Saturday 26 March 2011

«Espiritu independentista bera dago Quebecen, Euskal Herrian eta Katalunian»


NICOLAS PELLERIN, MUSIKARIA.

Argazkilaria: Mario Groleau.
Quebeceko musika tradizionaleko talderik arrakastatsuena da Nicolas Pellerin Et Les Grands Hurleurs. Folka funkarekin eta elektronikarekin nahasten dute, herrialdeko ahozko ondarearekin.
Nicolas Pellerin Et Les Grands Hurleurs hirukotea Quebeceko musikan talde arrakastatsuena izan da azken hilabeteotan. 2010. urtean inork baino sari gehiago jaso zituzten, Felix saria tartean, azken diskoarengatik. Pellerin (Saint-Elie-de-Caxton, Quebec) eta garrasilari ikaragarriak Euskal Herrian daude lehen aldiz, eta bi kontzertu emango dituzte Gipuzkoan. Gaur, Eibarren joko dute, 20:00etan, Coliseo antzokian. Bihar, 19:00etan, Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean arituko dira.

Musika tradizionalaren sari nagusia eman dizuete Quebecen. Baina zuen lana ez al doa tradiziotik harago?

Bai, aski modernoa da gure musika. Egia da, oinarria tradizionala da, antzinako kantak erabiltzen baititugu askotan, baina egiten dizkiegun moldaketen ondoren, oso modernoa geratzen da: jazz, rock, funkarekin jolasten gara. Izan ere, Simon Marion eta Simon Lepage taldekideek sekulako eskarmentua dute musika estilo askotan. Horri esker mota guztietako eraginak ditugu.

Irlandako eta Bretainiako musikaren doinuak ere jorratzen dituzue. Ez al du horrek quebectasuna apur bat urtzen?

Quebeceko musika aski bastarta da, gauza askoren nahasketa. Irlandako, Eskoziako, Bretainiako musika... argi dago Quebeceko musikaren oinarria musika zelta dela.

Euskal musikarik jotzen al duzue, Ternua aldetik jasota edo?

Nire aurreko taldearekin Euskal Herriko kantak ere jotzen genituen. Quebecen dugun musikaren antz handia du. Ez dut ondo ezagutzen orain egiten den euskal musika, baina bisita hau baliatuko dut apur bat jakinaren gainean jartzeko.

Hogei urte zenituenean, zure ikaskideek Green Day eta halakoak entzuten zituzten. Nolatan aukeratu zenuen zuk folk berria?

Gure etxean beti egon gara musika tradizionalean murgilduta. Familian abesten genuen, ni oso gazte nintzenetik. Folk ugari entzun nuen hazi ahala, eta une batean horrek guztiak halako egitasmo batean sartzera eraman ninduen. Talde asko saiatzen dira Quebecen munduko musikari geure ekarpena egiten.

Zure anaia Fred ipuin kontalaria da, eta harekin disko bat plazaratu zenuen 2007an. Hark bultzatu zintuen?

Bai eta ez. Talde tradizional batean ari nintzen 17 urte nituenerako. Gure etxera beti etortzen ziren herriko atso eta agureak istorioak kontatzera, eta oso dibertigarria izaten zen. Horrela sortu zitzaigun ondare horrekiko errespetua.

Halere, Quebecen musika tradizionalaren kontrako aurreiritziak daudela diozu.

Apur bat atzerakoitzat jo izan da, urte luzeetan, baina azken boladan asko hurbiltzen ari gara gazteengan. La Bottine Sourientek eragin zuen horretan haustura, jazzetik gertuko jai doinuekin. Gure musikan, berriz, jaia lantzen dugu, baina konponketa finekin, giroak eta nabardurak eman nahi ditugu. Asko jolasten gara tempoarekin; ez dugu beti azkar jotzen. Sekuentziadoreak eta sintetizadoreak erabiltzen ditugu, eta kontzertuetan oso kanta ezberdinak tartekatzen ditugu. Gu gara Quebecen urtean gehien jotzen duen talde tradizionala. Halako musika ezagutzen ez dutenei ezagutaraztea eta maitaraztea da gure helburua. Zer edo zer berezia dela dakigulako.

Zergatik aukeratu dituzue Euskal Herria eta Katalunia bira hau hasteko?

Euskal Herrian eta Katalunian Quebeceko espiritu independentista bera dago, eta kultur aniztasunarekiko errespetu berdina. Quebec eta Kanadaren arteko fenomeno bera dago hemen, hizkuntzarekin eta kulturarekin. Beraz, ongi ulertuko dugu elkar alde horretatik.

No comments:

Post a Comment