Tuesday 22 May 2012

«Baldintza zailagoak pairatu arren, emakumeek lortu egiten dute bizirik irautea»


Dolores Juliano, antropologoa.



Krisi egoeretan emakumeek aurrera jarraitzeko erabiltzen dituzten estrategia berezien berri emango du Bartzelonako unibertsitatean urte luzez irakasle ibilitako Juliano doktoreak, gaur, Iruñean.

Dolores Juliano Buenos Airesen jaio zen, eta Argentinan bertan ikasi zuen antropologia. Doktoretza Bartzelonan egin zuen, ordea, eta, harrezkeroztik, Katalunian bizi da. Generoa, immigrazioa, diskriminazio eta heziketa gaietan da aditua. Emakumeek krisi egoeretan bizirik irauteko dituzten estrategiez mintzatuko da gaur, 20:00etan, Iruñeko Galdaragile 11ko aretoan, Andrea elkarteak gonbidatuta.



Bizirik irauteko eta ahalmena handitzeko, emakumeek gizonezkoek ez dituzten estragiak erabiltzen dituztela diozu.

Oro har, emakumeok zailago dugu bizirik irautea edozein garaitan, eta, bereziki, krisialdietan. Diru gutxiago irabazten dugu, kargu egonkorretan gutxiago gara, behin-behineko kontratupekoak gara gehiago, diskriminazioa dago, eta gutxiago ordaintzen digute. Eta, halere, emakumeek bizirik irautea lortzen dute, eta gutxiagotan geratzen dira etxerik gabe. Izan ere, etxerik gabekoen estatistikak begiratzen badituzu, gehienak gizonezkoak dira, emakumeek gutxiago irabazi arren.

Nondik dator jokabide hori, eta zeintzuk dira estrategia berezi horiek?

Emakumeak gehiago trebatzen dira: gizonezkoek baino gehiago ikasten dute, unibertsitatean emakume gehiago dago gizonezkok gutxiagok bukatzen ditu ikasketak. Horren bidez konpentsatzen dute gutxiago irabaztea. Beste estrategia bat elkartasun sareak dira: familia sareak erabiltzen dituzte haurrak zaintzeko, auzoetako jantokiak antolatzea... Horrez gain, emakumeek behin-behineko lan txarragoak onartzen dituzte, beste zer edo zer hobea lortu bitartean. Horren bidez, lortzen dute aurrera egitea kontrako giroan.

Moldatzeko ahalmen horrek berak ez al du galarazi edo geldotu gizartearen egiturak aldatzeko prozesua?

Ez, beste estrategiarekin bateragarria delako. Emakumeak lan txarragoa onartzen duenean, horrek ez du esan nahi lan finkoa lortzeko borrokari uko egiten dionik. Baina bitartean, jana jarri behar da mahai gainean.

Hor ez al dago irakaspen bat gizarte osoarentzat, gizonezkoak barne?

Noski. Denok erabiltzeko moduko gizarte esperientzia bat dago hemen. Diru sarrera txikiei etekinik handiena ateratzea denoi komeni zaigun jokabidea da. Litekeena da gizonezkoek ere halako estrategiak garatzen hastea, egoera zailtzen zaienean.

Ikusten duzu hori gertatzen ari dela nonbait?

Etorkinek —gizonek zein emakumeek— zer egiten duten begiratu behar dugu, horiek baitira krisian gehien kalteturikoak: estrategiak malgutzen ari dira, jendea gehiago mobilizatzen ari da, eta hainbat lan egoeratara moldatzen ari dira.

Etorkin ez direnek ikas ditzakete krisiari aurre egiteko estrategia horietatik?

Estrategietako batzuk oso bereziak dira, eta soilik etorkinek erabil ditzakete: esaterako, lanik egiten ez duten familiako kideak sorterrira bidaltzen dituzte orain, haiei han eustea merkeagoa delako. Halako jokabideek balio dute luze gabe bizirik irauteko; baina luzera begira, egoera txarraren aurkako borroka egin behar da. Eta guztion erantzuna eskatzen du horrek. Ikasi egin behar dugu bestelako esperientziak dituzten taldeetatik, une gogor hauetan ez baitago esperientziarik sobera, eta inork ez baitu konponbide osoa. Elkarrengandik ikas dezakegu.

No comments:

Post a Comment