Friday 29 July 2011

«Autore irratia egiten dut, neure nortasunarekin eta hitz egiteko erarekin»


MIKEL MARKEZ, IRRATI ESATARIA ETA MUSIKARIA

'Kaja beltza' saioarekin, irratira itzuli da abeslari errenteriarra, eta euskal kantagintzaren inguruan egiten dituen ikerketak eta zuzeneko emanaldiak uztartzen ditu, astean bitan.
Mikel Markezek 25 urte inguru daramatza musikaren munduan (Errenteria, Gipuzkoa, 1971). Halere, kantari gisa baino sarriago entzuten dugu haren ahotsa irrati aurkezle moduan, beti musikaren inguruan bada ere. Udak ekarri du Euskadi Irratira. Kaja beltza saioa egiten ari da, astelehen eta astearteetan, 20:00etan, hurrengo diskoa orrazten diharduen bitartean. 

Mikel Markez eta irratia, amodio kanta bat egiteko moduko harremana?

Tontoari karamelua bezainbeste gustatzen zait irratia. Umetatik maite izan dudan mundua da: grina handiz entzun dut beti irratia. Orain ere, ohera noanean, entzun egiten dut, eta autoan nabilenean. Irratirik gabe, ezin bizi.

Halere, nahigabeak ere ematen dizkizu, ezta? Herri Irratiarekin gertatutakoa lekuko.

Disgustu gisa har daiteke, edo ez. Ate bat ixten denean normalean beste hiru irekitzen zaizkizula esaten dut beti, eta, kasu honetan ere, hala izan da. Garai bat izan zen Herri Irratiakoa, etxe horrek Gipuzkoari eta Euskal Herri osoari ekarri zion guztiarekin, eta garaia bukatu egin zen. Pena ematen dit Herri Irratiaren filosofiak jarraitu ez izanak.

Alde handia topatu duzu Herri Irratiaren eta Euskadi Irratiaren artean?

Nire kasuan, ez. Han egiten nuen saioa oso pertsonala zen, eta baita orain egiten dudana ere. Nik autore irratia egiten dut, nire nortasunarekin eta hitz egiteko erarekin. Horregatik, irratiz aldatzeak ez dit asko aldatzen lan egiteko modua.

'Kaja beltza' saioan ikerketa musikologikoa eta zuzeneko emanaldiak batzen dituzu. Zergatik formula hori?

Biak egiteko beharra ikusten nuen: istorio bitxi ugari daude euskal kantagintzaren inguruan. Kanta hau nondik datorren, zein arrasto duen.... hori guztia ordenatu eta kontatu nahi nuen. Horrez gain, hortik dabilen hainbat musikariri aukera eman nahi nion emanaldiak egiteko, modu txukunean eta soinu onarekin. Lau bat kanta izaten dira, batzuetan inoiz grabatu gabeak. Musikagintzan zergatik ari diren eta gainerakoak kontatzeko aukera eman nahi diet, kantuak testuinguru batean aurkezteko.

Nortzuk ekarriko dituzu zuzenean jotzera? Ezan badezakezu, noski.

Musikagintzako jendeaz gain, beste alorretakoak ere ekartzen saiatuko naiz. Esaterako, Jon Martin bertsolaria izango dugu, Igor Arruabarrena gitarristarekin. Jose Kruz Gurrutxaga aktorea ere gonbidatu dut, garai batean gitarrarekin ibiltzen zelako kantugintzan. Jexuxmai Lopetegi ere etorriko da, normalean taldearekin egiten duena gitarra eta ahots soilarekin egitera, oso interesgarria baita.

Astean bi ordu aski iruditzen al zaizkizu?

Tamaina ona da. Euskal kantagintzak, berriz, askoz gehiago beharko luke. Katalunian, Frantzian eta beste leku askotan bezala, tarte bat izan beharko luke, legez, derrigorrez. Beste herrialdeetan normalitate batean egiten duten bezala.

Hori ez al litzateke kosmopolitismoaren kontra jotzea?

Ni munduan barrena pixka bat ibili naiz, eta herrialde guztietan gauza bera ikusi dut: euren kultura eta hizkuntza babesten dute. Denek egiten dutena egitea dagokigu, beste esplikaziorik eman gabe.

No comments:

Post a Comment