Thursday 24 April 2014

"Zaborra erabiltzen dut eraikitzeko, eraikuntza gai asko zabor hutsa direlako"

Mike Reynolds arkitektoa.




 Zaborraren gerlaria-k 40 urte darama botila, lata zein gurpil zaharrekin etxeak eraikitzen AEBetan eta munduan. Zornotzan mintzatuko da aurki arkitektura bioklimatikoaren aitzindaria.

Mike Reynolds (AEB, 1945) ekoarkitektoak bere lanak eta teknikak erakutsiko ditu maiatzaren 14ean, Zornotzan, Earthship Euskal Herriak eta Aldatu fundazioak antolaturiko hitzaldian. Informazioa: aldatu.eu.



Zuri buruzko Garbage Warrior dokumentala estreinatu zuten 2007. urtean. Damutu al zaizu inoiz zaborraren borrokalaria ezizena jartzen utzi izana?

Ez dit asko axola jendeak nola esaten didan. Gainera, ezizenak badu zentzua: beti borrokatu izan naiz jendeak zabor deitzen duena eraikuntza material gisa erabili ahal izateko, botilak, latak eta gurpil zaharrak, elkartuta, erakuntza material klasiko asko baino hobeak direlako.


1970ko hamarkadan hasi zinen eraikitzen. Hippy mugimenduaren barruan ikusten zenuen zeure burua?

Ez. Hippyak mundua oker zegoela ikusi eta mendira joaten ziren tipietan bizitzera. Nik ez nuen halakorik egin. Gazte nintzen, New Mexikon, unibertsitatetik atera berria, baina arkitektoa nintzen, eta arkitektura aldatu nahi nuen. Latekin eraikin bat eginez hasi nintzen 1970. urtean. Hedabideetan entzuten nuen arazo handia zegoela altzairuzko latekin, bazterretan botatzen ari ginelako. Eta, aldiberean, zuhaitzak mozten ari ginen etxeak eraikitzeko. Ez dugu zaborra nahi, baina zuhaitzak bai. Eta nire buruari esan nion: hara, botatzen ditugun gai horiek oso ondo eginda daude eta eraikitzeko erabil daitezke. Gure gizartearen bigarren mailako produktuak dira, ez zaborra. Horrela hasi zen. 

  
Eraikuntzaz harago, energia eta hondakinen tratamenduaz kezkatu zara.

Gero hasi ziren energia arazoez, eta orduan esan nuen: ados, eguzki eta haize energia erabiliko ditut. Orduan hasi ziren ur eskasiaz mundu osoan, eta euri ura jasotzeko sistemak garatu nituen. Ibai eta itsasoaren kutsaduraz hasi zirenean, ur zikinak etxean bertan arazteko sistema biologikoak erakinetan sartzea erabaki nuen. Gauza batek beste batera eraman zuen, urteren poderioz, inguruko munduari entzun niolako. Eta, azkenean, inongo sarera lotu gabeko etxe guztiz autonomoa sortu dut.

Zure sistemak hirietan erabiltzerik ba al dago, ordea?

Manhattanerako egitasmo bat diseinatzen ari gara oraintxe bertan. Bi eta hiru solairuko etxebizitzetarako prestatzen ari gara, erakusteko hirietako eraikuntzetarako balio dutela. Kontzeptu hauek edonon erabil daitezke, baita hirietan ere. Gehiago ari gara landa eremuetan, errazago delako baimenak lortzea.

Zero zabor mugimenduaren aitzindari gisa ikusten duzu zeure burua?

Bai. Ez genuke ezer bota behar. Erakusten ari gara gizakiek egindako edozein gauza erabil ditzakegula eraikitzeko. Baina hasieran zaborraren arazoa kezkatzen baninduen ere, urteekin ikusi dut materiak horiek betirako direla: plastikozko zein kristalezko botilak, latak zein gurpilak ez direla galtzen, eta idealak dira eraikitzeko. Aldiz, eraikuntza material asko zabor hutsa dira.


