Saturday 2 June 2012

«Gure gorputzak bi zulo ditu zaborrerako; komun sikuak ere diseinu hori dauka»

Iam Agorria, sortzailea.


Komun lehorrek ez dute urik erabiltzen, ez dute kutsatzen eta ongarria sortzen dute. Europako iparraldean asko erabiltzen dituzte. Zertan diren azalduko du Agorria diseinatzaileak gaur Larraulen.
Iam Agorria (Zornotza, Bizkaia, 1967) komun lehorren aitzindaria da Hego Euskal Herrian, berak sorturiko Aldatu elkartearekin (www.aldatu.eu). Txiza ongarri eta gorotza konpost bihurtzen duten komunak propio diseinatu ditu bihar Larraulen (Gipuzkoa) egitekoa den Eskola Txikien Festarako. Han izango da, egun osoz, komunok nola dabiltzan azaltzen, eta, nolabait ere, kaka esplikatzen.

Zer da komun lehor bat?

Ur barik dabilen komuna. Sistema gehienek txiza eta kaka banantzen dituzte. Solidoak ontzi batean jasotzen ditu, eta likidoak beste toki batera eramaten ditu. Etxe batean, uraren %40-60 artean aurrez dezake. Ez du estoldarik behar, ezta hobi septikorik ere, eta, beraz, edonon jar daiteke. Oso nahasketa indartsua da, ekologia eta praktikotasuna oso lotuta doazelako. Ura ez duzu alferrik galtzen, ez duzu kutsatzen eta edonon jar dezakezu, instalaziorik gabe. Aireztatzeko sistema bat behar dute soilik, kanporako irteeratxo bat.

Zer egiten da txizarekin?

Hiru gauza egin daitezke. Ez baduzu horretaz baliatu nahi, estolda sistema arrunt batetik bidaltzen duzu, baldin baduzu. Txiza erabili nahi baduzu, ontzi batean biltzen duzu. Hori urarekin 1/5 edo 1/10 nahastu eta ongarri gisa erabiltzen duzu. Bestela, etxetik kanpo zulo bat egiten duzu, 50x50x50, eta harriekin bete. Horra bidaltzen duzu txiza, eta harriak iragazkiarena egiten dute. Txiza oso ongarri ona da: txiza erabilitako zelaian belarra 2-5 aldiz azkarrago hazten da. Baina, kontuz, gehiegi botatzen baduzu, belarra erre dezakezu.

Eta kakarekin?

Lurrarekin nahastu eta sei hilabetean bakean utzi. Ondoren, konposta egin dezakezu. Ez da komeni kaka zuzenean erabiltzea lurrean, denbora hori behar delako dituen mikrobio kaltegarriak galtzeko. Naturan bezala da: kaka egiten baduzu naturan, lur gainean geratzen da, eguzkiak ura kentzen dio, eta euria egiten duenean poliki iragazten joaten da lurrean. Komun lehorretako kaka lurperatu egin daiteke, bestela. Edo konpost sistema batera apurka botatzen joan.

Honezkero, irakurleak galdetu dio bere buruari: eta usaina zer?

Komun lehor guztiek aireztatze sistema bat behar dute. Larraulen jarriko ditudan horiek hodi beltz bat dute, tximinia gisa. Eguzkiak berotuta, airea ateratzen du, eta horrekin batera usaina. Eredu modernoek haizegailu bat dute, elektrikoa. Halako bat hiriko etxebizitza batean jar daiteke, arazorik gabe.

Nolakoa da Larraulerako diseinatu duzun sistema?

Egur birziklatuarekin egin dugu. Txiza estoldara joango da. Kaka, poltsa konpostagarri batzuetara. Bete ahala, aldatu egingo ditugu, etxeko zaborra aldatzen den bezala. Gure gorputzak bi zulo ditu zaborra ateratzeko; komun sikuak ere diseinu hori dauka.

Baina hau erabiltzen al da herrialde zibilizaturen batean?

Duela 30 urtetik erabiltzen dute Suedian, Finlandian, AEBetan, Kanadan, Australian eta Frantzian. Normala da han. Hona ere etorriko da. Etxeko zabor guztiak norberak kudeatzeko aukera ematen du. Horrez gain, erabiltzen hasten zarenean, urarekin duzun lotura aldatu egiten da: konturatzen zara ez dituzula hamar litro ur edangarri eta tratatua —altxor bat, alegia— bota behar kaka egiten duzun bakoitzean.

No comments:

Post a Comment