Wednesday 25 January 2012

«Dibortzioak batzuetan aukera ematen du familia osasuntsuago bat eraikitzeko»

Sara Gonzalez, psikologoa

Sara Gonzalez (Donostia, 1983) psikologoa da, eta banantzeko direnen artekari lanean dabil, trauma izan beharrean, banaketa bizipen positiboa izan dadin. 

Azal dezakezu banaketa osasungarria zer den?

Gure ikuspegitik, banaketa ez da arazoa. Bikote batek banantzea erabakitzen duenerako, kideen artean arazo bat zegoen. Gatazka horren irtenbiderik onena banantzea dela erabakitzen dute batzuetan. Banaketan bikote egitasmoak porrot egiten du, noski. Baina, gure ikuspuntutik, benetako porrota zoriontsu ez izatea da, edo bien arteko arazoa gaizki kudeatzea. Nolanahi ere, familia ez da bukatzen banaketaren ondorioz, bizirik jarraitzen du, eta banaketak aukera ematen du beste antolaketa bat bilatzeko, instituzio osasuntsuagoa izan dadin.

Denok nahi dugu jator, moderno eta zibilizatu izan. Zergatik sortzen dira, orduan, halako kalapitak banantzerakoan?

Ez dugulako senar-emazte eta guraso gisa ditugun eginkizunak bereizten. Nahastu egiten ditugu rol horiek. Askotan lehian sartzen gara; irabazle atera nahi dugu. Heldutasunik ez dugulako izaten da hori.

Legeak amari eta aitari eskubideak onartzeko orduan duen asimetriak zaildu egiten al du konponbide osasungarri bat lortzea?

Bi kontzeptu daude hor: guraso agintea eta zaintza. Legeak guraso agintea beti banatzen du bien artean eta horiek dakartzan betebeharrak eta eskubideak. Gero dago zaintza, hau da, haurrek norekin pasatuko duten denbora gehien. Arazoa legearen erabileran dago, zentzua kendu baitiote guraso aginteari. Esaterako, aitak eskubidea du eskolako notak jasotzeko eta bileretara joateko, haurren zaintzailea ez bada ere. Askotan, haatik, amak edo aitak euren boterea erabiltzen dute besteari agintea kentzeko. Hori sekulako oztopoa da, batez ere seme-alabarentzat. Bien ardura bultzatu beharko genuke, seme-alabek hori behar dutelako, heziketa eta oreka psikologikoa izateko.

Zure lanean gaizki egindako eta ondo eginiko banaketen adibide ugari ikusiko zenituen.

Muturreko adibide txarrak ez ditut sarri ikusten, egia esan, artekariarengana etortzen direnak nahi dutelako eta jarrera onarekin etortzen direlako. «Guk ondo egin nahi dugu, eta elkarrekin egin nahi dugu», esaten dugu. Baina, askotan geure buruari gezurra esaten diogu, eta garaile atera nahi dugu. Ia kasu gehienak, halere, ondo amaitzen dira. Eta luzerako izaten da: gaur ados jartzeko gauza badira, bost edo hamar urte barru ere elkarrekin ados jarri ahal izango dira.

Etorkizunean historialari batek azaldu beharko dizkigu Kramer vs Kramer edo The War of the Roses filmak, ulertuko baditugu?

Oraindik asko falta zaigu horretara heltzeko. Kultura eta lege aldetik, urrats asko egin behar ditugu. Baina gero eta normalagoa zaigu artekaritza eskatzea.

Trauma izan beharrean dibortzioa hazteko eta ikasteko aukera bat izan daitekeela uste duzu?

Guztiz. Arazo guztietan bezala. Lege banaketa bi hilabetean egina dago, baina banaketa psikologikoa urteetan luzatzen da. Gure esku dago krisia erabiltzea hobeto bizitzeko. Nire ustez, askotan ez gaude prest banaketa ondo egiteko, hasteko, ez gaudelako prest bikoteka bizitzeko.

No comments:

Post a Comment