Thursday 2 February 2012

«Eskoziak erakusten du gure politikari askoren ezina, inutilidadea edo nahi eza»




Pako Aristi, idazlea

500 Urte Estrategiarik Gabe hitzaldi zikloa antolatu du Orreaga taldeak. Gaur, Donostian, hura zabaltzeko, Aristik nabarmenduko du Euskal Herriaren independentziarako jokabide bateratuaz eztabaidatu behar dela.

Pako Aristi idazleak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1963) Topiko politikoak desegiten hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Abertzaletasunaren historiaren eta etorkizunaren inguruko 500 Urte Estrategiarik Gabe hitzaldi zikloko lehena izango da Aristirena.




Topiko politikoen kontra arituko zara. Zeintzuk dira desegin beharreko topiko horiek?

Aro berrian gaudela ETAk armak utzi dituelako, esaterako. Ez da aro berria, interesgarria baizik, gogoetak plazaratzeko independentziarako estrategia nazional irabazle bat denon artean zehazteko. Baina oraingoz hori ez dela posible ikusi dut. Kontsentsutik kanpoko iritziek enbarazu egiten dute, antza, eta isiltzeko eskatu didate gutunez. Hori ez da sanoa. Abangoardia politiko bat osa zezakeen jendea dugu hemen, baina asko isildu egin dira azken urteotan edo isilarazi dituzte, hedabideak-eta kenduta. Joseba Ariznabarreta, esaterako.

Ez dira aukerak zabaldu?

Falazia bat dabil bazterrotan: «ETA gabe, orain dena da posible». ETA ez zen oztopoa euskaldunok independentziaren alde bil gintezen. Dena posible izango da hemen, ez ETArik gabe, baizik eta Espainiarik gabe, hau da, sistema politiko espainiarrarekiko lotura guztiak eteten ditugunean. Espainiaren kontra lortuko da hemen independentzia, ez haren laguntzarekin. Espainiari agur esan behar diogu, hari zilegitasuna kenduz pedagogia politikoaren bidez, eta botere paralelo bat sortuz.

Ezker abertzalearen azken mugimenduak kritikatu dituzu, baina ez al duzu uste pedagogia hori ari direla egiten, hain zuzen ere?

Ni ezker abertzalekoa naiz, baina mezu kontrajarriak ikusten ditut, eta horrek erakusten dit ez dagoela estrategia zehatzik. Espainiako monarkiaren aurrean hiru jokamolde ikusi ditut: Espainiako erregina etorri zen Bilduk berriki irabazitako herri batera, eta zinegotziek ez zekiten zer egin. Zortea izan zuten, botere aldaketa egin gabe zegoelako artean, eta aurreko alkateari —EAJkoa— egokitu zitzaion ekitaldira joatea. Bigarren jarrera: Martin Garitanok uko egin zion Espainiako printzearekin agertzeari inaugurazio batean. Hirugarren jarrera: Madrilen erregeari eginiko bisita. Ezker abertzaleak egin al du bilerarik monarkiaren aurrean nola jokatu erabakitzeko? Ez; aldian aldiko. Etsaia baino zintzoagoa zarela agerrarazteak ez du balio politikan. Politika indarraren arabera erabakitzen da, ez borondate onaren arabera.

Eskoziakoak ez dizu itxaropenik pizten?

Ez. Eskoziak oso argi eta gogor egin du bere bidean. Iaz bi hauteskunde kanpaina izan ziren hemen, eta apenas aipatu zen independentzia hitza, erabakitzeko eskubidea suzedaneoa baizik. Azken egunotan hitzetik hortzera ibili dugu, Eskoziakoa etorri delako. Independentziaren pedagogia egiteke dugu. Parekatu EAJ eta Eskoziako Alderdi Nazionala: EAJ 1895. urtean sortu zen, eta oraindik hor dabil autogobernu gehiagoren eske. SNP 1934. urtean sortu zen eta erreferenduma lortu du dagoeneko. Horrek erakusten du gure politikari askoren inutilidadea, ezina edo nahi eza.

Pulpitotik sermoiak botatzea egotzi dizute azken artikuluaren ondoren.

Nik gogoetak botatzen ditut. Euskal Herrian kontsignak hartu du gogoetaren lekua. Oso herri obedientea eta sumisoa gara. Espainiaren orbitan gabiltza, gero eta gehiago. Badugu garaia zer edo zer desorbitantea egiteko.

No comments:

Post a Comment