Wednesday 16 November 2011

«Siriako oposizioak zuhurki esan du ez duela NATOren inolako laguntzarik nahi»


OLGA RODRIGUEZ, IDAZLE ETA KAZETARIA
                                                                                        / JOSEACAVERO

Jose Couso argazkilari galiziarraren hilketaren lekuko zuzena izan zen kazetaria, eta zuzenean jarraitu du herrialde arabiarretako iraultza oldea. Horren inguruan mintzatuko da gaur, Gasteizen.

Olga Rodriguez (Leon, Espainia, 1975) herrialde arabiarretan azken urteotan gertaturikoaren lekuko zuzena izan da. Irakeko inbasioan izan zen, Afganistanen ibili da berriemaile, Palestinan, Tunisian, Egipton... Udaberri arabiarra deituriko matxinada oldearen inguruan mintzatuko da, gaur, 11:00etan, Gasteizko Unesco etxean (Zapa 8).

Karama izena jarri diozu azken saiakerari. Hitz horrek laburbiltzen du, zeure iritziz, matxinaden funtsa?
Karama-k duintasuna esan nahi du arabieraz, eta oihu nagusietako bat izan da Tunisian, Egipton, Libian eta Bahreinen, demokratija —demokrazia— eta hurrija —askatasuna— hitzekin batera. Horiez gain, beste oinarrizkoago bat ibili da hitzetik hortzera: ogia. Karama-k ongi laburbiltzen du gizarteok aspaldi zeudela gogaiturik, eta, azkenean, txinparta batek sutan jarri dituela.

Tunisia eta Egipto sutan jarri zituen txinpartak, baina, badirudi hortik aurrera matxinadak gertatu direla soilik Mendebaldeak nahi izan duen lekuetan.

Egiptoko kasua oso garrantzitsua da, herrialde arabiarren artean populatuena delako, eta Israelekin sinaturiko bakeak bidea eman diolako Israeli Palestina legez kanpo okupatzeko politika arazorik gabe gauzatzeko. Bahrein Mendebaldearen aliatuetako bat da eskualde horretan, eta han gehiegikeriak gertatu arren, ezikusiarena egitea erabaki dute.

Egipton eta Tunisian gizartea kalean ikusi dugu. Zergatik izan da horren ezberdina Libiako kasua?

Hasieratik gatazka armatua izan delako. Armada berehala zatitu zen bitan. Tunisian eta Egipton ehunka mila pertsona kalera atera ziren, eta agintarien erasoa pairatu zutenean, eutsi egin zioten. Libian berehala sortu ziren talde armatuak, batzuk armadatik. Qatarrek onartu du hasieratik armatu zituela matxinoak. NATOk laguntza eman dio alde bati, eta Gaddafiren hilketan zuzenean hartu du parte.

Iraultza egiteko erabilitako bidea nolakoa, halakoa izango da herrialdeon etorkizuna?

Tunisiak abantaila du: txikia da, 10 milioi biztanle, eta ez du petroliorik. Beraz, atzerriko eskuetatik libreago egongo da. Gizarte mugimendu handia dago. Une latza da, baina itxaropena dago. Egiptokoa, berriz, ikaragarria da: 12.000 zibil epaitu dituzte, aginte militarraren kontra mintzatzeagatik. Atxiloketa arbitrarioak, tortura, zapalkuntza... Kontrairaultza gertatzen ari da. Halere, mobilizazioa oso indartsua da, eta sindikatu independenteak sortzen ari dira. Matxinadaren bigarren fasera pasatu nahi dute. Baina Egipto libreak eskualdeko status quo-a aldatuko luke, Mendebaldearen aliatu Israel eta Saudi Arabiaren kalterako.

Laster Sirian izango zara?

Oposizio batzorde interesgarria sortu da, denetatik jasotzen duena, ezker erradikalatik, islamismo moderatura. Eta zuhurki adierazi du ez duela NATOren inolako laguntzarik nahi.

Jose Couso argazkilariaren hilketaren lekuko izan zinen, 2003an. Itxaropenik bai justizia ikusteko?

Ezkerreko belarria zauritu zidaten erasoan. Aurrekari historikoa ezarri du aferak: lehen aldiz, AEBetako hiru militar bilatzeko eta atxilotzeko nazioarteko agindua egon da. Komunikabideen kontrako erasoek sofistikatuagoak izan beharko dute aurrerantzean. Borroka luzea izango da. Maiatzeko Plazako Amei ere ero esaten zieten duela 20 urte, baina torturatzaileak epaitzen dituzte gaur.

No comments:

Post a Comment