Tuesday 2 October 2012

«Gutxiengoen aurka sortzen dituzte esamesak, baina gehiengoa kontrolatzeko»


Rafael Crespo, zurrumurruen aurkako ekintzailea.

Etorkinei buruzko gezurrak kudeatzeko komunikazio eta emozio estrategiak azalduko ditu Crespo antropologoak datorren larunbatean, Errenterian «agenteak» sortzeko emango duen ikastaroan.



Rafael Crespo Ubero (Bartzelona, 1963) historialaria eta antropologoa da. Kataluniako Xarxa Antirumors sareko kidea da. Zurrumurruen kontrako agenteak trebatzeko tailerra emango du larunbatean, 10:00etatik 13:00etara, Errenteriako azoka zaharrean (Gipuzkoa). Parte hartzeko, izena eman behar da: info@mugak.org, edo 943-32 18 11.



Nork ez dio entzun ezagun bati esaten bere ezagun batek kontatu diola duela gutxi auzoan haur bat bahitzen saiatu zirela ... batzuk? (puntuetan jarri marokoar, errumaniar, ekuadortar...)

Unibertsalak dira halako zurrumurruak: leku guztietan, mundu osoan eta historiako garai guztietan gertatu dira. Segurtasun faltaren sentimenetik sortzen da, eta beti besteak arazoaren iturri izatea egozteko joeratik. Ezberdina dena kriminalizatzeko erabiltzen da. Gure kasuan, gizartearen eboluzio azkarrak moldatzeko zailtasunak sortzen dizkigu guztioi, baita emigratu ez dutenei ere. Nik beti albaniar-kosovoarren adibidea jartzen dut: ez da talde etniko bat, inork ez daki nolakoak diren, ez zein hizkuntzatan egiten duten; Poliziaren txostenetatik sorturiko kategoria bat da, gaiztoaren prototipoa eraikitzeko.

Krisi garaian are arriskutsuagoak dira zurrumurruok, giroan dagoen tentsioa leher dezaketelako?

Bai, hori da arriskutsuena. Zurrumurruak izozmendiaren tontorra baino ez dira, kate bateko begia: estereotipoa, aurreiritzia eta, gero, zurrumurrua dator. Historiako hainbat garaitan, zurrumurruak erabili dituzte hainbat erakunde politikok, gehiengoa kontrolatzeko. Hannah Arendtek azaltzen du nazien garaiko mekanismoa: «Krisia juduen eta txirrindularien errua da», dio batek, eta besteak erantzun: «Zergatik txirrindulariena?». Gutxiengo baten kontra jotzen da, baina azken helburua Alemaniako herria kontrolatzea da. Eskuin muturrak ongi daki etorkinak beti egongo direla, baina, horren bidez, gizarte politikak eta gehiengoaren jarrera baldintzatzen du.

Zurrumurruak kudeatzeko komunikazio eta emozio estrategiak azalduko dituzu larunbatean. Zeintzuk dira estrategia horiek?

Zurrumurruen kutsadura gelditzeko saio arrakastatsuak badira, ematen ez badu ere. Zurrumurrua gelditzeko eta kontra-zurrumurruak sortzeko bideak daude, kutsatzaileak zigorgabe dabilela senti ez dezan. Katalunian, esaterako, arrakastaz ari gara erabiltzen gizarte antzerkia. Zurrumurruek dituzten kontraesanak agerian uzten dira horien bidez, eta egiazko informazioa ematen da. Txinatarrekin, esaterako, auzoz auzo ibili gara, haien ikuspegia zabaltzeko.

Bilboko alkatea, esaterako, txinatarren inguruko susmoa zabaltzen saiatu zen duela hilabete batzuk.

Non hiltzen diren ez dakigula esan zuen, hildakoak txop suei saltsarako erabiltzen dituztela iradokitzeko-edo. Hemen dauden txinatarrak gazteak dira, oro har, eta gutxi hiltzen dira. Milurte asko ditu txinatarren emigrazio tradizioak, eta, horri jarraiki, hiltzen direnak jaioterrira eramaten dituzte. Txinatar askok, gainera, izen berdinak dituzte, eta horrek nahasmena sortzen die hemengo agintariei. Laster hasiko dira hemen ere hilerri txinatarrak agertzen, migrazioa egonkortzen denean.

Zer egiten du «zurrumurruen aurkako agente» batek?

Dendako ilaran zurrumurrua zabaltzen ari direnari, modu onez, zalantza eragingo dio, informazioa emanez. Mugimendu baten parte sentitu behar dute agenteok, eta Liverpoolgo zaleek abesten duten bezala, ez direla inoiz bakarrik ibiliko.

No comments:

Post a Comment