Thursday 13 January 2011

«Nazioarteko gizarte zibila esnatu egin da Palestinan jazotzen denaren inguruan»

Manuel Tapial, ekintzailea.


Gazarako ontziterian zegoen iazko maiatzean, Israelgo armadak tiroka hartu eta bederatzi pertsona hil zituenean. Beste flotilla bat prestatzen ari da, udaberrian Palestinara abiatzeko.

Manuel Tapialek (Madril, 1975) Askatasunaren Flotillako Mavi Marmara ontzian pairatu zuen Israelgo armadaren sua 2010eko maiatzaren 31n. Orduan bizitakoa azaltzeko eta Gazarantz ekimena aurkezteko, hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Kabigorri Ateneoan (Mosku, Irun).

Zer da Gazarantz ekimena?

Gizarte zibilaren ekimena da, udaberrian beste flotilla bat itsasoratzeko, Gazara giza laguntza eramateko. Espainiako Estatutik gutxienez ontzi bat ateratzea da gure helburua. Nazioarteko koalizio batekin bat egingo luke horrek, Gazak pairatzen duen blokeoa hausteko eta herritarrei giza laguntza eramateko. Dagoeneko 2.000 gizabanakok eman diote sostengua ekimenari, eta ehun pasatxo alderdik, sindikatuk eta mota guztietako gizarte mugimenduk.

Iaz gertaturikoa berriz jazotzea posible dela uste duzu?

Ez dago inongo bermerik iazko emaitza bera berriz ez gertatzeko. Horregatik, lan handia egiten ari gara gizartea mobilizatzeko eta gobernuak estutzeko. Izan ere, gobernuek eta nazioarteko erakundeek dituzte behar diren tresnak esateko Israeli ezin diola armarik gabeko populazio zibilari eraso egin. Israelekin edozein akordio edo lankidetzarik sinatzekotan hura nazioarteko legedia betearaztera behartzeko eskatzen diegu.

Ez duzu uste Israelek dagoeneko ikasi duela eta zuen ekimena indargabetzeko beste modu batzuk bilatuko dituela?

Ez dut uste. Israelek ikasi duela pentsatuko nuke Europako Batasunak edo Nazio Batuen Erakundeak zigorren bat ezarri izan balio erasoaren ondoren. Edo herrialdeek harremanak hautsi izan balituzte. Denek gaitzetsi zuten erasoa, baina inork ez zuen gaitzetsi erasotzailea. Ez dut uste Israel estututa sentitzen denik, ez duelako horretarako seinalerik jaso.

Halere, eraso hark norabide aldaketa ekarri zuen, iritzi publikoan.

Bai, nazioarteko gizarte zibila esnatu egin da Palestinan jazotzen denaren inguruan, eta horren froga argiena da gure ekimena bultzatzen duen jendea. Lehen militatzen ez zuen jendea da, ia denak, eta askorentzat hau da lehen kanpaina.

Zein da ontziteria antolatzeko duzuen arazorik handiena?

Dirua eta denbora. Arazo nagusia ontzia lortzea da. Ez dago ontzirik alokatuko digun armadorerik, beraz, erosi egin behar ditugu. Dirutza denbora laburrean lortu behar dugu. Otsailean eta martxoan kontzertuak egingo ditugu horretarako prest agertu diren artistekin.

Ontziak erosi behar badituzue, zergatik ez ezarri Gazarako giza laguntza linea?

Dena ondo ateratzen bada, eta berriz bahitzen ez bagaituzte, ideia dugu ontzia Gazako populazioari uzteko merkataritzan aritzeko modua izan dezaten eta etengabeko garraio linea bat eratzeko gizateriaren zerbitzuan.

Nola doa Israelen kontra jarri zenuten salaketa?

Erasoa agindu zuten sei ministrori eta buru militarrari salaketa jarri genien. Espainiako Gobernuak, ordea, ez gaitu Israelen estatu terrorismoaren biktima gisa onartu nahi. Deklaratzera noiz deituko gaituzten zain gaude.

Ontzian izango zara berriz udaberrian?

Bai, eta agian berriz Mavi Marmara-n. Hobeto prestatuta joango gara, hura ez genuelako espero. Gure gobernuek babestu beharko gaituzte.

No comments:

Post a Comment