Sunday 18 November 2012

Saka botoiari

Urtzi Urkizu kazetaria, egitasmo honen inguruan.


Gaur egungo prentsa idatziaren gaitzetako bat da gure esku-begi artera albistea iristen denerako bezperan hainbat formatutan dastatu dugula. Internet bidez, sare sozialekin, dela ordenadorean, tabletan zein sakeleko telefonoan. Prentsa idatziaren gakoetako bat hor dago eta egunero lanean dauden kazetarien erronka beste zerbait eskaintzea. Beste zerbait hori maiz elkarrizketek eskaintzen dute. Genero ederra da elkarrizketarena, bereziki biren arteko elkarrizketa denean. Hau da, ez denean inkesta. Ez denean tramite hutsa.

Elkarrizketa mota ugari dago. Han eta hemen askotariko elkarrizketak topa daitezke. Tamaina ezberdinetakoak ere bai. Baina egungo erritmo bizi frenetikoan, elkarrizketa laburrek bere tokia aurki dezakete komunikabideetan. Laupabost galderei erantzun mamitsuak topatuz gero, gainera, pertsonaiaren hitzekin joan gintezke amets egitera.

Lantokiko egituraren zoriak hala erabakita, azkeneko urteetan Edu Lartzangurenen elkarrizketak pasa dira nire begietara argitaratu aurretik. Eta aurrez aipatutako gako batzuei zein beste batzuei aurre egin diete elkarrizketek. Ez dute bezperakoa ekarri, baizik eta argitaratzen den eguneko ekitaldi bati heldu diote. Horrenbestez, irakurleari egunerako gomendioa egin zaio eta protagonistarengana gerturatzeko bide eman. Eguneroko zurrunbilotik ateratzen den beste zerbait hori eskaini dute askotan. Eta ez dira inkesta huts izan. Behartu du kazetariak protagonista elkar hizketan sartzera eta erantzuna pentsatzera. Zenbait unetan sakon, bestetan umorez erantzutera. Hala, elkarrizketatuak eskaini du beretik barneko zerbait. Eguneko ekitaldiaren deskribapenaz harago. Eta guztia lastorik sartu gabe, paperaren neurriaren mugak ezarria, halabeharrez.

Paperak dena jasaten omen du. Papera berehala bilakatzen da zahar. Zahar zein zabor. Iraganean argitaratutakoa berreskuratuta, ordea, aurrera begiratzeko moduko printzak topa ditzazkegu ortzadarrean. Joan ziren ekitaldien agenda haietako egunak, pasa ziren kontzertu, hitzaldi, antzerki emanaldi eta erakusketak. Baina Lartzangurenek elkarrizketatutako pertsonaiak hor dabiltza sortzen eta desegiten, kantatzen eta isiltzen. Batzuk dira ezagunak. Beste asko ezezagunak publiko orokorrarentzat. Eta azken horiek dira agian interesgarrienak, mamitsuenak. Lau erantzunetan irakurlea pentsakor eta erne uzten dutenak. Gure inguruko kazetetan bada hutsune bat halako elkarrizketetan. Eta pena litzateke formato hau galtzea. Nahi duenak ulertuko du azken esaldi horrekin esan nahi dudana.

Ez nuen laudorio hutsean gelditu nahi. Urteotan irakurritakoaren sentipena adierazi baino ez. Egun bereko ekitaldiaren gaurkotasuna gabe, baina elkarrizketak berezkoak dituzten koloreekin gozatuko dituzuelakoan nago. Andy Warholek esaten zuen bezala, jende guztia baita super-interesgarria, Lartzangurenek gogorarazi digun lez. Daukaten barneko hori ateratzea da kontua, behar den botoiari saka egitea, igogailuan.

No comments:

Post a Comment