Tuesday 27 March 2012

«Integrismoak borrokatu behar ditugu: musulmana, judua edo katolikoa»


Nadia El-Fani, zinema zuzendaria.

Magharebia


Islamistek heriotza mehatxua egin diote Nadia El-Fani sortzaileari, Ramadamean barau egiten ez duten edo alkohola edaten duten tunisiarrei buruzko dokumentala egitegatik. Gaur azalduko du egoera Donostian.


Nadia El-Fani (Paris, 1960), besteak beste, Roman Polanski eta Franco Zeffirelliren laguntzailea izan zen, bere filmak zuzentzen hasi aurretik. Guraso tunisiarrak zituen, eta urtebete zuenean Afrika iparraldeko herrialdera bizitzera eraman zuten. Duela hamar urte Parisera joan zen bizitzera, diktaduratik ihesi. El-Faniren Laïcité Inch'Allah filma (Laikotasuna, Alak hala nahi badu) aurkeztuko du gaur, 19:30ean, San Telmo museoan, Donostian, eta ondoren, galderei erantzungo die.



Zer gertatu da zure filmaren izenburuarekin? Hasieran Ni Allah, ni maître zen (Ez Ala, ez jaunik).

Ni Allah ni maître da lehen izenburua, eta hori dauka filmak nazioartean saltzeko. Frantzian eta Tunisian, ordea, bestea du, nire banatzaileek Cannesen ikusi zutenean, aldatzeko eskatu zidatelako, probokatzaileegia iruditzen zitzaielako. Horixe dela probokatzailea: izenburua arreta deitzeko jartzen duzu. Oso ondo dago Ni Allah, ni maître gainera, Tunisiako iraultzaren ondoren, esan nahi handia duelako.

Izena aldatuta ere, badirudi islamistak berdin haserretu direla. Heriotza mehatxuak galaraziko dizute Tunisiara itzultzea?

Ezin dut itzuli, islamistek salaketa jarri didatelako, eta nire aurkako prozesua zabaldu duelako Justiziak, film honengatik. Ez dute filma ikusi, baina erlijioa eta Jainkoa iraintzen ditudala salatu dute. Ezin naiz Tunisiara joan, ezin dudalako ziurtatu handik libre aterako naizela.

Hainbesterako boterea hartu dute islamistek iraultzaren ostean?

Interneten bidezko mehatxuak dira: guneak, Facebookeko orriak, heriotza mehatxuekin, irainekin... Horrez gain, ekainaren 26ean salafistek zinemari eraso zioten, Tunisen: ikusleei lepoa moztuko zietela esan zuten, eta poliziak ordu erdi behar izan zuen heltzeko, handik 20 metrora ziren arren. Ondoren, eskandalu handia egon da Tunisia osoan, eta nire aurkako manifestazioak egin dituzte hegoaldean.

Eta, halere, itxaropenez ikusten duzu Tunisiaren geroa. Zergatik zara horren baikor?

Baikorra naiz, gizarte zibilean ikusten dudalako jende asko borrokan, askatasun osoa lortzeko. Erdi askatasunik ez dago, oso behar du. Islamistak saiatzen dira sinistarazten askatasuna moral erlijiosoaren atarian amaitzen dela. Ben Ali botatzeko adorea izan duten Tunisiako herritarrak ez dira orain islamistekin beldurtuko.

Europan herrialdeotan gertatzen dena ulertzea zaila dela esan izan duzu.

Europarrei kostatzen zaie ulertzea ez direla nahastu behar Islam politikoa —hau da, islamistak— eta musulmanak. Azken hauek eskubidea dute euren erlijioa bake bidez praktikatzeko. Borrokatu behar ditugu integrismoak: musulmana, judua edo katolikoa. Diktaduren amaiera da orain, Tunisian bezala, Sirian ere. Herriek ezin diote utzi muturreko islamismoari iraultza bahitzen.

Zure hurrengo filmaren protagonista, zu zeu izango zara.

Nire hurrengo filmak Même pas mal izango du izenburu. Kubako Alina Isabel Perez argazkilariarekin batera egin dut, eta dagoeneko ia prest dago. Laïcité Inch'Allah filmarekin gertaturikoa kontatzen du. Izan ere, filma egiten nuen bitartean, minbizia topatu zidaten, minbiziarekin batera iraultza lehertu zen Tunisian, eta, ondoren, islamisten erasoa jaso nuen. Beraz, urte hori kontatzen dut: minbizia, iraultza eta islamistak.

No comments:

Post a Comment