Tuesday 17 January 2012

«Intuizioaren eta senaren aurkako politika behar dugu, eta kontrakoan ari gara»


Daniel Innerarity, filosofoa

Gastuak murrizten aritu beharrean gobernuek oraintxe bertan inoiz baino gehiago gastatzen aritu beharko luketela dio, besteak beste.
Filosofoa eta EHUko Ikerbasque taldeko ikertzailea da Daniel Innerarity (Bilbo, 1959). Munduko 25 pentsalaririk handienen zerrendan sartu zuen Le Nouvel Observateur kazetak 2004an.

Zentzurik al du demokraziaren kalitateaz kezkatzeak finantza munduak agintzen duela argi geratu den honetan?

Merkatua oso tresna ona da, eta demokraziaren parte da. Ez dago demokraziarik merkatu garden eta ongi arauturik ez badago. Gaurko merkatuek, berriz, arautze gutxi eta eskasa izan dute, eta horrek erotu egin ditu. Rating agentziek duten boterea ez da merkatuena, baizik eta oligopolioena. Rating-aren negozioaren %90 hiru konpainiaren esku dago, bahituta. Europak ez du ondo defendatu benetako merkatua. Izututa gauzkate agentziok, ez diegulako kontrapisu egokiak jarri. Ez egotzi, beraz, merkatuari politikaren hutsak.

Hori da Europaren arazoa?

Europan arazo larria dugu; moneta badugu, baina ez horri dagozkion neurri politikoak: gobernatze eta aginte politikoa, Europako rating agentzia... Eta hori guztia, finantza inguru erasokor batean. Hori da gure arazoen jatorria. Aurrepauso handiak egin ditugu finantza arriskuak elkarrekin partekatzen, baina horrek diziplina handia eskatzen du, eta herrialde askok ez dute bete. Ez zen halakorik gertatuko, Italian eta Grezian esaterako, gobernu politiko onak egon izanez gero. Politika txarra teknika on batekin zuzendu behar da. Baina hori behin-behineko konponbidea da. Krisiaren atzean akats politiko larriak daude. Politika ona egin behar dugu, eta ez gara egiten ari.

Politikaren porrotaz mintzo zara. Ez dugu oraingo krisialditik ikasiko?

Ezker-eskuin jotzen ari gara itsumustuan. Duela bi urte inguru, euforia neokeynesiar batean geunden, eta ekonomia suspertzeko planak egin ziren Europako herrialde ia guztietan. Orain sukar berarekin ari gara, baina kontrako bidean, gastua murrizte aldera. Haatik, politika onak zikloen kontra jokatu behar du beti: hazkuntza unetan aurreztu behar da, eta krisi garaietan gastatu. Hau da, euforia kontrolatu, baina baita izua ere.

Kontrakoa egiten ari gara, ordea.

Intuizioaren eta senaren arabera jokatzen ari gara: dagoenean bon-bon eta ez dagoenean egon. Baina politika intuizioaren kontrakoa da, eta ez du zerikusirik senarekin. Politika sena eta intuizioak zuzentzeko lana da, gaizki gobernatuta gaudenean akats larriak ez egiteko. Orain, gehiago gastatzen aritu beharko ginateke. Burbuilaren garaian, berriz, zein politikarik zuen adorea zergak igotzeko edo maileguak eskuratzea zailtzeko?

Horiek ez al dira galdeketak mahai gainean gobernatzearen ajeak?

Askotan esaten da kasta edo sistema politikoa herritarrengandik urrunegi dagoela. Nire ustez, kontrakoa da arazoa: politika hurbilegi dago gizartearen dinamika eta desioengatik, eta ez du luzera begira pentsatzen. Politika gizartearen populismoaren preso dago gaur. Nire proposamena: arautu behar duen hura baino adimentsuagoa izan behar du politikak. Adore handiko buruzagitza eskatzen du horrek. Jendeari egia esan behar diogu, jendeak politikariek uste baino hobeto jasan baitezakete egia. Gaur Europan ez dut halako buruzagitzarik ikusten.

No comments:

Post a Comment