Friday 14 September 2012

«Gizaki eta animalien arteko harremana ez dela positiboa ikusten da nire argazkietan»

Roger Ballen, artista

Hegoafrikan bizi da aspaldi New Yorkeko argazkilaria, eta 50 urte daramatza haurtzaroa, inkontzientea eta giza izaera lantzen. Ballenen mundu ilunak eragin handia izan du hango gazteen artean.





Bideoa: Die Antwoord taldearen 'I fink you Freeky' abestiaren bideo-klipa, Ballenek zuzendutakoa.



Roger Ballen (New York, 1950) batez ere argazkilaria da. Photo Poche etxeak haren argazki bildumak argitaratu ditu, eta haren lanak Parisko Pompidou zentroko, New Yorkeko MoMAko eta Londresko Tate Britaineko bilduma iraunkorretan daude. Playpen instalazioa du jarrita Algortako Amezti galerian (Getxo, Bizkaia), Getxophoto 2012 jaialdiaren harira.





‘Playpen’ instalazio bat da, baina zer harremana du zure argazkigintzarekin?

Dagoeneko 50 urte inguru daramatzat argazkiak egiten, eta nire ibilbidearen hainbat garaitan harturiko irudiak erabiltzen ditut horretan; esaterako, Shadow Chamber eta Boarding House argazki bildumetatik. Azken hau Johanesburgoko [Hegoafrika] apopilo etxe handi bat da. Lan egin nuen han, 2004tik 2008ra arte. Urre meatzarien bizitokia izan zen, garai batean, baina gero okupek hartu zuten. Han aritu nintzen, lau urtez, jendea, umeak eta animaliak erretratatzen, paretetan zegoena, haiekin lan egiten. Shadow Chamber lanean ere, meatzarien etxe batean egin nuen lan 2000tik 2004ra. Urteak pasa ahala, marrazki gehiago zeuden paretetan, eta lana konplexuago bihurtu zen, instalaziotik gertuago. Baina ez dira argazki dokumentalak, inolaz ere, gehiago dira psikologikoak, ezer baino gehiago.





Argazkilari profesional izan aurretik, meatzaritzan aritu zinen, eta aurretik psikologian. Zuretzat hiruretan lan bera egiten da: hau da, sakonetara jaitsi, handik zerbait azalera ekartzeko?

Bai. Niretzat bidaia psikologikoa izan da, giza kondizioaz gehiago jakiteko, eta neure buruaz. Nirea ez da inoiz gizarte, politika edo ekonomia arazoez hausnartzeko bidaia izan. Ez nuen bidaia planeatu: beti interesatu zait argazkigintza, besteak beste nire amak Magnum agentziarentzako egiten zuelako lan 1960ko hamarkadan. Gero ikasi nuen psikologia eta ondoren doktoratu nintzen geologian eta meatzaritzan aritu. Duela 10 urte egin zen nire lana ezaguna egiten, eta orduan hasi nintzen argazkiak saltzen. Orain ez naiz geologian asko aritzen. Nahasketa ona izan zela uste dut.



Meatzaritzak eraman zintuen Hegoafrikara?

Lehen aldiz, gaztetan etorri nintzen, 1974-75ean. Autoestopean joan nintzen Kairotik Lurmutur Hiriraino. 22-23 urte nituen, eroa nintzen, abenturazalea. Urtebete ia kostatu zitzaidan. Orduko argazkirik ez dut, baina nire lehen argazkigintza lana Boyhood du izena [Mutilzaroa]. Beraz, haurrak erretratatu ditut gazte nintzenetik, eta bizitza osoan egin dut, baina lan honetan garai horretako irudiekin lan egitea erabaki nuen.

 


Haurtzaroa interesatzen zaizu psikologikoki meategi aberatsa delako?

Hasieran, duela 30-40 urte, neure haurtzaroa aurkitzea zen asmoa. Umezaroa 6-11 urte artean bizi dugu, oso azkar joaten da, eta jende askok nostalgia sentitzen du hura gogoratzean. Azken 20 urteotan, ordea, haurrak erretratatu ditudanean ez da neure ahaztutako haurtzaroa aurkitzeko, baizik eta giza kondizioaz nire estetikaren bidez adierazteko. Gaur ezinezkoa zait biak bereiztea.

Hegoafrikan oso lur aberatsa topatuko zenuen giza kondizioaz aritzeko.

