Friday 9 November 2012

«Musikak puska bat falta du ez badio erantzuten egunerokoari»


Ruper Ordorika, musikaria.




BERRIAren aldeko kontzertua emango du Ordorikak taldearekin bihar Altsasun, eta bere ibilbideko errepertorio zabala eskainiko du. Estudioan dabil egunotan, bere musikariekin saioak grabatzen.

Ruper Ordorika (Oñati, Gipuzkoa, 1956) Azkarate estudioetan sartu aurretik mintzo da. Bihar, kontzertua emango du BERRIAren alde, 20:30ean, Altsasuko (Nafarroa) Iortia kulturgunean. Garai latzetan musikak elkartasuna pizteko duen ahalmenaz hitz egin du, besteak beste.



Grabazio estudioan sartuta zabiltza egunotan. Diskoa datorrela esan nahi du horrek?

Ez. Saio batzuk grabatzen ari naiz taldearekin, eta oraindik ez dakit zein den helburua. Noizean behin egiten dugu, eta horretan ari gara egunotan.

Baina saioak ez al dira grabatzen ikusteko zer kantak diren disko batean sartzeko modukoak?

Diskoari begira egiten dira saioak, bai, baina bestela ere bai. Taldearekin entseguetan-eta agertzen diren ideiak biltzen ari gara. Egia esan ez dut halakorik egin aspaldi, baina gauzak horrela etorri dira orain. Taldearekin lau urtez gabiltza laurok elkarrekin, eta batera ari gara, gauza interesgarriak lortzen. Teknikariak ere taldeko partaide gisa ditugu, tartean Jonan anaia, eta hori probestu behar dugu. Noski, gauza interesgarriak sortzen badira, diskorako; bestela, ad maiorem gloriam.

Nola erabakitzen duzu zer grabatu hemengo musikariekin eta zer New Yorkeko lankideekin?

Kantak eskatzen duenaren arabera, edo diskoa nora eraman nahi dudan ikusita. Hemengoekin ulermen maila bat lortu nahi izaten dut, besteekin beste gauza batzuk. Horrek asko eskatzen die, batez ere hemengo musikariei, dinamikak ez duelako zerikusirik norberaren jarduerarekin, baizik eta kantuek eskatzen dutenarekin. Lan egiteko era hori oso errotua dugu. Nik argi daukat nire eremu naturala hemengoa dela. Kantua, ordea, askoz harago doa, eta Euskal Herrian talde askok frogatu dute hori. Tokian tokikoak benetan balio badu, mundu osorako balio dezake.

Garai gogorrak dira euskarazko prentsarentzat. Zuk aspaldi esan zenuen zein zaila den euskaldun izatea.

Bestalde, abantaila handia du, nik horrela sentitzen dut, bederen, abagunea ematen digulako geure inguru honekin bat egiteko eta pixkatxo bat bizitzeko. Hau da geure lekukotasuna, besterik gabe.

Zertan izango da berezia biharkoa?

Uneak ematen dio berezitasuna. Beti saiatzen gara emanaldiak tokian tokiko eta unean uneko egoeretara moldatzen. Herri musikak beti izan behar du lotura halako ekintzekin, BERRIAlaguna egitasmoarekin, kasu honetan. Neure eginkizuna oso lotuta ikusten dut herri honetako gorabeherekin. Hiru Trukurekin aritu ginen Iortian eta oso areto polita da. Errepertorio zabalagoa izango da, ez soilik Hodeien Azpian azken diskokoa.

Posible al da herri musika, herria gabe?

Konpromisoa hitz zaharkitua da. Musikagintzak, beste edozein artek bezala, giro bat behar du, babes bat. Alderantziz ere bai: musikak ez badio erantzuten egunerokoari, puska bat falta du. Halere, tentuz ibili behar da ez erretzeko sortzaileen lanak sobera erabiliz. Guk oso loturik ikusten dugu gure lana geure egunerokoarekin, hizkuntzarekin eta bizimoduarekin; horregatik, guztiz natural ikusten dut dinamika horren laguntzailea izatea eta horren laguntza jasotzea. Musikak horretan abantaila bat du: jende aurrean gauzatzen da, eta, batzuetan, une horrek asko balio du, hor komunikazioa lortzen baldin bada, dena gainditua baitago.

No comments:

Post a Comment