Friday 12 November 2010

«Musikaren industrian zer edo zer aldatzekotan, barrutik aldatu behar duzu»

Alejandro Mendez, Lori Meyers taldearen sortzailea.

'Cuando el destino nos alcance' aurkeztuko du gaur Bilbon, Universal mutinazionalarekin dabilen talde indie andaluziarrak eginiko diskoa.


Alejandro Mendez (Granada, Espainia, 1982) Lori Meyers taldearen sortzaileetariko bat da. Espainiako pop-aren talderik bultzatueneko bat da. Laugarren diskoa -Cuando el Destino Nos Alcance- aurkeztuko du gaur, 20:00etan, BBK aretoan.

Dagoeneko 12 urte dira Lori Meyers sortu zenutenetik. Espero zenutena bete al da?

Kontzertu txiki eta demoak grabatzen hasi ginen 1998. urtean, eta, egia esan, eskerrak ematen jarraitzen dugu, musikaren mundua oso zaila delako. Diskografia osatzen joateko aukera izatea garrantzitsua da. Disko bakoitzarekin gora egiten joan gara, eta gure asmoa entzule fidelak egitea da.

Asko aldatu da zuen soinua.

Gure soinuak asko egin du aurrera. Dinosaur Jr taldearen bertsioak egiten hasi ginen. Garaiko punkaren gertuko soinua zen. Pop-rockaren ildoan sartu ginen gero, estrofa-lelo motako kantak egiten, melodia onekin. Estilo hori ikasten joan gara. Azken diskoan, sintetizadoreak eta samplerrak sartu ditugu, gure soinutegia osatzen joateko.

Indie modura definitzen zaituztete. Baina har daiteke independentetzat multinazional batekin ari den talde bat?

Oso pozik gaude Universalekin, guretzat lan egiten duen pertsona talde bat dugulako, zer egin nahi dugun ulertzen duena. Agian askatasun gehiago izango genuke geure kabuz ibiliz gero, baina bankuari zazpi mailegu eskatu beharko genizkioke orain dugun aurrekontua izateko. Zure arte irizpidea errespetatzen duten bitartean, primeran, eta errespetatu egiten digute.

Azken diskoa Los Angelesen (AEB) grabatu duzue. Erabaki horrek irizpide artistiko bati jarraitzen dio, edo promoziorako ariketa bat da?

Beti nahi izan dugu AEBetara grabatzera joan, iruditu zaigulako rockan dabiltzanek hura ikusi behar dutela, kontuak nola funtzionatzen duen jakiteko. Soinu eta grabazio estudio aldetik ez dago hara joan beharrik, baina hemen ez dugun maila teknikoa dute han. Diskoetan dena geratzen da: non grabatu duzun, han sentitu duzuna... Eta guretzat berezia izan zen bidaia eta han egitea.

Diskoko hirugarren kanta ¿Aha Han Vuelto? da. Zuek zarete Aha berria?

Gustuko dugu halako keinuak egitea. Disko honetan askatasun gehiago izan dugu buruan genuena egiteko. Sintetizadoreek 1980ko hamarkadako kutsua eman diote, eta horregatik Aharena; baina ez daitezela benetan itzul, mesedez. Hitzetan ere, gizarte gaiak sartu ditugu, gaurko egoera gogorraren harira.

Popean gizarte gaiak gehiago abestu beharko liratekeela uste duzue?

Pop-aren gai nagusiak beti izan dira amodioa eta pertsonen arteko harremanak. Zaila da beste gauzetaz hitz egin eta musika estilo batekin ongi geratzea. Halere, ez duzu talde erradikal edo punk samarra izan behar denon kezkagai diren gauzetaz mintzatzeko.

NOFX taldearen kantu bateko protagonista da Lori Meyers. Nahiago du pornoaren industrian aritu lantegian lan egin baino. Zuek bezala?

Hasi ginenean beti esaten genuen «industria kaka bat da». Baina hazi ahala ikusi genuen jende guztia dagoela industriaren batean. Beraz, kritika egiteko zertaz ari zaren jakin behar duzu. Zer edo zer aldatzekotan barrutik egin behar da, kanpotik ezinezkoa delako.

Beraz, lehenbizi Manhattan hartuko duten horietakoak zarete?

Bai. Industriaren barruan gaude, eta belarritaraino.

No comments:

Post a Comment