Tuesday 13 March 2012

«Eskoziakoak dramatismoa kentzen dio aukera bati, eta erreferentzia izango da»


Antonio Dupla, historialaria.

Antonio Dupla (Zaragoza, Espainia, 1955) Antzinako Historia irakasten du EHUn. Horrez gain, Hika aldizkariaren koordinatzailea izan da azken urteotan.





Zergatik erabaki duzue Hika ixtea?

Egoera orokorrarekin dago lotuta. Duela hilabete batzuk, Zutik desegin zen, eta Hika haren adierazpen organoa ez bazen ere, erabakiak eragin dio funtzionatzeko erari, mezuari eta aldizkariari eutsi dion jendeari. 21 urte ziren Zutik sortu zenetik, eta, egoera politikoa aldatu dela ikusita, abentura hura amaitzea erabaki genuen.

Mahai inguru batekin amaituko duzue azken iritzi bat adostea zailagoa delako?

Hika iritzi aldizkaria zenez, eta ETAk ekintzak bertan behera utzi dituela erabaki ondoren Euskal Herriko egoera erabat aldatu denez, interesgarria iruditu zitzaigun hainbat iritzi jasotzea, euskal gizarteak dituen erronkak aztertzeko. Galdera asko daude, ikusmin handia ere bai, eta itxaropena. Horregatik, hainbat perspektibatik, ideiak jarri nahi ditugu mahai gainean.

Azken urteotan, Hika-tik zein Zutik alderditik kritika egin diozue ezker abertzaleari. Egoera berriarekin ikusten al duzu aukerarik kideetako batzuek alor horrekin bat egiteko?

Ez nintzateke ausartuko ezer esatera. Zutik-en denetatik zegoen: batzuk ezker abertzaletik urrutiago, eta beste batzuk hurbilago. Ez dakit nora joko duen jendeak, eta zerbait esango banu, beste pertsonen iritziaren inguruko espekulazio hutsa litzateke.

Euskal gizartearen erronkez galdetuko diezu gonbidatuei. Erronka horien zerrenda eginda edukiko duzu.

Hamarkadotan gertaturikoaren kontakizunaren gaia dago, alde batetik. Gure ustez, indarkeriaren deslegitimazioarekin egin behar da, baina baita horren kontrako borrokan eginiko gehiegikeriak salatu ere. Horretan, torturaren gaia nabarmendu beharko genuke, hor dagoelako oraindik, behar bezala jorratu gabe. Biktima guztiak onartzea eta kaltea erreparatzea da bestea. Azkenik, nortasunaren gaia dago, nola ekin horri politikoki. Ez dugu 1978ko Konstituzioa sakralizatu behar, ezta autodeterminazio eskubidea ere. Ikusi beharko dugu nola aurkitu adosteko mekanismoak. Badirudi orain errazagoa izango dela.

PPk jarrera aldatuko du?

Politikan gauza asko alda daitezke, eta litekeena da PPk ez edukitzea jarrera bera bizpahiru urte barru. Datorren urtean hauteskundeak egongo dira, gainera, eta ezingo diote ihes egin errealitatearen beste datu bati. Eskoziako erreferendumaren erreferentzia hor dago, eta begi asko hara begira. Eskoziakoak dramatismoa kentzen dio aukera bati.

Antzinako Historia irakasten duzu. Ba al dago orduko gertaeraren bat, geuk irakaspena ateratzeko modukoa?

Oso zaila da konparazioak egitea, oso egoera ezberdinak direlako. Antzinako munduan ez zegoen giza eskubiderik. Izan ziren, ordea, salbuespen legediak, herritarren eskubide zibilak murrizteko saioak, terrorismoaren aurkako argudioekin. Zizeronek erabili zituen, esaterako, Erromako errepublikan, hainbat herritarren aurka; azkenean, epaitu eta erbestera bidali zuten bera, halakorik inondik ere espero ez zuela.

No comments:

Post a Comment