1960ko hamarkadan boladan izaniko arkitektura diseinu asko ia erabat ahaztuta daude gaur, kupula geodesikoak esaterako. Zure diseinuak aurrera egiten ari direla ematen du. Zergatik?

Guk irauteko diseinatu dugulako. Erakin bat diseinatzerakoan kontuan hartzen baduzu espazioa eguzkiaren bidez berotzea, goxo egoteko erregairen beharrik ez izateko, elektrizitatea bertan sortzea, ura lortzea eta erabili ondoren araztea zein elikagaiak sortzea, eta hori guztia hondakinak erabilita... denbora asko pasako da eraikin hori zaharkituta geratu arte.

Zure earthship eraikinak [lurrontziak; hitz jokoa espaziontzi hitzarekin] egokiak izan daitezke New Mexikoko klima lehor baina eguzkitsurako. Horregatik ez ditugu asko Europa heze hodeitsuan?

Ez dituzue horrenbeste Europan, neu AEBetan nagoelako, besterik gabe. Jende asko egiten saiatu da, baina ezin dira hartu eta kopiatu, ez delako bakarrik eraikuntza kontua; etxe hauetako batean zientziaren eremu ugari ukitzen dira: fisika, espazioak berotzeko termodinamikan; biologia, ur zikinen tratamenduan; ingeniaritza egituran. Filipinetan egon berri gara etxe bat egiten, eta Argentinako hegoaldean beste bat.



Arazo handiak izan dituzu AEBetako eraikuntza agintariekin. Eraikitzeko baimena kendu zizuten 17 urtez. Normaldu al dira harremanak?

Bai. Erakuntza agintariak konturatu dira, azkenean, geuk erantzuna ematen diegula oraingoz konponbide errazik ez duten hainbat arazori. Gure konponbideak hoberenak diren edo ez, orain behintzat onartzen dute gu aurretik goazela. Gaur, edozein hiri edo herrialdek mahai-gainean dituen hainbat arazoei aurre egiten esperientzia dugula ikusi dute. Dagoeneko ez gaituzte hippytzat, baizik eta hartu behar dugun bideko aitzindari gisa.

Zertan ikusten duzu zure burua aitzindari zehazki?

Bizimoduaren aitzindari. Gaur dugun bizimoduarenak egin du. Ezin du iraun arrazoi askorengatik. Planetaren biologiarekin eta fisikarekin bat datozen bizimoduak proposatzen ditut, betirako iraun dezaketenak, zuhaitzak bezala. Zuhaitzek betirako iraun dezakete planeta honetan, planeta bera direlako. Planeta diren bizimoduak bilatzen ditut.



Zer nolako jendea bizi da zure eraikinetan?

Lehen gazte hipsterrak ziren. Baina orain denetarik dago: gazteak, zaharragoak, aberatsak, pobreagoak... Jende guztia dago kezkatuta etorkizunaz, eta babestuko dituzten eraikinak nahi dituzte, Gobernuak legedia estutu arren. Gure etxeei, zabor esan diete, hippyetxe...Egin ditugu akatsak 40 urte hauetan, baina orain, etxe hauek makinak dira, BMW bat bezalakoak.



Jende askok ez daki Frank Lloyd Wrighten edo Le Corbusierren eraikin askok itoginak dituztela. Zureek ere izan dituzte halako arazoak.

Oso ohikoa da hori. Gaurko arkitekto asko euren eraikinak eskultura eder gisa ikusten dituzte, eta horregatik ari dira museo ikusgarri horiek egiten. Horrek ez du zentzurik. Horregatik arkitekturatik aldendu eta egiten dudanari biotektura esaten diot. Ez da nahikoa erakin batek itoginik ez izatea: etxe batek bere burua berotu, freskatu, argindarra sortu, ura bildu eta hondakinak tratatu behar ditu. Arkitekturak ez du gaur halakorik lantzen, ezta hurrik eman ere. Horregatik asmatu diot beste lanbide bat neure buruari.

No comments:

Post a Comment