.



Screenplay diskoa argitaratu zenuen iaz, filmetarako zure musika bilduma. Orduan esan zenuen zinemarako konposatzea «askatzailea» izan zitzaizula. Zergatik?

Izan ere, 30 urte pasatxo izan arte, bakarrik taldeentzako rock eta pop kantak konposatu nituen. Horietako %99k hitzak zituzten, eta, batzuk esperimental samarrak izan arren, egitura tradizionala zuten: badakizu, bertsoa eta leloa. Zinemarako hasi nintzenean, ordea, molde zurrun hori hautsi nuen: nahi nituen tresnetarako piezak sor nitzakeen, hamabost-hogei minutukoak edo zazpikoak, edozein egituratakoak... Aukera guztiak zabalik nituen.

Nola aukeratu zenuen zein musika pieza sartu diskoan eta zuzenekoan?

Argitaratu gabe nuen filmetarako musika asko, eta erabaki nuen hainbateko piezak elkartzea John Parishen zinemarako musika bilduma bat egiteko. Aukeratu nituen filmetako bakar bat ere ikusi ez duen jendearentzat ere berez irudietatik independente funtzionatuko zuten piezak: hau da, bereziki melodia indartsuak dituztenak edo giro berezia dutenak.

Eta, halere, kontzertuan filmen irudiak izango dituzue atzean, pantaila handi batean. Ez da kontraesana?

Bakarrik piezen erdian erabiliko ditugu irudiak. Hasieran, ia denekin erabili genituen, baina ikusi genuen entzuleentzat gehiegizkoa zela etengabe pantailari begira egon behar zutela sentitzea. Baina hau zinema musikako ikuskizuna da. Moztu egin ditugu irudiak musikarekin bat etortzeko, kontrakoa egin beharrean.

Bost laguneko banda osatu behar izan duzu hau emateko. Askatasunari ordaindu beharreko zerga da hori?

Bai. Tresna dezente erabili behar ditugu bostok; honetan, denok jo eta ke lan egin behar dugu.

Thursday 8 May 2014

«Gaur, testuekin jokatzea aukera bat da, baina behar da pantailaz baliatzen jakin»

Imanol Epelde, rap abeslaria.


Euskal literaturako hainbat klasiko zahar eta moderno rap abesti bihurtu ditu Epeldek. Literaptura horren lehen zuzeneko emanaldia plazaratuko du gaur, Zarautzen, hitza, bideoa eta antzerkia lagun.

Imanol Epelde (Zarautz, Gipuzkoa, 1977) sortzaileak Etxepare Rap ikuskizuna aurkeztuko du gaur, 21:30ean, bere jaioterriko Arrano tabernan. Euskarazko literaturako hamar klasiko zahar eta moderno rap abesti bihurtu ditu. Gaurtik aurrera, zuzenean eskaintzen hasiko da.

Wednesday 7 May 2014

«Sexurako desira izugarri ari da jaisten bikoteetan, oro har, krisiarengatik»

Begoña Labaien, sexologoa.



Bikote harremanetan ekonomiaren egoerak eta gizarteko giroak duten eraginaz mintzatuko da Labaien aditua. Bere esperientziaren berri emango du, kontsultan jasotzen dituen kasuekin ikasitakoa.
Begoña Labaien sexologoa da (Barañain, Nafarroa, 1977). Quiero una cita liburua argitaratu zuen duela bi urte, eta Una puta habla de sexo a su hijo plazaratuko du aurten. Gaur, El impacto de la crisis en las relaciones de pareja hitzaldia emango du, 19:30ean, Barañaingo liburutegian. Ondoren, 20:30ean, Leire Arraiza aktoreak ipuin erotiko saioa egingo du.

Tuesday 6 May 2014

«Europako Batasuna sistema egonkor samarra da, oso maitatua ez bada ere»


Katerina Yiannibas, Nazioarteko Zuzenbide irakaslea.



Globernance Gobernantza Demokratikoaren Institutuak antolatuta, EBren eta honen etorkizunaren inguruko elkarrizketa zikloa abiatuko dute gaur Donostian, Europako Legebiltzarrerako bozak gogoan.
Greziako sendi batean jaio zen Katerina Yiannibas, Kanadan. AEBetan ikasi zuen, eta hainbat kontinentetan ibili da ikasten eta irakasten. Azken bost urteak Donostian igaro ditu, Nazioarteko Zuzenbidea irakasten Deustuko Unibertitatean. Los ladrillos de Europa mahai ingurua bideratuko du gaur, 19:30ean, San Telmo museoan. Gabriel Ruiz Mujika arkitektoa eta Juan Jose Alvarez Zuzenbide irakaslea izango ditu aldamenean.