Thursday 16 May 2013

«Argi dago: kapitalismo honenak egin du, eta sare sozialek eraikiko dute geroa»

Vicente Verdu, idazlea.



'El timo de la crisis contada como maldición divina' hitzaldia emango du gaur Verdu kazetari eta saiakeragileak Donostian, Literaktum jaialdian. Teknobaikortasun mezua dakar, apokaliptikoen aurrean.
Vicente Verdu (Elx, Herrialde Katalanak, 1942) idazle eta kazetaria da. El timo de la crisis contada como maldición divina hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, San Telmo museoan, Donostian.



Atenasko Unibertsitateko Yannis Tsirbasek esan zuen tarte honetan «tresna erlijiosoak» erabiltzen ari direla murrizketak justifikatzeko.

Nik krisiaren kontakizuna hainbat fasetan bizi izan dut. Lehenengoan, krisia ustekabean etorri zitzaigula ematen zuen, inork espero izan gabe. Hondamendi eta harridura fase horren ondoren, bigarrenera pasatu ginen: gehiegikerietan ibiliak ginela esaten hasi ginen, kontsumismoan, mailegu merkeetan eta espekulazioaren eldarnioan. Gizateriaren bekatu handi baten errua zen, Bibliako bekatua. Krisia jainkoaren zigorra zen. Kasinoa bakan batzuena zela, baina denok joaten ginela jokatzera. Hirugarren atalean, sistemaren ustelkeria geratu zen agerian. Azken fasean, dena austeritate politikan laburbiltzen da, eta Angela Merkel antikristo gisa agertzen da.

Irakurketa sasi-erlijioso horrek zaildu egiten digu gertatzen ari denaz era arrazionalean pentsatzeak?

Bai. Gure krisiaren sustraia erromantizismoaren kontrolik gabeko hazkuntzan datza: orainaren aldeko apustua, abentura eta arrisku nahia...

Aurreko batean, esan zenuen krisi honek ez duela suntsituko kapitalismoa, baina bai eraldatuko. Nola?

Ezin dugu jakin. Baina argi dago kapitalismo honenak egin duela. Kapitalismoak aurrera egin zuen, demokrazia politikoari lotu zitzaiolako. Azken horrek huts egin du, ustelduta dago, eta ez dago konfiantza berreskuratuko duen politikaririk, haiek esku hartu ez dutelako hartu baitu krisiak halako tamaina. Zer geratzen zaio kapitalismoari demokraziak eskutik heltzen ez dioenean? Jendearen gustuetara moldatzea bizirik irauteko, azken boladan ikusten ari garenez. Kapitalismo gorrotatu hartatik, taylorismora pasatu ginen eta, gero, pertsonalizazioaren kapitalismora, non jendeak zapatilen kolorea aukeratzerik duen. Nola moldatuko da orain? Sare sozialen bitartez. Horiek proposatzen ari dira demokrazia horizontala, parte hartzailea eta zuzena. Aldaketa politiko handia etorriko da hortik, zalantzarik gabe. Dagoeneko gertatzen ari da aldaketa.

Hori ez al da teknobaikorregia? Askok giro ezin egokiagoa ikusten dute gaur faxismorako.

Bai zera, hori pitokeria da. Faxismo nahikoa izan dugu dagoeneko. Halakorik ez da etorriko; hori haserrearen sindrome bat besterik ez da. Elkar laguntzeko mugimenduek eraikiko dute gizartea. Enpresek ez dute jada uste lehiakidea suntsituz irabazten dutela, baizik eta harekin arituz. Txinak eta AEBek ez diote ekingo beste gerra hotz bati, baizik eta merkataritza librean arituko dira. Win win estrategiak dira, denok irabazle ateratzeko.

Baina horretarako ez al da beharrezkoa izango gizakiek behingoz erabakitzea zein den bizimodurik hoberena ahalik eta jende gehienarentzat?

Hori gertatzen ari da dagoeneko. Jendeak larrutik ikasi du ongizaterik handiena ez datzala aberastasun handienean, baizik eta ekologian eta berdintasunean. Sare sozialek artekariaren amaiera ekarri dute: crowdfunding-a, trukea, herritarren arteko maileguak, salmenta zuzena... Gizakiok gustuko dugu elkarrekin egotea, garagardoa elkarrekin edatea eta penak zein pozak partekatzea. Gizakiek elkar lagunduz egin dute aurrea. Gizateriak ez du, berez, bere burua suntsitzeko joera.

No comments:

Post a Comment