Ehiza eremu basatia topatu nuen hemen. Ez dakit zer aurkituko nuen beste nonbaiten, agian ezer ez, agian sekulakoa. Asko bultzatu nau hemen eraginik ez egoteak, erakusketarik edo aldizkaririk; Bestelakoa litzateke Londresen, Parisen edo New Yorken. Baina horri esker, lortu dut ia eraginik gabe garatzea eta gauza harrigarri samarra egitea.

Giza kondizioa eta Hegoafrika entzunda, J. M. Coetzee idazlea etortzen zaizu gogora, nahi gabe. Ez duzu hor eragin bat?

Ez. Oso idazle ona dela uste dut, eta begirunea diot. Baina nire ibilbidea ikusita, eragin didaten gauzen %95 neure argazkietatik datoz, eta soilik %5 beste artisten lanetatik. Urtez urte lan egiteak sortu du neure bidea.



Hegoafrikako zuri pobreak erretratatzen interesa harturiko lehenetako bat izan zinen. Lehen esan duzu politikak ez dizula eragin, baina dominatzaileen arteko baztertuen gaia ez dago lotuta ezinbestean Apartheid-arekin?

Ordura arte, aberatsak, militarrak eta  boteretsuak baino ez zituzten erretratatzen hemen. Baztertu zuriak hartu nituen nik, eta Hegoafrikaren inguruko ikuspegi berria zabaldu zuen horrek. Oso zaila da esatea Apartheida-k nire lanean eragina izan ote duen edo ez. Denak eragiten dizu, baina ez dut uste eragin handia izan zuenik, baina ezinezkoa zait esatea, inoiz ez delako nire helburua izan argazkiak ateratzea adierazpen politikoak egiteko. Batzuk ikusi egiten diete alde politikoa neure argazkiei, baina horrek ez du esan nahi hori izan denik nire helburu nagusia.



Hegoafrikako zuri txiroen azpikultura goraipatzen du Die Antwoord musika taldeak, eta haien azken bideoa zeuk zuzendu duzu. Nolatan?

Nire marrazkiak erabili zituzten Enter the Ninja bideo-klipean. Euren inspirazio iturri nagusia izan naiz; neu gabe ez zirela izango esan izan didate. Adiskideak izan gara azken zortzi urteotan, eta elkarrekin lan egiteko modu baten bila ibili gara. Oso sortzaileak dira eta elkarren estetika oso ondo ulertzen dugu, haiek gazteak eta rockzaleak badira ere. Oso ondo egin dugu lan elkarrekin.




Jende askok zalantzan jartzen du Die Antwoorden egiazkotasuna. Benetakoak dira edo ‘performance’ bat egiten ari dira?

Ez dakit. Mundu osoa dago halako galderez betea. Denok galdetzen diogu hori geure buruei besteak ikusita. Azken 100 urteotako antzerkiaren galdera nagusia da: maskara bat al dago maskararen azpiko maskaran? Bi modu daude jendea epaitzeko: zuzenean ezagutu eta lagun egin, eta halere, ez duzu jakingo benetakoak diren. Edo jendea ahaztu eta haien lanak zuregan benetako eragina ote duen ikusi. Nik ez nuen Picasso ezagutu, baina ez dit axola, Picasso bere lana delako.

Gizakien eta animalien arteko harremanaz obsesioa partekatzen duzue. Zergatik?

Animaliek metafora interesgarri asko sortzen dituztelako. Gizakien eta animalien arteko harremanak erakutsita, planetan gertatzen ari dena islatzen duzu. Horren bidez, gauza garrantzitsuak adieraz ditzaket. Bitxia bada ere, eguna amaitzen denean konturatzen naiz animaliekin eginiko argazki horiek bai ikus daitezkeela modu politiko batean, eta espero dut eraginen bat izatea. Gizaki eta animalien arteko harremanarena oso gai garrantzitsua da gaur munduan, eta nire argazkietan ikusten da ez dela oso harreman positiboa.



Zure hurrengo liburua txorien ingurukoa izango da. Zer dute txoriek beste animaliek ez dutena, lumez gain?

Txorien inguruko metaforez beteta dago Biblia, poesia... Espero dut metafora gehiago eta harreman zein kontzeptu berriak ateratzea txoriak neure mundutik pasa ondoren.

No comments:

Post a Comment