Saturday 11 December 2010

«Euskal Herriak, Serbiak lez, kultura berezia eta sendoa du, bazterrean egon arren»

Sasa Asentic, dantzaria.



Bosniarra da, eta kultur zentroen eta periferien arteko harremanak landu ditu 'performance' batean: 'My Private Biopolitics'. Bilbon aurkeztuko du, eta gero hemengo artistekin jorratuko du gaia lantegi batean.



Dantzaria da Sasa Asentic (Bosnia-Herzegovina, 1977), eta Serbiako PerArt taldeko bultzatzailea da. Performance bat taularatuko du gaur eta bihar:My Private Biopolitics. 20:00etan, Bilboko La Fundicion aretoan. Lanean, Europako ekialdeko herrialdeak kapitalismora eginiko bidea eta Serbiaren kasua aztertu ditu.

Jugoslavia ohiaren garaiko gerra ezagutzeko adina duzu. Nola eragin dizu?

Gerra hasi zenean, 15 urte nituen, eta Bosnia-Herzegovinan bizi nintzen. 1995ean, Serbiara alde egin nuen, ez nuelako armadan sartu nahi, ez nuelako parte hartu nahi gerran. Erresistentzia ekintza izan zen. Gero, Milosevicen erregimenaren kontrako erresistentzian aritu nintzen.

Zure bizitzaz galdetzen dizut, biopolitika kontzeptua azaldu nahi baituzu Bilbon aurkeztuko duzun performance-arekin. Zer da zure biopolitika hori?

Europako ekialdeko artistak munduko arte eszeniko garaikidean nola kokatzen diren eta nola egiten duten lan aztertzen dut. Gorputz biologikoa gizarte eremuan sartzen den unea da biopolitika hori. Tokian tokiko berezitasunak aztertzen ditut, beraz. Kasu honetan, Serbian. Berezitasun horiek nazioarteko arte munduarekin dituzten tentsioak kontatu nahi ditut. Ez da, beraz, nire biografiaz. Bazterrekoen eta zentroen, makroen eta mikroaren arteko harremanak, alegia. Zentroak, New York, Berlin, Londres dira kasu honetan, eta Europako ekialdean lanean arituta, bazter urrun batean ari zarela sentitzen duzu benetan.

Ana Vujanovic idazleak entsegua idatzi du horren inguruan, eta zurekin batera ari da aurkezten. Zer izan zen lehenago, zure pieza ala testua?

Ikerketa neure kabuz abiatu nuen. Lehen fasea amaitu ondoren, Vujanovici eta Olivera Kovacevic-Crnjanski dantzariari aurkeztu nien lana. Interesa hartu zuten, eta elkarrekin hasi ginen lanean, eztabaidatzen. Azken fasean, bildutako langaiak taularatzen hasi ginen.

Performance-az gain, ikastaro bat eman behar duzue astelehenetik asteazkenera hemengo dantzariekin. Zer lantzeko?

Nire My Private Biopolitics lana garapenaren hirugarren fasean dago orain. Hau da, adibide gisa erabiltzen dut, erakusteko guk nola tratatzen dugun gaia. Emanaldien ondoren, tokian tokiko arte eta dantza munduarekin elkartzen gara, eta proposatzen diegu guk geure ikerketan erabilitako jolas metodologikoak hartzea eurek euren herrialdearen egoeraren inguruan eztabaidatzeko. Kasu honetan, Bilboko eta Euskal Herriko egoeraz jardungo dugu.

Zertan bereiziko dira Euskal Herriaren biopolitika eta Serbiakoa?

Orain ez dakit, besteak beste ez dakidalako nork hartuko duen parte ikastaroan. Baina egunotan jendearekin hitz egiten ari naiz, eta ikusten dut Euskal Herriaren eta Serbiaren testuinguruek antza handia dutela dantza garaikideari dagokionez. Esaterako: bi herrialdeotan, dantza garaikidearen historia idatzi gabe dago. Zergatik ez den idatzi? Galdera handia dago hor. Zentroen eta bazterren eskeman ere antza dago. Euskal Herria ere bazterrean dago, baina oso kultura indartsu eta berezia du. Horrek zer esan nahi duen eztabaidatu nahi dugu, eta proposatu euskaldunei ere euren biopolitika pribatua egitea.

No comments:

Post a Comment