Thursday 27 March 2014

«Emakumeen errealitate eta bizipenenekin loturiko hitz asko falta ditu euskarak»


Zaloa Basabe, genero aholkularia.



'Ilargian ez da emakumerik egon' liburua idazten ari da Basabe, Eider Rodriguezekin batera. Azalera ekarri nahi dituzte ustez neutro diren objektuen atzean ezkutatzen diren genero arazoak.
Zaloa Basabe (Bilbo, 1978) genero aholkularia da lanbidez. Eider Rodriguez idazlearekin batera, Ilargian ez da emakumerik egon( objektu mutuen testigantza feminista) hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Iruñeko Katakrak liburudendan.



Egia da Ilargian ez dela emakumerik egon, baina zergatik iruditzen zaizue hori bereziki larria?

Paradoxa iruditzen zaigu emakumerik egon ez izana Ilargian, ez baitago Ilargia baino satelite femeninoagorik. Kondairetan eta gure kulturan, oro har, Ilargia eta feminitatea erabat lotuta daude; hilerokoarekin, besteak beste. Eta, halere, horretan ere ez zaigu egokitu protagonistak izatea. Eguneroko ustezko gauza eta kontzeptu neutroak susmopean jarri nahi izan ditugu, erakusteko zelako botere egoera ezkutatzen duten. Gauza txikietatik, Ilargiraino heldu gara.

Valentina Tereshkova espaziora joan zen lehenengo emakumea aukeratu duzue ikur gisa. Zergatik?

Adibide ona iruditzen zaigu. Kontatzen dutenez, espaziora joateko prestatzen ari zenean, etxean ez zuen kontatu ere egin. Aitzindaria eta boteretsua izan arren, emakume izateak baldintzatu zuen hura ere.

Euskarak inguruko erdarek baino aukera gutxiago eman dizue, ala genero gramatikalik ez izatea ez da aringarria?

Generoaren eraikuntza ez dago lotuta hizkuntzarekin, baizik eta gizartearen egiturarekin. Sexismoa ez da soilik «a» edo «o» jartzea, baizik eta zure diskurtsoa ikuspegi androzentrista batetik eraikitzen duzun. Sexismoa ez dago hizkuntzan, baizik eta erabiltzailean. Berriki ikusi dudan film batean, baratzezain bat kexu zen hiztegiarekin: hitz asko «soberan» dituela zioen, eta, bitartean, «tomate mota bi besterik» ez duela jasotzen. Euskararekin berdin gertatzen da: ez dakit hitz asko soberan dituen, baina argi dago emakumearen errealitatearekin eta bizipenekin loturiko asko falta dituela.

Ezpainak margotzeko barrak ph neutroa badu ere, zuentzat ez da objektu neutroa.

Nire aitonarentzat, esaterako, fribolitate hutsa adierazten duen objektua da, baina arropa denda batean lan egiten duen emakume batentzat lan tresna bat da, glamourrik gabekoa. Gure begiradak ez du soilik gure ikuspuntua adierazten, baizik eta botere harremanak ere bai.

Liburua idazten ari zarete honen inguruan. Nondik egongo da hurbilago, saiakeratik edo literaturatik?

Marko teoriko bat osatu dugu bion artean, baina liburuak badu literaturatik ere, ez baitugu inongo bokaziorik halako saiakera bat ikuspuntu unibertsaletik egiteko, baizik eta norberaren ikuspuntutik. Hiztegi formatua du: hitzen definizio ofizialaren ondoren, geure bizipenak garatzen ditugu, definizioaren ustezko neutralitatea neutralizatzeko.

Hitzaldian ikuspegi aldaketa egiteko gonbidapena egiten diezue entzuleei. Nola erantzuten dute?

Objektuak eramaten ditugu, eta entzuleei probatzen uzten diegu. Aurreko batean gizon batek azazkalak margotzekoa hartu zuen: lehen aldiz margotu zituen, eta orduan hasi zen ohartzen azkazalak nola zituen, eta beldurra sentitu zuen gauzak hartzeko, zikinduko zituelakoan. Berdin takoiekin: imaginatu hondamendi batean nor helduko den lehenago larrialdi irteerara. Nortzuk daramate oraindik ere mugitzeko arropa eta zeintzuk begiratuak izateko jantziak?

No comments:

Post a Comment