Friday 8 June 2012

«Europako Batasuna independentzia prozesuen aurka jarriko da eurogunean»


Jaime Pastor, irakaslea.


UNEDeko zientzia politikoen irakasle eta Izquierda Anticapitalista alderdiko sortzailea da Jaime Pastor; nazionalismoen, Espainiaren eta ezkerraren arteko harreman historikoez mintzatuko da gaur, Iruñean.
Zientzia politikoen irakaslea da UNEDen Jaime Pastor (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1946). Frankismoaren aurkako militantea izan zen. 2008an Izquierda Unida alderdia utzi zuen eta Izquierda Anticapitalista sortu zuen. Los nacionalismos, el Estado Español y la izquierda liburua argitaratu berri du, eta horretaz mintzatuko da, gaur, 19:30ean, Iruñeko Zabaldi etxean.

Zergatik izan du Espainiako ezkerrak horrenbeste arazo munduaren beste muturrean begi onez ikusten zituen nazio askapen prozesuak auzoan bertan onartzeko?

PSOEk hasieratik izan zuelako izaera nazionalista espainiarra, alde batetik. Baina, batez ere, trantsizioaren kontsentsuarengatik. PSOEk, baina baita alderdi komunistak ere, oso azkar onartu zituen Espainiaren batasuna, bandera hori-gorria eta monarkiaren eginkizuna. Ikur horiek arazo suertatu zitzaizkien autodeterminazio eskubidea defendatzen jarraitzeko.

Deigarriagoa da jarrera hori Izquierda Unidan. Nondik datorkio?

Alderdi komunistaren tradizioak pisu handia izan du horretan. Diktaduraren azken urteetan ere, Santiago Carrillorekin, gai horren inguruko jarrera irekiak mugatu zituzten. Ni mugitzen naizen unibertsitate giroan nagusi dena bere egin dute, nazio politiko bakarra egon behar duela, eta besteak soilik kultur nazioak izan daitezkeela.

Airean 1898ko usaina sumatzen du batek baino gehiagok. Urte garrantzitsua izan zen abertzaletasunaren bilakaeran. Zuk sumatzen al duzu?

Mugarri gisa aipatuko dut 1898, baina oraingoa zailagoa iruditzen zait. Orain «berdinketa katastrofikoan» gaude, Gramsciren esamoldea erabiltzearren. Nazionalismo espainiarrak bere burua indartu nahi du, krisia bera erabilita. Estatua berriz zentralizatzeko joera horren aldean, Euskal Herriko eta Kataluniako nazioek euren burua sendotu nahi dute. 1989an nazionalismo espainiarraren krisia izan zen. Orain, ere, baina eskuin sendoarekin, nazionalismo hori indartzeko prest, gizartean egiten dituen murrizketak, horrekin konpentsatzeko. Tren talka sortzeko arriskua dago, berdinketa hori hausteko.

Izquierda Anticapitalista alderdia sortu duzu. Zein eginkizun bete dezake egoera honetan?

M-15eko eta murrizketen aurkako mugimenduak ikusten ari gara, baina ez dute erreferentzia politikorik, ezta IUn ere. Autodeterminazioaren aldeko sentikortasuna ez da agertu mugimenduotan. Zeharka agertu da, Argentinak Repsolen atala desjabetu ondoren, Espainiako Gobernuak espainolismo trakets hori erabili duenean eta hori gaitzetsi duenean M-15eko jende askok. Jende berria sartzen ari da politikan; espero dut hirugarren indarra haztea, eta IUko askorekin bat egitea. Hor dago bakearen aldeko Madrid-Donostia agiri hori.

Europa berriz antolatu beharko da laster. Hor ez dago aukera bat?

Europako zentralismoa sortzeko arriskua dago, eta herriei eskuduntza eta burujabetza kentzeko. Europako Batasuna independentzia prozesuen aurka egongo da eurogunean. Eskoziakoa beste kasu bat da, baina akuilua izango da, halere. Haustura eta desobedientzia estrategia ezarri beharko luke ezker subiranistak. Krisiaren aukera leiho gisa aprobetxatu behar da, aukera subiranista sortzeko, baina ez Padaniako edo CiUren era egoista neoliberalean, baizik eta ongizatearen abertzaletasunaren bidez.

No comments:

Post a Comment