Sunday 18 December 2011

«Emakume baten iratzartzea Euskal Herriaren metafora da Kate O'Brienen lanean»

Aintzane Lejarreta Mentxaka, irakaslea.



Bilbon 1920ko hamarkadan bere nortasun politiko, nazional eta sexuala finkatu zuen Kate O'Brien (irudian) idazle irlandarraren inguruan mintzatuko da gaur Irlandako Unibertsitate Nazionaleko ikertzailea.
Aintzane Lejarreta Mentxaka (Bilbo, 1967) Dublingo University Collegeko irakaslea da, eta Irlandako literatura ikertzen du. Kate O'Brien and The Fiction of Identity lana aurkeztuko du bihar, 19:00etan, Bidebarrietako liburutegian, Bilbon. Abertzaletasuna eta homosexualitatea deskubritu zituen idazle irlandarrak 1920ko hamarkadan, Bizkaiko hirian.

Kate O'Brien Irlandatik Bilbora egin zuen bidea; zuk, kontrakoa. Horregatik interesatzen zaizu pertsonaia?

O'Brien etxe-andereño gisa etorri zen Portugaletera, 1922an, urtebeterako. Ni au pair gisa joan nintzen Dublinera. Sukaldari ere aritu nintzen, unibertsitatean ikasi, masterra eta doktoretza egin aurretik. Hitzaldi batean ezagutu nuen O'Brienen Mary Lavelle eleberria, eta orduan jakin nuen idazlea Bilbon bizi izan zela eta han gertatzen zela istorioa. Euskal Herriko loturak harrapatu ninduen. Berehala ikusi nuen perfektua zela nire doktore tesia egiteko, niretzat errazagoa izango zelako ikerketa.

Emakume irlandar baten esnatze ekonomiko, politiko eta sexuala kontatzen du eleberriak. Zer ikusi zuen, bada, garaian Irlanda bezain katolikoa izango zen Bilbo hartan?

Liburua autobiografikoa da. Herri txiki batetik datorren neska tolesgabe samarra da Lavelle. Gauza asko ikasten ditu Bilbon, bizitzaren, politikaren eta bere emozioen inguruan. San Bizente elizaren aurreko parke batean dago eserita, eta, kontatzen duenez, bere barruan zer edo zer irekitzen dela sentitzen du, hau da, Mary Lavelle izateko, edozer gauza izateko, askatasuna duela aurkitzen du Bilbon. Pertsonaia Irlandaren metafora da: 1922an gertatzen da istorioa, hau da, Irlandaren independentziaren urtean. Emakume bati zein herrialde bati askatasunak dakartzan arazoak aztertzen ditu.

Paradoxa gisa, Irlandako Errepublikako gobernuak liburua debekatu zuen 1936an. Zergatik, lesbiana zoriontsu bat agertzen delako?

Agatha lesbiana O'Brien bera da, 15 urte geroago, eta oso pertsonaia positiboa da. Maitemina adierazten dio Lavelleri, eta horrek ez du sustorik hartzen, oso ondo hartzen du. Kritikari batzuen arabera, hori onartezina iruditu zitzaien Irlandako agintari kontserbadoreei. Baina, horrez gain, Lavelle euskaldun komunista batekin dago maiteminduta: bere ugazabaren semearekin. Irlandara itzuli aurreko gauean larrua jotzeko eskatzen dio emakumeak ezkonduta eta dudan dabilen gizonezkoari. Irlanda komunismoarekin maitemintzeko aukera aurkeztea ere, nahiko arrazoia izango zuten debekatzeko.

Euskal abertzaletasunaz, komunismoaz eta anarkismoaz hausnartzen du eleberrian.

Lavellek euskaldun komunistarekin duen afera sinbolo bat da: zer gertatuko litzateke Irlanda komunismoarekin maiteminduko balitz? Hausnarketa hori egiten du istorioaren bidez. Horrez gain, pertsonaia nagusietako bat, Don Pablo, anarkista da, eta anarkismoa oso ondo azaltzen du hiruzpalau orritan, era pedagogikoan. Betirako auto-gobernua kontzeptuarekin amesten zuen 16 urteko Lavellek. Horren bidez, Euskal Herriko abertzaletasuna eta Irlandakoa lortzen ditu. Emakume gaztea itzartu egiten da, bere aukera guztiekin, Euskal Herria eta Irlanda bezala. Lavelle estaturik gabeko nazio bat bezalakoa da, potentziala duena baina ezin duena gauzatu Bilbora heldu eta askatzen den arte.

No comments:

Post a Comment